(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2001 FORU LEGEA, martxoaren 1ekoa, ikerketarako, garapen zientifiko eta teknologikorako, berrikuntzarako, eta enplegu sustapenerako pizgarri fiskalei buruzkoa.

BON N.º 31 - 09/03/2001



Texto

Garapen zientifiko eta teknologikoa oinarri guztiz funtsezkoa da enpresen lehia-gaitasuna faboratzeko eta azken batez aurrerabide ekonomiko eta soziala bultzatzeko.

Ildo horretatik, ikerketa zientifiko, garapen eta berrikuntzarako 2000-2003 Plan Nazionalean aditzera ematen denez, hazkundea, enplegua, bizitzaren kalitatea eta azken batez gizartearen etorkizuna segurtatzeko ezinbestekoa da ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikorako gaitasuna indartzea, eta, beraz, administrazioak oinarrizko ikerketa indartu behar du, osagai funtsezkoa baita jakitatearen berrekuntza solidarioki bultzatzeko, eta horrez gain giro egokia sortu behar du enpresak bete-betean lot dakizkion berrikuntza teknologikoaren kulturari.

Foru Komunitateak beti bultzatu izan ditu ikerketa eta garapenerako jarduerak. Horrela, konparazio, Foru Diputazioak 1977ko ekainaren 10ean hartu Erabakiak formalki abiatu zuen Nafarroako enpresen ikerketa aplikatua diruz laguntzeko asmoa. Ondoren, halaber, Industri politikarako unean-uneko neurrien gaineko eta inbertsioa eta enplegua sustatzeko Araua etorri zen, 1982ko ekainaren 23an, zeinaren bidez Foru Diputazioak, sustapen jarduera orokorren artean, asmoa agertu zuen lehentasuneko arreta emateko ikerketa eta garapen teknologikoa bultzatzeari, eta bai hartarako laguntzen oinarriak finkatu ere, zeinak irailaren 16ko 2/1982 Foru Dekretuak onetsitako erregelamenduan zehaztu ziren.

Orobat, Sozietateen gaineko Zergari buruzko arauek indar hartu zutenetik (1978ko abenduaren 28an Foru Diputazioak onetsi zituen), kuotako kenketak sartu ziren, jarduera horiek zekartzaten inbertsio eta gastuen arabera.

1999ko martxoaren 15ean "Nafarroako 2000-2003 Plan Teknologikoa" onetsi zen, Nafarroan garapen industrial eta profesionalean esku duten guztiek parte hartuz itxuratua, enpresen lehia-gaitasuna hobetu eta enplegua sustatzea helburu, eta bai industriaren oinarri zientifiko eta teknologikoa indartzea ere.

Planean bertan aditzera ematen da zein garrantzi handia izan duen, arestian esan helburuak iristeko, ikerketa eta garapena bultzatzeko pizgarri fiskalen araubideak.

Foru Komunitatearen helburu lehenetsia delarik ikerketa eta garapeneko jarduerak aurrerarazi eta bultzatzea eta Nafarroa orain den bezala gastu eta inbertsio horietan gailen iraunaraztea, horrek azken batez komunitate honen aurrerabide ekonomikoa berretu baizik ez baitu eginen, ezinbestekoa da pizgarri fiskalen araubidea aldatzea, hobetu eta gaurkotu beharrez.

Beste alde batetik, politika ekonomikoaren beste helburu funtsezko bat kontratazio iraunkorra bultzatzea da. Horri gagozkiola, Enplegua Bultzatzeko Planak, Nafarroako Parlamentuak onetsia, ezarri du bere 6.4 puntuan zer neurri hartuko diren enplegu iraunkorra bultzatzeko, Estatuaren eta Foru Komunitatearen laguntzak egoki koordinatzeko neurriak hartu ahal izatea helburu, Nafarroarenak ausarkiago banatuz desenplegu handiena izaten duten sektoreetan. Neurri fiskal horiei dagozkiela, Sozietateen gaineko Zergan ezarritako pizgarriak hobetzea proposatzen zen, arestian aipatu gizatalde horien kasuan berretzeko.

Orain arteko helburu horiek iristeko, bada, foru lege hau onesten da; bi artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu.

