(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

FORU LEGEA, azaroaren 4koa, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzkoa Nota de Vigencia

BON N.º 136 - 08/11/1996



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Jardueren araubidea


  III. KAPITULUA. Kudeaketa, zaintza eta kontrola


  IV. KAPITULUA. Goi karguen obligazioak


  V. KAPITULUA. Zehapen ahalmena


ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluak dioenez, foru araubidea dela eta, Nafarroak du eskumen osoa, beste gai batzuen artean, Foru Erakundeen osaketa, eskurantzak, antolakuntza, jardunbidea eta araubide juridikoa arautzeko, baita Foru Diputazioaren, haren Administrazioaren eta haren menpeko ente publikoen araubide juridikoa ere.

Eskumen horren arabera, Nafarroako funtzionarioen gaineko araudiak ezartzen du funtzionarioen bateraezintasunen araubidea.

Hala ere, oso eskas araututa dago goi karguen bateraezintasunen araubidea apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legean, Gobernuko Lehendakaria eta kontseilariak eta zuzendari nagusiak soilik ukitzen baititu.

Beraz, sektore publikoaren funtzionamendu zorrotz eta objektiboa bermatzeko arau bat ezarri beharra dago zorroztasun eta objektibotasun hori bermatzearren, Foru Legearen maila izan eta Nafarroako Parlamentuko erabateko gehiengoak onetsi behar duena, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikuluaren babesean, Gobernuko Lehendakariaren eta kontseilarien estatutuan eragina izanen baitu.

Foru Legeak egitura soila du eta goi karguen erabateko dedikazioa eta esklusiboa aldarrikatzen du haien karguetan, beste jarduera publiko batzuetan, bateragarriak nahitaez, edo pribatuetan independentziarik galdu gabe ari daitezen galarazi gabe.

Horretarako goi karguaren kontzeptua zehaztu da ukitutako erakunde eta entitateen egituraren arabera, eta aitorpenen edukia ezarri da, bai jarduerena bai ondasun eta interesena, beste administrazio batzuetarako agindutakoaren parekoa, ahalik eta argitasun handiena ematearren ukitutakoei eta erakunde fiskalizatzaileei.

Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernuko eta Administrazioko goi karguen jarduera eta interesen Erregistroa sortu da eta kudeatuko duen unitate organikoa izendatu, inpartzialtasuna eta independentzia bermatzeko.

Azkenik, zehapen ahalmenari buruzko kapituluan arau batzuk biltzen dira, legea hautsiz gero, ahalik eta zigor handiena eman eta prozedurak ebazteko organo eskudunen independentzia bermatzen dutenak.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru Lege honek Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko gainerako goi karguen jarduerarako bateraezintasun erregimena eta interesen kontrola arautzen ditu, baita hari lotuta edo haren menpe diren zuzenbide publikoko entitateetakoena ere.

2. artikulua. Goi karguaren definizioa.

1. Foru lege honen ondorioetarako, honako hauek dira goi karguak:

a) Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak.

b) Lehendakariaren eta Nafarroako Gobernuko kontseilarien kabineteetako kideak, administrazio-kontratudun langileak izan ezik.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusiak.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakunde publikoetako zuzendari kudeatzaileak.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen sozietate publikoetako zuzendari kudeatzaileak eta horien parekoak direnak.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako fundazio publikoetako zuzendariak eta horien parekoak direnak, kargu horietan aritzeagatik aldizkako ordainsari finkoak jasotzen badituzt Nota de Vigencia.

2. Foru lege honen ondorioetarako, honakoak dira merkataritza-sozietate publikoak: Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde autonomoen partaidetza zuzenak edo zeharkakoak sozietate-kapitalaren gehiengo osoa egiten dueneko merkataritza-sozietateak Nota de Vigencia.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Foru Lege honen aplikazio eremuaren barreneko goi karguek erabateko dedikazioan beteko dituzte beren eginkizunak eta ezin izanen dira batera aritu, ezta orderko edo ahaldun baten bidez ere, beste edozein lanpostu, kargu, ordezkaritza, lanbide edo jardueratan, publiko zein pribatu izan, beraien gain edo besteren kontura, eta, halaber, ez dute beste lansaririk jasoko administrazio publikoetako edo horiei lotutako edo menpeko entitateetako aurrekontuen kargura, ezta jarduera pribatu batetik zuzenean edo zeharka datorren beste saririk ere.

Aurreko lerroaldean xedatutakoak ez ditu 5 eta 6. artikuluetan adierazitako salbuespenak galarazten.

2. Foru Lege honen aplikazio esparruko karguak betetzen dituzten pertsonek ez dute, ez beraiek ezta ezkontidearekin edo haien menpeko seme-alabekin eta tutoretzapeko pertsonekin ere, ehuneko hamarra edo gehiago jotzen duen partaidetzaren titularitaterik izanen foru, toki edo Estatuko sektore publikoarekin edozein eratako hitzarmen, konbenio edo kontraturik duten enpresetan.

Foru Lege honetako 2. artikuluan aipatu lanpostuetako bat betetzeko izendatuak, idazati honen aurreko lerroaldean adierazitako moduko partaidetzarik badu, bi hilabeteko epean utzi beharko du, izendatu eta biharamunetik aitzina. Karguan ari dela, oinordetza bidez eskuratzen badu partaidetza, eskuratu eta lau hilabeteko epean utzi beharko du.

Partaidetza hori eta ondoko transmisioa ere Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernuko eta Administrazioko goi karguen jarduera eta interesen Erregistroan deklaratuko dira, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan.

