(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2006 FORU LEGEA, martxoaren 9koa, Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari buruzkoa Nota de Vigencia.

BON N.º 33 - 17/03/2006



  I. KAPITULUA. Kontseiluaren izaera eta osaera


  II. KAPITULUA. Kontseiluko organoak


  III. KAPITULUA. Kontseiluaren araubide ekonomikofinantzarioa


ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseilua apirilaren 4ko 8/1995 Foru Legearen bidez sortu zen, gizarte, ekonomia eta lan arloan organo aholku-emaile izateko Foru Komunitateko administrazioarentzat. Sortu zenetik pasatu den denborak erakutsi du lege araudi berria izatea komeni dela, horrela funtzionamenduan malgutasun handiagoa izan dezan, modu eraginkorragoan aritu ahal izateko.

Foru lege honek kontseiluaren orain arteko araudiari eusten dio funtsezko alderdietan eta, hala, ez da kideen osaera aldatu, administrazioaren eta ordezkagaitasuna duten organizazio batzuen ordezkariak biltzen baitira, nahiz eta arlo berri batzuk aipatu behar diren, esate baterako lan batzordeak sortzea, txostenak, proiektuak edo proposamenak egiteko lan talde gisa, bai eta kontseiluaren lehendakariordetzaren eta idazkaritza nagusiaren instituzionalizazioa ere.

Adierazi behar da foru legearen edukia Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen edukiaren arabera moldatu dela. Lege horren 28. artikulutik 34.era bitartekoetan kide anitzeko organoak arautzen dira.

Foru legea honela banatuta dago: 3 kapitulu, 16 artikulu, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

I. kapituluak, 1. artikulutik 4.era bitarte, kontseiluaren izaera eta osaera arautzen du. II. kapituluan, 5. artikulutik 15.era bitarte, kontseiluaren organoak zehazten dira. III. kapituluak, 16. artikuluan, kontseiluaren araubide ekonomiko finantzarioa biltzen du.

Lege testu hau prestatzeko prozesuan, ekonomia eta gizarte kon- tseiluko gaur egungo kideek lege testuaren edukiaren berri izan dute eta iradokizun batzuk egin dituzte. Horietako asko foru lege honetan bildu dira.

I. KAPITULUA. Kontseiluaren izaera eta osaera

1. artikulua. Izaera.

1. Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseilua gizarte, ekonomia eta lan arloko organo aholku-emailea da Foru Komunitateko administrazioarentzat.

2. Kontseilua Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren menpe egonen da organikoki.

2. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak hogeita hamar kide izanen ditu, lehendakaria barne Nota de Vigencia.

a) Horietako zazpik lehen taldea osatuko dute; hots, Foru Komunitateko administrazioaren ordezkariena. Horien arteko bat, gutxienez, Nafarroako toki administraziokoa izanen da.

b) Bigarren taldea sindikatuetako zazpi kidek osatuko dute.

c) Hirugarren taldeak enpresaburuen elkarteetako zazpi kide izanen ditu.

d) Laugarren taldean zazpi kide izanen dira: bi ordezkari gizarte ekonomiaren sektorekoak, ordezkari bat kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteetakoa, bi ordezkari nekazari eta abeltzainen elkarteetakoak, ordezkari bat elkarte ekologistetakoa eta ordezkari bat Nafarroako Unibertsitate Publikoak hautatu beharrekoa.

e) Bosgarren taldeak Foru Komunitateko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren sektoreko bi kide izanen ditu Nota de Vigencia.

2. Kontseiluan lehen taldekoak diren kideak Nafarroako Gobernuak hautatuko ditu, toki administraziokoa izan ezik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautatuko baitu.

3. Kontseiluan bigarren taldekoak diren kideak ordezkagaitasun handienekotzat jotzen diren sindikatuek hautatuko dituzte, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoari jarraituz, eta ordezkagaitasun horren arabera, eta kide batentzako lekua gordeko da izaera hori izan ez arren Foru Komunitatean langileen ordezkarien, enpresa batzordeetako kideen eta administrazio publikoetako kasuko organoetako kideen 100eko 10 edo gehiago lortu duen sindikatu bakoitzeko.

