(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

216/2007 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 25EKOA, NAFARROAKO KIROL ETA GAZTERIAREN INSTITUTUA NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUA BIHURTU ETA HORREN ESTATUTUAK ONESTEN DITUENA.

BON N.º 127 - 10/10/2007



  ERANSKINA. NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK


  I. TITULUA. IZAERA ETA ESKUMENAK


  II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

  I. KAPITULUA. Zuzendaritza Organoak

  II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

  III. KAPITULUA. ZUZENDARI KUDEATZAILEA

  IV. KAPITULUA. ZUZENDARIORDETZA ETA ZERBITZUAK

  VI. KAPITULUA. ZENTROAK

  VII. KAPITULUA. KIDE ANITZEKO ORGANOAK


  III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDE EKONOMIKOAK, AURREKONTUAK, ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA KONTABILITATEA


  IV. TITULUA. LANGILEAK


  V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA


Atariko

Kirola gure kulturaren funtsezko atal bat da, bizikidetzarako eta gizartearen eta gizabanakoen ongizaterako giltzarria, herritarren osasunaren eta hezkuntzaren oinarrizko osagaia. Hori dela eta, administrazio publikoek kirolerako politikak bere gain hartu behar dituzte, herritarrei eman behar dieten beste zerbitzu bat baita. Horretarako, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua sortu zen, 1991tik aurrera arlo hori kudeatu izan duena.

Kirolaren arloan erronka berriak sortu dira, eskola-umeen kirolean, kirol federatuan eta goi mailako lehian bereziki. Horrez gain, kirol medikuntzan ikerlan eta azterlanak egiten ari dira, kirol instalazioen arloan eta bateratzeko neurri berrietan ere bai. Horietan, segurtasunak eta hori eraikitzeko arautegiak garrantzi handia dute. Azkenik, Nafarroako Kirolaren Kontseiluan abian jarri da, berariaz kirolaz arduratzen den erakunde bat hain zuzen ere. Horretarako, bidezko da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua Nafarroako Kirolaren Institutu bihurtzea, berariaz kirolaz arduratu den erakunde autonomoa izanen dena.

Horiek horrela, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko irailaren 17ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua Nafarroako Kirolaren Institutua bihurtzea, horrek kirolaren arloan dituen eskumenak beretuko dituena, eta erakunde autonomo horretako estatutuak onestea. Haien testua foru agindu honen eranskinean ageri da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Izendapenak berrestea.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaile izendatzen da eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kirol zuzendariordea Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol zuzendariorde, izendapen horiek egin ziren baldintza beretan.

Halaber, Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria Nafarroako Kirolaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuko zuzendari izendatzen da, izendapen hori egin zen baldintza beretan.

Bigarrena. Genero berdintasuna.

Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru dekretu honek gizonezko genero gramatikaleko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko "consejero", "director", "presidente", "secretario" eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu arte, Kirol Zuzendariordetzari atxikiriko ataletik beherako unitate organikoek, Kudeaketa Ekonomiko Administratiboaren Bulegoak, Langileriaren Kudeaketako eta Barne Araubideko Bulegoak, Azpiegiturak Kudeatu eta Ikuskatzeko Bulegoak eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendaritzako Logistika eta Sostengu unitate teknikoek bere horretan diraute eta haien izenek eta haien eginkizunek ere bai. Behin-behineko egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, lehen zituzten eginkizunekin bat.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Estatutuak onetsi zituen azoaren 6ko 77/2006 Foru Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 20ko 57/2007 Foru Dekretuaren 8.2 artikulua aldatu eta honela geratuko da:

"2. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari atxikiko zaizkio Nafarroako Kirolaren Institutua, Nafarroako Gazteriaren Institutua eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoak."

Bigarrena

Ahalmena ematen zaio Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Hirugarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

I. TITULUA. IZAERA ETA ESKUMENAK

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Kirolaren Institutua, administrazio izaerako erakunde autonomo bat da, berezko nortasuna duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, xedeak bete ahal izateko.

2. artikulua . Atxikipena eta babesa.

