(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

54/2010 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 6KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAN HERRITARREI INFORMAZIOA ETA ARRETA EMATEKO ZERBITZUAK ARAUTZEN DITUENA.

BON 13/09/2010



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. HERRITARREI ARRETA EMATEKO EGINKIZUNAK

  1. ATALA. INFORMAZIO ADMINISTRATIBOA

  2. ATALA. IDAZKI, ESKABIDE ETA KOMUNIKAZIOEN ERREGISTROA

  3. ATALA. IRADOKIZUNAK ETA KEXAK JASOTZEA

  4. ATALA. BEREHALA ERANTZUTEKO ZERBITZU AUTOMATIZATUAK


  III. KAPITULUA. HERRITARREI ARRETA EMATEKO BIDEAK

  1. ATALA. AURREZ AURREKO ARRETA

  2. ATALA. TELEFONO BIDEZKO ARRETA

  3. ATALA. BIDE TELEMATIKOA


Atariko

Herritarren informaziorako eskubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 14. artikuluan dago araututa. Bertan ezartzen da herritarrek eskubidea dutela beren eskubideetan, legezko interesetan eta eginbeharretan eragina izan dezaketen jarduera administratiboei buruzko informazioa eskatu eta lortzeko, baita ondasun eta zerbitzu publikoen erabilerari buruzkoa ere, betiere eskatzailearen nortasuna isilpean izanen dela bermatuta, ezertan galarazi gabe eskariak egiteko eskubidea, ezta zenbait alorretako informazioa lortzeko eskubideari buruzko araudi berariazkoak ere. Halaber, artikulu berak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, kasuan kasuko aferaren arduradun edo eskudun denean, eskatutako informazioa helarazi beharko die herritarrei, argi eta garbi helarazi ere. Ildo beretik, artikulu horren 4. idatz-zatiak xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola eskubide horren erabilera erregelamendu bidez arautzea. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 15. artikuluak, bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren betebeharrak ezartzen ditu, informazio orokorrari dagokionez; eta 9. artikuluak idazkiak eta agiriak aurkezteko eskubidea ezartzen du.

Nafarroako Gobernuak agintaldi honetarako finkatutako helburuetako bat herritarrei arreta emateko sistema integrala diseinatu, sortu eta lanean jartzea da. Horretara bideratutako ahalegin guztiak elkartu behar dira helburua bete-betean eta erabat lor dadin, eta kalte egiten dioten bidebanatzeak saihestu behar dira. Horregatik, beharrezkoa da, beste neurri batzuen artean, herritarrei arreta emateko eskumenaren muga argiak ezartzea Foru Komunitateko Administrazioaren barnean, eta zerbitzu hori behar adinako kalitateaz emateko prozedura egokia antolatu behar da.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari dagokio parte-hartzearen eta herritarrentzako arretaren arloko eskumena, horrela xedatzen baitu 2. artikuluan abuztuaren 16ko 12/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako Gobernuko lehendakariak emanak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen egitura ezartzen duenak. Eta eginkizun hori betetzeko, beharrezkoa da foru dekretu bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan herritarrei informazioa eta arreta emateko zerbitzuak arautzeko.

Lehenbiziko kapituluan, "Xedapen orokorrak" izenburupean, foru dekretuaren xedea eta herritarrei arreta emateko printzipioak azaltzen dira eta herritarrei arreta emateko sistema integralaren eskumena nori dagokion zehazten da.

Bigarren kapituluak herritarrentzako arreta osatzen duten eginkizunak arautzen ditu eta informazio administratibo motak zehazten ditu foru dekretu honen ondorioetarako: informazio orokorra, partikularra eta espezializatua. Zehazten du nor den arduraduna eta zer nolako izaera eta ondorioak dituen informazio administratiboak. Gogora dakartza ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren eta irailaren 4ko 61/2006 Foru Dekretuaren aurreikuspenak (lehenbizikoak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen ditu eta bigarrenak kexa eta iradokizunak kudeatzeaz arduratzen diren unitateak zehazten ditu). Gainera, berehala erantzuteko zerbitzu automatizatuak zer diren eta nola kalifikatzen diren azaltzen du.

