(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

12/2007 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Artxiboei eta dokumentuei buruzkoa.

BON N.º 48 - 18/04/2007Fecha de revisión: 30/11/2020



  I. TITULUA. Xedapen orokorrak


  II. TITULUA. Dokumentuak


  III. TITULUA. Nafarroako artxibo sistema

  I. KAPITULUA. Definizioa eta egitura

  II. KAPITULUA. Nafarroako artxibo sistemaren organoak

  III. KAPITULUA. Nafarroako artxibo sistemako kideen eskubide, betebehar eta eginkizunak

  IV. KAPITULUA. Antolamendu eta tratamendu artxibistikoa


  IV. TITULUA. Erakundeen artxibo sistemak

  I. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren artxibo sistema

  II. KAPITULUA. Toki entitateen artxibo sistemak

  III. KAPITULUA. Beste erakunde eta entitate batzuen artxibo sistemak


  V. TITULUA. Zehapen araubidea


  I. TITULUA. Xedapen orokorrak


  II. TITULUA. Dokumentuak


  III. TITULUA. Nafarroako artxibo sistema

  I. KAPITULUA. Definizioa eta egitura

  II. KAPITULUA. Nafarroako artxibo sistemaren organoak

  III. KAPITULUA. Nafarroako artxibo sistemako kideen eskubide, betebehar eta eginkizunak

  IV. KAPITULUA. Antolamendu eta tratamendu artxibistikoa


  IV. TITULUA. Erakundeen artxibo sistemak

  I. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren artxibo sistema

  II. KAPITULUA. Toki entitateen artxibo sistemak

  III. KAPITULUA. Beste erakunde eta entitate batzuen artxibo sistemak


  V. TITULUA. Zehapen araubidea


Texto

AURKIBIDEA

ZIOEN AZALPENA

I. TITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Foru legearen helburua.

2. artikulua. Definizioak.

3. artikulua. Aplikazio esparrua.

II. TITULUA. Dokumentuak

4. artikulua. Titulartasun publikoko dokumentuak.

5. artikulua. Titulartasun pribatuko dokumentuak.

III. TITULUA. Nafarroako artxibo sistema

I. KAPITULUA. Definizioa eta egitura

6. artikulua. Definizioa.

7. artikulua. Egitura.

II. KAPITULUA. Nafarroako artxibo sistemaren organoak

8. artikulua. Sistemaren burua.

9. artikulua. Nafarroako Kultura Kontseilua.

10. artikulua. Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea.

III. KAPITULUA. Nafarroako artxibo sistemako kideen eskubide, betebehar eta eginkizunak

11. artikulua. Eskubideak.

12. artikulua. Baldintza teknikoak.

13. artikulua. Langile arloko baldintzak.

14. artikulua. Laguntza eman beharra.

IV. KAPITULUA. Antolamendu eta tratamendu artxibistikoa

15. artikulua. Dokumentuen bizizikloa eta horren faseak.

16. artikulua. Bulegoko artxiboa.

17. artikulua. Bitarteko artxiboa.

18. artikulua. Artxibo historikoa.

19. artikulua. Dokumentuen ebaluazioa eta kontserbazio egutegiak.

20. artikulua. Dokumentazioa jendearen eskura jartzea.

IV. TITULUA. Erakundeen artxibo sistemak

I. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren artxibo sistema

21. artikulua. Definizioa.

22. artikulua. Egitura.

23. artikulua. Nafarroako foru komunitateko administrazioaren a rtxibo sistemaren zuzendaritza.

24. artikulua. Bulegoko artxiboak.

25. artikulua. Artxibo zentralak.

26. artikulua. Administrazioaren artxiboa.

27. artikulua. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia.

II. KAPITULUA. Toki entitateen artxibo sistemak

28. artikulua. Nafarroako artxibo sistemari lotzea.

29. artikulua. 15.000 biztanletik gorako udalak.

30. artikulua. Beste toki entitate batzuk.

III. KAPITULUA. Beste erakunde eta entitate batzuen artxibo sistemak

31. artikulua. Nafarroako Parlamentua.

32. artikulua. Estatuko administrazio orokorra.

33. artikulua. Epaitegi eta auzitegiak.

34. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

35. artikulua. Fede publikoaren artxiboak.

36. artikulua. Nafarroako artxibo sisteman sartzea.

V. TITULUA. Zehapen araubidea

37. artikulua. Arauhausteak, zehapenak eta zehapen prozedura.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra._Indargabetzen diren arauak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena ._Nafarroako Gobernuari baimena ematea.

Azken xedapenetan bigarrena ._Indarra hartzea.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroak balio handiko dokumentu ondarea du. Dokumentu horietako batzuk Erreinuak garai batean izan zituen erakundeetatik heldu zaizkigu, baina badira Foru Diputazioarenak, toki entitateenak eta baita Nafarroako Foru Komunitatean jardun duten entitate pribatu, familia eta gizon-emakumeenak ere.

Dokumentu ondare hori kontserbatzeko interesa beti izan da. Ildo horretan, aipagarriak dira Erdi Aroko erregeek beren administrazioko dokumentuak gordetzeko sustatutako ekimenak, Errege Artxibo bat eratu izana eta Errege Epaitegietan artxibozain kargua aspaldi sortu izana. Ahalegin horren mugarri garrantzitsuak dira, orobat, XVIII. mendearen bukaeran artxibo publikoak eta elizarenak berrantolatzeko egindako lana eta 1898. urtean Nafarroako Artxiboa hartzeko eraikin berariazko bat eraiki izana.

Toki esparruari dagokionez, aipatzekoa da 1423. urtean Iruñeko Udal Artxiboa sortu zela eta 1547. urtean herriak gobernatzeko Ordenantzak onetsi zirela. Izan ere, azken horien bidez dokumentuen zainketa eta inbentarioa arautu ziren. 1896. urtean, Foru Diputazioak udal artxiboak antolatzeko agindu zien tokian tokiko idazkariei, Diputazioaren beraren tutoretzapean.

Elizen artxiboek ere garrantzi handia izan dute; batetik, Erdi Arotik katedral eta monasterioetan agiritegi garrantzitsuak zeudelako eta, bestetik, XVI. mendetik aurrera parrokietako artxiboak hedatu zirelako.

Dena dela, Nafarroako dokumentu ondarea eta memoria historikoa _gaur egungo formulazioan baina baita etorkizunerako ondare gisa ere_ gordetzeko beharrari egungo dokumentazioa behar bezala kudeatzeko beharra erantsi behar diogu. Ez dugu ahaztu behar gaur sortzen diren dokumentuak biharko historiari buruzko jakintzaren iturri izanen direla.