Nafarroako Kirolaren Institutua, bere helburuak betetzeko, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak plangintza eta politika orokorrez ematen dituen aginpideen mendean dago. Bestalde, aipatu departamentuari atxikirik dago, eta departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, Estatutuetan, foru legerian eta administrazioari buruzko legerian esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua . Eskumenak.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuari eskumen hauek dagozkio:

a) Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak Foru Komunitateko Kirol Administrazioari eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari esleitzen dizkienak.

b) Berariazko legeriak ondare, kontratu, aurrekontu, kontabilitate eta finantzen eta langileriaren kontrolaren arloan erakunde autonomoei esleitzen dizkienak.

2. Eskumenen garapenaren arloan, Nafarroako Kirolaren Instututuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kirolari buruzko Foru Legeak Foru Komunitateko Kirol Administrazioari eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari esleitzen dizkienak.

b) Nafarroako Kirol Institutuari atxikiriko zentro eta instalazioak kudeatzea eta horietan egiten diren mantentze eta berritze lanak, inbertsioak eta ekipamenduak.

c) Laguntza eta dirulaguntzetarako programak zuzendu eta kudeatzea eta, estatutu hauetan xedaturikoarekin bat, Nafarroako Kirol Institutuak bere dituen arloetan aholkatu eta informatzea.

d) Nafarroako Kirol Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten jarduera guztiak egitea.

e) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen legeriarekin bat.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. Zuzendaritza Organoak

4. artikulua . Zuzendaritza organoak.

Honako hauek dira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendaritza organoak:

Gobernu Kontseilua.

Zuzendaritza-kudeatzailetza.

II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

5. artikulua . Osaera.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuaren Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:

Lehendakaria: Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria.

Lehendakariordea: Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Batzordeko kideak: Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol zuzendariordea.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuko zuzendaria.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegitura Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikide idazkaria: departamentuko idazkari tekniko nagusia.

2. Departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen artetik zuzendaritza karguren bat hutsik geldituz gero, departamentuko titularrak haien ordezkoak izendatuko ditu, aldi baterako, behin betikoz izendatu bitartean.

3. Gobernu Kontseiluak, bidezko baderitzo, baimena ematen ahalko die kirol organo eta entitateen ordezkariei bilkuretan parte har dezaten. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

6. artikulua . Ahalmenak.

Gobernu Kontseiluak ahalmen hauek ditu:

a) Urtero, erakundearen aurrekonturako aurreproiektuaren proposamenaren berri ematea.

b) Erakundearen zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.

c) Zentro eta instalazio berekiak erabiltzeko prezio eta tarifak onestea.

e) Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak presaz hartu behar dituen ebazpenen berri izatea.

7. artikulua . Gobernu Kontseiluko lehendakariaren ahalmenak.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren Gobernu Kontseiluko lehendakariak ahalmen hauek izanen ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, eguneko gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru izan eta horiek zuzentzea.

b) Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta horren jardunaren arauak betearaztea.

Kargua hutsik dagoenean, edo lehendakaria kanpoan edo gaixo dagonean, edo ezin jardun duenean, haren ordez lehendakariordea arituko da, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 15eko 15/2004 Foru Legeko 31.2 artikuluak xedatu bezala.

8. artikulua . Idazkaria.

1. Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuko zuzendaria izanen da Gobernu Kontseiluko idazkaria.

2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, lehendakariarekin elkarlanean, eta haren erabakiak betearazteko izapideak egitea.

b) Gobernu Kontseiluaren bilkuretako aktak prestatzea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiez arduratzea.

c) Bere esku uzten diren gainerako eginkizunak betetzea.

9. artikulua . Jarduna.

1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak lehendakaritzak hala erabakirik eginen dira.

2. Gobernu Kontseiluaren jardunerako, kide anitzeko organoei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak xedatzen duenari men eginen zaio.

10. artikulua . Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du zenbait jenderen aholkua, dituzten ezagupen, prestakuntza, entzute edo bestelako inguruabarrak direla medio haien partaidetza egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

III. KAPITULUA. ZUZENDARI KUDEATZAILEA

11. artikulua . Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Nafarroako Gobernuak izendatu eta kenduko du kargutik zuzendari kudeatzailea, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik.