1. artikuluan abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeari (Sozietateen gaineko Zergari buruzkoa) behar diren artikuluak aldatzen zaizkio, ikerketa eta garapen zientifikoa eta berrikuntza teknologikoa bultzatzeko pizgarri fiskalen araubide berria ezartzeko. Araubide horretan aipagarria da zer ahalegina egiten duen foru legeak kontzeptualki bereizteko zer den ikerketa eta garapena, eta nola kontzeptu berria sartzen den: berrikuntza teknologikoa.

Beste alde batetik, kenketa portzentajeak berretzen dira eta haien eremua zabaltzen; ezartzen da kenketa muga ez dela kuotan aplikatuko eta amortizatzeko askatasunaren onura hedatzen ikerketa eta garapen jarduera horien peko eraikinetara.

2. artikuluan enplegu egonkorra 2000. urtean sustatzeko neurri fiskalak ezartzen dira, Nafarroako Parlamentuak behiala onetsi zuen Enplegua Sustatzeko Plana betearazteko, desenplegurik handiena duten gizataldeentzako laguntzak berretzeko agintzen baitzuen.

Halatan, bada, 200.000 pezetako kenketa bat ezartzen da Sozietateen gaineko Zergaren kuotan, langabealdi luzeko pertsonak, 45 urtez goitiko langabeak eta emakume langabeak mugagabe kontratatzen diren aldiko, betiere kontratu horiek Gizarte Segurantzako kotizazioetako hobariak badituzte, Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 29ko 55/99 Legeko 28. artikuluak ezartzen dituenak.

Halaber, kenketa hori bera izanen dute 30 urtez beherako gazte langabeentzako kontratu mugagabeek ere, baldin lanbidean abiatzeko ikastaroak eta Enplegurako tailerrak egin badituzte.

1. artikulua. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen aldaketak.

2000ko urtarrilaren 1etik aurrera, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko artikulu ondoren aipatzen direnek honako testua izanen dute:

1. 16.1.a) artikulua

"a) Ikerketa eta garapenerako soilik eta erabat erabiltzen diren ibilgetu materialeko nahiz ez-materialeko elementuak.

Eraikinek zilegi izanen dute libreki amortizatzea ikerketa eta garapen jardueran erabiltzen diren partean."

2. 65.2. artikulua

"2. Kenkaria aplikatzea, ondasun eta diru kopuru beretarako, ezin baterako da zerga honetan ezartzen den beste inolako onura edo pizgarri fiskalekin, salbu eta 66. artikuluan ezartzen diren kenkariak eta 16. artikuluko 1 zenbakiko a) eta b) letrek aipatzen duten amortizazio askatasuna."

3. 66. artikulua.

"66. artikulua. Ikerketa zientifiko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egitearen ziozko kenkaria.

1. Ikerketa eta garapeneko jarduerak egiteagatik, horren aldera zerga-aldi horretan izandako gastuen 100eko 40ko kenkaria eginen zaio kuota osoari.

Aurreko lerrokadak aipatu duen kenkariaz gain, zerga aldi horretako gastu hauengatik ere beste 100eko 10eko kenkari bat eginen da:

a) Ikertzaile kualifikatuak soilik ikerketa eta garapen jardueretan aritzeko kontratatzeak erakundeari sortu dizkion gastuak.

b) Unibertsitateekin, ikerketa erakunde publikoekin, edo berrikuntza eta teknologia zentroekin kontratatu ikerketa eta garapen proiektuen gastuak, baldin zentro horiek Berrikuntza eta Teknologia Zentroak Arautzeari buruzko abenduaren 20ko 2609/1996 Errege Dekretuak halakotzat jo eta erregistratzen dituenetakoak edo Nafarroako Gobernuak lehendik halakotzat aitorturik dituenetakoak badira.

2. Ikerketatzat hartuko dira ezagupen orokor zientifiko eta teknikoen bilaketa edo zabalkunde guztiak, baldin produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo nabarmen hobetzeko balio badute.

Garapentzat hartzen da ikerketa edo bestelako ezagupen zientifiko baten emaitzak gauzatzea proiektu teknikoetan, produktu, prozesu edo zerbitzuentzako eskema edo diseinuetan, berriak izan nahiz aldatuak edo hobetuak, saltzekoak nahiz erabiltzekoak, horien barnean dela merkaturatzerik gabeko prototipoak sortzea. Jarduera honen barnean egonen ere da beste produktu, prozesu edo zerbitzuen formulazio kontzeptuala egitea bai eta hasierako erakustaldiak egiteko proiektuak ere, betiere baldin produktu horiek ezin bihurtu edo erabili badira aplikazio industrialetarako edo merkatuan esplotatzeko.