Hirugarren kapituluak herritarrei arreta emateko bideak arautzen ditu: aurrez aurrekoa, telefonozkoa eta telematikoa. Horiek ematen diete izena kapituluaren hiru atalei.

Lehenbiziko atalak ("Aurrez aurreko arreta") xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak Iruñean eta beste udalerri batzuetan dituen herritarrentzako laguntza bulegoen (OAC) bitartez emanen da aurrez aurreko arreta, eta beharrezkotzat jotzen denean herritarrentzako laguntza gune gehiago eratu ahalko dira. Atal honetan arautzen dira batzuen eta besteen mendekotasun organiko eta funtzionala eta herritarrentzako laguntza bulegoek izanen dituzten eginbeharrak. Herritarrentzako laguntza bulegoek izan dezaketen langileria ezartzen da. Halaber, departamentuetako herritarrentzako arretaren koordinatzaileen figura definitzen da eta haien eginkizunak ezartzen dira.

Bigarren atalak ("Telefono bidezko arreta") 012 zenbakia finkatzen du informazio orokorrerako telefono zenbakitzat. Informazio partikularrerako ere erabili ahal izanen da, telefonoaren erabiltzaileak identifikatzeko mekanismo teknologikoak jartzen direnean. Telefono bidezko arretak sakelako telefonoko mezuen bidezko informazio zerbitzuak ere biltzen ditu.

Hirugarren atalean ("Arreta telematikoa") Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren ezaugarri orokorrak, bertako edukiak eta horiek bete behar dituzten baldintzak ezartzen dira, baita www.navarra.es atariko argitalpen prozesua ere.

Lehen xedapen gehigarriak bide ematen du hitzarmenak sinatzeko beste erakunde edo entitateekin, herritarrei arreta zerbitzuak emateko.

Azken xedapenetan lehenak maiatzaren 30eko 79/2005 Foru Dekretuaren artikulu asko aldatzen ditu (foru dekretu horrek Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria arautu eta hartarako Departamentu arteko Batzordea sortzen du), Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiaren, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoa - Komunikazio Zuzendaritza Nagusiaren antolamendu- eta eskumen-egituraren gaineko araudiari egokitzeko eta, gainera, xedapen berean jasotzeko Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren gaineko araudia. Horrenbestez, aipatu 79/2005 Foru Dekretuaren 2.2, 3., 4., 5. eta 6. artikuluak berridatzi eta 1. eta 7. artikuluak indargabetu dira, xedapen indargabetzaile bakarrean.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari entzunda eta berarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko irailaren 6ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan herritarrei informazioa eta arreta emateko zerbitzuak arautzea.

2. artikulua. Herritarrei arreta emateko printzipioak.

1. Herritarrekiko harremanetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduna arautuko duten printzipioak hauek dira: gardentasuna, hurbiltasuna, koordinazioa, eraginkortasuna, doakotasuna, zerbitzuen eskuragarritasuna eta eskuratzeko baldintzen berdintasuna lurralde osoan, eta prozedura elektronikoen ezarpenean eta erabilgarritasunean aurrera egitea.

2. Administrazioko organo eta unitate guztiek lagunduko diete herritarrentzako arreta zerbitzuan ari direnei, beren eginkizunak ongi bete ditzaten.

3. Herritarrei arreta emateko ardura duten organo eta unitateek printzipio horiek sustatuko dituzte zerbitzuetan. Bereziki, informazioaren teknologien erabilera sustatuko dute. Arreta gero eta pertsonalizatuagoa sustatuko da, banakako harpidetza zerbitzuak abian jarriz, herritarrek aukeratzen dituzten bideei eta haien intereseko arloei lotuak.

3. artikulua. Herritarrei Arreta Emateko Sistema Integralaren eskumena.

Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio herritarrentzako arreta zuzendu eta koordinatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan. Foru dekretu honen 16. artikuluan aipatzen diren bideak erabiliko dira eskumen hori gauzatzeko. Bide horiek Herritarrei Arreta Emateko Sistema Integrala osatzen dute; haien arteko koordinazioa eta lotura bermatuko dira, zerbitzu osoa eman dadin, zatiketarik eta kontraesanik gabe.