2. Kargua hutsik dagoenean, edo zuzendari kudeatzailea kanpoan edo gaixo dagoenean, edo ezin jardun duenean, haren ordez Kirol zuzendariordea arituko da. Hori ere egoera berean badago, Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuko zuzendariak ordeztuko du.

12. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Kirolaren Institutuaren jardunean ardurarik handiena bere gain hartzea.

b) Erakundearen ordezkari nagusia izatea.

c) Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak bete eta betearaztea eta presako kasuetan, beharrezkoa bada, behar diren probidentzia eta ebazpenak ematea, eta hurrengo bilkuran Gobernu Batzordeari horren berri ematea.

d) Jarduera, organo, zentro eta instalazio guztiak zuzendu, kudeatu eta barrutik antolatzea, arlo hori Nafarroako Kirolaren Institutuaren eskumena bada.

e) Erakunde autonomoari atxikiriko instalazio eta zentroek jarduteko irizpideak onestea.

f) Nafarroako Gobernuak edo departamentuko kontseilariak espedienteen gainean ebazteko proposamenei adostasun txostenak ematea.

g) Ebazpen administratiboak ematea eta erakunde autonomoak jarduteko behar dituen egintza administratiboak betearazteko agintzea.

h) Erakunde autonomoen ordezkariei kontratazio administratiboaren arloan indarra duen arautegiak kontratuak gauzatzeko ematen dizkien eskumenak.

i) Gastu xeheak baimentzeko ahalmena, erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak badira, aurrekontu, ekonomia eta kontratuei buruzko arautegiak zuzendari nagusiei ematen badie eskumen hori.

j) Ondare erantzukizuneko prozeduren eta auzibide zibila eta lan auzibidea baino lehenagoko erreklamazioen gainean ebaztea, langileriaren arloan ebaztea izan ezik, eskumen hori Nafarroako Kirolaren Institutuari badagokio.

k) Edozein izera ekonomikotako gastuak baimendu eta xedatzea, pagatzeko obligazioak aitortzea eta erakundeko aurrekonturako aurreproiektuaren proposamena aurkeztea, arlo horretan indarra duen arautegian xedaturikoaren arabera.

l) Nafarroako Kirolaren Institutuaren helburuak ezartzea eta urteroko memoria eta jarduteko programak prestatzea.

m) Nafarroako Kirolaren Institutuko atalburuak, bulegoburuak eta bestelako unitate administratiboetako buruak bitarte baterako izendatzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak adostasun txostena eman ondoren.

n) Nafarroako Kirolaren Institutuko zentroetako zuzendariak bitarte baterako izendatzea, haren plantilla organikoan agertzen badira, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak adostasun txostena eman ondoren.

ñ) Langileriari buruzko arautegiak erakunde autonomoei arlo horretan ematen dizkien gainerako eskurantzak.

o) Departamentuko kontseilari titularrak karguari loturik esleituko dizkion eginkizun guztiak.

13. artikulua . Eginkizunak beste norbaiten esku uztea.

Zuzendari kudeatzaileak dituen eskurantzetako batzuk zuzendariordearen eta zerbitzuetako zuzendarien esku utz ditzake, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera.

IV. KAPITULUA. ZUZENDARIORDETZA ETA ZERBITZUAK

14. artikulua . Zuzendariordetza eta zerbitzuak.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuak zuzenean zuzendari kudeatzailearen mende dauden unitate organiko hauek biltzen ditu bere egituran:

a) Kirol Zuzendariordetza.

b) Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzua.

c) Azpiegitura Zerbitzua.

2. Aurreko unitate organikoetako titularra elkarrenganako laguntzatik abiatuta beteko ditu bere eginkizunak, gainerako unitate organikoetako titularren eskurantzak bazter utzi gabe.

3. Zuzendaritzordetzako eta zerbitzuetako titularren Nafarroko Kirol Institutuko zuzendari kudeatzailearen planifikazio, zuzendaritza eta koordinazioaren pean beteko dituzte beren eginkizunak.

15. artikulua . Izendapena.

1. Nafarroako Gobernuak izendatu eta kenduko du kargutik Kirol zuzendariordea, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik.

2. Nafarroako Gobernuak askatasun osoz izendatu eta kenduko ditu kargutik zerbitzuetako zuzendariak Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen artetik.

16. artikulua . Kirol Zuzendariordetza.