Azkeneko hamarkadetan, administrazio publikoek gero eta dokumentu gehiago sortzen dituztela ikusirik, irtenbide berriak bilatu behar izan dira dokumentuak gorde, erabili eta zabaltzeko. Herritarrendako zerbitzu eraginkorra, kalitatezkoa eta gardena emanen bada, artxiboetarako teknika berriak ezarri behar dira, dokumentuak modu eragingarrian eta errentagarrian berreskuratzea ahalbidetzen dutenak. Era berean, aurrerapen teknologikoei esker eta informazioa eskuratzeko orduan irizpide demokratikoak aplikatzeari esker, artxiboak kudeaketa administratiboaren giltzarri bihurtu dira.

Horiek helburu, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren eraikin berria egiteari ekin zion. Artxibo horrek aurrerapen teknologikorik modernoenak ditu. Baina aldaketak askoz sakonagoak izan dira eta, ondorioz, foru administrazio osoan dokumentuak kudeatzeko planteamendu orokorra hartu da. Horrenbestez, zuzendaritza bakarra dago orain, Nafarroako lurralde osoan proiektu artxibistikoak burutu eta planak koordinatzeko ahalmena eta eskumena dituena.

Lan artxibistikoari ikuspegi orokor batetik heltzea falta zen. Horretarako, lege mailako arau bat prestatu beharra zegoen, araudia eta metodologia mugatu eta jarduketaren hari nagusiak finkatzeko eta ekintza eta programa artxibistiko batzuk abian jartzeko, hori guztia Nafarroako dokumentu ondarea antolatu, kudeatu, ebaluatu, zaindu eta zabaltzeko asmoz.

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.10 artikuluaren arabera, Nafarroak erabateko eskumena du Estatuarenak ez diren artxiboen gainean. Era berean, Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak kapitulu berezi bat du dokumentu ondarearen gainean.

Logikoa denez, Artxiboei eta dokumentuei buruzko Foru Legearen aplikazio eremua horren zabala izanik, arlo honetan lanean ari direnen eta erantzukizunak dituztenen aholkularitza eta kontsentsua bilatu behar izan dira. Horrela, foru lege hau Nafarroako Gobernuko artxibozainen, Nafarroako Kultura Kontseiluko Artxibo eta Liburutegien Batzordearen eta Nafarroako Artxibozainen Elkartearen elkarlanaren fruitua da.

Foru legeak bost titulu ditu. Lehenengoan xedapen orokorrak biltzen dira. Bertan, lege honen helburua, legea garatzeko oinarrizko kontzeptuak eta aplikazio eremua adierazten dira. Titulu honen helburua foru legea oso-osorik ulertzeko behar diren zehaztapenen berri ematea da eta, aldi berean, legeak Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearekin dituen harremanak agerian jartzea, batez ere dokumentu ondareari dagokionez.

II. tituluak titulartasun publikoko dokumentuen eta titulartasun pribatuko dokumentuen ezaugarriak biltzen ditu. Hori lortzeko, legegintzaren aldetik berria den ikuspegi bat erabiltzen da; izan ere, agerian uzten da artxibategi publikoetan eta pribatuetan mota bateko zein besteko dokumentuak daudela. Horrela erakusten da jatorriz publikoak ziren dokumentu batzuei artxibategi pribatuei dagokien funtzionamendu araubidea aplikatzen zaiela eta jatorri pribatuko dokumentu batzuei, berriz, artxibategi publikoetako kudeaketa irizpideak, sartzen direneko prozedura administratiboaren arabera. Horrek erakusten du zein garrantzitsua den dokumentuak beren eratze prozesuaren barrenean kokatzea, hots, sorreratik bertatik abiatuta helburuko erabilera bukatu arte.

III. titulua Nafarroako artxibo sistemari buruzkoa da eta zuzeneko lotura du Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak dokumentu ondareari buruz dioenarekin. Zehazki, bere barrenean dauden Nafarroako Foru Komunitateko artxibo guztien koordinazio eta lankidetzarako goreneko esparru gisa eratzen da Sistema. Artxibo publiko eta pribatuak hartuko ditu, eskubide eta eginbehar berberak baitituzte, hala nola metodologia eta baliabide berberak dokumentuen bizi-ziklo osoan egiten duten lan artxibistikoaren abiapuntu gisa. Estandar berberak aplikatuz, dokumentuen titularrak diren entitateei ahalik eta zerbitzurik eraginkorrena ematea bilatzen da eta, azken finean, Nafarroako dokumentu ondarea antolatu, kudeatu, zaindu eta zabaltzen egindako ahalegina nafar guztien onerako izan dadila.

IV. tituluak Nafarroako erakunde eta entitate publikoetako artxibo sistemak ditu aztergai. Horien artean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren sistema nabarmentzen da, foru administrazioaren menpeko artxiboen zuzendaritzan eta koordinazioan eginkizun garrantzitsua baitu. Horren barrenean sartzen dira, besteak beste, Errege Artxibo Nagusia, administrazioaren artxiboa, artxibo zentralak, bulego artxiboak eta Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea. Sistema honek eredugarria izan behar du dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko erakundeek dituzten beste sistema batzuentzat, batez ere toki entitateentzat eta Nafarroan dauden beste administrazio publiko batzuentzat. Bestalde, foru legean toki entitateek dokumentuak kudeatzeko moduak sailkatzen ditu, 15.000 biztanletik gorakoentzat modu bat eta hortik beherakoentzat beste bat. Betiere, denak daude behartuak beren dokumentuak egoki antolatu eta kontserbatzera. Foru legearen arabera, Nafarroan dauden beste entitate edo erakunde publiko batzuek ere dokumentuak kudeatzeko sistema berariazkoak izan behar dituzte, bakoitzaren esparruan dagoen legediari jarraikiz.

Azkenik, V. tituluan zehapen araubidea jasotzen da. Foru lege honetan ezarritako eskubide eta eginbeharrak ez betetzetik datozen arau-hausteak sailkatzen dira, Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legetik abiatuta.

I. TITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Foru legearen helburua.

Foru lege honen helburuak dira, batetik, titulartasun publikoko dokumentuak eta titulartasun pribatukoak mugatzea; bestetik, Nafarroako artxibo sistema eratzea, batez ere bere egitura, bere partaideen eskubide, betebehar eta eginbeharrak eta bere antolaketa eta tratamendu artxibistikoa; eta, azkenik, Nafarroako Gobernuaren, toki entitateen eta Nafarroako Foru Komunitatean dauden beste erakunde publiko batzuen dokumentazioa kudeatzeko irizpideak finkatzea. Horrekin Nafarroako dokumentu ondarea kontserbatzea eta ugaltzea bilatzen da eta, aldi berean, ondare hori behar bezala identifikatu, antolatu, ebaluatu, jendearen eskura jarri, kontserbatu eta zabaltzea, beharrezkoa den tratamendu teknikoa erabiliz.

