(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

21/2010 FORU LEGEA, abenduaren 13koa, Nafarroako Osasun Mentalari buruzkoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura organikoa ezartzen duena.

BON 17/12/2010



  I. kapitulua. Xedapen Orokorrak. Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura. Osasun Mentalaren Sarea


  II. KAPITULUA. Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren antolaketa


  III. KAPITULUA. Kontsulta eta partaidetza organoak


  IV. KAPITULUA. Karguak eta burutzak betetzeko modua


ZIOEN AZALPENA

Europak bere helburuetako baten gisara hartu du osasun mentala, eta helburu hori Nafarroako Foru Komunitatearen helburua ere bada, Osasun Sistema Nazionalaren helburua den bezala. Osasun Sistema Nazionalaren Osasun Mentalaren Estrategiak, Lurraldeen arteko Kontseiluak 2006eko abenduaren 11n onetsitakoak, zenbait ekimen ezarri zituen nahaste mentala daukaten pertsonei zuzendutako prebentzio, diagnosi goiztiar, tratamendu, errehabilitazio eta gizarteratze jarduerak bultzatzeko.

Nafarroan, 1986ko erreforma psikiatrikoak jada bilatzen zuen pertsona horiek ahal den eskubide gehien izan ditzaten, edo, gutxienez ere, gainerako herritarren eskubide berak. Nafarroako Ospitale Psikiatrikoak urtetan garrantzi handiko eginkizun bat bete bazuen ere, bai osasun laguntzari dagokionez eta egoitza alderdiari dagokionez, bai babesik gabe dauden gaixotasun mentalen bat duten pertsonen babes integrala bilatzeari dagokionez, Erreforma Psikiatrikorako Ministerio-batzordearen 1985eko txostena exijentzia sozial eta familiarren eta interesdunen exijentzien ondoriozko erreakzio gisa sortu zen, eta funtsezko aldaketa bat eragin zuen osasun mentalaren laguntza ulertzeko moduan. Horrela, Ospitale Psikiatrikoak bere izena eta edukia aldatu zituen, eta San Frantzisko Xabierkoa Zentro Psikogeriatriko bihurtu zen abuztuaren 17ko 246/1998 Foru Dekretuaren bidez.

Jada erreforma psikiatrikorako txostenean zehaztu zen foru erkidegorako osasun mentaleko plan bat jarriko zela abian.

Planak, diziplina arteko ikuspegi biopsikosozial batean oinarrituta zegoenak, bere baitan hartzen zuen osasun mentala osasun sistema orokorrean integratzea eta laguntza sare oso bat sortzea.

Aldi berean, Osasun Mentaleko Zuzendaritza sortu zen, maila kuantitatiboan eta kualitatiboan jauzi handi bat emateko bidea emanen zuen egitura batekin. Garai hartan, gaixotasun mentalak zituzten pertsona asko eroetxe eta asilo gisako ospitale psikiatriko izandakoetatik atera eta gizarteratu ahal izan ziren, eta ahalegin aktibo handi bat egin zen pertsona horiei lotutako estigma deuseztatzeko.

Erreforma psikiatrikoak, funtsean, izaera integral eta integratzailea izan zuen erkidegoan eta gizarte-ehunaren osotasunean, eta baliagarri gertatu da antolamendua dela-eta egin diren aldaketa prozesuetan inplikaturiko agenteen parte-hartzea bultzatzeko. Horren ondorioz, Osasunari apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren esparruan, foru erkidegoan zenbait bitarteko garatu izan dira.

Gaur egun, eraldaketa-neurri garrantzitsuak planteatzen dira, batetik, Nafarroan osasun mentala bultzatzeko, laguntza komunitarioaren ereduari jarraituz, eta, bestetik, Osasun Mentalaren Sarea horren arabera antolatzeko. Izan ere, horretarako konpromisoak hartu ziren Nafarroako Osasun Plan Estrategikoan, zeina hain beharrezkoa izan den, eta Osasun Mentalaren Estrategia Nazionalean; gainera, premiazkoa da San Frantzisko Xabierkoa Zentro Psikogeriatrikoaren plan zuzendaria egitea, errealitatearen eta duen inguruaren araberakoa betiere.

Behin baino gehiagotan esan izan da osasun mentalaren bigarren erreforman edo erreformaren bigarren fasean gaudela.

Neurri horien artean daude osasun mentaleko zuzendaritza bat sortzea, zentro psikogeriatrikoaren plan zuzendaria garatzea eta programa berriak abian jartzea.

San Frantzisko Xabierkoa zentro psikogeriatrikoaren plan zuzendariaren garapenak berekin dakar haren egitekoan funtsezko aldaketa bat egitea, eta baliabideak unitate eta programa berri bilakatzea. Horrekin Osasun Mentalaren Sareko laguntza-zerbitzuen eskaintza handitu nahi da. Horrek berekin dakar erakundea desagertzea eroetxe gisa, eta unitate berriak sortzea; unitate horiek, orain, beste tresna batzuen gisara sartuko dira sarearen antolamenduan.

Eremu sozio-sanitarioa sartzea da alde horretako berritasun nagusia, zeren eta gaur arte izan ez duen edukia ematen baitzaio eta konponbide bat aurkitzen baitu osasun mentalaren arlorako, hain zuzen ere orain arte ez bezala.

Laguntza-programa asertziozkoak eta komunitarioak jarri behar dira abian, eta esku-hartze goiztiarrekoak, psikoterapiakoak, nortasunaren nahasteetarakoak eta gaixoak oneratzeko bestelako programa gaurkotuagoak, osasun mentaleko gaixoen premiei erantzun egokituagoa emateko.

Programa berri hauek -esate baterako, patologia dualeko unitateak, espetxe-psikiatriako unitatea, segurtasun handiko unitatea, nerabeentzako subakutuen unitatea, drogazaleen unitatea, haur eta gazteen unitatea, etorkinentzako programak, bazterkeria pairatzeko arrisku gehien duten pertsonentzakoak, etxerik gabekoentzakoak- legean jasota ageri behar dute, lan-ildoak zehazte aldera, zainketen jarraitutasuna ziurtatze aldera eta laguntzaren zatikatzea ekidite aldera."

Gaur egun, osasun mentalaren arloko estrategia osoa Helsinkiko Adierazpenaren oinarritzen da. Izan ere, adierazpen horrek nahaste mentalen arloko sustapenaren eta prebentzioaren ikuspegi integratuaren alde egin zuen, bai eta erakundeen arteko tratamenduaren eta koordinazioaren aldeko ikuspegia ere. Halaber, nahaste mentala duten pertsonen laneratzea eta gizarteratzea sustatzen ditu.