1. Kirol Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Kirol Institutuari atxikiriko kirol instalazio eta zentroak antolatu eta kudeatzea.

b) Kirola bultzatu, koordinatu eta sustatzea.

c) Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa kudeatzea.

d) Nafarroako kirol federazioak osatzeko baimena ematea eta haien estatutu eta erregelamenduak onestea.

e) Foru Komunitateko kirol mota eta espezialitateen aitorpena kudeatzea.

f) Kirolei buruzko arautegiak eskatzen dituzten betebeharrak betetzen direla begiratzea, elkarteak eta bestelako entitateak onartu ahal izateko.

g) Nafarroako kirol federazioak, esleitu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, koordinatu eta begiratzea, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

h) Nafarroako lehiaketa ofizialak antolatu, kalifikatu eta gainbegiratzea.

i) Nahitaezko eskolaldian daudenentzat Nafarroako kirol lehiaketa ofizialak antolatzea edo antolatzeko baimena ematea.

j) Kirolaren eta kiroltasunaren balio etikoak sustatzea.

k) Foru Komunitateko unibertsitateen artean egiten diren kirol jarduerak sustatu eta koordinatzea.

l) Nafarroako kirol federazioen eta, hala bada, Nafarroako bestelako entitateen bidez, Nafarroako selekzioak osatzen dituzten kirolariak hautatzea.

m) Nafarroako lehiaketa ofizialen eta selekzioen ikur eta ezaugarriak sustatzea.

n) Nafarroako goi mailako kirolarien kalifikazioa kudeatzea.

ñ) Nafarroako goi mailako kirola gainbegiratu eta babestea, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak xedatu bezala.

o) Kiroletako dopajea saihestu eta kontrolatzea, kirol federazioekin, Estatuko Administrazioarekin eta, bidezko bada, bestelako entitate publiko edo pribatuekin elkarlanean.

p) Salbuespenezkotzat jotzen diren ikuskizun eta kirol jarduera publikoak egiteko baimena ematea.

q) Kirol arloko ikerketa zientifikoa eta kirolarien egoera fisikoaren jarraipen medikoa eta hobekuntza sustatzea.

r) Kirola sustatzea, laguntza eta dirulaguntzen bidez.

s) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, Nafarroako Kirolari buruzko 15/2001 Foru Legeko 73. artikuluan eta foru dekretu honetan ezartzen diren eginkizunak eta erregelamendu bidez zehaztuko direnak garatzea.

t) Kirol arloko laguntza eta dirulaguntzak kudeatzea eta kirol jardueren gizarte interesa adieraztea, zerga kenkarietarako.

u) Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean aipatzen diren helburuak lortu eta gauzatzeko berariazko programak burutzea.

v) Zuzendariordetza osatzen duten atal eta zentroen jarduerak antolatu eta banatzea eta berezko edukiak informazio sistema eta baliabideetan kudeatzea, bereziki webean, eta atxikiriko zentroen kudeatu eta mantentze-lanak planifikatzea.

x) Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendaritza eta gainerako unitateak aholkatu eta sostengatzea, bere dituen arloetan.

y) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Kudeaketaren eta zuzendaritzak esleitzen dizkionak.

2. Gastu xeheak baimentzeko ahalmena dagokio Kirol zuzendariordeari, erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak badira, aurrekontu, ekonomia eta kontratuei buruzko arautegiak zerbitzuetako zuzendariei ematen badie eskumen hori.

17. artikulua . Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzua.

Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Idazkaritza Nagusiaren jarduerak planifikatu, koordinatu, banatu eta begiratzea, bereziki Nafarroako Kirolaren Institutuaren urteroko jarduketa plana.

b) Erakunde autonomoko Erregistro Nagusia eta Artxibo Nagusia koordinatu eta kudeatzea.

c) Erakunde autonomoan ondorioak izanen dituzten dokumentuak eta hark sortu eta beste batzuetan ondorioak izanen dituztenak konpultsatzea eta ebazpenak eta Nafarroako Kirolaren Institutuan dauden dokumentu eta datuak ziurtatzea.

d) Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari argibideak, aholkuak eta sostengua ematea, bere dituen eginkizunetan, eta ebazpen proposamenak prestatzea.