2. artikulua. Definizioak.

Foru lege honen ondorioetarako, definizio hauek ezarri dira:

a) Dokumentua: hizkuntza natural nahiz kodetuan ahoz nahiz idatziz egindako edozein adierazpen, eta edozein adierazpen grafiko, soinuzko edo irudizko, edozein modutako euskarri material gaurko nahiz etorkizunekoan jasoa eta pertsona fisiko edo juridikoen jardueran sortua.

b) Dokumentu ondarea: Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 71. artikuluan sartuta dauden dokumentuen bilduma.

c) Dokumentu funtsa: dokumentu multzo organiko bat da, pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribatu batek bere jarduera eta eginkizunak betetzean bere bizitzan zehar prozesu naturalean bilduz osatua.

d) Dokumentuen bilduma: multzo artifizial bat da, aldez aurretik finkatutako helburu eta erabilera batzuk lortzeko asmoz egindako hautapen batetik abiatuta. Dokumentuen bildumetan dokumentuak beren jatorrizko testuingurutik aparte agertzen dira, gehienetan gaiaren arabera antolatuak.

e) Artxiboa: organismo edo instituzio bat da, dokumentuak eta dokumentu funtsak antolatu, zaindu, kudeatu, deskribatu, kontserbatzeko eta zabaltzeko eginkizunak berariaz betetzen dituena, gero kudeaketa administratiborako, informaziorako eta ikerkuntzarako erabiltzeko. Artxiboa da, halaber, dokumentu funtsa edo funtsen multzoa.

f) Dokumentuak kudeatzeko sistema: dokumentuek beren bizitzako aldi guztietan behar duten tratamendua finkatzeko arau eta politikak garatzeko oinarritzat hartzen diren printzipio metodologikoak, teknikak eta baliabideak mugatzen, ezartzen eta ebaluatzen dituen markoa, etapa bakoitzerako antolaketa, kontserbazio, tratamendu eta erabilera arau ezberdinak finkatzen dituena.

g) Dokumentuen bizi-zikloa: dokumentuak dituen faseak; alegia, sortzen denetik lekukotasun historiko gisa duen garrantziagatik behin betikoz kontserbatzea edo balio administratiboa ahitua duela-eta desegitea erabakitzen den artekoa.

h) Dokumentu saila: administrazio jarduera berean prozedura-arau eta arau juridiko berberei jarraikiz sortutako dokumentuen multzoa; edo jarduera beraren ondorioz jarraian sortutako dokumentu multzoa.

i) Dokumentuen ebaluazioa: dokumentu sail bakoitzean, dokumentuaren bizi-ziklo bakoitzerako kontserbazio epeak ezartzeko, partez edo osorik suntsitu behar den erabakitzeko edo haiek eskuratzeko irizpideak baloratzea.

j) Kontserbazio arauak: dokumentuak ebaluatzeko erabaki multzo bat, honako hauek finkatzeko: erakunde batek bere eginkizunak garatzeko lanean sortzen dituen sail guztietan, sailaren bizi-zikloaren fase bakoitzerako kontserbazio epeak, saila eskuratzeko arauak eta azkeneko kokagunea.

k) Kontserbazioaren egutegia: baliabide artxibistiko bat da, erakunde baten barrenean sortzen diren dokumentu sail guztiendako kontserbazio arauak edo haien ebaluazioaren gaineko erabakiak biltzen dituena.

3. artikulua. Aplikazio esparrua.

1. Foru lege honen pean egonen dira Nafarroako administrazio publikoetako eta haren menpe dauden enpresa, erakunde eta entitateetako artxiboak eta dokumentazioa, hala nola Nafarroako artxibo sisteman sartuta daudenak.

2. Bidezkoa denean, foru lege hau aplikatuko zaie, Nafarroako artxibo sisteman sartuta egon gabe, Nafarroako dokumentu ondarea osatzen duten artxibo eta dokumentuei.

II. TITULUA. Dokumentuak

4. artikulua. Titulartasun publikoko dokumentuak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, titulartasun publikoko dokumentuak dira Nafarroako administrazio eta erakunde publikoek beren jarduera politiko eta administratiboan sortzen dituzten dokumentuak, hala nola, jatorri pribatua izanik, aipatu erakundeek beraiei dagozkien eginkizunetan jasotzen dituztenak.

2. Titulartasun publikoko dokumentuak, sortu edo pilatzen diren unetik, dokumentu ondarearen zati dira eta horien kudeaketa foru lege honetan ezarritako printzipioei jarraikiz eginen da, Nafarroako artxibo sistemari dagokionez.

Dokumentu publikoen antolamendua, ebaluazioa eta kontserbazioa eta horiek eskuratzeko bidea kasuan kasuko titularren zuzeneko erantzukizuna da.

3. Titulartasun publikoko dokumentuak dira enpresa eta entitate pribatuek eginkizun publikoetan ari direla sortzen dituztenak. Horrenbestez, kasuan kasuko artxibo publikoan sartuko dira eta administrazio titularrak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz kudeatuko.

4. Titulartasun publikoko dokumentuak kudeatzen edo zaintzen dituen erakunde edo entitate bat iraungi edo desagertzen bada, iraungitzeko eskumena duen organoak erabakiko du dokumentazioa zein artxibo publikotara eramanen den.

5. Zerbitzu dokumentaletarako laguntza teknikoa kontratatuz gero, organo edo entitate titularraren esku geldituko da kudeaketa sistema aukeratzea, hala nola kontratatzen den jardueraren zuzendaritza eta gainbegirale lana egitea.

6. Kargu publikoei dagozkien eginkizunetan ari diren bitartean pertsonek sortu edo jasotzen dituzten dokumentuak titulartasun publikokotzat hartuko dira ondorio guztietarako. Beraz, kasuan kasuko artxibo sistemaren zati izanen dira.

7. Titulartasun publikoko dokumentuak bahiezinak, preskribiezinak eta besterenezinak dira.

5. artikulua. Titulartasun pribatuko dokumentuak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, titulartasun pribatuko dokumentuak dira pertsona edo entitate juridiko-pribatu batenak direnak, dokumentuak publikoak edo pribatuak diren kontuan hartu gabe.

2. Titulartasun pribatuko dokumentuak Nafarroako dokumentu ondarearen zati dira, Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 71. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Titulartasun pribatuko dokumentuekin osatzen diren artxiboak Nafarroako artxibo sisteman sartzen ahalko dira. Sartuz gero, foru lege honetan aipatzen diren eskubide eta eginbeharrak izanen dituzte.

4. Sisteman sartzen ez direnek administrazio publikoek Nafarroako dokumentu ondarea kontserbatu eta sustatzeko ematen dituzten onurak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte.

5. Artxiboen gaineko eskumenak hartzen dituen departamentuak garrantzi handiko dokumentu ondarea duten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei laguntza teknikoa emanen die.