II. KAPITULUA. HERRITARREI ARRETA EMATEKO EGINKIZUNAK

4. artikulua. Herritarrentzako arreta osatzen duten eginkizunak.

Herritarrentzako arretak eginkizun hauek biltzen ditu:

a) Informazio administratiboa.

b) Eskabideak eta agiriak erregistratzea.

c) Iradokizunak eta kexak jaso eta bideratzea.

d) Berehala erantzuteko zerbitzu automatizatuak ematea, horrelakoak ezarri ahala.

1. ATALA. INFORMAZIO ADMINISTRATIBOA

5. artikulua. Informazio administratibo motak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, informazioa orokorra, partikularra edo espezializatua izan daiteke.

6. artikulua. Informazio orokorra.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, informazio orokorra ondoko gaien ingurukoa da:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen organigrama eta langileen gida edo direktorioa: mendekotasun hierarkikoa, posta helbideak, helbide elektronikoak, telefonoak eta bakoitzak betetzen dituen eginkizunak eta zerbitzuak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek pertsonekin harremanetan egiten dituzten administrazio prozedura, zerbitzu eta jarduketetako tramiteak, epeak, agiriak eta gainerako elementuak (herritarrek aurka egiteko eta erreklamazioak jartzeko erabiltzen ahal dituzten bideak barne).

2. Informazio orokorra eskuratzeko ez da beharrezkoa izanen norberak prozedura batean interesa duela frogatzea.

3. Informazio orokorra informazio sistema bakar baten bidez eskainiko da. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak kudeatuko du sistema hori.

7. artikulua. Informazio partikularra.

1. Informazio partikularrean prozeduren tramitazioaren berri ematen da, eta prozeduren tramitazioaren erantzukizuna duten agintari eta langileak nortzuk diren adierazten da.

2. Informazio partikularra lortzeko, prozeduran interesa izatea frogatu behar da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ezarritako moduan. Interesdunaren ordezkariari ere eman ahalko zaio informazioa, zuzenbidean onartzen den edozein bidetatik bere ordezkaritza frogatzen badu, edo interesduna agertzen bada hura ordezkari izendatzera.

3. Organo kudeatzaileek eman behar diete informazioa interesdunei. Halaber, interesdunek, informazio partikularra eskuratzeko, herritarrei arreta emateko bideetatik edozein erabili ahalko dute, beren burua ongi identifikatzeko aukera baldin badute.

4. Organoak eta unitateak saiatuko dira kudeaketarako aplikazio egokiak erabiltzen interesdunak bere espedientearen egoeraren berri jakin ahal izan dezan Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es).

8. artikulua. Informazio espezializatua.

1. Informazioa espezializatua dela ulertuko da baldin eta, gaiaren edo inguruabarren ondorioz, informazio berezia bilatu behar bada erantzuna emateko, edo kontsulta osagarriak egin behar badira, edo kualifikazio bereziko langileei laguntza eskatu behar bazaie.

2. Informazio espezializatua kasuan kasuko organo kudeatzaileak emanen du, eta ez informazio orokorraren arduradunek. Informazio orokorraren arduradunek informazio espezializaturako kontsultak jasotzen dituztenean organo kudeatzaileei helaraziko dizkiete.

3. Organo kudeatzaileek 2. artikuluko printzipioez gainera honako hauek beteko dituzte: domeinu batasuna, nortasun grafiko korporatiboa eta datu-base korporatiboak.

4. Informazio espezializatu eta partikularra eskuratu ahal izateko, eskatzaileak interesduna dela frogatu behar du, foru dekretu honen 7. artikuluaren bigarren idatz-zatian adierazitako moduan.

9. artikulua. Erantzukizuna.

Departamentu edo erakunde publiko bakoitzak, bere erantzukizunpean, bere eskumeneko informazioa eguneraturik edukiko du eta herritarrentzako arreta unitateetara bidaliko du, bide egokietatik zabal dadin.

10. artikulua. Informazio administratiboaren izaera eta ondorioak.