Ikerketa eta garapeneko jardueratzat hartzen da software aurreratua modutzea, baldin aurrerapen zientifiko eta teknologiko nabarmena ekartzen badu teorema eta algoritmo berriak garatuz edo sistema operatibo edo lengoaia berriak sortuz. Ez dira hemen sartzen softwarearen inguruan egiten diren ohiko jarduera arruntak.

3. Aurreko zenbakian sartu gabeko berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteak eskubidea emanen du kuota osoan kenkari bat egiteko, zenbaki honetan ezarri diren baldintzetan.

Berrikuntza teknologikotzat jotzen da produktu edo produkzio prozesu berriak edo lehengoen hobekuntza teknologiko nabarmenak lortzea emaitza duen jarduera. Berritzat joko dira lehengo produktu eta prozesuen aldean mamizko ezaugarri teknologiko diferenteak ageri dituztenak. Jarduera honetan sartuko da produktu eta prozesu berriak plano, eskema edo diseinu batean gauzatzea, eta bai merkaturatzerik gabeko prototipoak eta hasierako erakustaldiak egiteko proiektuak edo proiektu pilotoak sortzea, betiere baldin ezin bihurtu edo erabili badira aplikazio industrialetarako edo merkatuan esplotatzeko. Hemen sartzen ere dira diagnostiko teknologikoko jarduerak, soluzio teknologiko aurreratuak identifikatu, definitu eta orientatu beharrezkoak, hurrengo a) letrak aipatzen dituen erakundeek eginak, zein ere emaitza duten.

Kenkariaren oinarria kalkulatzeko zerga-aldi horretan berrikuntza teknologikoko ekintzetan honako kontzeptuengatik izandako gastuak hartuko dira aintzat.

a) Unibertsitateei, ikerketa erakunde publikoei, edo berrikuntza eta teknologia zentroei enkargatu zaizkien ikerketa eta garapen proiektuen gastuak, baldin zentro horiek Berrikuntza eta Teknologia Zentroak Arautzeari buruzko abenduaren 20ko 2609/1996 Errege Dekretuak halakotzat jo eta erregistratzen dituenetakoak edo Nafarroako Gobernuak lehendik halakotzat aitorturik dituenetakoak badira.

b) Diseinu industriala eta produkzio prozesuen ingeniaritza, horien barnean dela plano, marrazki eta euskarriak itxuratzea, produktu bat fabrikatu, saiatu, instalatu eta erabiltzeko behar diren deskripzio elementuak, zehaztapen teknikoak eta funtzionamendu ezaugarriak definitzekoak.

c) Teknologia aurreratua erostea: patenteak, lizentziak, "know how" delakoa eta diseinuak. Subjektu pasiboarekin lotutako pertsona edo entitateei pagatutako diru kopuruek ez dute kenkarirako eskubiderik emanen. Ez da zilegi izanen kontzeptu honi dagokion oinarria urtean 50 milioi pezeta baino gehiagokoa izatea.

d) ISO 9000, GMP edo antzeko serieko kalitatea ziurtateko arauak betetzearen egiaztagiria lortzea, arau horiek ezartzeak dakartzan gastuak barnean hartu gabe.

Kenkariaren portzentajea 100eko 15ekoa izanen da a) letran aurreikusten diren kontzeptuetarako eta 100eko 10ekoa gainerako letretan aurreikusten direnetarako.

4. Honakoak ez dira ikerketa eta garapen jardueratzat hartuko eta ez berrikuntza teknologikoko jardueratzat:

a) Berritasun teknologiko edo zientifiko nabarmenik berekin ez dakarten jarduerak. Bereziki produktu edo prozesuen kalitatea, lehengo produktu edo produkzio prozesu bat hobetzeko errutinazko ahaleginak eta lehengo produktu edo produkzio prozesu bat bezero batek berariaz eskatutakoetara moldatzeko lana, eta lehengo produktuak antzeko beste batzuetatik bereizteko egiten diren itxura hutseko edo garrantzi gutxiko aldaketak.

