(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

132/2002 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 17KOA. EZARTZEN DU ZER OSASUN ETA HIGIENE BALDINTZA BETE BEHAR DITUZTEN TATUAJEAK EDO PIERCING DIRELAKOAK EGITEN DITUZTEN ESTABLEZIMENDU EZ MEDIKOEK.

BON N.º 96 - 09/08/2002; corr. err., BON 30/08/2002



Atariko

Azken urteetan gora handia egin du gazteen artean gorputza tatuaje edo piercing direlakoen bidez apaintzeko moda estetikoak. Hortaz beharrezkoa da hainbat neurri hartzea bai lokal horien erabiltzaileen osasuna eta bai teknika horiek aplikatzen dituzten langileena babesteko.

Odola gaitzak kutsatzeko bide izan daiteke. Gaitz horietan kezkagarrienak giza inmunoeskasia (VIH), hepatitis B (VHB) eta hepatitis C (VHA) eta -gutxiago baina- hepatitis A (VHA) direlako birusek sortzen dituztenak dira. Hartarako askotariko aurreneurriak hartu behar dira kutsadura galarazteko. Neurri horietatik gehienak osasun lanaren arloan hartu izan dira, han bestetan baino kutsadura arrisku gehiago egoten baita, bere gutxian ere.

Hala ere, ez da gutxietsi behar azala edo mukosak zulatzen direneko praktiketan egoten den arriskua, nola diren tatuaje edo piercing direlakoei lotutako teknikak, osasun arloaz kanpo egiten baitira. Horretan aritzen diren osasun langileek osasun prestakuntza berariazkorik ez izateak arrisku hori handitu dezake, gainera.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak ezartzen dute nahitaezkoa dela Osasun Administrazio Publikoek herritar guztiek osasuna babesturik egotea segurta dezaten.

Ildo horretatik, Senatuaren osoko bilkurak, 1999ko azaroaren 16an, eta 84. parlamentari mozioak bultzatuta, Gobernuari eskatu zion Lurraldearteko Kontseiluan eta Estatu zein Komunitate Autonomoen eskumenak erabiliz, batera zezala zer baldintza tekniko bete behar dituzten -lanbide prestakuntzari, osasun garantiei eta abarri dagokionez-, jendea tatuatu, gorputza eraztunez apaindu (piercing) eta mikropigmentazio teknikak erabiltzen dituzten zentro eta profesionalek.

Bestetik, Europako araudiek izan duten bilakaeraren ondorioz eta giza osasunaren babes maila hobetu beharrak ekarrita, 2000ko otsailaren 11ko Ministerio Aginduak (zeinak azaroaren 10eko 1406/1989 Errege Dekretuko I. eranskina aldatzen duen) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 94/27/EE zuzentaraua erantsi dio gure lege sistemari. Zuzentarau horrek hainbat muga ezartzen ditu zenbait sustantzia eta prestagai arriskutsu (nikela eta haren konposatuak) merkaturatu eta erabiltzeko azalarekin zuzenean eta luzaro kontaktuan egon behar badute, nikelak eraso egiten baitio giza azalari.

Halaber martxoaren 1eko 414/1996 Errege Dekretuak, zeinak sendagaiak arautzen dituen, tatuajerako produktuak ere hartzen ditu, zabalpenez, bere barnean, bosgarren xedapen gehigarriak agintzen duenaren arabera. Produktu horiek, beraz, 5.1, 16, 17 eta 18. artikuluek agintzen dutena bete behar dute.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak osasun administrazioaren gain uzten du, osasunaren aldeko eskuartzeen artean (23. artikuluko e) letra), ezartzea, kontrolatzea eta ikuskatzea zer osasun eta higiene baldintza bete behar dituzten beren garabide eta jardunbidean elkarbizitza publiko nahiz kolektiboa egiten den jarduerek, lokalek eta eraikinek, eta oro har giza bizitzaren gertaleku diren ingurumenek.

Bestalde, 34.1 artikuluko c) letrak ezartzen du udalak eskudun izanen direla etxebizitzako eta giza elkarbizitzako eraikin eta lekuen osasun kontrola egiteko, bereziki elikatze eta orraztatze zentroetan eta sauna, higiene pertsonala, hotel eta bizileku, ikastetxe, turismo kanpaleku eta gorputz, kirol eta josteta jarduerak izaten diren zentroetan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko osasun administrazioei esleitzen dizkien eskumenak erabiliz, bada, Osasun kontseilariak hala proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hamazazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Helburua.

Foru Dekretu honen helburua da ezartzea zer beharkizun tekniko, eta zer osasun baldintza eta prozedura aplikatu beharko diren gutxienez tatuaje edo piercing direlakoak egiten diren establezimendu ez medikoetan.

2. artikulua. Definizioak.

Foru Dekretu honek agintzen duenerako:

Tatuajea: Giza gorputza apaintzeko prozedura, azala ziztatuz pigmentu kolore-emaileak sarturik, mikropigmentazio teknika ere barne direla.

