(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

44/2010 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 9KOA, ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN LANBIDE IKASKETEN ANTOLAKETA ETA GARAPENA ARAUTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ESPARRUAN

BON 08/09/2010



  I. KAPITULUA. ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN LANBIDE IKASKETAK


  II. KAPITULUA. ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN LANBIDE IKASKETEN ANTOLAKETA AKADEMIKO OROKORRA


  III. KAPITULUA. TITULUEN CURRICULUMAREN DISEINUA, ANTOLAKETA, GARAPENA ETA SEKUENTZIAZIOA


  IV. KAPITULUA. ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN LANBIDE IKASKETAK ETA LAN ARLOA


  V. KAPITULUA. ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN LANBIDE IKASKETEN LERRO ESTRATEGIKOAK


Atariko

Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak Hezkuntzari buruzko abenduaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren VI. kapituluan daude babestuta, eta lanbide kualifikazioei dagokienez, Kualifikazioei eta Lanbide Hezietari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan. Bi lege horiek esparru arau-emaile berriztatzailea finkatzen dute, gure herrialdeko testuinguru ekonomiko eta sozial berriari egokitua.

Lanbide ikasketa horiek erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan antolatuta daude. Haien egitura modularra da eta funtsezko helburua lanbide munduan sartzea da. Horrekin batera, ikasketa hauek ezaugarri berezi bat dute, prestakuntza balioanitza behar dutelako, diseinuen, sormen plastiko eta bisualaren eta artisautzaren eremuei lotutako gaitasun eta trebetasunak garatzea ahalbidetuko duena. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak trebakuntza artistikoaren, teknikoaren eta teknologikoaren ikuspegitik eratuko dira, tituluen berezko lanbide gaitasunen, Europar Batasunak emandako zuzentarauen eta interes sozial eta kulturaleko beste alderdi batzuen arabera.

Ikasketa hauen arauketa eta antolaketa maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren bidez garatu dira, horren bidez arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen antolamendu orokorra finkatu baitzen. Hortaz, bidezkoa da arau hori Nafarroako Foru Komunitatera egokitzea eta garatzea, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroari arlo honetan aitortutako eskumenak erabiliz.

Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuak arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetako titulu berrien egitura finkatu zuen. Titulu horien oinarrian Europar Batasunak emandako zuzentarauak daude eta interes sozialeko beste alderdi batzuk, eta hala dagokionean, baita Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala ere. Titulua lortzeko ikasketak erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan antolatzen dira. Ziklo horiek Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren gaitasun unitateei lotutako prestakuntza moduluetan antolatuta daude, hala ezartzen den kasuetan.

Aurreko oinarrizko antolaketa kontuan hartuta, foru dekretu honek alderdi estrategiko eta arau berriak sartzen ditu. Horrela, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetarako helburu batzuk ezartzen dira, ikasketa horiek Nafarroan etorkizunean hartuko duten norabidea finkatzen dutenak.

Nafarroaren eremurako baizik garatzen ez diren arauei dagokienez, lehenbizi, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetako tituluen curriculumaren diseinuari, antolaketari, garapenari eta sekuentziazioari buruzko artikuluak azpimarratu behar dira. Curriculum hori autonomia erkidegoek egin behar dute, eta Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, zenbait alderdi berriztatzaile sartu dira. Batetik, nahitaezko prestakuntza moduluak sartu dira, estatuak titulu bakoitzerako finkatutako gutxieneko irakasgaiei Hezkuntza Departamentuak erantsiko dizkienak, eta bestetik, aukera ematen da arte eskolek modulu osagarrien curriculuma diseinatu ahal izateko.

Kontuan hartu beharreko bigarren elementua ekoizpen ingurunea da, ikasketa hauen eta, hala dagokionean, lanbide kualifikazioen sistemaren funtsezko eta oinarrizko erreferentea dena, izan ere, ikasketa hauen lehentasunezko helburua lan munduan sartzea da. Horrenbestez, arte eskolak lan munduari egokitzeko ezartzen diren helburuek mugatutako esparru batean, alderdi hauek sustatu nahi dira: jarrera ekintzailea, langileentzako prestakuntza eskaintzak eta heziketa zikloetan ekoizpen sektoreko profesionalek parte hartzea irakasle gisa.

Hirugarren elementua arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak etorkizunari begira proiektatzearekin lotuta dago, eta arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen lerro estrategikoetan xehakatuta dago, eremu hauei lotuta: berrikuntza sortzailea eta teknologikoa, nazioarteratzea, lanbide orientazioa eta informazioa, ondare artistikoaren zainketan eta diseinu eta sorkuntza artistikoan parte hartzea eta, hala badagokio, gaitasunaren ebaluazioa.

Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetan, berrikuntza sortzaile eta teknologikoaren azken helburua da ikasleek behar diren ezaupide eta gaitasunak lortzea, eskolatik lan mundurako igarobidea arrakastatsua izan dadin, kontuan hartuz enpresak merkatu lehiakor eta globalizatu batean ari direla, eta testuinguru horretan teknika sortzaile berrienek, teknologiak eta horren berrikuntzak berebiziko garrantzia dute, erakundeen hazkundean eta langileen enplegagarritasunean berean eragina baitute. Hori horrela, lerro estrategiko honek aukera ematen du arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak lanbide ikasketen zaintza sisteman integratzeko.