4. Kontseiluan hirugarren taldekoak diren kideak ordezkagaitasuna duten enpresaburu elkarteek hautatuko dituzte, beren ordezkagaitasunaren arabera, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 10eko 8/1980 Legearen seigarren xedapen gehigarriari abuztuaren 2ko 32/1984 Legeak emandako testuan ezarritakoari jarraituz.

5. Kontseiluan laugarren taldekoak diren kideak ondoko entitate edo elkarteek hautatuko dituzte, kasu bakoitzaren arabera:

a) Gizarte ekonomiaren sektorekoak, Foru Komunitatean sektore horretan ezarrita dauden kooperatiba-elkarteek eta lan sozietateen elkarteek.

b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei dagokiena, Nafarroan ezarrita dauden kontsumitzaile eta erabiltzaileen aldeko elkarteek.

c) Nekazaritza eta abeltzaintza sektorekoak, Foru Komunitatean sektore horretan ezarrita dauden lanbide elkarteek.

d) Elkarte ekologistei dagokiena, Nafarroan ezarpen handiena duenak.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoarena, bertako Gobernu Kon- tseiluak.

5.bis Nafarroako Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak izendatuko ditu Bosgarren Taldearen izenean kontseiluko kideak izanen direnak Nota de Vigencia.

6. Bigarren, hirugarren eta laugarren taldeen kasuan, titularrak adina ordezko kide hautatuko dira.

7. Kontseiluan ordezkariak dituen elkarteetakoren batek aldaketak izaten baditu ordezkagaitasunean, egoera berrira egokituko da kontseiluaren osaera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudiarekin bat, bi hilabeteko epean, aldaketa izan dela egiaztatzen denetik hasita.

3. artikulua. Izendapena eta agintaldia.

1. Nafarroako Gobernuaren foru dekretu baten bidez izendatuko dira Kontseiluko kideak.

2. Agintaldia lau urtekoa izanen da, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik hasita, eta lau urtez behin berritu ahalko da.

3. Baldin eta agintaldia bukatuko balitz kide berririk izendatu gabe, jardunean segituko dute harik eta izendapen horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu arte.

4. artikulua. Karguuztea.

1. Kontseiluko kideek arrazoi hauetakoren batengatik utziko dute kargua:

a) Agintaldia bukatzeagatik.

b) Hautatu zituzten erakunde edo elkarteek proposaturik.

c) Norberak eskatuta.

d) Judizialki deklaratutako ezgaitasunagatik.

e) Doluzko delitu baten ondorioz epai irmo baten bidez kondena hartzeagatik.

f) Heriotzagatik.

g) Hautatu zituen elkartearen ordezkagaitasuna aldatzen denean.

2. Foru dekretu bidez erabakiko da kargu-uztea.

3. Behar baino lehen gerta litezkeen hutsuneak aurreko 2. eta 3. artikuluetan ezarritako moduan beteko dira. Kide berriaren agintaldia kontseiluko gainerako kideenarekin batera bukatuko da, non eta ez den gertatzen 1. zenbakian aurreikusitako egoeraren bat.

II. KAPITULUA. Kontseiluko organoak

5. artikulua. Kontseiluko organoak.

Kontseilua organo hauetan egituratuta dago:

a) Osoko bilkura.

b) Lan batzordeak.

c) Lehendakaria.

d) Lehendakariordea.

e) Idazkari nagusia.

6. artikulua. Osoko bilkura.

Osoko bilkura kontseiluko organo erabakitzaile nagusia da, eta kide guztiek osatuko dute, lehendakariaren zuzendaritzapean eta idazkari nagusiaren laguntza duela.

7. artikulua. Osoko bilkuraren eginkizunak.