Piercing-a: Giza gorputza apaintzeko prozedura, joiak edo apaingarriak gorputzari eratxikiz, hartarako azala, mukosak eta beste ehun organikoen bat zulatuz.

Tatuaje edo piercing aplikatzaileak: Azala, mukosa eta beste ehunen bat zulatzea dakarten jardueretan aritzen diren langileak.

Lan eremua: Berariaz tatuaje edo piercing eta antzeko jarduerak egiten diren establezimenduko egoitza.

Esterilizazioa: Mikrobio bizitza erabat suntsitu edo kentzea.

Desinfekzioa: Mikroorganismo patogenoak desagerrarazteko prozesua, baina ez nahitaez mikrobio forma guztiak.

3. artikulua. Eremu fisikoak.

1. Foru Dekretu honen barreneko jarduerak egiten diren lokalek gutxienek honako eremu banakatu hauek izan beharko dituzte:

a) Itxaron eremua: bezeroen erosotasuna segurtatzeko moduko baldintzetan.

b) Lan eremua. Bertan honako ekipamendua egonen da eta honako baldintzak beteko:

- Behar adinako haizeberritze natural edo bortxatua, eta behar adinako argiztatze natural edo artifiziala.

- Zoru-paretak lauak izanen dira, material ez porosoez estaliak, garbiketa sendoa eta desinfekzioa jasateko moduan.

- Ur lasterreko esku garbitokia, behar diren higiene osagaiak dituena.

c) Bezeroek erabiltzeko komuna, komuntzuloa eta ur lasterreko esku garbitokia eta behar diren higiene osagaiak dituena.

2. Lokal berak etxebizitzarako, merkataritzarako edo bestelako zainketa pertsonaleko jardueretarako ere erabiltzen badira badira, lan eremuak haietatik garbiro bereizita beharko du, banagarri fisiko eta funtzionalak erabiliz.

4. artikulua. Establezimenduen, ekipamenduen eta materialen baldintzak.

1. Lan azalera guztiak material ez porosoez estaliak egonen dira, erraz garbitu eta desinfektatzeko moduan.

2. Azalpean, mukosetan eta beste ehunetan sartu behar diren material guztiak, hala nola orratzak eta bizarra kentzeko makinak, esterilak izanen dira, eta erabilaldi bakoitzaren ondotik botatzekoak.

Azala, mukosak eta beste ehunak ukitu behar dituzten materialak, hala nola pintzak, tatuaje orratzetako xiriak, dermografoaren hodia, piercing-eko joiak eta abar, pertsona bakoitzarekin erabili baino lehen esterilizatu beharko dira.

3. Erabiltzailea ukituko duen gainerako materiala, eta bai jardueran aritzeko berariaz behar den arropa ere erabilaldi bakoitzaren ondotik garbitu edo berritu beharko dira.

4. Esterilizatu behar diren tresnak aurretik garbitu eta estutxatu beharko da, autoklabez esterilizatzea ezintzen ez duten eta kutsadurari gogor egiten dioten materialekin, eta test kimiko bat eginen da egiaztatzeko benetan esterilizatu dela, eta iraungitze data jasoko da.

5. Erabilaldi bakarreko brotxak erabiliko dira kremak eta jeleak aldatu eta banaka aplikatzeko.

6. Esterilizazio aparatua zerbitzu tekniko gai batek mantenduko du, fabrikanteak gomendatzen duen bezain maiz, eta mantentze operazioen erregistro bat edukiko da.

7. Piercing prozeduretan, erabilitako joia edo elementuak hipoalergikoak izanen dira.

8. Tatuajerako tintek sendagaiei buruzko 414/1996 Errege Dekretua eta haren osagarrizko araudia beteko dituzte. Kutsadurarik eza segurtatzeko, tatuajea egin baino lehen bezero bakoitzarentzat behar den kopurua erabilaldi bakarreko tapoi batean jarriko da, eta bota eginen da soberakina.

9. Materiala babesteko, armairuak edo bestelako biltegi itxiren bat egonen da.

10. Belarrietako piercinga egiteko pistola erabiltzen bada, erabili eta botatzeko kartutxoak erabiliko dira eta pistola 70.ºko alkoholezko soluzio batez garbituko erabilaldi bakoitzaren ondotik. Pistolak buru solidoa badu, %2ko glutaraldehidoan sartuko da edo %6ko hidrogeno peroxidoko ur oxigenatuan, fabrikanteak agintzen duen denboran.

Pistola belarrietako piercinga egiteko baizik ez da erabiliko.

11. Itxaron eremua, lan eremua eta bezeroek erabiltzeko komuna garbi, desinfektatuta eta egoki zaindurik egonen dira eta gutxienez egunean behin garbituko dira, eta maizago zikintasunik agertzen bada. Epez epe azalera guztien desinfektazioa eginen da.

5. artikulua. Hondakinak nola kudeatu.