6. Dokumentu pribatuen titularrak diren entitate edo pertsonek zilegi dute dokumentuak artxibo publiko batean gordetzea, behar bezala kontserbatu eta jendearen eskura jar daitezen, betiere ezartzen diren baldintzetan.

III. TITULUA. Nafarroako artxibo sistema

I. KAPITULUA. Definizioa eta egitura

6. artikulua. Definizioa.

Nafarroako artxibo sistema Nafarroako Foru Komunitatean dauden artxibo arloko organo, zentro, zerbitzu eta bestelako baliabideen multzo koordinatua da. Arau eta prozedura komunak aplikatuz, tratamenduaren uniformetasuna, elkar-osagarritasuna eta eraginkortasuna bermatzen du, Nafarroako dokumentu ondarea egoki kudeatu, babestu, baloratu, kontserbatu, bildu, deskribatu eta zabaltzeko lanetan. Helburu horiek kideen arteko lanaren koordinazioari eta lankidetzari esker lortzen dira, batez ere artxibo lanetan teknologia berriak sartuz.

7. artikulua. Egitura.

Hauek dira Nafarroako artxibo sistemaren partaideak:

a) Artxiboen arloan eskumena duen departamentua, Nafarroako artxibo sistemaren burua izanen baita.

b) Nafarroako Kultura Kontseilua.

c) Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea.

d) Nafarroako Foru Komunitatean dauden administrazio publiko guztietako organo, zentro, zerbitzu eta bestelako baliabide artxibistikoak, edozein delarik dokumentuen titularra eta antzinatasuna.

e) Hitzarmen baten bidez, sisteman sartzen diren organo, zentro, zerbitzu eta bestelako baliabide artxibistiko pribatu batzuk.

f) Erregelamenduz sisteman sartzeko aukeratzen diren beste organo batzuk.

II. KAPITULUA. Nafarroako artxibo sistemaren organoak

8. artikulua. Sistemaren burua.

1. Nafarroako artxibo sistemaren burua den aldetik, artxiboen arloan eskumena duen departamentuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako artxibo sistema koordinatzea, bertan parte hartzen duten organoak sustatuz eta arau eta teknika artxibistikoak ezarriz.

b) Profesionalak eguneratzeko prestakuntza bultzatzea eta Sistemako artxiboetan teknologia berriak sartzea sustatzea.

c) Dokumentuak eskuragarri jartzeko sustapen lana egitea.

d) Nafarroako administrazio publikoek sortutako dokumentazioa Kontserbatzeko Egutegi Orokorra eguneraturik izatea, administrazio batzuetan dokumentuen ebaluaziorako batzordeak egonda ere.

e) Sisteman sartutako artxiboetan dokumentuak kudeatzeko irizpideak egoki aplikatzen direla begiratzea.

f) Sisteman dauden artxiboei aplikatzen ahal zaizkien kudeaketa ebaluatzeko adierazleak edo kalitatea ebaluatzekoak homologatzea.

g) Nafarroako dokumentu ondarea kontserbatu eta zabaltzeko sustapen lana egitea eta, ondare horri dagokionez, kultur intereseko ondasunen eta ondasun inbentariatuen adierazpenen espedienteak izapidetzea.

h) Nafarroako Artxiboen Errolda egin eta eguneraturik edukitzea.

i) Ikuskapen lana egitea eta zehapen espedienteak izapidetzea.

j) Dokumentuen kudeaketarekin eta artxiboekin zerikusirik izanik, erregelamenduz agintzen ahal zaion beste edozein eginkizun.

2. Sistemaren buruari agindutako eginkizunak hobeki gauzatzeko, Nafarroako Artxiboen Erregistroa sortzen da, non Nafarroan dauden zentro artxibistiko guztiak inskribatu beharko baitira. Erregistroko datuak, batez ere, Artxiboen Errolda eta Nafarroako Artxiboen Mapa egin eta eguneratzeko erabiliko dira, bi horiek beharrezko tresnak baitira dokumentuen kudeaketaren eta artxiboen tratamenduaren arloan lehentasunak ezartzeko.

9. artikulua. Nafarroako Kultura Kontseilua.

1. Nafarroako Foru administrazioak kultur arloan kontsultatu eta aholku eskatzeko duen organoa da. Hortaz, dokumentuen eta artxiboen gainekoak ere hari dagozkio.

2. Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoez gainera, Nafarroako Kultura Kontseiluak eginkizun hauek ere izanen ditu:

a) Dokumentuen kudeaketaren eta artxiboen tratamenduaren arloko jarduketak proposatzea.

b) Artxibo lanen gaineko txostenak egitea eta horren gaineko programa orokorrak lagundu eta sustatzea.

c) Nafarroako artxibo sisteman artxibo berriak sartzearen gaineko txostenak prestatzea.

d) Nafarroako Artxiboen Errolda nola prestatzen den gainbegiratzea.

e) Dokumentu ondareari buruz egiten diren kultur intereseko ondasunen eta ondasun inbentariatuen adierazpenen espedienteetan txostena prestatzea.

f) Arau berriei buruzko proposamenen gainean aginduzko txostena prestatzea, baita sistemaren buruak sistemaren barreneko zentro guztietan ezartzeko proposatzen dituen koordinazio baliabide guztien gainean ere.

3. Batzordearen osaera, funtzionamendua eta konpentsazioak erregelamendu bidez ezarriko dira. Batzordekideen artean, bai administrazio publikoetako artxiboetako profesionalak, baita sisteman sartuta dauden entitate pribatuetakoak ere egon beharra xedatuko da.

10. artikulua. Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea.

1. Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea aholku emateko organo teknikoa da, artxiboen arloko eskumenak dituen departamentuari atxikia. Nafarroako administrazio publikoetan sortutako dokumentuen balorazioari, hautapenari eta eskuragarritasunari buruz txostenak egitea dagokio.

2. Hona hemen Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordearen eginkizunak:

a) Dokumentu sailak suntsitu edo etengabe gorde behar diren ebaluatzeko irizpideak eta artxiboko dokumentuen eskuragarritasunari buruzkoak finkatzea.

b) Dokumentuen balorazioarekin eta indarreko legediarekin bat, Nafarroako dokumentu ondarearen barrenean diren dokumentuak eskuratu ahal izateko baldintza eta epeak finkatzea.

c) Erregelamenduz ezartzen diren gainerako eginkizunak.

3. Batzordearen osaera, funtzionamendua eta konpentsazioak erregelamendu bidez ezarriko dira.

4. Administrazio publikoek zilegi dute dokumentuen baloraziorako batzordeak eratzea. Batzorde horiek prestatzen dituzten kontserbazio egutegiak Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeari igorri beharko dizkiote.