1. Ondokoak dira osoko bilkuraren eginkizunak:

a) Nahitaezkoa izan arren loteslea ez den irizpena ematea gai hauen gainean:

a.1) Gizarte eta ekonomiaren edo lanaren arloko gaiak arautzen dituzten foru legeen aurreproiektuak, Nafarroako Gobernuaren ustez arlo horietarako garrantzizkoak badira, eta bereziki, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko Foru Legearen aurreproiektua, horren gaineko irizpena Gobernuak Nafarroako Parlamentura bidaliko duen proiektuari erantsiko baitzaio.

a.2) Kontseiluaren beraren antolaketan, eskumenetan edo funtzionamenduan funtsezko eragina duten foru legeen aurreproiektuak edo administrazio xedapenen proiektuak.

a.3) Beste edozein gai, baldin eta, lege batean ezarritakoaren arabera, nahitaezkoa bada horri buruzko kontsulta egitea kontseiluari.

b) Txostenak edo azterlanak egitea, bere ekimenez edo Nafarroako Gobernuak edo Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak eskaturik, gizarte eta ekonomiaren edo lanaren arloko gaien inguruan, bai eta beste gai batzuen gainean ere, hala nola ekonomia, fiskalitatea, gizarte ongizatea, nekazaritza, abeltzaintza, merkataritza, hezkuntza, kultura, ikerketa, osasuna, kontsumoa, ingurumena, garraioak, komunikazioak, industria, etxebizitza, eskualdeen garapena, azpiegiturak, Europar Batasuna eta estatistika.

c) Urtero, Nafarroako egoera sozioekonomikoari eta lan egoerari buruzko txostena prestatu eta Nafarroako Gobernuari igortzea, gero Nafarroako Parlamentuari bidaltzeko.

d) Kontseiluaren aurrekontuei buruzko proposamena egin eta onestea.

e) Hala behar denean, kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko barne erregelamenduaren proposamena egitea, Nafarroako Gobernuari bidaltzeko, onets eta argitara dadin.

f) Lan batzordeak eratu eta desegitea eta haien eskumenak eta funtzionamendu-araubidea zehaztea.

2. Aurreko 1. ataleko a) eta b) letretan aipatzen diren irizpenak hamabost egun naturaleko epean eman beharko ditu kontseiluak, eskaera jasotzen duenetik hasita. Bidaltzen den espedientean berariaz eta arrazoiak emanda adierazten bada irizpena presakoa dela, epea zazpi egunekoa izanen da. Epea bukatu eta irizpena eman ez bada, egintzat joko da, eta bidezkoak diren ondorioak izanen ditu.

8. artikulua. Osoko bilkuraren funtzionamendua.

1. Lehendakariak deituta eginen da osoko bilkura. Era berean, kide guztien herena ordezkatzen duen kide-kopuruak eskatzen duenean ere egin ahalko da.

2. Osoko bilkura lehen deialdian balio osoz eratuko da kideen erdiak gutxienez agertzen badira, lehendakaria edo legez haren ordezkoa dena barne. Bigarren deialdian ez da kideen gutxienekorik eskatuko, nahiz eta beharrezkoa izanen den lehendakaria edo legez haren ordezkoa dena bertan izatea.

3. Osoko bilkuraren erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengo soilaz hartuko dira.

4. Berdinketa izanez gero, kalitatezko botoa izanen du lehendakariak.

5. Bilkurako kide batzuk gehiengoak hartutako erabakiarekin ados ez badaude, aukera izanen dute boto partikularra emateko; boto horiek, izenpetu ondoren, hartutako erabakiari lotuko zaizkio.

9. artikulua. Lan batzordeak.

1. Lan batzordeak azterketa-taldeak dira, osoko bilkuran ebatzi beharreko txostenak, proiektuak edo proposamenak egiten dituztenak.

2. Osoko Bilkurari dagokio beharrezkotzat jotzen diren lan batzordeak eratzea eta haien osaera zehaztea. Salbuespen gisa, lehendakariak lan batzordeak eratzen ahalko ditu, betiere Osoko Bilkurak berretsi beharko dituenak.

10. artikulua. Lehendakaria.

Kontseiluko lehendakaria Nafarroako Gobernuaren foru dekretu baten bidez izendatuko da, gutxienez ere kontseiluko kideen erdiak proposaturik.

11. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

Lehendakariak eginkizun hauek ditu:

a) Kontseilua zuzentzea eta haren ordezkaritza izatea.

b) Bilkuretarako dei egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea.

c) Bilkuretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Erabakiak bete daitezela xedatzea.

g) Kontseiluko lehendakari karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua. Lehendakariordea.

1. Kontseiluak lehendakariorde bat izanen du, eta lehendakariak hautatuko du kontseilukideen artetik.

2. Kontseiluko lehendakariordeak lehendakaria ordeztuko du haren kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean edo beste arrazoi justifikaturen bat izaten denean, eta hark espresuki eskuordetzen dizkion eginkizunak ere bete ahalko ditu.

13. artikulua. Kontseiluko kideen ahalmen eta eginkizunak.

1. Kontseiluko kideek ahalmen eta eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Bilkuretako gai-zerrenda jasotzen duen deialdia garaiz hartzea.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere. Administrazioaren ordezkari diren kideak ezin izanen dira bozketetan abstenitu.

d) Galderak eta eskaerak egitea.

e) Esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne, garaiz jasotzea.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

2. Organo kolegiatuko kide titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez, horrelakorik baldin badago.

14. artikulua. Idazkari nagusia.

1. Idazkari nagusiak Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko pertsona bat izan behar du.

2. Idazkari nagusia, Kontseiluko kidea izan gabe, foru dekretu baten bidez libreki izendatuko da eta kargutik kenduko.

3. Idazkari nagusiaren kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez organo kolegiatuko beste kide bat arituko da, hots, Foru Komunitateko administrazioan hierarkia, antzinatasun eta adin gutxiago duen bat, ordena horri segituz. Hierarkia eta antzinatasuna organo horri buruzkoak izanen dira.

15. artikulua. Idazkari nagusiaren eginkizunak.

Idazkari nagusiak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osoko bilkuran eta lan batzordeetan parte hartzea, hizpidearekin baina botorik gabe.

b) Organoaren bilkuretarako dei egitea, organoaren lehendakariak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Kideak eta organoa elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

d) Arazoak ebazteko bidea prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Idazkari nagusiaren karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

III. KAPITULUA. Kontseiluaren araubide ekonomiko-finantzarioa

16. artikulua. Araubide ekonomikofinantzarioa.

1. Kontseiluak, bere helburuak betetzeko, Nafarroako aurrekontu orokorretan esleitzen zaizkion baliabide ekonomikoak izanen ditu.

2. Kontseiluko kideek, lehen taldeko kideek izan ezik, bilkuretara joatearen truke ezar daitekeen ordainsaria jasotzeko eskubidea izanen dute.

3. Halaber, lan batzordeetako kideek ere ordainsaria jaso dezakete, batzorde horiei eskatzen zaizkien txostenak egiteagatik.

4. Aurreko lerrokadetan aipatzen diren ordainsariak ordainduko zaizkie kontseiluko kideak hautatu dituzten entitateei.

5. Idazkari nagusiak dagozkion eginkizun eta lanen araberako ordainsaria izanen du. Ordainsari hori bateragarria izanen da Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko funtzionario edo enplegatu gisa dagokiokeenarekin.

Lehen xedapen iragankorra ._Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko egungo kideen jardunaren iraupena.

Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari buruzko apirilaren 4ko 8/1995 Foru Legeak arautzen duen Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko egungo kideek beren karguan iraunen dute harik eta kide berrien izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den arte.

Bigarren xedapen iragankorra ._Eratze bilkura eta lehendakaria.

Kontseilua eratzeko bilkuran, eta lehendakaria izendatu bitarte, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren egungo lehendakariak iraunen du kargu horretan jardunean.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetu egin dira foru lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena ._Arau osagarriak.

Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamenduari buruz foru lege honetan aurreikusi ez den orotan, Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan ezarritako arauak aplikatuko dira.

Azken xedapenetako bigarrena ._Erregelamendu bidezko garapenerako gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako hirugarrena ._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2006ko martxoaren 9an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0604316

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web