Arte plastikoen eta diseinuaren ikasketen nazioarteratzea proiektu eta ekintza zehatz batzuei lotuta dago, gainerako elementu estrategiko guztiak bezala. Proiektu horiek, eremu honetan, zerikusia dute ikasleen eta irakasleen nazioarteko mugigarritasunarekin eta, orobat, atzerriko entitate eta erakundeekin mota desberdinetako proiektuak egiteko interesarekin. Elementu estrategiko horren zuzeneko ondorioa da goi mailako heziketa zikloetan atzerriko hizkuntza bat sartzea, ingelesa bereziki. Goi mailako heziketa ziklo bat bukatzen duten ikasleak, oso kualifikazio espezializatua eta gaitasun pertsonal eta sozialen garapenean oinarritutako heldutasun profesionala lortzeaz gainera, gauza izanen dira, halaber, bere lanbide mugigarritasuna edozein herrialdetara zabaltzeko, eta horrela nazioarteko informazio eta baliabideetara jotzeko, atzerriko hizkuntza bat egoera praktikoetan erabiliz.

Lanbide orientazioa eta informazioa, gazteentzako eta langileentzako prestakuntza integratzeko duen ahalmenagatik, mugigarritasun, malgutasun eta hedadura handiagoa sortuko duen tresna bat da. Horrela, herritarrak lan eta lanbide orientazio eta informaziorako zerbitzu bat izan beharko du arte eskoletan.

Ondare artistikoaren sorkuntzan eta zainketan parte hartzea funtsezko elementu bat da arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetarako. Gure ondare artistikoaren eta artisau ondarearen ezagutzan espezializaturik dauden profesionalak prestatzen irakaskuntza horrek egindako ibilbide luze eta bermatua oso lagungarria izan da Nafarroako Foru Komunitateko kultur arlorako eta, horrez gainera, oso arte adierazpen desberdinak ezagutzeko ezinbesteko ekarpena egin du. Hori dela eta, teknologia berrien hedadura eta sormena aintzat hartzen dituen etengabeko eguneratzearen bidez ildo horretan lanean segitzeak garrantzi estrategiko handia du.

Foru dekretu honen elementu estrategikoen artean, prestakuntza moduluak egitetik salbuesteko prozedura bat garatzeko aukera jasotzen da eta, ahal denean, gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura bat. Pertsonek irakaskuntza sistema antolatu eta arautuetatik kanpora lortutako gaitasunen aitorpena lortzeko aukera izanen dute, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aipatzen diren moduluetarako, eta Kualifikazioen Katalogo Nazionalean ez dauden prestakuntza moduluak egitetik salbuetsita gelditzen ahalko dira. Hori bereziki beharrezkoa da ezagupenak eta trebeziak beren lanbide jarduerari esker lortu dituztenentzat, ezagupen horiek gaitasun ofizialtzat hartuak izan daitezen arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketako tituluetan.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluak aurrez txostena emanik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hamarreko abuztuaren bederatzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN LANBIDE IKASKETAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru dekretu honen helburua da arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen egitura eta antolaketari buruzko zuzentarau orokorrak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz, eta hala badagokio, Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan eta arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Kontzeptua eta xedea.

1. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak honela definitzen dira: ikasketa multzo bat, ikasleei gaikuntza ematen diena diseinuarekin, arte aplikatuekin eta lanbide artistikoekin zerikusia duten lanbideetan modu kualifikatuan aritzeko, lan munduan sartzeko, autonomia eta bilakaera pertsonal eta profesionalerako, eta ezagutzan eta etengabe ikasten egoteko beharrean oinarritutako gizarte baten aldaketetara egokitzeko, horrela bizitza sozial, kultural eta ekonomikoan modu aktiboan parte hartu ahal izateko.

2. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetako prestakuntza ekintzak sistema ireki eta malgu batean antolatuko dira, etengabeko prestakuntza prozesu baten barrenean, bizitza osoan ikasten egon beharrari erantzuna emateko.

3. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen izaera ireki eta malgua, beste faktore batzuen artean, honako hauetan islatuko da: aniztasuna antolaketa moduetan, prestakuntza eskaintzetan eta tituluak lortzeko bideetan. Horretarako, inguruneari irekitako ikastetxearen eredua bultzatuko da, erantzun zehatzak, berriztatzaileak eta ekoizpen sistemari egokituak ematen dituena.

3. artikulua. Helburuak.

Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan adierazitako helburuak garatu eta zehazteko, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen funtsezko helburuak Nafarroan, aipatutakoez gain, honako hauek dira:

a) Diseinuaren eta arte plastikoen sektoreen barrenean, Nafarroako Foru Komunitateko pertsonen eta ekoizpen sektoreen prestakuntza eta lanbide beharrei erantzuna ematea.

b) Pertsona helduei prestakuntza munduan sartzeko bidea erraztea, beren laneratzea eta lanbide gaitasunak hobetzeko.

c) Nafarroako Foru Komunitateko arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak Europako esparruari egokitzen laguntzea, ikasleek nazioarteko mugigarritasun ekintzetan parte hartzea sustatuz.

d) Lanbiderako eta lanerako informazioa eta orientazioa ematea hala arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetako ikasleei, nola beren bizitzan zehar horrelako lanbide ikasketak egin nahi dituzten pertsonei.