Hondakinak, Nafarroako Foru Komunitatean osasun hondakinei buruz indar duen araudiaren arabera eta arlo honetan aplikatu behar den toki araudien arabera kudeatuko dira.

6. artikulua. Pertsonak babesteko neurri orokorrak.

1. Azalpean sartu beharreko materialak erabiltzen diren egintzetan, aplikatzaileek eskularru kirurgikoak eta antzeko babes neurriak erabili behar dituzte.

2. Aplikatzaileek berariazko arropa erabiliko dute beren lanerako, kolore argikoa eta beti behar bezain garbia. Batak, izarak, babeskiak edo beste elementuren bat nahigabe odolez edo gorputz isurkiz zikintzen badira, berehala ordeztuko dira eta berriz erabili baino lehen behar bezala garbituko.

3. Foru Dekretu honetan arautzen diren jardueretan aritzen diren pertsonei zauriren bat egiten bazaie edo nola edo hala azala urratzen, parte hori babestuta eta iragazkaiztuta eduki beharko dute. Hori ezin bada, erabat sendatu arte ezin arituko dira bezeroekin edo tresna eta materialekin kontaktu zuzenean egon beharra ekartzen duten jardueretan.

4. Tatuaje edo piercingak egiten dituzten pertsonak hepatitis B, tetanos eta difteriaren kontra txertatuta egonen dira.

5. Bezero batekin lanean ari bitartean ez da zilegi izanen jatea, edatea edo erretzea. Ez da zilegi izanen lokal horietara animaliak sartzea.

6. Azaleko gaitz baten sintoma bistakoak ageri dituzten pertsonei ez zaie atentziorik emanen, non eta ez duten mediku baten ziurtagiria aurkezten gaitz hori kutsagarria ez dela frogatzeko.

7. Aurreko neurriez gain, maiatzaren 12ko 664/1997 Errege Dekretuak langileak beren lanean agente biologikoen eraginpean egotearen ondoriozko arriskuetatik babestu beharraz agintzen duena beteko da.

7. artikulua. Autokontroleko neurriak.

1. Foru Dekretu honetan arautzen diren establezimenduen titularrek izanen dute erantzunbeharra bertan egiten diren jardueren segurtasun eta higienearen gainean, eta bai instalazioak, ekipamendua eta tresnak arau honek eta kasurako diren beste araudiek agindu bezalako kondizioetan edukitzearen gainean.

2. Tatuaje edo piercingerako establezimenduen titularrek argi hauteman behar dute beren laneko zein alderdi den funtsezkoa bai zerbitzua erabiltzen dutenen osasuna eta bai tatuaje edo piercinga egiten duten pertsonen osasuna babesteko eta hartarako behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dituzte.

3. Tatuaje edo piercing establezimenduen titularrek bezeroen erregistro gaurkotua edukiko dute, eta praktikak hasi baino lehenagoko adostasun dokumentua jasoko eta bai, hala bide denean, bezeroaren legezko ordezkariak baimena eman izanaren frogagiria ere, II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa.

Erregistro hori establezimenduan gordeko da gutxienez tatuaje edo piercinga egiten denetik urtebetean.

4. Idatzizko informazioak eta jarraibideak emanen zaizkie bezeroei, teknika hauek aplikatu ondoren, zikatrizazioaren gainean eta hartu beharreko prekauzioen gainean, eta ohartaraziko zaie problemaren bat sortuz gero medikuagana jotzeko.

5. Establezimenduan erabilitako produktu kimikoen segurtasun edo teknika fitxak gordeko dira.

8. artikulua. Informazioa eta osasunari buruzko heziera.

Osasun Departamentuak behar diren jarduerak bultzatuko ditu sektore honetako profesionalek osasunari buruzko informazioa eta prestakuntza izan dezaten, Foru Dekretu honek ezartzen dituen baldintzak errazago betetzeko.

9. artikulua. Tokiz tokiko establezimenduak.

Azalpean sartu beharreko materialak erabiltzen dituzten zerbitzuak ezin emanen dira establezimendu egonkorretan baizik, eta debeku da tokiz tokikoetan ematea.

10. artikulua. Arauhausteak eta zehapenak.

Foru Dekretu honek agintzen dituenen kontrako arau hausteak osasunari buruzko 10/90 Foru Legeko II. Tituluko VII. Kapituluan agintzen denaren arabera kalifikatu eta zehatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Dekretu honetan agintzen diren osasun eta higiene baldintzak eta beste beharkizunak, osasun zentroei ere eskatuko zaizkie baldin eta arau honek aipatzen dituen jarduerak egiten badira bertan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Dekretu honek indar hartzen duenean tatuaje edo piercingak egiten dituzten establezimenduen titularrek 6 hilabeteko epea dute, dekretuak indar hartzen duenetik, beren lokalak, instalazioak eta ekipamendua Foru Dekretu honek agintzen dituenen arabera moldatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari Foru Dekretu hau betearazi eta garatzeko behar diren neurriak hartzeko.

Bigarrena.

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web