Nafarroako Osasun Mentalaren Sarea etorkizunerako orientatu beharra dago helburu berritu batekin, hain zuzen ere Nafarroako herritarren premietarako laguntza arloko emaitzarik onenak bermatuko dituen antolamendu-eredu baten bitartez. Haren egiturak honakoetan oinarritutako balioak sustatu eta proiektatu beharko ditu: kalitatea, ebidentzia, lidergoa, iraunkortasuna, segurtasuna, berrikuntza eta harreman etikoak.

I. kapitulua. Xedapen Orokorrak. Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura. Osasun Mentalaren Sarea

1. artikulua. Foru lege honen xedea.

Foru lege honek hurrengoak ditu xede:

a) Arretaren paradigma aldatzea osasun mentalaren arloko laguntzaren antolaketa ulertzeko moduari dagokionez. Paradigma horretan, herritarrek giza eskubideekiko erakusten duten kontzientzia eta sentiberatasun gero eta handiagoek izanen dute eragina, eta erabiltzaileei eta haien familiei emanen die protagonismoa beren premiak definitzeari dagokionez.

b) Gurasoen eta eskolaren egitekoa indartzea pertsonaren bizitzaren lehen urteetan, gaixotasun mentalaren detekzio goiztiarrerako modu gisa; osasun mentala sustatzea lanean; zahartze mental osasungarria babestea; gaixotasun mentala izan dezaketen arrisku-taldeekin lan egitea; depresioari eta suizidioari aurrea hartzea; indarkeriari eta substantzia kaltegarrien kontsumoari aurrea hartzea; espetxean gaixo mentalei laguntzen esku hartzea; desabantaila sozialak murriztea eta estigmatizazioari aurrea hartzea, Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren programen bidez.

c) Kalitate sistema ezartzea zentro berekietarako zein itunduetarako, laguntza etengabe hobetzea ahalbidetzeko.

d) Informazio sistema bat ezartzea, teknologia berrietan oinarritua, zeinak aukera emanen baitu laguntzarako tresna publiko edo itunduen artean komunikazioa ezar dadin eta haien jardueretan koordinazioa eta integrazioa egon daitezen. Halaber, gaixoen osasunaren gaineko jardueren kalitatea eta eragina ebaluatuko dira, adierazleen multzo baten bidez.

e) Osasun mentalerako garrantzi handieneko prozesu klinikoetan praktika klinikoko gidak erabil daitezen sustatzea. Prozesu horiek, betiere aplika daitekeen ebidentzia kliniko onenean oinarrituko dira, eta jarduteko, zerbitzuak integratzeko eta ebaluazioa egiteko moduak bilduko dituzte.

f) Mekanismo, erakunde eta sareak sortzea eta bultzatzea, bai laguntza erakoak bai herritarrei zuzendutakoak, Osasun Mentaleko Estrategian deskribaturiko printzipioak abian jartzeko, ezartzeko eta garatzeko baldintzak ezarri ahal izateko. Hona:

-Autonomia.

-Jarraitutasuna.

-Irisgarritasuna.

-Ulergarritasuna.

-Ekitatea.

-Oneratze pertsonala.

-Erantzukizunak hartzea.

-Kalitatea.

-Eraginkortasuna.

-Efizientzia.

g) Antolamendu erako neurriak eta aurrekontu-neurriak ezartzea, bermatzeko interesa duten talde guztiek parte har dezaten kalitatearen hobekuntza jarraituko prozesuetan.

h) Osasun mentaleko arazo garrantzitsuenetan, prozesuen araberako kudeaketa sartzea eta sustatzea, gaixoei laguntza ematen edo haien ingurunean esku hartzen duten edo esku har dezaketen profesionalen eta tresna sanitario, sozial edo komunitario desberdinen -berekien nahiz itunduen- jarduerak integratuz.

i) Profesionalen prestakuntza jarraitua eta ikerketa bultzatzea, hobekuntza jarraiturako elementu gisa.

j) Nafarroako Foru Komunitatean osasun mentalaren arlorako dauden laguntza-zerbitzuak berrantolatzea eta osasun mentaleko sarea osatzen duten zentroak eta tresnak egungo beharrizanetara egokitzea.

Horretarako, honakoak egin beharko dira:

1. Osasun Mentaleko Zuzendaritza sortzen da. Kudeaketarako organo zentrala izanen da, osasun mentalaren arloko programen eta jardueren erantzukizun tekniko gorena izanen duena Nafarroako Osasun Erregioaren esparruan. Haren egitura eta funtzionamendua definitu eta erregulatzea, laguntza prozesuaren kudeaketa klinikora orientaturiko kudeaketa autonomoa duen entitate independente gisa. Osasun Mentaleko Zuzendaritzak honako helburu orokorrak izanen ditu:

a) Nafarroako Osasun Mentalaren Plana prestatzean eta gaurkotuta edukitzea.

b) Osasun Mentalaren Sarearen plangintza egitea eta hura antolatu eta ebaluatzea.

c) Nahaste mentalak dituzten edo osasun mentaleko laguntzarako premia duten pertsonen osasun mentala, prebentzioa, laguntza, zainketak eta errehabilitazioa sustatzea. Nahaste mentalak dituzten pertsonekin lotu ohi den estigma deuseztatzen eta pertsona horien egoera normalizatzen laguntzea.

d) Nafarroako herritarrei behar diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak ematea diagnosirako, tratamendurako eta errehabilitaziorako.

e) Kalitatezko osasun laguntze ematea, esleitutako populazioaren osasun mentaleko premiak asetzera bideratutako programen bitartez. Bilatuko da sareko tresna desberdinetako edo bestelako baliabide, maila, zerbitzu edo departamentuetako profesionalen artean ezagutza, garapen, antolamendu eta koordinazio hobeak lortzea.

f) Ikerketarako, prestakuntza jarraiturako, aurre-gradurako, gradu ondokorako eta espezializazioko jarduerak eta programa zientifikoak garatzea eta haietan laguntzea eta parte hartzea.

g) Nafarroako Osasun Planetik eta, horren ondorioz, Osasun Mentaleko Planetik eta nazio mailako eta Europako jarraibideetatik heldu diren eginkizunak erantzukizunez betetzea eta haiei dagozkien jarduerak aurrera eramatea.

h) Prozesuen araberako laguntza kudeatzea.

i) Intereseko taldeen parte-hartzea laguntzaren antolaketan eta hobekuntzan integratzea.

j) Osasun Mentaleko laguntza-zerbitzu diziplina anitzekoak sortzea, psikiatrek, psikologo klinikoek, erizaintzako diplomadunek, gizarte-langileek, okupazio-monitoreek, erizaintzako laguntzaileek eta planen helburuak ziurtatzeko egoki iritzitako bestelako langileek osatuak: Drogamenpekotasun Plana, Espetxe-psikiatriako Plana, Nerabeei Laguntza Emateko Plana eta sor daitezkeen bestelakoak.