5. Ebaluazio batzorderik ez duten administrazio publikoek Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeari igorriko dizkiote proposamenak.

III. KAPITULUA. Nafarroako artxibo sistemako kideen eskubide, betebehar eta eginkizunak

11. artikulua. Eskubideak.

1. Foru lege honen 7. artikuluko d), e) eta f) letretan aipatu diren Nafarroako artxibo sistemako kideek Nafarroako Foru Komunitateko administraziotik ondoko hauek jasotzeko eskubidea dute, hitzarmenen eta laguntza publikoen bidez, betiere aurrekontuetan horretarako diru aski baldin badago:

a) Foru lege honetan ezarritako helburuak lortzeko aholku teknikoak.

b) Funtsak kontserbatzeko eta dokumentuak zaharberritzeko laguntza.

c) Artxiboetako langileak prestatzeko eta haien lanbide kualifikazioa hobetzeko programetan parte hartzeko laguntza.

d) Instalazio materialak hobetzeko dirulaguntzak eta aholku teknikoak.

e) Dokumentazioaren tratamendurako dirulaguntzak eta aholku teknikoak fase guztietan.

f) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak dokumentuak kudeatzeko eta artxiboen tratamendurako erabiltzen dituen teknologia berriei buruzko informazioa eta, orobat, baldintza tekniko egokiak dituzten programak ezartzeko dirulaguntzak eta aholku teknikoak.

2. Nafarroako artxibo sistemako partaideek elkarren arteko lankidetza sustatzeko akordio eta bestelakoak sinatzen ahalko dituzte, foru lege honetan adierazitako helburuak betetze aldera.

12. artikulua. Baldintza teknikoak.

Nafarroako artxibo sistemako kideek baldintza tekniko hauek bete beharko dituzte:

a) Haien funtsentzat egokien den dokumentuen kudeaketa sistema aplikatzea, foru lege honetan eta berau garatzeko onesten diren arauetan ezartzen denari jarraikiz.

b) Behar diren langileak izatea, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Dokumentuak kontserbatzeko eta behar bezalako tratamendu artxibistikoa egiteko instalazio egokienak izatea.

d) Jendearentzat irekitzeko toki eta ordutegi bat izatea, dokumentazioa herritarren eskura jarriko dela bermatzeko.

e) Dokumentazioa aurkitzen laguntzeko deskripzio bideak prestatzea.

13. artikulua. Langile arloko baldintzak.

1. Nafarroako artxibo sisteman sartutako artxiboek artxiboaren zerbitzu beharrei aurre egiteko eta foru lege honetan adierazitako helburuak lortzeko adina langile tekniko espezialista izanen dituzte.

2. Artxiboen zerbitzuko teknikariek behar duten titulazioa, prestakuntza eta lanbide profila behar denean ezarriko dira.

3. Nafarroako artxibo sisteman sartutako artxibo zentroetako arduradunek goi mailako titulua izan beharko dute.

4. Beste artxibo batzuekin lankidetza hitzarmenak sinatzen dituzten administrazio publikoek langile tekniko espezialistak kontratatzeko eskatuko diete, artxibo haiek sisteman egon ala ez egon.

5. Nafarroako artxibo sistemako artxiboei atxikitako pertsonek sarbide mugatua duten dokumentuetako datuak isilpean gorde behar dituzte.

14. artikulua. Laguntza eman beharra.

Nafarroako artxibo sistemako kideek Nafarroako Artxiboen Errolda eta Mapa prestatzeko behar den informazioa eman beharra dute, eta artxiboetan gertatzen diren aldaketa guztiak jakinarazi behar dituzte, errolda eta mapa eguneraturik izan daitezen.

IV. KAPITULUA. Antolamendu eta tratamendu artxibistikoa

15. artikulua. Dokumentuen bizizikloa eta horren faseak.

1. Nafarroako artxibo sistemako kide diren erakundeek erabiltzen dituzten dokumentuen kudeaketa sistemek entitate titularraren antolaketari egokitutako egitura izanen dute. Dokumentuen kudeaketa eta tratamendu artxibistikoa dokumentuen bizi-ziklo osoan eginen da, sorreratik bertatik.

2. Dokumentuaren adina fase hauen araberakoa izaten da:

a) Fase aktiboa: dokumentua izapidetze-aldian dagoenean edo sortu zuen bulegoak ohiz erabiltzen duenean. Kudeaketa artxiboarekin edo bulegoko artxiboarekin bat dator.

b) Fase erdi-aktiboa: ohiko izapideak bukatuta, dokumentazioak administrazio indarra izaten segitu arren, sortu zuen unitateak ohiz erabiltzen ez duenean. Bitarteko artxiboarekin bat dator.

c) Fase ez-aktiboa: funtsezko administrazio balioa galduta, dokumentazioa modu iraunkorrean gorde behar denean, dokumentazioa informaziorako edo ikerketarako erabilgarria delako. Artxibo historikoarekin bat dator.

3. Dokumentuak kontserbatzeko arauetan dokumentu sail bakoitzerako faseak arautuko dira. Fase horiek kasuko kontserbazio egutegian jasoko dira.

4. Fase edo etapa bakoitzari tratamendu artxibistiko jakin bat dagokio.

5. Artxibo batetik bestera dokumentuak eramateko orduan, artxibo sistemako kide bakoitzak ezartzen dituen kontserbazio arauak bete beharko dira.

16. artikulua. Bulegoko artxiboa.

Bulegoko artxiboetan entitateak duen unitate bakoitzak bere jardun espezifikoan sortu eta biltzen duen dokumentazioa gordetzen da. Hona hemen haien eginkizunak:

a) Kudeaketa administratiboari laguntzea.

b) Dokumentuak sortu dituen entitatearen jarduketa eta jarduerak justifikatzea.

c) Herritarren eta administrazioaren eskubide eta eginbeharrak bermatzea, jarduketen gardentasuna eta legezkotasuna frogatuz.

d) Administrazio prozesu eta prozedurak sinplifikatu eta arrazionalizatzeko behar diren neurriak ezartzeko bidea erraztea.

e) Dokumentazioa behar bezala sailkatua eta antolatua izatea.

f) Dokumentuak bakoitzak duen balioaren arabera kontserbatuko direla bermatzen duten neurriak aplikatzea.

g) Datuen babesa bermatzea.

h) Babes unitatean egon behar duen denbora bukaturik, dokumentazioa bitarteko artxibora eramatea, ezartzen den moduan eta epeetan.

i) Bitarteko artxibora eraman aurretik, informaziorako dokumentazio lagungarria zena suntsitzea.

17. artikulua. Bitarteko artxiboa.