b) Produkzio industrialeko eta zerbitzu hornidurako jarduerak, edo ondasun eta zerbitzuak banatzekoak, bereziki produkzio jardueraren plangintza; produkzioaren prestalana eta abiatzea, beraren barnean dela tresnak doitzea eta aurreko zenbakiko b) letran aipatzen direnak ez beste jarduerak; produkziorako instalazioak, makinak, ekipoak eta sistemak eranstea edo aldatzea; etendako produkzio prozesuen problema teknikoak soluzionatzea; kalitate kontrola eta produktu eta prozesuen normalizazioa; merkatu ikerketak eta merkaturatzeko sare edo instalazioak ezartzea; jarduera horien inguruan langileak trebatu eta prestatzea.

c) Gizarte zientzien gaietan bilaketa egitea eta mineral eta hidrokarburoak esploratu eta ikertzea.

5. Nolanahi ere, subjektu pasiboak egindako ikerketa eta garapen gastuek edo berrikuntza teknologikoko gastuek harreman zuzena izan beharko dute jarduera horiekin; zinez izanen dira jarduera horiek gauzatzeko, eta berariazko proiektu banakatuetan egonen dira jasota.

Kanpoan egindako jarduerek sortu dituzten ikerketa eta garapen gastuek edo berrikuntza teknologikoko gastuek kenkaria izateko, nahitaezkoa da jarduera nagusia Espainian egitea eta ez izatea osotara inbertitu den kopuruaren 100eko 25 baino gehiagokoa.

Orobat, ikerketa eta garapen edo berrikuntza teknologikoko gastutzat hartuko dira subjektu pasiboak berak edo beste entitate batzuekin elkar harturik, jarduera horiek Espainian egiteko pagatu dituen diru kopuruak.

6. Artikulu honetako kenkaria erabili nahi duten subjektu pasiboek kasuko zergaren aitorpenarekin batera aurreko zenbakiak aipatzen duen proiektua ere aurkeztuko dute, eta bai proiektua azaltzeko memoria bat ere, zeinean xehero jasoko baita proiektuarentzako gastuen aurrekontua eta gastu horiek zein alditan egotziko diren.

Aurkeztutako proiektuari dagokion kenkaria egin behar den aldi bakoitzean, zehaztu eta frogatu beharko da, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak agintzen duen moduan, zenbatekoak diren proiektuari egotzi zaizkion eta kenkariaren oinarri diren gastu sailak.

Zenbaki honetako lehenbiziko lerrokadak aipatzen duen dokumentazioa azterturik, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentura bidaliko dira artikulu honetako 2. idatz-zatiak aipatzen dituen ikerketa eta garapen jardueren proiektu eta memoria, departamentu horrek txosten batean azal dezan jarduera horiek betetzen dituztenez kenkaria aplikatu ahal izateko behar diren baldintza eta betebeharrak. Hala ere, subjektu pasiboak zilegi izanen du zuzenean aipatu departamentuari eskatzea, instantzia batean arestian esandako dokumentazioa aurkeztuz, aipatu txostena eman dadila, zeina kasuko zerga aitorpenari erantsi beharko zaion.

Subjektu pasiboak zilegi izanen du azaltzea ez dagoela ados Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak jaulkitako txostenarekin (kenkaria aplikatu ahal izateko baldintzak betetzen diren ala ez erabakitzekoa), eta kontuan hartuko da kenkaria egiten den zerga aldiari dagokion likidazioan.

7. Halaber, kenkari hau aplikatzeko subjektu pasiboak zilegi izanen du tributu administrazioari eskatzea balorazio erabaki aurretiazkoak har daitezela ikerketa eta garapen edo berrikuntza teknologikoko gastuetarako.

8. Zilegi izanen da erregelamendu bidez zehaztea zer kasutan aplikatuko diren artikulu honetan aurreikusten diren kenkariak eta arau hauek aplikatzeko behar diren arauak ere bai, eta bereziki zer prozedura izanen den balorazio erebaki aurretiazkoak hartzeko, aurreko zenbakiak aipatzen dituenak."

4. 72.3 artikulua.

"3. Ez da zilegi izanen kapitulu honetan aipatzen diren kenkariak, salbu eta 63. artikuluko azken lerrokadan eta 66 eta 71. artikuluetan agintzen direnak, denak batera gehiagokoak izatea kuota osoari hobariak eta kenkariak kenduz ateratzen den kopuruaren 100eko 35 baino, zerga bera bi aldiz (nazioartekoa eta barnekoa) ez ezartzeko.