e) Prestakuntza eta lanbide ibilbide malguak eskaintzea, lan esperientziaren bidez edo ikasketa sistema informalen bidez eskuratutako gaitasunak dituzten pertsonei gaitasun horiek aitortu ahal izateko.

f) Ikasleei lan munduan sartzeko bidea errazteko lan esperientziak eskaintzea, ahal bada Nafarroako enpresa, estudio edo lantegietan.

g) Ikasketa hauen helburuekin bat datozen antolaketa eta funtzionamendua dituen ikastetxe eredu bat ezarri eta garatzea, berrikuntza sortzailea eta teknologikoa sustatuz eta ikasleari kalitateko prestakuntza artistikoa emanez.

h) Etengabeko prestakuntzarako ingurune egokiak sortzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidezko ikaskuntza eta autoikaskuntza errazten dituzten ikuspegi didaktikoak garatuz.

i) Irakasleen gaitasunen etengabeko garapena eta eguneratzea sustatzea, beren lanbidean gertatzen diren aldaketak aintzat hartuz.

j) Desgaitasuna duten pertsonei, egoera ahulean daudenei edo gizartean baztertuta gelditzeko arriskua dutenei lanbide kualifikazio motibagarri bat lortzeko aukera ematea, lan merkatuan sartu ahal izan daitezen.

k) Nafarroako ondare artistikoa zaintzen lagunduko duten eta diseinu eta sormen artistikoa sustatzen dituzten profesionalak trebatzea.

II. KAPITULUA. ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN LANBIDE IKASKETEN ANTOLAKETA AKADEMIKO OROKORRA

4. artikulua. Modalitatea eta eskaintza motak.

1. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak, norentzat diren kontuan hartuta, modalitate hauetan sailkatzen dira:

a) Orokorra. Batez ere eskolako adinean dauden gazteentzat da, hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa edo Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programaren bat bukatu duten pertsonentzat. Modalitate hau eskolako ordutegi presentzialean egiten da.

b) Berezia. Batez ere pertsona helduentzat. Modalitate hau laneko ordutegien eta antzeko beste alderdi batzuen arabera antolatzen da.

c) Urrutikoa. Norberaren eginkizun, behar edo interesengatik ikasketa hauek ohiko eskola ordutegian egitea ezinezkoa duten pertsonentzat da bereziki. Ez da beharrezkoa ikastetxera ohiz joatea prestakuntza jarduera programatuak egitera. Ikastetxean laguntzarako jarduerak garatzen ahalko dira.

d) Lan-prestakuntza. Lanean diharduten langileentzat da. Lanbide ikasketa hauek osatzen dituzten moduluen eduki teoriko praktikoak lan praktikarekin konbinatzen dira.

2. Ikasketa hauek, eskaintzaren luzerari dagokionez, mota hauetan sailkatzen dira:

a) Osoa. Matrikula heziketa zikloko curriculuma osatzen duten prestakuntza modulu guztietan egiten da.

b) Partziala. Matrikula prestakuntza modulu batzuetarako egiten da.

5. artikulua. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen titulua lortzeko bideak.

1. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen tituluak bide hauetatik lor daitezke:

a) Ohiko bidea. Ezarritako ordutegian egiten diren edo, urrutiko modalitatea aukeratzen bada, hartan eskatzen diren prestakuntza jarduerak burutzea eta gainditzea eskatzen da.

b) Proba baten bidez. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak aldian behin teknikari titulua eta goi mailako teknikari titulua lortzeko probak antolatuko ditu.

2. Tituluak zuzenean lortzeko probak prestakuntza moduluka eginen dira. Probak egin nahi dituzten pertsonek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Teknikari titulua lortzeko: hemezortzi urte izatea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua edukitzea.

b) Goi mailako titulua lortzeko: hogei urte izatea eta Batxiler-titulua edukitzea. Teknikari tituluren bat dutenei, hemeretzi urte izatea eskatuko zaie.

6. artikulua. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetan sartzeko bidea.

1. Maiatzaren 4ko 597/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetan zuzenean sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak, oro har, hauek izanen dira: goi mailarako, Batxiler-titulua, eta erdi mailarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua.

Ikasketa hauetan sartzeko titulu baliokideei dagokienez, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian adierazitakoari jarraikiko zaio.

2. Horrez gain, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko arautu eta urtero deitzen dituen probak gaindituz ere egin daiteke ikasketa hauetarako sarrera.

Hezkuntza Departamentuak ezarriko du zenbat plaza erreserbatzen diren arte plastikoen eta diseinuaren erdi mailako edo goi mailako lanbide ikasketetan proba horien bidez sartzeko.

3. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetan sartzeko, bai erdi mailakoetan, bai goi mailakoetan, gaitasun artistikoaren proba bat ere gainditu beharko da, ikasketa hauek probetxuz egiteko behar diren gaitasun eta ezagupen artistikoak erakutsi ahal izateko. Indarreko araudian jasotako inguruabarren batean dauden pertsonak proba hori egitetik salbuetsita egonen dira.

7. artikulua. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak helduentzat.

1. Helduen etengabeko prestakuntza eta haien laneratzea ahalbidetzeko eta lan merkatuan egoera ahulean dauden pertsonak edo giza-taldeak gizarteratzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak egiteko eskaintzak egin ditzake helduentzat, batez ere modalitate berezian eta urrutiko modalitatean.