Bitarteko artxiboak entitatearen unitate guztiek sortu eta bildutako dokumentazioa modu zentralizatuan gordetzeko ardura duten zentroak dira, dokumentuen fase aktiboa iraungi ondoren. Hona hemen haien eginkizunak:

a) Unitate dokumentu-sortzaileei norberaren dokumentazioa eskuratzeko aukera ematea.

b) Jendeak dokumentuak eskuratzeko eskubidea bermatzea, indarreko legediaren arabera.

c) Datuen babesa bermatzea.

d) Sailak identifikatu eta baloratzea.

e) Funtsezko dokumentuak identifikatzea eta haien babesa bermatzea.

f) Dokumentazioa artxibo historikora bidaltzea ezartzen den moduan eta epeetan.

g) Dokumentuen ebaluaziorako proposamenak egitea.

h) Dokumentuak suntsitzeko ebazpenak aplikatzea, benetan suntsi- tzen direla bermatuz.

i) Dokumentuen eskuragarritasuna eta kontserbazioa denbora guztian bermatzen duten ekipoak, materialak eta teknologia ezartzea.

18. artikulua. Artxibo historikoa.

Artxibo historikoetan, erdi-aktibotasunaren fasea iraungi ondoren, duten informazioagatik edo ikerkuntzarako duten balioagatik modu iraunkorrean kontserbatzeko modukotzat jotzen diren dokumentuak jaso, kontserbatu eta zabaltzen dira. Hona hemen haien eginkizunak:

a) Dokumentuak jendearen eskura jartzea.

b) Dokumentuak behar bezala antolatu eta deskribatzen direla bermatzea.

c) Dokumentuen behar bezalako kontserbazioa eta, behar bada, zaharberritzea bermatzea.

d) Dokumentazioa kultur kudeaketarako eta zabalkunderako tratatzea.

e) Nafarroako dokumentu ondarearen kontserbazioa sustatzea.

f) Nafarroako dokumentu ondarearen dokumentazioa gordailupean jasotzea.

g) Dokumentu ondarea zabaltzeko programak sustatzea.

19. artikulua. Dokumentuen ebaluazioa eta kontserbazio egutegiak.

1. Kontserbazio egutegiak dokumentuen ebaluaziorako prozesuaren emaitza dira. Bertan dokumentu sail bakoitzerako faseak ezartzen dira (aktiboa, erdi-aktiboa, ez-aktiboa) eta artxibo mota bakoitzean iraun beharreko denbora finkatzen. Prozesu horretatik, lan hauek etorriko dira:

a) Hautapena, hots, zein dokumentu kontserbatuko diren eta zein dokumentu ezabatuko erabakitzea.

b) Ezabaketa, hots, balio administratibo edo historikorik ez duten dokumentuak suntsitzea.

2. Debekatuta dago dokumentuen ondare publiko nahiz pribatu diren ondasunak ezabatu edo suntsitzea, salbu eta, ebaluazio batzordeak proposaturik, behar den ebazpena ematen bada.

3. Artxiboetako arduradunek dokumentuen ebaluaziorako proposamenak eginen dizkiote nork bere ebaluazio batzordeari. Erabakiak irmo bilakatu ondoren, kontserbazio egutegia prestatuko da. Artxibo arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio.

4. Ebaluazio batzorderik ez dagoen tokietan, dokumentu funtsen titularrek prestatzen dituzten ebaluazioak Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeari igorri beharko dizkiote, erregelamenduz ezartzen den prozedurari jarraikiz, hark txostena egin dezan.

20. artikulua. Dokumentazioa jendearen eskura jartzea.

1. Pertsona guztiek dute artxiboetako informazioa eskuratu eta Nafarroako dokumentu ondarea osatzen duten agiriak kontsultatzeko eskubidea, horien kopia lortzea barne dela, kasuan-kasuan aplikatzekoa den legediaren arabera, zeinahi delarik dokumentuaren titularra.

2. Murrizketak ezarriko dira, bakar-bakarrik, pertsonen oinarrizko eskubideak babestea lehentasunezkoa denean eta, orobat, hori agintzen duen berariazko arauen bidez araututako kasuetan.

3. Administrazio publikoen kasuan, dokumentuak eskuratzeko epeak kasuan kasuko dokumentuen ebaluaziorako batzordeak finkatuko ditu. Epe horiek finkatzen ez diren bitartean, dokumentua sortu eta hurrengo 30 urteetan iraunen dute dokumentu publikoak kontsultatzeko legezko debekuek, non eta berariazko legedian ez den besterik ezartzen.

4. Dokumentuetan ageri diren datuek eragina izan dezaketenean pertsonen segurtasunean, ohorean, intimitatean edo irudian, dokumentu horiek, arau orokor gisa, eta berariazko legedian ez bada besterik ezartzen, kontsultatzeko moduan izanen dira ukitutako pertsonek horretarako baimena ematen badute, edo, bestela, horiek hil eta 25 urte pasa direnean; pertsona noiz hil zen jakin ezean, dokumentuak, amaitu zirenetik 50 urte pasatakoan, kontsultatzeko moduan izanen dira.

IV. TITULUA. Erakundeen artxibo sistemak

I. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren artxibo sistema

21. artikulua. Definizioa.

Nafarroako artxibo sistema Nafarroako Foru Komunitatean dauden artxibo arloko organo, zentro, zerbitzu eta bestelako baliabideen multzo koordinatua da. Arau eta prozedura komunak aplikatuz, tratamenduaren uniformetasuna, elkar-osagarritasuna eta eraginkortasuna bermatzen du, Nafarroako dokumentu ondarea egoki kudeatu, babestu, baloratu, kontserbatu, bildu, deskribatu eta zabaltzeko lanetan. Helburu horiek kideen arteko lanaren koordinazioari eta lankidetzari esker lortzen dira, batez ere artxibo lanetan teknologia berriak sartuz.

22. artikulua. Egitura.

Hauek dira Nafarroako Foru komunitateko administrazioaren artxibo sistemaren partaide:

a) Sistemaren zuzendaritza.

b) Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea.

c) Bulegoko artxiboak.

d) Artxibo zentralak.

e) Administrazioaren artxiboa.

f) Nafarroako Errege Artxibo Nagusia.

g) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpeko erakunde publikoetako eta haren menpeko beste entitate batzuetako artxiboak.

h) Foru lege hau aplikatzearen ondorioz sortzen diren edo sisteman sartzen diren artxibo arloko organo, zentro, zerbitzu eta baliabideak.

23. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren artxibo sistemaren zuzendaritza.