1. Informazio administratiboa orientagarria da eta ez du inolako eskubiderik sortuko, ezta eskubide-igurikimenik ere.

2. Informazio administratiboak ezin du inoiz berekin ekarri Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluaren 10. idatz-zatian aurreikusten den bezalako interpretazio arauemailerik.

3. Ematen den informazioa ezin izanen da baliatu epeen etenaldiak, iraungitzea edo preskripzioa eskatzeko arrazoitzat, eta ez du balio izanen espedienteetako jakinarazpenak egiteko.

11. artikulua. Argitalpen ofiziala.

Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) ematen den informazio administratiboak ez du ordeztuko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko lege, xedapen orokor eta egintzen argitalpen ofiziala.

2. ATALA. IDAZKI, ESKABIDE ETA KOMUNIKAZIOEN ERREGISTROA

12. artikulua. Erregistroa herritarrentzako laguntza bulegoetan.

1. Nafarroako Gobernuaren herritarrentzako laguntza bulegoak erregistro bulegotzat jo behar dira, foru dekretu horren 2. artikuluaren 4. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

2. Herritarrentzako laguntza bulegoetan idazkiak, eskabideak eta komunikazioak erregistratzeko eginkizuna ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz beteko da. Foru dekretu horrek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen ditu.

3. Herritarrentzako laguntza bulegoetako erregistro lanak bulego horiek zabalik dauden orduetan eginen dira.

3. ATALA. IRADOKIZUNAK ETA KEXAK JASOTZEA

13. artikulua. Iradokizunak eta kexak.

Iradokizunak eta kexak kudeatzeko eginkizunetan, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legean ezarritakoa beteko da, eta irailaren 4ko 61/2006 Foru Dekretua ere beteko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako zerbitzu publikoen erabiltzaileek aurkezten dituzten kexa eta iradokizunak kudeatzeaz arduratzen diren unitateak zehazten dituena.

4. ATALA. BEREHALA ERANTZUTEKO ZERBITZU AUTOMATIZATUAK

14. artikulua. Izaera.

Berehala erantzuteko zerbitzu automatizatuetan, beren ezaugarriengatik, ez dago tramiteen zain egon beharrik eta, horrenbestez, eskatu eta berehala eman daitezke, deusetan galarazi gabe tasen ordainketa, bidezkoa denean.

15. artikulua. Kalifikatzeko prozedura.

1. Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenen bidez kalifikatuko dira berehalakotzat prozedurak, zerbitzuak, jarduketak edo tramiteak. Zuzendaritza horrek ofizioz eman dezake kalifikazioa, edo bestela, interesa duen departamentu edo erakunde publikoak eskaturik.

2. Kalifikazio formala eman ahal izateko, aurretik dena delako prozedura automatizatu egin behar da, interesdunek Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) egin ahal izateko moduan, baina herritarrentzako aurrez aurreko arretaren bidez ere egiteko aukera izan behar da.

III. KAPITULUA. HERRITARREI ARRETA EMATEKO BIDEAK

16. artikulua. Herritarrei arreta emateko sistema integraleko bideak.

Herritarrei arreta emateko sistema integraleko bideak honakoak dira:

a) Aurrez aurre.

b) Telefonoz.

c) Bide telematikoa.

1. ATALA. AURREZ AURREKO ARRETA

17. artikulua. Herritarrentzako arreta unitateak.

1. Nafarroako Gobernuak Iruñean eta Nafarroako Foru Komunitateko beste udalerri batzuetan dituen herritarrentzako laguntza bulegoetan emanen da aurrez aurreko arreta.

2. Iruñetik kanpoko udalerrietan, herritarrentzako laguntza bulegoak eratzen dira Nafarroako Gobernuak udalerrian eskaintzen dituen zerbitzuak egoitza bakarrean elkartzeko eta, horrela, udalerri horretako eta inguruetako herritarrei arreta emateko eginkizunak betetzeko, bizilagunei joan-etorri gutxiago eginaraziz.

Salbuespenez, behar bezala arrazoituta, zerbitzu horietako batzuk biltzen dituzten bulegoak sortu ahal izanen dira.