2. Ikasketa horiek xedeko pertsona helduen giza-taldeen ezaugarriei egokituko zaizkie, eta, hala badagokio, lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko sistemarekin lotuko dira.

3. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeek jardunean ari diren langileentzako edo langabeentzako prestakuntza jarduerak egin ditzakete, baita arte plastikoen eta diseinuaren titulua duten pertsonen lanbide gaitasunak etengabe eguneratzeko jarduerak ere, hala nola espezializazio ikastaroak.

4. Prestakuntza jarduera horiek lanbide kualifikazioekin eta tituluekin lotzen ahalko dira, edo ez, eta, hala badagokio, haien ziurtapena eginen da.

8. artikulua. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen ebaluazioa eta ziurtapena.

1. Arte plastikoen eta diseinuaren heziketa zikloetako ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa prestakuntza moduluka eginen da. Modulu bakoitza batetik hamarrera bitarte kalifikatuko da, enpresetan, estudioetan eta lantegietan egiten den prestakuntzaldi praktikoa izan ezik, horri Gai edo Ez-gai kalifikazioa emanen baitzaio. Zikloko batez besteko nota zikloko modulu guztien batez besteko nota ponderatuen batez beste artimetikoa izanen da, bi dezimalekin emana.

2. Heziketa zikloaren helburu orokorren esparruan, etengabeko ebaluazioa eginen da. Horretarako erreferentziak izanen dira, batetik, modulu bakoitzaren helburuak, gaitasunetan, trebetasunetan eta ahalmenetan neurtuak, eta bestetik, prestakuntza modulu bakoitza ebaluatzeko irizpideak.

Ikaslearen aurrerapena eta heldutasun akademikoa ere aintzat hartuko dira, zikloaren helburu orokorren eta lanbide gaitasunen arabera, baita beste faktore batzuk ere, konparazio batera: lanerako autonomia eskuratzea, nortasuna eta heldutasuna, beste pertsona batzuekiko lankidetza eta lana segurtasun eta osasun baldintza egokietan egitea.

3. Arte plastikoen eta diseinuaren erdi mailako prestakuntza ziklo bat gainditzen duenak arte plastikoetako eta diseinuko teknikari titulua lortuko du, eta arte plastikoen eta diseinuaren goi mailako heziketa ziklo bat gainditzen duenak arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikari titulua. Titulu horiek ofizialak dira eta balio akademiko eta profesionala dute lurralde nazional osoan.

4. Arte plastikoen eta diseinuaren heziketa ziklo bateko prestakuntza modulu guztiak gainditu gabe, modulu bat edo batzuk gainditzen duenak, hala badagokio, lortutako lanbide gaitasunen ziurtagiri bat lortuko du. Titulu horrek balio akademikoa izanen du eta egiaztapen partzial metagarritzat hartuko da.

5. Era berean, prestakuntza moduluen barreneko prestakuntza unitate laburragoak gainditzen dituztenek ziurtapen partzial metagarria jasoko dute. Ziurtapen horiek Nafarroako Foru Komunitatean bakarrik izanen dute balio akademikoa. Prestakuntza modulu bat osatzen duten prestakuntza unitate guztiak gainditzen dituenak haren ziurtapena jasoko du.

6. Hezkuntza Departamentuak arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen ebaluazio prozesuaren araudia garatuko du Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

III. KAPITULUA. TITULUEN CURRICULUMAREN DISEINUA, ANTOLAKETA, GARAPENA ETA SEKUENTZIAZIOA

9. artikulua. Curriculum jarraibide orokorrak.

1. Hezkuntza Departamentuak arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen curriculuma garatuko du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluaren indarrez Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak diren alderdiak osatzeko.

2. Bakoitzaren autonomiaren esparruan eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen mugen barrenean, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeek departamentu horrek ezarritako curriculumak garatzen ahalko dituzte.

3. Tituluen curriculum garapenaren orientazioak, titulu bakoitzaren lanbide profilari erantzuteaz gainera, Foru Komunitatearen ezaugarri sozio-ekonomikoak ere kontuan hartuko ditu, eta Nafarroako Gobernuak bere eskumenen esparruan ezarritako politikei estrategikoki erantzunen die.

4. Tituluen ikasketei dagozkien alderdi artistikoak, zientifikoak, teknikoak, teknologikoak eta antolaketakoak bateratzen dituen metodologia didaktikoa aplikatzeak aukera emanen die arte eskolei, antolaketarako eta curriculuma garatzeko dituzten eskumenen esparruan, behar diren erabakiak hartzeko kasuan kasuko lanbide jardueraren berezko prozesu eta prozeduren ikuspegi orokor bat errazteko, ikasleen ezaugarrietara hobeki moldatzeko eta lan munduaren beharrei hobeki erantzuteko.

5. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen tituluei dagozkien heziketa zikloek, beren antolaketari, sekuentziazioari eta edukiei dagokienez, foru dekretu honen V. kapituluan ikasketa horietarako ezartzen diren lerro estrategikoei erantzuna emanen diete.