e) Zuzendari kudeatzaileak erakunde autonomoan emandako ebazpenak jakinaraztea.

f) Nafarroako Kirolaren Institutua giza baliabideen eta barne araubidearen arloetan planifikatu, koordinatu eta kudeatzea, arriskuen prebentzioa, osasuna, segurtasuneko eta laneko autobabesa lehenetsiz.

g) Diziplina espedienteak irekitzea, arau-hauste arinengatik.

h) Nafarroako Kirolaren Institutuko egoitza nagusiko mantentze-lanak, haren jarduna eta bertako inbertsioak planifikatu eta kudeatzea.

i) Berezko edukiak informazio sistema eta baliabideetan kudeatzea, erakunde autonomoko webgunean bereziki.

j) Nafarroako Kirol Institutuko aurrekontu orokorretarako aurreproiektua prestatu eta proposamen hori zuzendari kudeatzaileari igortzea.

k) Jarduera ekonomiko eta administratiboa planifikatu eta kudeatzea eta aurrekontuaren orotariko kontrola egitea eta erakunde autonomoko kontratazio eta mandatu guztien jarraipena gainbegiratu eta burutzea.

l) Jarduera ekonomikoen orotariko eta aurrekontuetako kontabilitatea planifikatu eta kudeatzea.

m) Erakunde autonomoko orotariko jarduera juridikoa eta lege eta kirol arloak koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea.

n) Nafarroako Kirolaren Institutuko kide anitzeko organoen garapena eta eginkizunak egoki burutzeko lan eta ekitaldi administratiboak kudeatzea, aldi baterako zerbitzu horri atxikienak hala nola: Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordearenak, Nafarroako Kirol Kontseiluarenak eta sor litezkeen guztienak.

ñ) Nafarroako Kirolaren Institutuko kide anitzeko organoetako idazkari izatea, oro har, eta, bidezko bada, horiek arautzen dituzten arautegi indardunetako berariazko betebeharretarako egokitu beharko du.

o) Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea eta unitate organikoak aholkatu eta sostengatzea eta erakunde autonomoak egoki jarduteko behar diren lan guztiak burutzea, bere dituen arloetan.

p) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta zuzendari kudeatzaileak esleitzen dizkionak.

18. artikulua . Azpiegitura Zerbitzua.

Azpiegitura Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzua osatzen duen atalaren jarduerak antolatu eta banatzea.

b) Lehenbiziko aldiz ezartzeko obrak, berritzekokoak edo konponketa handikoak eta ekipamendu handiak egiteko inbertsioak koordinatu, kontrolatu eta zuzendari kudeatzaileari proposatzea eta konponketa arrunten ondorioz ondasun eta zerbitzuen ohiko gastua, Nafarroako Kirolaren Institutuari atxikiriko zentroetan.

c) Zuzendari kudeatzaileari kirol instalazioetarako planak proposatzea oneritzi eman diezaien eta onets ditzan, indarra duen arautegiaren arabera, eta haiek burutzeko lanak koordinatzea.

d) Kirol instalazioetarako kapital transferentzien bidez sorturiko inbertsioetan laguntzak koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea.

e) Erabilera publikoko kirol instalazioetako eta bertako ekipamenduetako segurtasun planak burutzeko lanak koordinatzea.

V. KAPITULUA

ATALAK

19. artikulua . Kirol Zuzendariordetzan atal maila duten unitate organikoak.

Kirol Zuzendariordetzak unitate organiko hauek ditu bere egituran, atal maila izanen dutenak:

Kirola Sustatzeko Atala.

Federazioen eta Kirol Jokoen Atala.

Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa.

20. artikulua . Kirola Sustatzeko Atala.

Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek ditu:

a) Kirol Zuzendariordetzari jakinaraztea, bere dituen arloetan.

b) Atalaren jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Kirolak eta aisialdia sustatzea.

d) Beste entitate batzuk sostengatu eta haiekin elkarlanean aritzea, jarduerak egin eta kirol lehiaketa ikuskizunak antolatzeko.

e) Goi mailako taldeak eta haien klubak sustatzeko laguntzak kudeatu eta tramitatzea.

f) Toki entitateak sustatu eta haiekin elkarlanean aritzea, kirola sustatzeko.

g) Kiroltasunaren balioak sustatzea.

h) Espainiako eta nazioarteko kiroletarako laguntza eta dirulaguntzak kudeatu eta tramitatzea.

i) Eskola-umeen kirolak bultzatu eta sustatzea.

j) Laguntza bereziko eta gizarte intereseko taldeen kirolak sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea.

k) Kirol Zuzendariordetza aholkatu eta sostengatzea, bere dituen arloetan, eta atalari loturiko arloetan kirolari buruzko arautegia garatzen, Kirolari buruzko Legean aipatzen diren horietan.

l) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Kirol Zuzendariordetzak esleitzen dizkionak.

21. artikulua . Federazioen eta Kirol Jokoen Atala.

Federazioen eta Kirol Jokoen Atalak eginkizun hauek ditu:

a) Kirol Zuzendariordetzari jakinaraztea, bere dituen arloetan.

b) Atalaren jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Kirol Entitateen Erregistroa antolatu eta kudeatzea.

d) Kirol babesgoa bultzatu eta gizarte interesaren adierazpenak kudeatzea.

e) Kirolaren Etxea kudeatzea, non Nafarroako kirol federazioak kokaturik baitaude.

f) Kirola bultzatu, sostengatu eta kudeatzea, Nafarroako kirol federazioekin eta horri loturiko bestelako entitate interesgarriekin, bereziki kirol teknifikazioa eta Nafarroako selekzioak.

g) Nafarroako kirol federazioetako eta Nafarroako Kirol Institutuarekin hitzarturiko bestelako entitateetako hauteskundeak gainbegiratzea eta haien kudeaketaren jarraipen arrunta egitea.

h) Nafarroako Kirol Jokoak bultzatu, koordinatu, kudeatu eta gainbegiratzea, gehienbat eskola-umeen kirol programa baita, kirolaren gizabidezko balioak sustatuz, kiroltasuna bereziki, Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin elkarlanean.

i) Nafarroako unibertsitateetako kirolak koordinatzea.

j) Goi mailako kirolariendako laguntzak kudeatu eta tramitatzea.

k) Kirol boluntarioen lana eta prestakuntza sustatzea, kirolaren esparruan elkarlanean aritu ahal daitezen.

l) Atalari loturiko arloetan, Kirolari buruzko Legean aipatzen diren horietan, kirolari buruzko arautegia garatzeko aholkuak ematea.

m) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Kirol Zuzendariordetzak esleitzen dizkionak.

22. artikulua . Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa.

1. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari, atal maila duenari, esleituriko eginkizunak honako hauek dira:

a) Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeko 73. artikuluan esleitzen zaizkionak, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendaritzak planifikatu, zuzendu eta babesturik.

b) Kirolari loturiko Nafarroako industria eta zerbitzu sektoreen lehiakortasuna, modernizazioa, berrikuntza eta dibertsifikazioa hobetzea.

c) Nafarroako kirolarien markak hobetzea.

d) Herritarren osasuna eta bizimodua hobetu eta horretaz kezkatzea, kirolari loturiko esparruetan, talde bereziak lehenetsiz, hala nola, zaharrak eta eri kronikoak.

e) Goi mailako kirolarien eta talde berezien laguntza beharrekiko konpromisoa, sortzen diren erronkei modu eragingarrian aurre eginez.

f) Kirolari buruzko ikerketetan gorako mailak lortzea, kirol etekin handiei eta osasunari loturiko arloetan.

g) Eskarmentu zientifiko eta teknologikoa etengabe eguneratzea.

h) I+D proiektuak burutzeko eta doktorego ikasleak prestatzeko eragingarritasuna lortzea.

i) Kirol teknikariak prestatzeko eragingarritasuna lortzea, bakarrik molda ahal daitezen eta berritzaileak izan daitezen.

j) Kirol profesionalak prestatzea, lan merkatuaren beharren arabera.

k) Motibazioa, sormenerako akuilua, lan taldeko norberaren garapena eta taldekako partaidetzaren izpiritua lortzea.

l) Nafarroako goi mailako kirolariei eta talde bereziei laguntza teknikoa ematea.

m) Ikerketa aplikaturiko proiektuak, diziplina artekoak, zuzentzea, goi mailako kirolarien eta talde berezien gaitasun funtzionala hobetzeko arazoak konpontzea xede dutenak, eta berrikuntza teknologikoa.

n) Ariketa fisikoari hezkuntza eta hedapen programak garatzea, bereziki xede hauek dituztenak: kirol teknikarien prestakuntza, kirolari eta osasunari loturiko teknikarien prestakuntza, kirolen kudeaketa, etengabeko prestakuntza eta doktoretza ikasleen prestakuntza, indarra duen arautegiarekin bat.

