(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

67/2010 FORU DEKRETUA, URRIAREN 29KOA, ERAIKUNTZAREN KALITATEA KONTROLATZEKO SAIAKUNTZA LABORATEGIEN ARLOKO ESKUMENAK BERRANTOLATZEN DITUENA.

BON N.º 141 - 19/11/2010



Atariko

Urriaren 17ko 129/2005 Foru Dekretuaren bidez, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saiakuntza laborategien akreditazioa arautu zen.

Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta horietan aritzeari buruzko lege berriak eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategi eta entitateen araubidea egokitu beharra ekarri du, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 14. artikuluaren testu berriaren arabera. Artikulu hori abenduaren 22ko 25/2009 Legearen bidez aldatu zen, horren bidez zenbait lege aldatu baitziren Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta horietan aritzeari buruzko Legera egokitzeko. 25/2009 Lege horrek gure barne zuzenbidera egokitu zuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EEE Zuzentaraua, barne merkatuaren zerbitzuei buruzkoa, non eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategien eta entitateen betebeharrak ezarri baitziren eta baimena eman baitzen haiek jarduteko eskatu beharreko betebeharren erregelamenduzko garapena egiteko.

Espainiako Gobernuak martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretua onetsi du, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategi eta entitateei, beren jardueran aritzeko, eskatu beharreko betebeharrak garatzen dituena. Errege dekretu horrek araubide bat ezartzen du finkatzen diren oinarrizko baldintza eta irizpideak ikuskatzeko. Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategi eta entitateak araubide horretara bildu behar dira, zerbitzuen kalitatearen printzipioa egiaztatzeko. Horrez gainera, autonomia erkidegoen ahalmenak ezartzen ditu, nork bere eskumenak erabiliz, laborategiek ematen dituzten zerbitzuen ondorioz gertatzen diren inguruabar, jarduera eta gorabehera guztiak egiazta eta ikuska ditzaten.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketari dagokionez, laborategien eta entitateen jardueraren gaineko kontrola baliabide egokiak dituzten departamentuek egin behar dute, jardunbide eraginkorra bermatzeko. Horregatik, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko entitateei dagokienez, ezarri da kontrol hori etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuak egin behar duela. Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategiei dagokienez, ordea, ezarri da haien jardueraren gaineko alderdi guztiak kontrolatzeko eskumena herri-lanen arloan eskumena duen departamentuak hartzea bere gain, izan ere, Kalitate Kontrolaren Laborategia, kontrola egiteko behar diren baliabideak eta langileak dituena, departamentu horren mende dago.

Horiek horrela, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2010eko urriaren 29an egin zuen bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Eskumenen eskuordetzea.

1. Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategi eta entitateei, beren jardueran aritzeko, eskatu beharreko betebeharrak garatu zituen martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako, egoitza soziala edo profesionala Nafarroako Foru Komunitatean duten eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko entitateen gaineko alderdi guztiei buruzko eskumena etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari esleitzea.

2. Ondorio berberetarako, establezimendu fisikoren bat Nafarroako Foru Komunitatean duten eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saiakuntza laborategiei dagozkien alderdi guztiei buruzko eskumena herri-lanen arloan eskumena duen departamentuari esleitu zaio.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzea.

Indarrik gabe utzi da urriaren 17ko 129/2005 Foru Dekretua, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saiakuntza laborategien akreditazioa arautu zuena.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko urriaren 29an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F1017869

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web