6. Goi mailako heziketa zikloetan atzerriko hizkuntzaren prestakuntza modulu bat jartzen ahalko da, bereziki ingelesekoa. Modulu horren helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, ahal delarik, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako bost trebetasunen arabera xehakatuko dira: ahozko eta idatzizko adierazpena, ahozkoaren eta idatziaren ulermena eta elkarreragin komunikatiboa. Trebetasun horiek tituluaren sektoreari eta, hala badagokio, lanbide profilari egokituko zaizkio. Moduluaren orientazio didaktikoa batez ere praktikoa izanen da, eta informazioaren bilaketarekin, jarraibideen interpretazio eta betetzearekin, lanbide praktikako egoera erreal edo asmatuetan sortzen diren lanekin, informazioaren ekoizpenarekin eta hizkuntz gaitasunak aplikatzeko beste jarduera batzuekin harremanak izanen ditu.

10. artikulua. Tituluen egitura.

1. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen tituluak maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako egiturari eta artikulu honetako hurrengo puntuetan adierazitakoari egokituko zaizkie.

2. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketek prestakuntza modulu batzuk eta enpresa, estudio eta lantegietako prestakuntzaldi praktiko bat izanen dituzte. Halaber, erdi mailako zikloetako prestakuntza moduluetako bat azken obraren modulua izanen da, eta goi mailako zikloetako prestakuntza moduluetako bat, berriz, proiektu integratuaren modulua.

3. Ingurune artistikoaren edo ekonomiko-profesionalaren ezaugarriak eta Nafarroan inplikatutako sektorearen edo sektoreen aurreikuspenak Espainiako testuingurukoak ez bezalakoak badira, titulu guztietan lurraldeko informazio bereizgarria sartuko da.

4. Titulazio bati lotutako lan jardueretan aritzeko betebehar batzuk ezarri baldin badira, eta betebehar horiek foru administrazioaren menpeko organoek arautu baldin badituzte, tituluari lotutako heziketa zikloaren curriculum diseinuan betebehar horiek aurreikusiko dira, eta, ezartzen den prozeduraren arabera, dagokion lanbide eremuan lanean aritzeko gaitasuna emanen dute.

11. artikulua. Ikasketen antolaketa.

1. Arte plastikoen eta diseinuaren prestakuntza zikloko ikasketak helburu orokorretan eta prestakuntza moduluetan antolatzen dira. Prestakuntza moduluak, tipologiaren arabera, honela sailkatzen dira:

a) Adarrekoak, Estatuak heziketa ziklo bakoitzerako ezartzen dituenak.

b) Nahitaezkoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Hezkuntza Departamentuaren eskumenen eta araudiaren esparruan finkatzen dituenak.

c) Osagarriak, heziketa zikloa ematen duen ikastetxeak finkatzen dituenak, foru dekretu honen esparruan, eta Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen duen araudiari jarraikiz.

2. Modulu guztiek jakintza arlo teoriko-praktikoak izanen dituzte, eta iraupenari dagokionez, prestakuntza unitateetan zatikatzeko modukoak izanen dira, prestakuntza eskaintza sekuentziatuak eta malguak egin ahal izateko.

3. Modulu guztietako prestakuntza unitateen ziurtapena egiten ahalko da, langileentzako prestakuntzaren kapitalizazioa edo arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketa presentzialen ohiko eskaintzaren gainerako modalitateen kapitalizazioa errazteko.

12. artikulua. Nahitaezko prestakuntza moduluak.

1. Tituluen nahitaezko moduluak Hezkuntza Departamentuak diseinatuko ditu. Haien egituraren eta diseinuaren ezaugarri formalak adarreko moduluek dituztenen antzekoak izanen dira.

2. Nahitaezko prestakuntza moduluen balio akademikoak, oinarrizko araudiaren esparruan, Nafarroako Foru Komunitatean izanen du aitorpena.

13. artikulua. Prestakuntza modulu osagarriak.

1. Curriculum autonomia aplikatuz, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeek ahalmena izanen dute Hezkuntza Departamentuak ezarritako curriculumak garatzeko, norberaren hezkuntza proiektua abian jarriz. Hortaz, Hezkuntza Departamentuak aurretik baimenduz gero, zikloaren curriculumean prestakuntza modulu osagarri bat edo bi sar ditzakete. Horien iraupena, guztira, ez da 120 ordutik gorakoa.

2. Hezkuntza Departamentuak finkatuko du zein den ikastetxeei baimena emateko prozedura, modulu osagarrien diseinua eta curriculuma prestatzeko.

14. artikulua. Prestakuntza moduluen sekuentziazioa.

1. Titulu bakoitzaren curriculuma arautzen duen araudian prestakuntza moduluen banaketarako eta sekuentziaziorako baldintzak zehaztuko dira zikloko bi kurtsoetarako. Bertan bermatuko da enpresetan, estudioetan edo lantegietan egin beharreko prestakuntzaldi praktikoa eta Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa modulua, oro har, zikloko azken kurtsoan eginen direla. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, Azken Obraren modulua eta Proiektu Integratuaren modulua zikloko azken kurtsoan eginen dira. Halaber, Proiektu Integratuaren modulua, goi mailako zikloetarako, eta Azken Obrarena, erdi mailako zikloetarako, prestakuntzaldiaren bukaeran eginen dira.

2. Titulu bakoitzak prestakuntza moduluen sekuentziazio bat eta ordutegi bat izanen ditu, ziklo hori ematen duten ikastetxe guztietan erreferentzia gisa erabiliko direnak. Dena dela, Hezkuntza Departamentuak, ikastetxeek aurretik eskatuz gero, moduluen sekuentziazioa eta, hala badagokio, modulu osagarrien proposamena aldatu edo baimentzen ahalko ditu, ezarten diren baldintzei eta prozedurei jarraikiz, baina betiere ikasleen eskubideak begiratu beharko dira, ikasketa plan zaharren eta berrien arteko trantsizioari dagokionez.