2. Nafarroan, Osasun Mentaleko Sarearen zerbitzuak eta zentro berekiak antolatzen dira, eta hiru arlo bereizten dira: ospitaleratzea, erkidego-laguntza eta osasun mentaleko zentroak eta osasun mentaleko tarteko baliabideak.

3. Zentro Psikogeriatrikoa desagertzen da Osasun Mentaleko Zuzendaritzari atxikitako erakunde gisa, eta haren ordez, arloetan integraturiko unitate desberdinak agertzen dira. Zentro Psikogeriatrikoaren zuzendaritza amortizatzen da, eta haren baliabide teknikoak eta laguntzazkoak dagozkien arloetan integratzen dira, beren izatearen arabera, ospitaleratze arloko baliabide gisa, tarteko baliabide gisa edo entitate sozio-sanitarioko unitate gisa. Haien egitura administratiboa Osasun Mentaleko Zuzendaritzari atxikitzen zaio, eta haren antolamenduzko alderdiak eta alderdi administratiboak zentralizatu eta indartzen dira Osasun Mentaleko goi erakunde berriaren bitartez. Amortizatzekoak diren Zentro Psikogeriatrikoko unitate eta baliabideak jarduera eta egitura berriak finantzatzeko eta haiek ezartzeko erabiliko dira.

2. artikulua. Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura.

1. Osasun Mentaleko Zuzendaritza sortzen da, eta kudeaketarako organo zentral gisa egituratzen da. Organo zentral horrek, izan ere, Osasun Mentaleko programen eta jardueren erantzukizun tekniko gorena hartzen du bere gain, Nafarroako osasun erregioaren esparruan.

2. Osasun Mentaleko Zuzendaritzak lehentasun gisa izanen du Nafarroako Osasun Mentalaren Plana prestatu, gaurkotu eta abian jartzea, baliabide berekiekin eta Osasun Departamentuaren Plangintza Zerbitzuarekin lankidetzan.

3. Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren barruan honako zuzendaritza-organoak sortzen dira:

a) Osasun Mentaleko arloko laguntza-zerbitzuak sortzen dira, beren zerbitzuburuekin. Honakoak izanen dira arloak:

-Ospitaleratzearen Arloko Zerbitzua.

-Erkidego-laguntzaren Arloko Zerbitzua eta Osasun Mentaleko Zentroak.

-Tarteko Baliabideen Zerbitzua.

b) Kudeaketa Zerbitzua sortzen da. Hari atxikitzen zaizkio Administrazio Atala eta Zerbitzu Orokorren Atala, bai eta Zentro Psikogeriatrikoko haren menpeko unitateak ere.

c) Langileriaren Atala sortzen da, Kudeaketa Zerbitzuari atxikia. Zentro Psikogeriatrikoko Administrazioaren Ataleko lehenagoko Langileria Unitatea integratzen du.

d) Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoa sortzen da. Hari atxikitzen zaizkio Osasun Mentaleko Zuzendariordetzaren Arloko eta Zentro Psikogeriatrikoko burutzak, haien menpeko unitateekin.

4. Honakoak amortizatzen dira:

a) Zuzendariordearen lanpostua eta Osasun Mentaleko Zuzendariordetzako Programen buruaren lanpostua amortizatzen dira.

b) San Frantzisko Xabierkoa Zentro Psikogeriatrikoko Laguntza eta Prestakuntza programetako zuzendariaren lanpostua eta zuzendari teknikoaren lanpostua amortizatzen dira, bai eta Eguneko Zentroko zuzendariordearen lanpostua ere.

5. Gaur arte Errehabilitazioko Klinikari atxikitako Farmaziako eta Dietetikako Atala Osasun Mentaleko Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio.

6. Osasun Mentaleko Zuzendaritzan integraturiko baliabideak foru lege honetan ezarritako organoek kudeatuko dituzte.

3. artikulua. Une honetan, honako baliabideek osatzen dute Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren Sarea:

1. Osasun Mentaleko Zuzendaritza.

2. Erkidego-laguntzaren Arloa eta Osasun Mentaleko Zentroak: Tuterako eta Lizarrako barrutiei atxikitako baliabideek menpekotasun organiko bikoitzari eutsiko diote: dagokien barrutiaren menpekotasun organikoa eta Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren menpekotasun funtzionala. Honako baliabideek osatzen dute Osasun Mentaleko Zentroen Sarea:

-lA (Alde Zaharra).

-lB (Burlata).

-IIA (Arrosadia).

-IIB (Ermitagaña).

-IC (Arrotxapea).

-IIC (Donibane).

-III (Lizarra).

-IV (Tafalla).

-V (Tutera).

3. Tarteko Baliabideen Arloa: Tuterako eta Lizarrako barrutiei atxikitako baliabideek menpekotasun organiko bikoitzari eutsiko diote: dagokien barrutiaren menpekotasun organikoa eta Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren menpekotasun funtzionala. Honako baliabideek osatzen dute Tarteko Baliabideen Arloa:

-Errehabilitazio Klinika.

-"Natividad Zubieta" Haur eta Gazteen Eguneko Ospitalea.

-Osasun Mentaleko eguneko ospitaleak: I. Eguneko Ospitalea eta II. Eguneko Ospitalea Tuterako Eguneko Ospitalea.

-Drogamenpekotasunetarako Eguneko Ospitalea.

4. Ospitaleratzearen Arloa: Nafarroako Ospitaleari, Bideko Ama Birjina Ospitaleari eta Tuterako Barrutiari atxikitako baliabideek menpekotasun bikoitzari eutsiko diote: dagokien barrutiaren menpekotasun organikoa eta Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren menpekotasun funtzionala. Honako baliabideek osatzen dute Ospitaleratzearen Arloa:

-Nafarroako Ospitaleko Ospitaleratze Psikiatrikoko Unitatea.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko Ospitaleratze Psikiatrikoko Unitatea.

-Tuterako Reína Sofía Ospitaleko Ospitaleratze Psikiatrikoko Unitatea.