ñ) Espainiako eta nazioarteko ariketa fisikoaren ikerketari buruzko instituzio, elkargo, erakunde eta elkarteekin batera elkarlanean aritzea eta horietan parte hartzea.

2. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariari, atal maila duenari, esleituriko eginkizunak honako hauek dira:

a) Zentroaren helburu, programa eta jarduerak diseinatu, planifikatu, ebaluatu, koordinatu eta garatzea.

b) Zentroko laguntza, ikerketa eta prestakuntza jarduerak koordinatu eta bultzatzea eta horietan parte hartzea.

c) Kirol Zuzendariordetzari eta zentroko langileei burutzen diren jokabideak eta lortzen diren emaitzak jakinaraztea.

d) Zentroaren jarduera Nafarroako Kirol Institutuko unitate organikoekin koordinatzea.

e) Foru Komunitateko osasun administrazioarekin ekintzak koordinatzea, Foru Administrazioko langileak eta baliabideak ahalik eta hobekien aprobetxatzeko.

f) Zentroko kudeaketa arloetan aplikatzekoa den arautegia betetzen dela begiratzea.

g) Zentroaren filosofia planifikatu eta garatzea, bereziki zentroaren eta erabiltzaileen arteko harremanei eta zentroko langileek egin beharreko ekintzetan izan beharreko esku-hartzeari dagokienez.

h) Foru dekretu honetako 28. artikuluak zentroetako zuzendariei oro har esleitzen dizkienak.

i) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Kirol Zuzendariordetzak esleitzen dizkionak.

23. artikulua . Azpiegitura Zerbitzuko unitate organikoak.

Azpiegitura Zerbitzuak ondoren aipatzen den unitate organikoa biltzen du bere egituran:

Kirol Instalazioetarako Laguntzen eta Kontrolaren Atala.

24. artikulua . Kirol Instalazioetarako Laguntzen eta Kontrolaren Atala.

Kirol Instalazioetarako Laguntzen eta Kontrolaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Azpiegitura Zerbitzuari argibideak, aholkua eta sostengua ematea, bere dituen arloetan.

b) Atalaren jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Lehenbiziko aldiz ezartzeko obrak, berritzekoak edo konponketa handikoak eta ekipamendu handiak egiteko inbertsioak kudeatu eta kontrolatzea eta konponketa arrunten ondorioz ondasun eta zerbitzuen ohiko gastua, Nafarroako Kirolaren Institutuari atxikiriko zentroetan.

d) Kirol instalazioetarako planak prestatzea oniritzia eman dakien eta onets daitezen, indarra duen arautegiaren arabera, eta haiek burutzeko kudeatzea.

e) Kirol instalazioetarako kapital transferentzien bidez sorturiko inbertsioetan laguntzak kudeatu eta kontrolatzea.

f) Toki eta kirol entitateak kirol azpiegituren eta horietan garatu behar diren programen arloan aholkatzea.

g) Erabilera publikoko kirol instalazioetako eta bertako ekipamenduetako segurtasun planak kudeatzea eta toki entitateak arlo horretan aholkatzea.

h) Nafarroako Foru Komunitateko kirol instalazioen errolda kudeatzea.

i) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Azpiegitura Zuzendariordetzak esleitzen dizkionak.

25. artikulua . Bulegoak eta horiekin parekaturiko unitateak.

Departamentuko kontseilariak sortu, aldatu edo kenduko ditu erakunde autonomoa atxikirik dagoeneko bulegoak edo bulegoekin parekaturiko bestelako unitate administratibo edo teknikoak batzuk, foru agindu baten bidez, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

VI. KAPITULUA. ZENTROAK

26. artikulua . Zentroak.