3. Gainera, beharrezkotzat jotzen denean, herritarrentzako laguntza gune identifikatuak eratu ahal izanen dira departamentu edo erakunde publikoen egoitzetan, dagozkien informazio eskaerei erantzuteko. Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko ditu herritarrentzako laguntza guneen printzipioak eta jarduteko arauak.

18. artikulua. Mendekotasuna.

1. Herritarrentzako laguntza bulegoak organikoki eta funtzionalki Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendean egonen dira.

2. Departamentuetako edo erakunde publikoetako herritarrentzako laguntza gune identifikatuak organikoki eta funtzionalki haien mende egonen dira. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak koordinatuko ditu gune horien jarduketak.

19. artikulua. Zerbitzuak.

Herritarrentzako laguntza bulegoek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Informazio administratibo orokorra ematea.

b) Eskabideak eta beste agiri batzuk erregistratzea.

c) Iradokizunak eta kexak jaso eta bideratzea.

d) Jasotzen dituzten deiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileei helaraztea, eta informazio partikularra edo espezializatua ematen duten unitateen datuak eskaintzea (departamentua edo erakunde publikoa eta telefono zenbakia).

e) Informazio partikularra edo espezializatua ematen duten unitate edo teknikariekin hitzordua ezartzeko zerbitzua ematea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde publikoei zuzendutako inprimaki, eskabide, eskaera edo iradokizunak prestatzen laguntzea.

g) Berehala erantzuteko zerbitzu automatizatuak ematea, horrelakoak ezarri ahala.

20. artikulua. Herritarrentzako laguntza bulegoetako langileak.

1. Herritarrentzako laguntza bulegoek langile hauek izan ditzakete:

a) Herritarrei arreta emateko langileak, organikoki eta funtzionalki Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendekoak.

b) Beste departamentu edo erakunde publiko batzuetako langileak.

c) Beste administrazio batzuetatik edo sektore publikoko beste erakunde batzuetatik etorritako langileak, berariazko akordio edo protokoloak direla medio.

2. Herritarrentzako laguntza bulego bakoitzak herritarrei arreta emateko arduradun bat izanen du esleituta, bulegoaren funtzionamendua eta bertan ematen diren zerbitzuak zain ditzan. Bulegoaren ezaugarriek hala eskatzen dutenean, eginkizun hori beren gain hartu ahal izanen dute Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiko Antolaketa eta Modernizaziorako eta Herritarren Parte-hartze eta Arretarako Zerbitzuko langileek.

21. artikulua. Departamentuetako herritarrentzako arretaren koordinatzaileak.

Nafarroako Gobernuko departamentuetako idazkaritza tekniko nagusiek eta erakunde publikoetako zuzendaritza-kudeatzailetzek departamentuetako herritarrentzako arretaren koordinatzaile bat izendatuko dute, eginkizun hauek bete ditzan:

a) Iradokizunak eta kexak kudeatzea bere departamentu edo erakunde publikoan.

b) Bere departamentu edo erakunde publikoan sortutako informazioa gainbegiratzea eta jarraipena egitea. Informazio hori egiazta dadin arduratu behar du, eta behar bezala gorde, eguneratu eta homogeneizatu dadin herritarrentzako informazio eta arreta zerbitzuaren euskarri den sistema informatikoan. Horretarako, departamentu edo erakunde publikoetako administrazio unitateak arduratuko dira herritarrentzako arretaren koordinatzaileari emateaz, finkatzen den maiztasunarekin edo koordinatzaileak berak eskatu ahala, behar den laguntza dokumental eta teknikoa, foru dekretu honen 6.3 artikuluan aipatutako informazio sistema elikatu dadin eta herritarrentzako laguntza bulegoek behar bezala eguneratutako informazio orokorra eman ahal izan dezaten.

c) Informazio eguneratu gabea edo zaharkitua ken dadila proposatzea Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiari, informazioa sortzen duten administrazio unitateen ekimenez.

d) Bere departamentu edo erakunde publikoko informazio administratibo partikularra eta espezializatua kudeatzea.

2. ATALA. TELEFONO BIDEZKO ARRETA

22. artikulua. Informazioa eskatzeko telefono zenbaki bakarra.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak kudeatzen duen 012 telefono zenbakia izanen da informazio orokorrerako telefono zenbaki bakarra Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan.