5. Eremu soziosanitarioa San Frantzisko Xabierkoaren Zentro Psikogeriatrikoko egungo baliabideak eta unitateak ondoren, beren laguntza-edukiaren arabera, dagokien arloaren edo esparru sozio-sanitarioaren menpe geratuko dira.

II. KAPITULUA. Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren antolaketa

4. artikulua. Zuzendaritzako, kudeaketako eta partehartzeko organo gorenak.

Osasun Mentaleko Zuzendaritza modu deszentralizatuan kudeatuko da, Gobernu Kontseiluaren eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen zuzendaritza gorenaren pean; hain zuzen ere honako organoen bitartez:

a) Zuzendaritza organoak:

-Zuzendaritza Batzordea.

-Osasun Mentaleko zuzendaria.

-Plan Soziosanitarioaren koordinatzailea.

-Arloko laguntza-zerbitzuetako buruak.

-Kudeaketa Zerbitzuko burua.

-Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoko burua.

b) Kontsulta eta partaidetza organoak: Laguntzako Batzar Teknikoa.

5. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzordea honakoek osatuko dute: Osasun Mentaleko zuzendariak, arloko laguntza-zerbitzuetako buruek, Kudeaketa Zerbitzuko buruak eta Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoko buruak.

2. Zuzendaritza kargudunetako batek idazkari lanak eginen ditu eta hartutako erabakien aktak eginen ditu.

3. Zuzendaritza Batzordeko burua Osasun Mentaleko zuzendaria izanen da, bera baita haren zuzendaritza gorenaren arduraduna. Batzordeko buruak zuzendaritza taldea zuzendu eta koordinatuko du, hari informazioa emanen dio eta taldearen kudeaketa kontrolatuko du.

4. Zuzendaritza Batzordeak helburu gisa izanen du Osasun Mentaleko giza baliabideak eta baliabide fisiko eta finantzarioak bermatzea, bai eta laguntzako helburuak eta helburu finantzarioak lortzea ere. Horrek kalitate eta efizientzia mailak igotzea ekarri beharko du.

6. artikulua. Osasun Mentaleko zuzendaria.

Osasun Mentaleko zuzendaria, Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen zuzendaritzapean, kudeaketarako organo zentrala izanen da eta osasun mentalaren arloko programa eta jardueren ardura tekniko gorena hartuko du, Nafarroako osasun erregioaren esparruan.

7. artikulua. Osasun Mentaleko zuzendariaren eginkizunak.

Osasun Mentaleko zuzendariak honako eginkizun eta eskurantzak izanen ditu.

a) Nafarroako Osasun Mentalaren Plana prestatzean eta gaurkotuta edukitzea.

b) Osasun Mentalaren Sarearen ordezkaria izatea eta sare horren agintari gorena eta arduradun nagusia izatea.

c) Honakoetan jardutea: osasun mentaleko zentro, tresna, unitate, zerbitzu eta profesionalen eta prebentzioko, sustapeneko, laguntzako, errehabilitazioko eta laneratzeko programen goi zuzendaritza teknikoa, programazioa, koordinazioa, kudeaketa eta ebaluazioa egitea, bere esparruari dagokionez.

d) Gaixoari emandako arretan eta zainketetan, laguntzaren kalitatea, konfidentzialtasuna, pertsonalizazioa eta humanizazioa sustatzea, eta gaixoen eta familiaren autonomia eta laguntza-prozesuko inplikazioa sustatzeko politikak bultzatzea.

e) Nafarroako Osasun Planaren eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren helburuen garapena sustatzea, bai eta jarraibide nazional eta europarretatik heldutakoena ere. Kudeaketa klinikoa bultzatzea. Helburuak eta programazioak egitea eta jarduerak zuzentzea.

f) Osasun Mentalaren Sarearen zerbitzuen zorroa proposatzea, dauden zentro, tresna, zerbitzu edo unitateekin, eta inplikaturiko baliabideak antolatzea.

g) Deribazioak egiteko prozedurak, arauak, zirkuituak eta irizpide zehatzak ezarri eta aplikaraztea, arintasuna eta gaixoentzako laguntza integrala bermatzeko.

h) Sare osoaren urteko eta urte anitzeko planak garatu, proposatu eta kudeatzea; organo eskudunei plan horien berri ematea, eta, aldizka, kudeaketari buruzko txostena edo oroitidazkia aurkeztea.

i) Osasun Mentaleko Sareak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Sareak gainerako zentro eta zerbitzu espezializatuekin eta beste zentro, organismo edo departamentu batzuekin daukaten koordinazio funtzionala bermatzea.

j) Informazio sistema bat sortu eta mantentzea, informazio klinikoari behar den moduan eusteko eta osasun zerbitzu guztien arteko informazio-fluxu egokiak bermatzeko, berariazko erreferentzia eginez historia klinikoa eta jarduera-erregistroak osatzeko arauei.

k) Osasun mentalaren arloko ikerketa- eta irakaskuntza-programak egin eta onets daitezen sustatzea.

l) Itundutako baliabideak kudeatzea. Deribazioak baloratu, aitortu eta kontrolatzea. Osasun mentalaren arloko laguntza-prestazioak eta prestazio ekonomikoak jasotzeko eskabideak baloratu eta, kasua bada, baiestea.

m) Kalitate integraleko sistema bat garatzea, gaixoak jasotako zerbitzuaren eta haren emaitza klinikoen kalitatea etengabe hobetzen eta ebaluatzen dela bermatzeko. Zuzendaritzari atxikitako zentro eta zerbitzuetako arduradunak ebaluatzea eta ebaluazio horren berri ematea.

n) Beste sektore publiko eta itundu batzuekiko eta baliabide komunitarioekiko lankidetza eta koordinazioa sustatzea.

o) Daukan karguarengatik sartzen deneko zuzendaritzako edo partaidetzako organoetan aktiboki parte hartzea. Bere gain hartzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak esleitzen dizkion eginkizun guztiak.

8. artikulua. Osasun Mentalaren Arloko Laguntza Zerbitzuetako buruak.

Arloko laguntza-zerbitzuetako buruak dira beren arloko osasun-zerbitzu eta -jarduerak eta zerbitzu eta jarduera tekniko eta laguntzakoak zuzenduko dituztenak, Osasun Mentaleko zuzendariaren pean.

9. artikulua. Osasun Mentaleko arloko laguntzazerbitzuetako buruen eginkizunak.