Nafarroako Kirol Institutuko zentroak, Kirol Zuzendariordetzari atxikiak:

"Larrabide Kirol instalazioa" Kirol Teknifikazioko Zentroa.

Gelbentzu Josteta Zentroa.

Kirolaren Etxea.

"Fuerte del Príncipe" Kirol Egoitza.

27. artikulua . Zentroetako zuzendariak.

1. Zentroek zuzendaria izanen dute, haren kargua berariazko lanpostu gisa agertzen bada Nafarroako Kirol Institutuko plantila organikoan. Zuzendariaren karguari dagokion lansaria plantilla organikoan ageri dena izanen da.

2. Nafarroako Kirolaren Institutuko zentroetako zuzendarien lanpostuak erakunde autonomoko unitate administratiboetako burutzak bezala beteko dira.

3. Zentroak kirol instalazioetako ekonomiari, administrazioari, langileriari, ekipamenduari, mantentze-lanei, dokumentuei eta artxiboari dagokienez kudeatzea dagokie zentroetako zuzendariei. Zentroetako jarduerak programatzea ere dagokie, beren eskumenen esparrua, arloagatik Nafarroako Kirolaren Institutuko beste organo batzuei dagozkienak deusetan galarazi gabe. Azkenik, zentroko kudeaketa arloetan aplikatzekoa den arautegia betetzen dela begiratuko dute.

VII. KAPITULUA. KIDE ANITZEKO ORGANOAK

28. artikulua . Kide anitzeko organoak.

Nafarroako Kirolaren Institutuko kide anitzeko organoak, Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuari atxikiak, honako hauek dira:

Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordea.

Nafarroako Kirol Kontseilua.

Sortzeko arauekin bat, atxikitzen zaizkion gainerakoak.

III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDE EKONOMIKOAK, AURREKONTUAK, ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA KONTABILITATEA

29. artikulua . Ondarea.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen arabera, honakoak dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren ondarearen osagaiak: Nafarroako Ondarekoak diren ondasun eta eskubide guztiak, erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkionak; ondare horren ondasun direnez gero dagozkien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute, hori guztia delako foru legearen 71. artikuluaren norainokoaz.

30. artikulua . Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren baliabide ekonomikoak hauexek dira:

a) Hari atxikitako ondasun eta eskubideen korritu, errenta eta etekinak.

b) Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako esleitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako aurrekontu orokorren kargura emandako transferentzia eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen dirusarrera arruntak nahiz bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo dirulaguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

31. artikulua . Aurrekontuen araubidea.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen mende izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Aurrekontuen egitura, sarrera eta irteeren sailkatzeari eta hauen zehaztasun-mailari dagokienean, Nafarroako Gobernuko aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barnean egonen baitira.

3. Nafarroako aurrekontu orokorretarako arau orokorrek zuzenduko dituzte aurrekontu hauen likidazio eta exekuzioa.

32. artikulua . Araubide ekonomikoa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko kudeaketa ekonomikoa _kontzeptu horretan egintza, agiri eta espedienteetatik heldu diren edukin ekonomikoko ondasun eta eskubideak sartzen dira_, Foru Komunitateko Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan eramanen da, dela kontu-hartzailetza dela kontabilitatea.

33. artikulua . Kontabilitate araubidea.

1. Nafarroako Kirolaren Institutua kontabilitate publikorako araubidearen mende geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA. LANGILEAK

34. artikulua . Langileen araubidea.

Nafarroako Kirolaren Insitutuko langileak:

a) Nafarroako Gobernuak egindako izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak, Nafarroako Kirolaren Institutuari atxikiak.

c) Aldi baterako kontratudunak eta kontratu administratiboko langileak, erakunde autonomoari atxikiak.

V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA

35. artikulua . Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluaren I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.

2. Langile, kontratazio eta aurrekontuei buruzko egintza administratiboei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioko arautegi berariazkoari jarraituko zaio.

36. artikulua . Errekurtsoak.

Nafarroako Kirolaren Institutuak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

37. artikulua . Laguntza juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Kirolaren Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren letratuei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren Lege Aholkularitzak lege aholku ematen ahalko dio Nafarroako Kirolaren Institutuari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web