2. Teknologiak telefono zerbitzuaren erabiltzaileak identifikatzea ahalbidetzen duenean, zenbaki hori informazio partikularra eskatzeko ere erabili ahalko da.

3. Halaber, informazio espezializatuaren eskaerak informazio mota hori kudeatzen duten organoei helarazteko balioko du.

23. artikulua. Sakelako telefonoko mezuen bidezko informazio zerbitzuak.

1. Informazio batzuk telefonia mugikorreko mezuak jasoz eta bidaliz eman ahal izanen dira, aurretik erabiltzaileak hala eskatzen badu edo ados dagoela adierazten badu.

2. Herritarrentzako laguntza bulegoek zerbitzu hori ezarriko dute pixkanaka, informazio orokorreko gaietarako harpidetzen kasuan. Informazio partikularrari dagokionez, saiatuko dira kudeaketarako aplikazio informatiko egokiak erabiltzen, hots, mezuetarako aplikazioekin bateragarriak, departamentu edo erakunde publikoetako organo kudeatzaileek modu automatizatuan eman ahal izan dezaten zerbitzu hori.

3. ATALA. BIDE TELEMATIKOA

24. artikulua. Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria. www.navarra.es.

1. www.navarra.es Nafarroako Gobernuaren domeinua da eta bertan dago haren web atari korporatiboa. Foru Komunitateko Administrazioaren eduki guztiak, domeinu bakarraren printzipioari jarraituz, edukiak kudeatzeko plataforma teknologiko bakarrean bilduko dira.

2. www.navarra.es atarian, Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoa osatzen duten erakunde eta entitate guztien orrietarako loturak aurkituko dira. Atari hori, beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen zerbitzu jakin batzuetarako sarbide bakarra, iraunkorra eta doakoa izanen da.

3. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari dagokio indarra duten domeinuen titulartasunari eustea eta artikulu honetako lehen paragrafoan aipatutako domeinu batasuna bermatzea.

25. artikulua. Atariaren edukiak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 42.1 artikuluan aurreikusitako informazio zerbitzuez gainera, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariak lineako zerbitzuak eta mota guztietako informazioak eskainiko ditu, interesdunek administrazioa eskurago eduki dezaten.

2. Berariaz onetsitako estilo-gidari lotuko zaizkio edukiak. Erabiltzaileen ezaugarriei ahalik ongien egokitutako gida izanen da, eta atari osoaren erabilerraztasuna bermatuko du. Edukien aurkezpena bat etorriko da Nafarroako Gobernuaren nortasun grafiko korporatiboari buruz ezarrita dauden irizpideekin.

3. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzu guztiak saiatuko dira erabiltzaileekiko elkarrekintzarako mekanismoak bereganatzen, erabiltzaileen beharrak aintzat hartuz.

26. artikulua. Atariko argitalpen prozesua.

www.navarra.es atarian, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordeak argitalpenari buruz onesten dituen jarraibideei eutsiko zaie.

27. artikulua. Atariaren erabilerraztasuna eta segurtasuna.

1. www.navarra.es atarian, erabilerraztasunaren arloan guztiek onartzen dituzten irizpideak beteko dira. Arreta bereziz bermatu behar da desgaitasunak dituzten kolektiboek informazioa eskuragarri izanen dutela.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak informaziorako sarbideen segurtasunaren printzipioa beteko du, Internet sarea herritarrei arreta emateko erabiltzen duenean.

28. artikulua. Atariaren araubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo guztiek, baita haren erakunde publikoek ere, Internet bidez, web orrialdeen bitartez edo antzeko baliabideekin herritarrei informazioa edo zerbitzuak eskaini nahi badizkiete, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian egin beharko dute, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen duen atarian alegia, eta gai horri buruz onesten diren plan estrategikoei eta urteko garapen planei jarraituko diete.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatu beharko da, halaber, Nafarroako Gobernuari bakarrik dagozkion informazioak edo zerbitzuak goian aipatutako bideetatik herritarrei eskaintzen zaizkienean, nahiz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko beste erakunde publiko edo entitate batek eskaini.

3. Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria ostatatze-ingurune batean edo gehiagotan egituratu ahal izanen da. Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiak une bakoitzean xedatzen dituen araudi teknikoak eta segurtasunekoak bete beharko ditu (Normaweb, segurtasun planak, estandar teknologikoak etab.).

4. Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordeak, kasu berezietan, baimena eman ahalko du aurreko idatz-zatietan ezarritakoarekin salbuespenak egiteko.

Lehen xedapen gehigarria. Hitzarmenak.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak hitzarmenak sinatu ahalko ditu beste erakunde edo entitate batzuekin, herritarrentzako arreta zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako bideetatik emateko.

Bigarren xedapen gehigarria. Herritarrentzako arretaren koordinatzaileak.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabete igaro baino lehen, Nafarroako Gobernuko departamentuetako idazkaritza nagusi teknikoek eta haren erakunde publikoetako zuzendaritzek herritarrentzako arretaren koordinatzaile izendatutakoen izenak jakinaraziko dizkiote Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiari.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria arautu eta hartarako Departamentu arteko Batzordea sortzen duen maiatzaren 30eko 79/2005 Foru Dekretuaren 1. eta 7. artikuluak, baita foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

Azken xedapenetan lehena. Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria arautu eta hartarako Departamentu arteko Batzordea sortzen duen maiatzaren 30eko 79/2005 Foru Dekretua aldatzea.

1. Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria arautu eta hartarako Departamentu arteko Batzordea sortzen duen maiatzaren 30eko 79/2005 Foru Dekretuaren 2.2, 3., 4., 5. eta 6. artikuluak aldatzen dira. Honela geratuko dira:

"2.2 artikulua. Batzordeko kide izanen dira Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendari nagusia eta Komunikazioko zuzendari nagusia, eta lehenbizikoak batzordeburu jardunen du."

"3 artikulua. Batzordearen mendekotasun organikoa.

Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordea organikoki Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendean egonen da."

"4 artikulua. Batzordeko idazkaria.

1. Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordeko idazkari arituko da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Antolaketa eta Modernizaziorako eta Herritarren Parte-hartze eta Arretarako Zerbitzuko zuzendaria. Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko beste pertsona batek ordeztu ahal izanen du eginkizun horretan, batzordeburuak izendatzen duena.

2. Idazkari horrek izanen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako eginkizunak."

"5 artikulua. Batzordearen funtzionamendurako arauak.

Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordearen funtzionamendua Batzordeak berak ezartzen dituen funtzionamendu arauei lotuko zaie."

"6 artikulua. Batzordearen eginkizunak.

Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren ildoak zehaztuko dituzten plan estrategikoak prestatzea, herritarrarentzako zerbitzuak gehitzeko eta edukiak kudeatzeko arloetan, eta haren memoria ekonomikoa onestea.

2. Urteko garapen planak onestea, lehengo plan estrategikoen eta Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen eta erakunde autonomoen iradokizun eta proposamenen ildoan.

3. Departamentuen artean koordinatzea lehendik online dauden edukien egokitzapena eta haien eguneratzea, bai eta herritarrentzako zerbitzu eta informazio berriak sartzeko lana ere.

4. Oraingoa ez bezalako formatuetan gaur egun Interneten oraindik ere eskaintzen diren online edukiak atarian sar daitezen bultzatzea.

5. Atariaren edukiak egokitzen joan daitezen sustatzea, erabilerraztasun unibertsalerako behar diren baldintzak bete daitezen.

6. Argitaratzen diren eduki publikoen osotasuna eta baimenak zaintzea.

7. Interneten atariak argitaratzeari buruz eta Informazioaren Gizartearen zerbitzuak emateari buruz dauden legezko betebeharrak betetzen ote diren zaintzea.

8. Herritarrek Nafarroako Gobernuari Internet bidez egiten dizkioten eskakizunei erantzuteko irizpideak ezartzea.

9. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko argitalpenari buruzko jarraibideak onestea."

Azken xedapenetan bigarrena. Foru dekretu honen garapena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko edo betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko irailaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1014713

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web