Honakoak izanen dira arloko laguntza-zerbitzuetako buruen eginkizunak eta atribuzioak:

a) Laguntza eta kudeaketa plana egitea eta beren esparruko jarduerak, laguntza prebentiboarekin, senda-laguntzarekin eta errehabilitazioko laguntzarekin lotutakoak, kudeatu eta zuzentzea, kalitateko, lidergoko, efizientziako eta segurtasuneko maila onenak lortzeko.

b) Zerbitzuen Zorroa lantzea eta indarrean edukitzea. Oinarrizko prozesuak definitzea. Jarduteko gidak, prozedurak edo ohiko protokoloak sistematizatzea. Oinarrizko funtzionamendu arauak garatzea eta gaixoen zirkuituak definitzea. Emaitzei buruzko informazioa ematea, aldizka.

c) Antolamendu eredua proposatzea, jarduerari erantzun egokia emateko, eta, era berean, ohiz kanpoko berrantolaketa proposatzea baldin eta beharrezkoa bada emaitza hobeak lortzeko laguntza-jarduera integralean eta integratuan, jarduera administratiboan, irakaskuntza-jardueran edo ikerketa-jardueran.

d) Berrikuntzarako, hobekuntza jarraiturako eta kalitatearen ebaluaziorako eskura dauden egiturazko edo antolamenduzko mekanismoak sustatu eta abian jartzea. Dokumentazio klinikoko, informazioko eta laguntzaren kalitatea kontrolatzeko sistema bat mantentzea, bai eta jarduerari buruzko erregistroak eta laguntzarako prozedura administratiboak ere. Oroitidazkiak ezartzen diren aldien arabera egitea.

e) Laguntza-jarduerei, irakaskuntza-jarduerei edo ikerketa-jarduerei buruzko proposamenak egitea edo jasotzea, eta haiek administratzea, onespena eman ondoren. Irakaskuntzako eta ikerketako urteko programak egitea.

f) Dagokion esparru funtzionalean, laguntza-emaitzak eta emaitza zientifikoak ebaluatzea. Halaber, bere unitateetako arduradunak eta profesionalak, oro har, ebaluatzea, eta lortutako emaitzei buruzko informazioa ematea.

g) Profesionalekin ekitaldi bakoitzerako helburuak ezarri eta ituntzea, eta esleitutako aurrekontuko baliabideak administratzea.

Hori guztia, Osasun Mentaleko Saretik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzutik heldu diren jarraibideak betez.

h) Atxikitako unitate organiko eta funtzionaletako arduradun guztiak aldizka ebaluatzea.

i) Bere esparruko jarduerak beste unitate organiko, tresna, zentro, zerbitzu edo departamentuetako jarduerekin koordinatzea. Osasun Mentaleko Zuzendaritzari proposatzea gaixoak beste arlo edo zentro batzuetara deriba ditzan, bere eskumeneko laguntza-aukerak gaindituta baldin badaude.

j) Bere titulazioari dagozkion laguntza-jarduerak garatzea.

k) Osasun Mentaleko zuzendariari informazioa eta aholkua modu jarraituan ematea.

l) Daukan karguarengatik sartzen deneko zuzendaritzako edo partaidetzako organoetan aktiboki parte hartzea. Osasun Mentaleko zuzendariari esleitzen zaizkion funtzio guztiak bere gain hartzea.

10. artikulua. Osasun Mentaleko Arloak.

1. Honakoak ezartzen dira Osasun Mentaleko Arlo gisa:

-Ospitaleratzearen Arloa.

-Erkidego-laguntzaren Arloko Zerbitzua eta Osasun Mentaleko Zentroak.

-Tarteko Baliabideen Arloa.

2. Arloko laguntza-zerbitzuetako buruek izanen dute kasuko arloa koordinatzeko erantzukizuna, bai eta Osasun Mentaleko zuzendariak esleitzen dizkien gainerako eginkizunak garatzeko erantzukizuna ere.

11. artikulua. Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoko burua.

Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoko buruak bere kargu dauzka sareak eskainitako tresna, zentro, unitate edo programetako laguntza-baliabide ez-fakultatiboen plangintza, zuzendaritza eta ebaluazioa, bai eta zuzenean esleitzen zaizkion baliabideen kudeaketa ere.

Honako eginkizun eta atribuzioak dagozkio Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoaren buruari:

a) Helburuak definitu eta garatzea, Nafarroako Osasun Mentaleko Sarearen helburuekin bat, eta bere kargu dauzkan profesionalen jarduerak eta emaitzak koordinatu eta ebaluatzea.

b) Esleitutako baliabideen plangintza, antolaketa eta koordinazioa, kalitate hobea lortzeko. Bere kargu dauzkan unitateen funtzionamendua, haietan sarturiko langileak eta profesionalak ebaluatzea.

c) Zuzenean esleituta dauzkan giza baliabideak kudeatzea eta laguntzako langile ez-fakultatiboen premiak eta eskuragarritasuna koordinatzea.

d) Sustatzea langile ez-fakultatiboek eta langile fakultatiboek ematen dituzten zerbitzuak ezartzen diren laguntza-prozesuen kudeaketarako beste baliabide batzuk integratzen direla.

e) Esleitutako baliabide materialak, ekipamendu klinikoarekin lotutakoak eta osasun produktuak modu eraginkor eta efizientean kudeatzea, eta haiek egoki erabili eta manten daitezen sustatzea.

f) Zainketen eta laguntzaren kalitatea hobetzen lagun dezaketen berrikuntzarako edo hobekuntzarako neurriak edo ekimenak proposatzea.

g) Unitateen laguntza-jarduera ez-fakultatiboa koordinatzeko prozedurak finkatu eta administratzea. Zentroen eta profesionalen arteko koordinazio orokorra erraztea.

h) Zerbitzu eta unitateetako laguntzako arduradunen edo/eta arduradun fakultatiboen jarduera koordinatzea, eta langileen kudeaketaren, irakaskuntzaren eta prestakuntzaren alderdietako irizpideen batasuna bermatzea.

i) Osasun Mentaleko zuzendariak berariaz eskuordetutako gainerako eginkizunak hartzea.

j) Osasun Mentaleko zuzendariari informazioa eta aholkua modu jarraituan ematea.

k) Daukan karguarengatik sartzen deneko zuzendaritzako edo partaidetzako organoetan aktiboki parte hartzea. Osasun Mentaleko zuzendariari esleitzen zaizkion funtzio guztiak bere gain hartzea.

12. artikulua. Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoko buruak.

1. Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoko buruaren azpian Erizaintzaren Arloko buruak egonen dira hierarkikoki.

2. Erizaintzaren Arloko buruak izanen dira esleitzen zaizkien erizaintzako unitateak koordinatzeko ardura izanen dutenak; halaber, Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoko buruak esleitutako gainerako funtzioak ere izanen dituzte.