Artxiboen arloan eskumena duen departamentua izanen da Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren artxibo sistemaren zuzendaria, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuaren dokumentuen kudeaketa sistema mugatzea, haren ezarpena koordinatzea eta funtzionamendua gainbegiratzea.

b) Dokumentuak antolatzeko teknikak eta haien tratamendua, eskuragarritasuna eta kontserbazioa arautzen dituen araudia prestatzea, dokumentuen bizi-zikloaren fase guztietarako.

c) Dokumentuen bizi-ziklo osoan gainbegiratze-lana egitea eta artxibo arloko teknikak ezartzeari buruz aholku ematea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren dokumentu ondarea osatzen duten dokumentuak kontserbatu eta zaharberritzeko programa eta jarduerak gauzatzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren dokumentu ondarea zabaltzea.

f) Artxibo arloko tekniketan lanbide prestakuntza emateko programak sustatu eta gauzatzea.

24. artikulua. Bulegoko artxiboak.

Administrazio unitateetan bulegoko artxiboak izanen dira. Eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Beren kudeaketa eremuko unitatearen administrazio lanetan laguntzea, administrazioaren gainerako unitateekin koordinaturik.

b) Herritarren eta administrazioaren eskubide eta betebeharrak bermatzen laguntzea.

c) Dokumentazioa sailkatu eta ongi antolaturik izatea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren artxibo sistemaren zuzendaritzak ematen dituen arauei jarraikiz.

d) Informaziorako dokumentazio lagungarria zena ezabatzea, dokumentazioa artxibo zentralera edo administrazioaren artxibora igorri aurretik, indarreko arauekin bat.

e) Kontserbazio egutegian finkatzen diren epeak betetzea eta dokumentazioa artxibo zentralera edo, hala badagokio, administrazioaren artxibora igortzea.

f) Dokumentuetako datu pertsonalen babesa bermatzeko neurriak aplikatzea.

25. artikulua. Artxibo zentralak.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko departamentuek, erakunde publikoek eta haren menpeko beste entitate batzuek ondoko eginkizunak izanen dituen artxibo bat izanen dute:

a) Administrazio unitate guztietatik datozen dokumentuak biltzea, kontserbazio arauetan ezartzen diren epeei jarraikiz.

b) Dokumentuak kudeatzeko arauak aplikatzeari buruzko aholkuak ematea bulegoei, batez ere dokumentuak antolatu eta deskribatzeari dagokionez.

c) Administrazio unitateetako langileei dokumentuen oinarrizko kudeaketa teknikei buruzko prestakuntza ematea, sistemaren zuzendaritzarekin koordinaturik.

d) Dokumentuak unitate sortzaileen, herritarren eta administrazio prozeduretako interesdunen eskura jartzea, kasuan-kasuan aplikatu behar den araudiarekin bat.

e) Dokumentazioa ongi antolaturik izatea eta, administrazioaren artxibora eraman arte, beharrezkoak diren teknikak aplikatzea.

f) Aldian behin, dokumentazioa administrazioaren artxibora eramatea, kontserbazio arauei jarraikiz.

g) Administrazioaren artxibora eraman aurretik, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordearen proposamenari jarraikiz hautatzen diren dokumentuak suntsitzea.

26. artikulua. Administrazioaren artxiboa.

Bitarteko artxiboa izanik, administrazioaren artxiboari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Bulegoko artxiboetatik eta artxibo zentraletatik ohiko transferentzia bidez datorren dokumentazioa hartzea, haietan egoteko epea bukatu ondoren.

b) Dokumentuak sortu zituzten unitateei dokumentu horiek kontsul- tatzeko eta maileguan hartzeko aukera bermatzea.

c) Dokumentuak herritarren eta interesdunen eskura jartzea, kasuan-kasuan aplikatu behar den araudiarekin bat.

d) Dokumentazioaren tratamendu teknikoa egitea, egoki kudeatzeko, kontserbatzeko eta eskuratzeko.

e) Bulegoko artxiboetan eta artxibo zentraletan teknika artxibistikoen aplikazioa koordinatzea.

f) Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordean aurkeztuko diren espedienteak prestatzea eta hartzen diren erabaki eta ebazpenak egoki betetzen direla begiratzea.

g) Dokumentuen bizi-ziklo osoan kontserbazio arauak zuzen betetzen direla gainbegiratzea.

h) Nafarroako Errege Artxibo Nagusira eraman aurretik, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordearen proposamenari jarraikiz hautatzen diren dokumentuak suntsitzea.

27. artikulua. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia Nafarroako Erreinuko erakundeen artxiboa da eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren artxibo historikoa. Hori dela eta, honako eginkizun hauek ditu:

a) Nafarroako Erreinuko erakundeen funtsak gorde, kontserbatu eta zabaltzea.

b) Kontserbatzen dituen dokumentuak jendearen eskura jartzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bere jardunean sortu edo biltzen duen dokumentazioa jasotzea ohiko transferentzia bidez, hots, ebaluatu eta administrazioan indarra galdu duela egiaztatu ondoren, kultur balioa edo ikerkuntzarako balioa izateagatik bereizten dena.

d) Titularrek haren esku uzten dituzten beste funts batzuk gordetzea, hitzarmen bidez ezartzen diren baldintzetan.

e) Gordetzen dituen dokumentu funtsei tratamendu teknikoa egitea.

f) Dokumentuen behar bezalako kontserbazioa eta, behar bada, zaharberritzea bermatzea.

g) Nafarroako dokumentu ondarea zabaltzeko programak sustatzea.

h) Dokumentuen kudeaketaren inguruan, agintzen zaizkion bestelako eginkizunak.

II. KAPITULUA. Toki entitateen artxibo sistemak

28. artikulua. Nafarroako artxibo sistemari lotzea.

1. Nafarroako toki entitateak Nafarroako artxibo sistemaren barruan daude eta, horrenbestez, beren jardunean sortu edo jasotzen dituzten dokumentuak sortu, kudeatu, antolatu, kontserbatu eta zabaltzeko tratamendu egokia bermatzeko ezartzen diren arau eta prozedurak aplikatu behar dituzte.

2. Beharkizun horrek toki entitateak eta haien menpe dauden erakunde autonomo eta enpresa publikoak hartzen ditu eta, orobat, partaidetzaren gehiengoa toki entitateena duten partzuergo, fundazio eta bestelako entitateak.

29. artikulua. 15.000 biztanletik gorako udalak.

1. 15.000 biztanletik gorako udal bakoitzak bere artxibo sistema izan beharko du, bertako udal artxiboak zuzendua, tokian tokiko antolaketa arauetan xedatzen denaren arabera.