Zilegi izanen da kuota behar adinakoa ez izateagatik kendu ez diren kopuruak aplikatzea, lehengo muga bera begiratuz, aurreko bost urteetan bukatzen diren zerga aldietan eta ondorengoetan.

Zilegi izanen da kapitulu honetan aipatzen diren kenkariak aplikatzeko epeak honako kasuotan luzatzea, harik eta zerga-aldi batean lehenbizikoz, preskripzio epean, emaitza positiboak sortu arte:

a) Sortu berriko entitateetan.

b) Aurreko ekitaldietako galerak berdintzen dituzten entitateetan, hartarako baliabide berriak zinez aportatuz. Ez da halakotzat kontatuko erreserben aplikazioa edo kapitalizazioa."

5. 167.1. C) artikulua.

"C) Gutxienez 500 milioi pezetako kapital propioa eta gutxienez 200 milioiko kapital gastatua duten entitateetan.

2. artikulua. Enplegua 2000. urtean sustatzea.

1. 2000. urtean hasten diren zerga aldietarako, subjektu pasiboek zilegi izanen dute Sozietateen gaineko Zergaren kuota osoari 200.000 pezetako kenkaria egitea Enplegu Bulegoan inskribatutako edo honako gizatalde hauetako langile langabe bat mugagabe kontratatzen duten aldiko:

a) Enplegu bulegoan jarraian hamabi edo gehiago hilabetetan inskribaturik egon diren langabeak.

b) Berrogeita bost urtez gorako langile langabeak.

c) Emakume langabeak, baldin 1998ko irailaren 16ko Ministerio Aginduak ezartzen dituen lanbide eta jardueretan aritzekoak badira (Emakume gutxien kontratatzen diren lanbide eta jardueretan emakumeen enplegu egonkorra sustatzeari buruzko Ministerio agindua).

d) 30 urtez beherako eta honako ikastaroetako bat egindako gazte langabeak:

1. Lanbidean abiatzekoa

2. Eskola lantegiak eta lanbide etxeak.

3. Enplegu tailerrak.

4. Okupazio tailerrak.

2. Ez da zilegi izanen aurreko ataleko a), b) eta c) letretan aipatzen den kenkaria aplikatzea subjektu pasiboek kontratu mugagabe horiengatik 55/1999 Legeko 28. artikuluak enplegua sustatzeko programarako ezartzen dituen pizgarriak hartzen dituztenean baizik (Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 29ko 55/99 Legea).

Pizgarri horiek kontrolatzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Hezkuntza eta Kultura Departamentuari bidaliko dio aurreko lerrokadak aipatzen dituen kontratazio 2000. urtean egindakoen zerrenda, kontratatzaileak nor diren zehaztuz.

Aurreko lerrokadako d) letran ezartzen den kontratazioa egiteko, Sozietateen gaineko Zergaren kasuko aitorpenean frogatu beharko da Hezkuntza eta Kultura kontseilariak agintzen duen moduan, gizatalde horietako pertsonak kontratatu direla. Behar adina frogatuko ere da pertsona horiek aipatu d) letra horretan aipatzen direnetako ikastaroren bat egina dutela.

3. Zilegi izanen da kenkari horiek bateratzea Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 71. artikuluak ezartzen duenarekin, eta azken honentzat 72. artikuluan egiten diren xedapenak aplikatuko zaizkio.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ondorengotza zergaren aldaketa

Ondorengotzei eta Ondare Eskualdaketei eta Egintza Juridiko Dokumentatuei buruzko Zergen Arauetako 28. artikuluko 1 idatz-zatiko b) letrak (Foru Diputazioaren Erabaki batek onetsi zituen arauok 1970eko apirilaren 10ean), honako edukia eta testua izanen du hemendik aurrera:

"b) Bizitza aseguruko kontratuen hartzaileek diru kopuruak jasotzea, kontratatzailea eta hartzailea pertsona bana direlarik, salbu eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legeko 14.2.a) artikuluan espresuki arautzen diren kasuetan."

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru lege honek indar hartzean, indargabetu eginen da 1993. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 30eko 9/1993 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarria.

AZKEN XEDAPENA

Indar hartzea

Foru lege honek, bertan aurreikusitako ondorioekin, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean indar hartuko du.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: a0102151

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web