13. artikulua. Kudeaketa Zerbitzuko burua.

Kudeaketa Zerbitzuko burua da Osasun Mentalaren Zuzendaritzako egitura administratibo eta langileen egitura osoaren ardura bere gain hartuko duena, betiere Osasun Mentalaren zuzendariaren menpean.

14. artikulua. Kudeaketa Zerbitzuko buruaren eginkizunak.

Honakoak izanen dira Kudeaketa Zerbitzuko buruaren eginkizunak eta atribuzioak:

a) Bere zerbitzuari atxikitako unitateen funtzionamendua zuzendu, koordinatu, sustatu eta ebaluatzea.

b) Osasun Mentalaren Zuzendaritzaren baliabide material finko eta mugikorren kontserbazio funtzionala bermatzea, eta atxikitako ondarea egoki kudeatzea.

c) Urteko aurrekontuak prestatu eta kudeatzea, gastuetakoak zein diru-sarreretakoak.

d) Osasun Mentalaren Zuzendaritzako unitateen behar diren baliabide materialen hornikuntza kudeatzea; halaber, hornigai horiek egoki biltegiratu eta unitate eskatzaileei banatzen zaiela kudeatzea.

e) Osasun Mentalaren Zuzendaritzarako ibilgetuaren eta erabiltzen ari den ekipamenduaren mantentze prebentiborako planak sustatu eta kontrolatzea, eta horiek guztiak konpondu eta birjarriko direla segurtatzea.

f) Ahal den hornikuntza-kontratu gutxien egin zerbitzuek funtziona dezaten, eta konponketa eta mantentze lan errazak egitea, haien zenbatekoak hornidura txikietarako ezarritako mugak gainditzen ez baditu.

g) Konturako ziurtagirien, material inbentariagarriaren fakturen, bestelako hornigaien, konponketa eta mantentze lan errazen eta laguntza teknikoko kontratuen ordainketak baimentzea, organo eskudunak haien gastua onetsi badu.

h) Behar diren aplikazio informatikoak eta laguntza administratiboak ezar eta erabil daitezela eta funtziona dezatela zuzendu eta koordinatzea.

i) Osasun Mentaleko Zuzendaritzan langileriaren arloko eginkizunak zuzendu, koordinatu, sustatu eta ebaluatzea.

j) Aldi baterako langileen kontratazioa baimendu eta formalizatzea, erregelamenduz ezarritako prozeduraren bitartez.

k) Falta arinengatiko diziplina-espedienteak ireki eta ebaztea.

l) Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura organikoaren barreneko lanpostu zehatz bati langileak atxikitzea, eta lanerako ezgaitasun egoeran, guztizkoan edo absolutuan, dauden langileei edo lanerako gai izateari buruzko deklarazio proposamenak egitea.

m) Erregelamendu bidez ezarritako lanaldi murrizketak, soldata gabeko lizentziak, amatasuneko lizentzia soldatadunak, bularra emateko baimenak eta gaixotasunaren ondorioz baja egoeran dauden langileen toki aldatzeak erabakitzea.

n) Zerbitzua dela-eta egin beharreko joan-etorriak baimentzea.

o) Osasun Mentaleko Zuzendaritzari atxikitako langileekiko prozedura administratiboen eta lan-harremanen erantzukizuna hartzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzarekin batera, azken horretatik jasotako jarraibideak betez.

p) Hartzekoei eta emandako zerbitzuei buruzko ziurtagiriak ematea.

q) Nominak, aseguru sozialak, osasun laguntza eta langileen bestelako prestazio ekonomikoak egituratu eta kudeatzea. Langabeziako sorospena jasotzeko behar den dokumentazioa prestatzea. Hori guztia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak emaniko jarraibideak zorrotz betez.

r) Langileen erregistro integratua, langileen espedientea, plantilla organikoa eta langileen zerrenda egin, mantendu eta gaurkotzea.

s) Daukan karguarengatik sartzen deneko zuzendaritzako edo partaidetzako organoetan aktiboki parte hartzea. Osasun Mentaleko zuzendariak esleitutako eginkizun guztiak bere gain hartzea, eta bereziki aginte-koadroaren lanketa koordinatzea.

15. artikulua. Kudeaketa Zerbitzuaren osaera.

1. Kudeaketa Zerbitzua honako atal eta unitateek integratzen dute.

-Langileria Atala.

-Administrazio Atala.

-Zerbitzu Orokorren Atala.

2. Atalek, uneoro, zerbitzuburuak esleitzen dizkien eginkizunak garatuko dituzte.

III. KAPITULUA. Kontsulta eta partaidetza organoak

16. artikulua. Laguntzako Batzar Teknikoa.

1. Laguntzako Batzar Teknikoa Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren organo kolegiatu tekniko eta aholku-emailea da.

2. Laguntzako Batzar Teknikoak hartutako erabakiak ez dira lotesleak izanen Osasun Mentaleko Zuzendaritzarentzat plantillaren aldaketa edo gastua handitzea dakarten antolamendu eta funtzionamendu gaietan.

3. Laguntzako Batzar Teknikoa honako kideek osatuko dute:

Berezko batzarkideak:

-Osasun Mentaleko zuzendaria, zeinak lehendakari gisa jardunen baitu.

-Plan Soziosanitarioaren koordinatzailea.

-Arloko laguntza-zerbitzuetako buruak.

-Laguntzako eta Erizaintzako Zerbitzu Teknikoko burua.

-Kudeaketa Zerbitzuko burua, zeinak idazkari lanak eginen dituen, hizpidearekin baina botorik gabe.

Hautaturiko batzarkideak:

-Osasun Mentaleko ekipo eta programen arloetako zuzendarien bi ordezkari.

-Osasun Mentaleko psikiatren bi ordezkari.

-Osasun Mentaleko psikologoen bi ordezkari.

-Osasun Mentaleko erizaintzako langileen bi ordezkari.

-Osasun Mentaleko gizarte laguntzaileen eta gizarte langileen ordezkari bat.

-Osasun Mentaleko titulurik gabeko langile sanitarioen bi ordezkari.

-Osasun Mentaleko zerbitzuen arloko entitate itunduen ordezkari bat.

-Osasun Mentaleko gainerako langileen ordezkari bat.

-Gaixotasun mentalek ukitutakoen elkarteen ordezkari bat.

-Osasun Mentaleko okupazio-terapeuten ordezkari bat.