2. Hona hemen udal artxiboaren eginkizunak:

a) Euskarri guztietako dokumentuei aplikatzen zaizkien prozedura eta eragiketa teknikoak gainbegiratzea, hura sortzen denetik ezabatu edo kontserbatu arte.

b) Bere sistemarentzako arauak ezartzea, dokumentazioa egoki sortu, antolatu, sailkatu eta tratatzeko.

c) Teknika artxibistikoen gaineko lanbide prestakuntzarako programak sustatzea.

d) Kontserbaziorako irizpide, epe eta arauak ezartzea.

e) Dokumentuen transferentziak eta ezabaketak kudeatzea.

f) Dokumentuetara jo eta kontsultatzeko aukera dagoela bermatzea.

g) Udalaren dokumentu ondarea baldintza egokietan gordetzea, ongi kontserbatzeko.

h) Udalaren dokumentu ondarea handitu eta berreskuratzeko ahaleginak egitea, legatu eta dohaintzak onartuz eta erosketak, hitzarmenak edo egokitzat jotzen den beste edozein sistema erabiliz.

i) Udalaren dokumentu ondarearen zabalkunde lana egitea.

j) Bere lurralde eremuan legez iraungitzen diren kontzejuen dokumentazioa beretzat hartzea.

3. Udal artxiboek artxiboaren zerbitzu beharrei aurre egiteko eta foru lege honetan adierazitako helburuak lortzeko adina langile tekniko espezialista izanen dituzte.

4. Zerbitzuaren zuzendaritza administratibo eta teknikoa udal artxibozainari dagokio. Artxibozainak goi mailako unibertsitate titulua eduki beharko du.

5. Udalek udal artxibo batzuen zuzendaritza administratibo eta teknikoa kudeatzeko mankomunitateak eratzen ahalko dituzte.

6. Udal artxiboak dokumentazioa egoki tratatzeko eta zerbitzua ongi emateko behar diren instalazio eta baliabide teknikoak izan beharko ditu.

7. Foru Komunitateko administrazioak beharrezkoak diren lankidetza hitzarmen eta baliabideak erabiliko ditu artikulu honetan ezarritakoa bete dadin.

30. artikulua. Beste toki entitate batzuk.

1. 15.000 biztanletik beherako toki entitateek artxibo bana izanen dute. Hari dagokio artxiboen arloan eskumena duen departamentuak finkatzen dituen arau eta prozedura tekniko orokorrak aplikatzen direla begiratzea. Hori helburu, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak laguntza edo aholku teknikoa emateko berariazko programak sortuko ditu, haien dokumentuak antolatu, kontserbatu, gorde eta jendeak eskuratzeko.

2. Toki entitate horiek artxibo zerbitzuak konpartitu edo mankomunatzen ahalko dituzte, proportzionaltasun, lankidetza eta lurraldetasun irizpideei jarraikiz. Horrelakoetan, zerbitzua goi mailako titulua duen artxibozain baten gainbegiratzearen eta zuzendaritza teknikoaren pean egonen da, foru lege honetan ezarri bezala.

3. Toki entitateek dokumentazioaren tratamendua eta kontserbazioa bermatzeko instalazio eta baldintza tekniko egokiak izanen dituzte, baita haien eskuragarritasuna bermatzeko ere.

4. Toki entitate horien dokumentu ondarearen kontserbazio onerako arriskua izanez gero, artxiboen arloan eskumena duen departamentuak ahalmena izanen du dokumentazioa Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gorde dezatela agintzeko, kontserbazioa bermatzeko baldintza egokiak izan arte.

III. KAPITULUA. Beste erakunde eta entitate batzuen artxibo sistemak

31. artikulua. Nafarroako Parlamentua.

Nafarroako Parlamentuak eta haren menpeko organoek orain arte dituzten artxiboei eta dokumentuen kudeaketa sistemei eutsiko dizkiete, baina, irizpide teknikoei, baliabide materialei eta langileei dagokienez, foru lege honetan xedatutakoari jarraituko diote.

32. artikulua. Estatuko administrazio orokorra.

Nafarroako Foru Komunitatean dauden Estatuko administrazio orokorreko organoek beren artxibo sistemak eratuko dituzte eta, dokumentuen kudeaketari eta artxiboei dagokienez, Estatuko legedian kasuan kasuko esparrurako xedatutakoari jarraituko diote.

33. artikulua. Epaitegi eta auzitegiak.

Epaitegi eta auzitegiek beren artxibo sistemak eratuko dituzte eta, dokumentuen kudeaketari eta artxiboei dagokienez, beren legedia berariazkoan xedatutakoari jarraituko diote.

34. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere artxibo sistema eratuko du eta, dokumentuen kudeaketari eta artxiboei dagokienez, bere legedia berariazkoan xedatutakoari jarraituko dio eta, horrelakorik ezean, foru lege honetan ezarritakoari.

35. artikulua. Fede publikoaren artxiboak.

Notario-fede eta erregistro-fede publikoaren jardunaren artxiboek beren legedia berariazkoan xedatutakoari jarraituko diote.

36. artikulua. Nafarroako artxibo sisteman sartzea.

Kapitulu honetan adierazitako erakunde eta organoetako artxibo sistemak egokien den baliabide juridikoaren bitartez sartuko dira Nafarroako artxibo sistemaren barrenean, baina beren izaera eta funtzionamendua arautzen dituzten legezko arauak errespetatuz.

V. TITULUA. Zehapen araubidea

37. artikulua. Arauhausteak, zehapenak eta zehapen prozedura.

1. Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoak deusetan galarazi gabe, foru lege honetan ezartzen diren eginbehar eta betebeharrak urratzen dituzten egintzak edo ez-egiteak arau-hauste administratibotzat hartuko dira.

2. Ondoko hauek arau-hauste oso larriak dira:

a) Nafarroako dokumentu ondarearen barreneko dokumentazioa legez kontra besterentzea.

b) Nafarroako dokumentu ondarearen barreneko dokumentuak kasuan kasuko dokumentuen ebaluaziorako batzordearen erabakia izan gabe suntsitzea.

c) Arau-hauste larri bat berregitea.

3. Ondoko hauek arau-hauste larriak dira:

a) Nafarroako dokumentu ondarearen ondasunen kontserbazioan utzikeria erakustea, ondarea suntsitu edo hondatzeko arriskua baldin badago.

b) Erakunde eta funtzionario publikoek arrazoirik gabe baimenik ez ematea norbaitek Nafarroako dokumentu ondareko dokumentuak eskuratzeko.

c) Entitate edo pertsona pribatuek titulartasun publikoko dokumentuak bidegabeki atxikitzea.

d) Nafarroako Artxiboen Errolda prestatzen lagundu nahi ez izatea behin eta berriz.

e) Ikuskapen lanak galaraztea.

f) Arau-hauste arin bat berregitea.

4. Foru lege honetan ezarritako beste betebehar batzuk ez betetzea arau-hauste arina izanen da, salbu eta behin baino gehiagotan egiteagatik bestela sailkatu behar baldin badira.

5. Zehapenak Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoak izanen dira.

6. Zehapen prozedura Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak. Zehazki Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeko 80. artikuluko 2. idatz-zatia.

Azken xedapenetan lehena ._Nafarroako Gobernuari baimena ematea.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena ._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko apirilaren 4an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0706079

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web