15. artikulua. Espezializazio ikastaroak.

1. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Hezkuntza Departamentuak espezializazio ikastaroak antolatzen ahalko ditu, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketei lotuak, batetik lanbide jarduera batzuetan beharrezkoa den sakontzeari erantzuna emateko, eta bestetik, sortzen ari diren lanbide kualifikazio berriei lotutako prestakuntza beharrei berehalako erantzuna emateko.

2. Espezializazio ikastaro horien ziurtapena egiten ahalko da, jasotako prestakuntzaren berri emateko. Ziurtagirian ikastaroa gainditu dela eta emandako ordu kopurua adieraziko da, hala nola ikastaroaren baliokidetza kreditutan. Ziurtapen horrek, hala badagokio, balioa izan dezake Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalean.

3. Espezializazio ikastaroen egitura, curriculum ezaugarriak eta antolaketa arauak prestakuntza zikloetakoen antzekoak izanen dira, oro har.

4. Espezializazio ikastaro horiek prestakuntza jasotzea eta, aldi berean, lanbidean aritzea ahalbidetzen duten prestakuntza modalitateetan eskainiko dira. Hortaz, lanbide prestakuntza bizitza osoan jaso ahal izateko hezkuntza sistemak ematen dituen aukeretako bat dira.

16. artikulua. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetako zentroak.

1. Oro har, foru dekretu honen bidez araututako arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak Nafarroan ematen dituzten zentroak arte eskolak izanen dira.

2. Arte eskolak Hezkuntza Departamentuaren mende egonen dira. Bertan arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen arloan ezagupen, gaitasun eta trebetasunak jasotzeko helburua duen prestakuntza eskaintzen duten ikasketa guztiak ematen ahalko dira.

3. Arte eskolak lanbide heziketako ikastetxeen sarean sartzen ahalko dira. Sarean prestakuntza eskaintzak koordinatuko dira, erabiltzaileen interesak eta erabiltzen diren baliabide publikoen eragimena hobetzeko.

IV. KAPITULUA. ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN LANBIDE IKASKETAK ETA LAN ARLOA

17. artikulua. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak eta ekoizpen sistema.

1. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketak Nafarroako Foru Komunitatean lurralde, gizarte, ekonomia eta kultur ingurunea kontuan hartuz antolatuko dira.

2. Arte eskolek lan inguruneari egokitzeko ahaleginak eginen dituzte, batez ere alderdi hauetan:

a) Arte eskolako prestakuntza jardueretan erabiltzen diren baliabide eta metodologiak ikaslearen etorkizuneko lanbide jarduerarekin lotuak egonen dira.

b) Enpresetako, estudioetako eta lantegietako praktikaldia egiteari begira, ikasleei prestakuntzarako eta ikaskuntzarako aukerabide interesgarriak eskaintzen dizkieten enpresa, estudio eta lantegien katalogo bat prestatuko da.

c) Prestakuntza zentroari enpresaren errealitatearen berri emateko, bide hauek erabiliko dira: bisitak antolatzea, profesional espezialistek prestakuntzan parte hartzea, informazio hitzaldiak antolatzea eta gisa horretako bestelako ekimenak.

d) Arte eskolak eta enpresek edo elkarteek baterako proiektuak egitea.

18. artikulua. Prestakuntzaldi praktikoa enpresetan, estudioetan eta lantegietan.

1. Nafarroan ematen diren prestakuntza zikloen curriculumean enpresetan, estudioetan edo lantegietan egin beharreko prestakuntzaldi praktiko bat sartuko da. Prestakuntzaldi horrek ez du lan izaerarik izanen eta enpresen, estudioen, lantegien eta beste entitate batzuen egiazko ekoizpen eremuetan eginen dira, ahal bada Nafarroako Foru Komunitatean berean. Fase hau ez da 150 ordutik beherakoa izanen.

2. Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldi praktikoak helburu hauek izanen ditu:

a) Egiazko lan ingurune batean osatu behar diren ahalmen sozio-laboralen garapena eta arte eskolan eskuratutako lanbide gaitasunak osatzeko behar diren beste ahalmen batzuen garapena erraztea.

b) Ikastetxean titulu bakoitzerako eskuratutako lanbide gaitasunak eta lan metodoak egiazko ekoizpen egoera batean aplikatzea.

c) Ekoizpen prozesuen, merkaturatzearen, kudeaketa ekonomikoaren eta enpresetako harreman sozio-laboralen sistemaren ikuspegi osoa eskuratzea.

d) Heldutasun profesionala lortu eta ingurune berrietara egokitzen laguntzea.

e) Ikasleen gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzea egiazko lan egoeretan, enpresen partaidetzarekin.

f) Tituludun gazteak laneratzen laguntzea.

g) Arte eskolen eta enpresa, estudio, lantegi edo beste entitate batzuen arteko lankidetza hobetzea.

3. Hezkuntza Departamentuak, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ikasleak prestakuntzaldi praktiko honetan sartzeko baldintzak arautuko ditu, baita ikaskuntza prozesuaren barrenean noiz emanen den ere, heziketa ziklo bakoitzaren ezaugarrien arabera.

19. artikulua. Jarrera ekintzailea.

1. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketek jarrera ekintzaileak sustatuko dituzte, hala nola ekoizpen ingurunearen ezagutza. Horretarako bi bide hauek ezarri dira:

a) Heziketa ziklo guztietan Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa prestakuntza modulua sartzea, espiritu ekintzailea eta norberaren konturako lana sustatzeko.

b) Modulu horiek indartu, osatu eta laguntzeko, arte eskolek ispiritu ekintzailearen sustapenarekin harremana duten jarduerak garatuko dituzte edo horrelakoetan parte hartuko dute. Horretarako, negozio plan eta ideiekin harremana duten aholkularitza eta prestakuntza espezializatu osagarria garatuko da.

2. Arte plastikoen eta diseinuen ikasketetako irakasleen prestakuntza planetan ispiritu ekintzailearen garapenarekin zerikusia duten prestakuntza jarduera berariazkoak edo zeharkakoak sartuko dira.

3. Jarduera horiek egiteko, Hezkuntza Departamentua edo arte eskolak ispiritu ekintzailea hedatu eta sustatzearen ardura duten erakunde eta entitateekin lankidetzan arituko dira, edo enpresa, estudio, lantegi edo beste entitate batzuekin.

20. artikulua. Helduentzako prestakuntzako irakasle lana.

1. Arte eskoletako irakasleak lanerako etengabeko prestakuntzaren arloetan aritzen ahalko dira, bakoitzaren profil akademiko eta profesionalaren arabera, eta bere lanposturako ezarritako lanaldia eta ordutegia prestakuntza modalitate horietan irakasle gisa arituz osatzen ahalko dituzte.

2. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetako irakasleen dedikazioak urteko ordutegi osoa hartzen badu, urtean prestakuntza modalitate horietan gehienez 150 irakastordu ematen ahalko dituzte, eta hala bada, ezartzen den ordainketa sistema aplikatuko zaie.

3. Eduki edo ikastaro batzuk irakasteko, jardunean dauden profesional espezialistak kontratatzen ahalko dira. Hortaz, Administrazio Publikoetan lanean ari diren profesionalei dagokienez, prestakuntza modalitate horietan lan egitea interes publikokotzat hartuko da, bateraezintasunei buruzko araudian ezarritakoaren ondorioetarako.

21. artikulua. Profesional espezialistak.

Prestakuntza moduluen irakaskuntzan profesional espezialistek parte hartzen ahalko dute, beren ezagutza eta esperientzia ikasleei trasmititzeko. Administrazio kontratua edo ikastetxeari zerbitzu emateko kontratua eginen zaie, eta abuztuaren 2ko 260/1999 Foru Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

V. KAPITULUA. ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN LANBIDE IKASKETEN LERRO ESTRATEGIKOAK

22. artikulua. Berrikuntza sortzaile eta teknologikoa.

Berrikuntza sortzaile eta teknologikoaren helburuak hauek dira:

a) Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetan abangoardiako teknologiak sartzea, kasuan kasuko lanbide eta arte eremuetan garatzen direnak.

b) Sormenerako potentziala sustatu, garatu eta sistematizatzeko proposamen berriak ikertu eta sortzea.

c) Produktu eta teknika berriak, erabilgarriak eta baliogarriak, garatzea, hala nola prozesu teknologikoak hobetu eta berriztatzeko proiektuak, arte eskolen, enpresen, estudioen eta lantegien arteko lankidetzaren bidez.

d) Lanbide jarduerari aplikatutako sormena sustatzea, sektore ekonomiko guztietan.

e) Hizkuntza artistiko-plastikoaren, kultura artistikoaren, materialen ezagutzaren eta teknologiaren menperakuntzari lotutako gaitasun eta trebetasunak garatzea, titulu bakoitzeko berezko arte eta artisau prozeduren eta teknika berezkoen menperakuntza kualifikatua bermatzeko.

f) Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen urrutiko modalitatea garatzeko prestakuntza plataforma batean parte hartzea.

g) Lanbide ikasketen berrikuntza sisteman integratzea, Hezkuntza Departamentuak koordinatu eta kudeaturik.

23. artikulua. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen nazioarteratzea.

1. Arte eskolek honako helburu hauek lortzen laguntzen duten nazioarteko proiektuak garatuko dituzte, edo horietan parte hartuko dute:

a) Ikasleei lan esperientziak eskaintzea beste herrialde batzuetako ekoizpen inguruneetan.

b) Atzerriko lan merkatuan lanean jartzeko aukerabideak eskaintzea.

c) Nafarroako irakasle eta ikastetxeen eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako ikastetxe, entitate eta profesionalen arteko lankidetza sustatzea.

d) Berrikuntza teknologiko edo didaktikorako erakunde proiektuak garatzea, bi alderdientzat interesgarriak direnean.

e) Hizkuntza eta lanbide gaitasunak hobetzea.

f) Lankidetza eta partaidetzarako Europako esparru sozial eta profesional bat sustatzea.

2. Ikasleen eta irakasleen Europan barnako mugigarritasuna sustatuko da, bereziki bide hauen bitartez:

a) Nazioarteko egonaldi edo trukeak beste herrialde batzuetako enpresa edo prestakuntza zentroetan, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetako ikasleentzat.

b) Nazioarteko egonaldi edo trukeak, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketetako zentroetako irakasle eta arduradunen garapen profesionalerako.