4. Berezko batzarkideek Laguntzako Batzar Teknikoko batzarkide izateari utziko diote Osasun Mentaleko Zuzendaritzan duten kargua uzten dutenean. Hautatutakoak bi urtez behin berrituko dira.

17. artikulua. Laguntzako Batzar Teknikoko batzordeak.

Laguntzako Batzar Teknikoaren barruan, haren funtzionamendua hobea izan dadin, komenigarritzat jotzen diren edo legez beharrezkotzat jotzen diren batzordeak sortuko dira.

18. artikulua. Laguntzako Batzar Teknikoaren bilkurak.

Laguntzako Batzar Teknikoak gutxienez ere bi hilabetez behin eginen ditu bilkura arruntak. Bilera bereziak, berriz, batzarburuak erabakitzen duenean eginen ditu, edo batzarkideen heren betek eskatzen duenean.

19. artikulua. Laguntzako Batzar Teknikoaren erabakiak.

Laguntzako Batzar Teknikoaren erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira. Batzarra eratutzat jotzeko, berriz, ezinbestekoa izanen da gutxienez ere batzarkide gehienak presente egotea, horren barne direla batzarreko burua eta idazkaria edo haien ordezkoak.

20. artikulua. Laguntzako Batzar Teknikoaren eginkizunak.

Osasun Mentaleko Laguntzako Batzar Teknikoak aholkua eta informazioa emateko eginkizunak izanen ditu, honako arloetan:

a) Zerbitzuen zorroa.

b) Lanbideko jarduna ebaluatzeko eta zerbitzuen eta unitateen kalitatea ziurtatzeko irizpide teknikoak.

c) Kalitate optimoaren adierazleak eta estandarrak, eskura dauden giza baliabideen eta baliabide materialen arabera.

d) Prozedura eta dokumentazio klinikoak normalizatzeko irizpideak.

e) Osasun erregioaren esparru osoan aplikatzekoak diren programak eta protokoloak.

f) Urteko irakaskuntza-plana.

g) Zentroen eta zerbitzuen funtzionamendu arau orokorrak.

h) Zuzendaritzaren helburuak eta urteko txostena.

i) Herritarrei arreta egiteko prozedura administratiboak.

j) Ebaluaziorako eta pizgarrietarako sistemak.

k) Berrezarpeneko inbertsioen urteko banaketa.

l) Zentroen aurrekontu banakatuak.

Honakoak dira Laguntzako Batzar Teknikoaren eginkizunak:

a) Osasun Mentalaren laguntzaren arloko helburuak zehaztea.

b) Osasun Mentalaren Sareko zentroen antolamendua eta funtzionamendua onestea.

c) Laguntzaren kalitatea bermatzeko programarako ildo nagusiak ezartzea.

d) Zentroetako zerbitzuen zorroetan aldaketak proposatzea.

e) Eskatzen zaion gaietan, aholku teknikoa ematea ekipoen, programen eta erizaintzaren arloetako buruei.

f) Batzorde klinikoen sorrera onestea, batzorde horien jardueren helburuak zehaztea eta funtzionamenduaren jarraipena egitea; halaber, batzorde horien eginkizunen balizko etetea erabakitzea.

g) Osasun jarduerarako arau teknikoak eta protokoloak prestatzea, horretarako bereziki prestaturiko lantaldeen bitartez, eta proposamenen edukia dela-eta aldeko nahiz aurkako informazioa ematea.

h) Plan funtzionalari buruzko proposamenetan parte hartzea eta proposamenak egitea.

i) Osasun ekipamendurako Inbertsioen Planari buruzko nahitaezko txostena egitea.

j) Laguntzako adierazleen jarraipena ebaluatzea eta jarraipen hori egitea.

k) Osasunaren esparruan, irakaskuntza-jarduerak, prestakuntza jarraituko jarduerak eta ikerketa jarduerak sustatzeko programak garatzea.

l) Zentroetako laguntza-egiturak aldatzeko proposamenak egitea.

Laguntzako Batzar Teknikoen irizpena ez da sekula ere loteslea izanen. Aurrekoa gorabehera, egindako irizpenetik aldentzen diren erabakiak Laguntzako Batzar Teknikoari formalki jakinarazi eta komunikatu beharko zaizkio.

21. artikulua. Laguntzako Batzar Teknikoko ordezkariak hautatzea.

Laguntzako Batzar Teknikoko sektoreetako ordezkariak martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduaren bidez onetsitako eta Osasun kontseilariaren azaroaren 28ko 154/1997 foru Aginduaren bidez aldatutako hauteskunde arauei jarraituz hautatuko dira.

IV. KAPITULUA. Karguak eta burutzak betetzeko modua

22. artikulua. Osasun Mentaleko Zuzendaritzako zuzendaritzaorganoak betetzea.

Osasun Mentaleko Zuzendaritzako zuzendaritza-organoak honela beteko dira:

1. Osasun Mentaleko zuzendaria Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak libreki izendatuko ditu eta kenduko ditu kargutik.

2. Arloko laguntzako zerbitzuetako buruak, Kudeaketa Zerbitzuko burua eta Laguntza Tekniko eta Erizaintzako Zerbitzuko burua Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak libreki izendatuko ditu eta kenduko ditu kargutik, Osasun Mentaleko zuzendariak proposatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langileen artean. Betiere, arau bidez ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

3. Osasun Mentaleko ekipoetako zuzendariak, eguneko ospitaleetako zuzendariak, Errehabilitazio Klinikako zuzendaria, Haur eta Gazteen Eguneko Ospitaleko zuzendaria eta Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren sareko programetako arduradunak -haren esparru organikoan daudenak, beraz- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko ditu, abenduaren 2ko 217/1994 Foru Dekretuan ezarritako prozedura betez.

4. Zerbitzuburuak eta atal mediko eta laguntzazkoen buruak, organikoki Nafarroako Ospitalearen eta Bideko Ama Birjina Ospitalearen menpe egonen direnak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuen betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera izendatuko dira eta kenduko dira kargutik.

5. Erizaintzako buruak, unitateetako buruak (gaur egun pabilioiko arduradunak direnak) eta laguntzaren arlokoak ez diren atal eta unitateetako buruak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuen betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera izendatuko dira eta kenduko dira kargutik.

6. Erizaintzaren Arloko buruak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak libreki izendatuko ditu eta kenduko ditu kargutik, Osasun Mentaleko zuzendariak proposatuta, OLT-DUE kategoria duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko plantillako langileen artetik.

7. Izendapen libreko zuzendaritzako kargudunek guztizko dedikazioko araubidean eta lanerako guztizko eta erabateko eskuragarritasunez jardunen dute.

Lehenengo xedapen gehigarria .Oinarrizko unitate organikoetako arduradunen atribuzioak.

Oinarrizko unitate organiko bakoitzeko arduradunei honako atribuzioak dagozkie:

a) Unitateari atxikitako langileentzako baimenak, lizentziak, oporrak eta joan-etorriak baimentzea, Kudeaketako zuzendariak esleituta dauzkan alderdietan izan ezin.

b) Lan eskubideen betetzea koordinatzea eta langileen laneko betebeharrak betetzea.

c) Langileekiko komunikazio prozesuak erraztea eta bultzatzea eta laneko giroa nahiz errendimendua eta produktibitatea sustatzea.

d) Kasuko unitateari atxikitako langileen jarduerak, lanak eta eginkizunak zuzendu eta koordinatzea, eta haiei lanpostua, txanda eta lanaldia esleitzea.

Bigarren xedapen gehigarria .Unitate organikoak eta programak sortzea eta kentzea.

Osasun Mentaleko Zuzendaritza hobeki garatzeko behar diren unitate organikoak eta programak sortzea eta kentzea Osasun kontseilariaren eginkizuna da, betiere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposatuta.

Hirugarren xedapen gehigarria .Barneakoplamenduko esparru berria.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldez aurreko barne egokitzapenaren sistema arautzeko prozedura berezia ezartzen duen Osasun kontseilariaren urriaren 28ko 129/2008 Foru Agindua aldatzen da. Esparru berria ezartzen da, foru lege honetako 3. artikuluan aipatutako Osasun Mentalaren Sareko baliabide eta tresnekin eta Osasun Mentaleko Zuzendaritzari atxikita geroan sor daitezkeen gainerakoekin. Une honetatik jada ez dago Anbulatorioen eta Ospitalez Kanpoko Laguntzaren Zuzendaritzan.

Laugarren xedapen gehigarria .Hizkuntza berdintzailea.

Foru lege honetako gaztelaniazko testuan, kargu-izenak edo lanpostuak aipatzeko genero gramatikal maskulinoko substantiboak erabiltzen diren kasuetan -esate baterako, director edo jefe de servicio- ulertuko da ekonomia hutsez aipatzen direla horrela, eta modu orokorrean aipatu nahi direla postu horiek, gizonezkoek betetzen dituztenerako nahiz emakumeek betetzen dituztenerako, eragin juridiko berdin-berdinekin.

Bosgarren xedapen gehigarria .Ebaluazioa.

Foru lege honen aplikazioa eta bere menpeko zerbitzuen kalitatea ebaluatuko dira Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko 21/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Arestiko lerrokadan aipatutako ebaluazioa Osasun Mentaleko Zentro batenarekin osatu beharko da urte bakoitzean, Osasun Mentaleko Zuzendaritzak ezarri beharreko ebaluazio-eredu bati jarraikiz. Urte bakoitzean ebaluatu beharreko zentroen kopurua handituz joanen da, hautatuko eredua finkatu ahala.

Halaber, Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren urteroko memorian atal bat sartu beharko da, laguntza klinikoko nahiz herritarrekiko harremaneko jardunbide onen multzoa zerrendatu eta deskribatuko dituena.

Xedapen iragankorra .

Laguntza Soziosanitarioari buruzko Planeko koordinatzailea Osasun Mentaleko Zuzendaritzari atxikiko zaio, harik eta Nafarroako Laguntza Soziosanitarioari buruzko Planetik heldutako egitura bat, baliabide berekikoa, gaurkotu, garatu eta hornitu arte; betiere, gaur egun esleiturik dituen eginkizunak, atribuzioak eta mendekotasun funtzionala ezertan ere galarazi gabe.

Egoera horrek dirauen bitartean, eta testuinguru berriaren barruan, ondokoa xedatzen da:

-Lehentasun gisa ezartzea Ekintza Soziosanitarioari buruzko Planaren eguneratzea eta garapena.

-San Frantzisko Xabierkoa Zentro Psikogeriatrikoaren baliabide soziosanitarioen ardura ematea.

-Osasun Mentaleko Zuzendaritzako Zuzendaritza Batzordean batzordekide gisa parte hartzea.

Azken xedapenetan lehena .Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estatutuak ezarri zituen uztailaren 3ko 45/2006 Foru Dekretuko 39. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letra eta 43. eta 44. artikuluak.

2. San Frantzisko Xabierkoa Ospitale Psikiatrikoko gobernu-organoei buruzko maiatzaren 15eko 103/1985 Foru Dekretua.

3. Abuztuaren 17ko 246/1998 Foru Dekretua, San Frantzisko Xabierkoa Ospitale Psikiatrikoa Zentro Psikogeriatriko bihurtzeko araubidea ezartzen duena.

Eta foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan bigarrena .Abuztuaren 17ko 247/1998 Foru Dekretua aldatzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Adimen Osasuneko Zuzendariordetzari atxikitako eguneko zerbitzuak eta errehabilitazio zerbitzuak berregituratzen duen abuztuaren 17ko 247/1998 Foru Dekretua aldatzen da, ondoren azaltzen den bezala:

1. 2.3 artikulua. Psikiatria Atala Osasun Mentaleko Haur eta Gazteen Eguneko Ospitaleko Zuzendaritza izatera pasatuko da. Ordainsariak, gainerako zuzendariekin egiten den bezala, egokitzat jotzen den mailaren arabera egokituko dira.

2. 2.3 artikuluan Haur eta Gazteen Eguneko Ospitaleko zuzendariari buruz jasotako izendapenari, 3.4 artikuluan Errehabilitazioko Klinikako zuzendariari buruz jasotako izendapenari eta 4.3 artikuluan Eguneko Ospitaleko zuzendariari buruz jasotako izendapenari dagokienez, Osasun Sareari atxikitako A eta B mailetako langileek bete ahalko dituzte.

Azken xedapenetan hirugarrena .Foru legearen garapena.

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari foru lege hau aplikatzeko eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Azken xedapenetan laugarrena .Aurrekontualdaketak.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak foru lege hau betetzeko behar diren aurrekontu-aldaketak eginen ditu.

Azken xedapenetan bosgarrena .Zuzendaritza karguak ordeztea.

Osasun Mentaleko zuzendariak, ebazpen bidez, zuzendaritza karguak ordezteko araubidea ezarriko du, halako moduan non esleituta dauzkan eginkizunen eta atribuzioen jarraitasuna bermatuko baita.

Azken xedapenen seigarrena.-Indarra hartzea.

Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko abenduaren 13an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1020387

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web