3. Hezkuntza Departamentuak baimena eman dezake ziklo bateko prestakuntza modulu batzuetan komunikazio-hizkuntzaren ordez atzerriko hizkuntza bat erabiltzeko, baina horrek ez du ekarriko titulu horren curriculumaren oinarrizko alderdiak inola ere aldatzea. Kasu horretan, zikloan zehar, ikasleek bi hizkuntzetan bereganatu behar dituzte arlo horietako berariazko hiztegia eta terminologia berezia.

4. Helburuak lortzeko eta aurreko puntuan adierazitako mugigarritasuna bermatzeko, Hezkuntza Departamentuak Europako beste erregio eta herrialde batzuekin harreman egonkorrak izatea sustatuko du.

5. Arte eskolek behar den aholkularitza eta laguntza izanen dute nazioarteko proiektuak gauzatzeko.

24. artikulua. Lanbiderako informazioa eta orientazioa.

1. Arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen tituluak eskaintzen dituzten zentro guztiek trebatzeko edo gaitasunak aitortzeko ingurunean dituzten aukeren berri emanen diete ikasleei, ikasleen beraien eskarietatik abiatuta, eta betiere, kasu bakoitzean egokien den ibilbide pertsonala kontuan hartuz.

2. Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du zein baldintza behar diren arte eskoletan lan eta lanbide orientazioaren arduradun bat izateko, zeina, prestakuntza eta homologazio prozesu baten ondotik, zentro mota bakoitzean egin beharreko eginkizunetan espezializatuko baita. Lanpostu horiek betetzeko orduan, lehentasuna izanen dute arte eskolan behin betiko destinoa duten irakasleek, betiere ezartzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

25. artikulua. Ondare artistikoaren zainketan eta diseinu eta sorkuntza artistikoan parte hartzea.

Hezkuntza Departamentuak sustatuko du arte eskolek ondare artistikoaren zainketan eta diseinu eta sorkuntza artistikoan parte hartzea, Nafarroan artearen eta kulturaren arloetan aritzen diren kultur erakunde eta entitateekin lankidetzan arituz. Horretarako, honako hauek sustatuko dira:

1. Ondare artistikoa berreskuratzen eta zaintzen lan egiten duten erakunde eta entitateen eta arte eskolen arteko hitzarmenak, Hezkuntza Departamentuak aurretik baimenduta.

2. Eskaintzen diren espezialitateetako curriculumetan sar daitezkeen proiektuak prestatzen lan egiten duten erakunde eta entitateen eta arte eskolen arteko hitzarmenak, Hezkuntza Departamentuak aurretik baimenduta, aukera emateko, batetik, etorkizuneko profesionalei egiazko proposamenen gainean lan egiteko, eta bestetik, proiektu horiek enkargatzen dituztenei mandatuaren xedeko beharra asetuta ikusteko.

3. Arte eskolak sektore profesional eta artistikoen erreferentzia zentro bihurtzea, profesionalek egiten dituzten prestakuntza eskaerei erantzuna emanez, profesionalei, enpresei eta erakundeei aholkuak emanez eta eskolaren instalazioetan sektore bakoitza, oro har, hobetzeko eta esperientziak trukatzeko jardunaldi teknikoak, mintegiak eta beste ekimen batzuk eginez.

4. Arte lanbide tradizionalen eguneratzea, hori ezinbestekoa baita gure gizarteko ondare artistikoa zaindu eta gehiago sortzeko, gure gizartean toki nabarmena izaten segi dezaten, jarduketa lerro hauei jarraikiz:

a) Arte lanbideetan aritzen diren profesionalekin harremanak estutzea, haiengandik ikasteko eta, orobat, eguneratu, elkartu eta aholkuak jasotzeko foro bat izan dezaten.

b) Lanbide horiek egungo gizartean duten tokiaz gogoeta egitea eta berriz definitzea, unean uneko beharren arabera, ikuspegi etnologikoaz haratago, betiere lanbide bakoitzaren funtsarekin errespetuz jokatuz.

c) Lanbide horiei behar beste aurrerapen eskaintzea, teknologikoak edo bestelakoak, gure gizartearentzat erabilgarriak eta errentagarriak izaten jarrai dezaten.

26. artikulua. Gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura. Prestakuntza moduluak egitetik salbuestea.

1. Arte eskolek gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura aplika dezakete, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan definituta dagoena eta laneko esperientzian lortutako gaitasun profesionalak aitortzen dituen uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan eta horretarako prestatzen diren gainerako xedapenetan ezartzen dena.

2. Arte eskolek prestakuntza moduluak egitetik salbuesteko prozedura bat aplika dezakete, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera, behar den araudiaren bidez garatuko dena.

3. Hezkuntza Departamentuak prozedura horiek arautuko ditu, eta horretarako behar diren baliabideak eta laguntzak emanen ditu. Prozedura horietan, kasuan kasuko prestakuntza moduluetan eta gaitasun unitateetan adituak diren profesionalek parte hartzen ahalko dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe uzten da, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketei dagokienez, otsailaren 13ko 35/1995 Foru Dekretua, lanbide heziketaren eta arte plastikoen eta diseinuaren ikasketen egitura eta antolaketarako jarraibide orokorrak ezarri zituena Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Indarrik gabe uzten dira, orobat, foru agindu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenak

Azken xedapenetako lehena. Erregelamenduzko gaikuntza.

Hezkuntzako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntzako kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1013468

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web