3. Goi karguren bat dutenak behartuta daude gai batean aritzeaz inhibitzera, baldin eta gai horretan jardun badute edo gai hori enpresa edo sozietateren bati interesatzen baldin bazaio, eta goi kargua dutenek edo haren ezkontideak edo laugarren gradu zibil arteko senitartekoren batek, aipatu enpresa edo sozietatearen zuzendaritza, aholkularitza edo administrazioan parte hartu badute. Inhibizioa idatziz egingo da, behar bezala adieraz eta agertaraz dadin, eta goi karguaren mailaz goragoko hurbilenari edo izendatu zuen organoari jakinaraziko zaio.

4. Kargua utzi eta ondoko bi urteetan goi karguek ezin izanen dute jarduera pribatuetan aritu, karguan zeudenean haiekin zerikusia duten espedienteetan ebazpenik eman bazuten, ezta laguntza teknikorako, zerbitzuko edo antzeko kontraturik egin ere administrazio publikoekin.

Foru Lege honen aplikazio esparruko goi karguren batean aritu direnek, aurreko lerroaldean adierazitako epearen barrenean, zein jardueratan aritzeko gogoa duten haren gaineko berri eman beharko diote Foru Lege honetan ezarritako jarduera eta interesen Erregistroari. Erregelamendu bidez finkatuko dira berri emate horren nondik-norainokoa eta edukia Nota de Vigencia.

3 bis artikulua. Kargua utzi ondoren goi karguei aplikatu beharreko araubidea eta ordainsariak Nota de Vigencia.

1. Kargua utzi eta hurrengo bi urteetan, goi karguek ez dute jarduera pribatuetan aritzerik izanen baldin eta jarduera horiek zerikusia badute kargua betetzen ari zirela haiek ebatzitako espedienteekin; era berean, ezin izanen dute laguntza teknikoko kontraturik izenpetu administrazio publikoekin, ez eta zerbitzukorik edo antzekorik ere.

Foru lege honen aplikazio esparruan sartutako goi karguetakoren batean aritutako pertsonek etorkizunean beteko duten jarduerari buruzko jakinarazpena eginen diote foru lege honetan ezarritako jardueren eta interesen erregistroari, aurreko lerrokadan adierazitako epean. Erregelamenduz zehaztuko dira jakinarazpen horren norainokoa eta edukia.

2. Kargua utzi eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Gobernuko kideek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusiek eta haren menpeko erakunde publikoetako zuzendari kudeatzaileek eskubidea izanen dute hilabetero prestazio ekonomiko bat jasotzeko; hain zuzen ere, kargua uzten dutenean jasotzen ari ziren urteko guztirako ordainsarien % 80aren hamabiren bat. Karguan egondako denbora zenbat izan den, denbora horren erdia egiten duen epe batez jasotzen ahalko dute prestazio hori; betiere, hogeita lau hileroko jasotzen ahalko dituzte gehienez.

Prestazioa sorrarazten den bitartean, ez bada bidezkoa interesdunari bere aurreikuspen sozialeko sisteman alta ematea, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekin hitzarmen berezi bat sinatzen ahalko du, eta horren ondoriozko kotizazioak itzultzeko eskubidea izanen du Nota de Vigencia.

3. Aurreko idatz-zatian araututako prestazioa bateraezina da honako hauekin:

a) Beste edozein lanpostutan aritzeagatiko ordainsariekin, sektore publikokoak izan, edo pribatukoak izan.

b) Edozein lanbide edo merkataritza jardueratatik etorritako diru-sarrerekin.

c) Nafarroako Parlamentura edo beste edozein organismo edo erakunde publikotara joateagatiko dietekin.

d) Enpresa publiko edo pribatuen administrazio kontseiluetara joateagatiko dietekin.

e) Aurreikuspen sozialeko edozein araubide publikotako erretiro-sariekin.

Ordainsari, erretiro-sari edo diru-sarrera horiek, urteko guztiak kontatuta, baxuagoak badira aurreko idatz-zatian adierazitako prestazio ekonomikoa baino, eskubidea izanen dute bien arteko aldea jasotzeko, bakarrik Nota de Vigencia.

4. Administrazio publiko batean edo horien menpeko erakunde autonomo batean lanpostu bat erreserbaturik duten enplegatu publikoek ez dute aurreko idatz-zatietan ezarritako prestazio ekonomikoa inolaz ere jasoko Nota de Vigencia.

5. Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen funtzionarioek artikulu honetako 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren karguetako batean bi urtetik gora aritzen badira jarraian edo hiru urtez etenak eginda, osagarri pertsonal bat jasoko dute jardunera itzultzen diren unetik aurrera, dagokion mailako lansarien 100eko 25ekoa. Osagarri hori urtero gaurkotuko da, oinarrizko lansari pertsonalak gaurkotzen diren portzentaje berean, eta zuzendaritza edo burutzako edozein lanpostu betetzeari dagokion lansariek xurgatuko dute. Idatz-zati honetan aurreikusitako osagarri pertsonalaren esleipena behin baizik ez da aplikatuko funtzionarioaren ibilbide profesional osoan.

Idatz-zati honetan xedatutakoa aipatutako karguetakoren batean 1983ko urtarrilaren 1etik aurrera aritu diren funtzionarioei izanen zaie aplikatzekoa, baina ordainsariei dagozkien ondorioak 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu Nota de Vigencia.

6. Nafarroako Gobernuko kide ohiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusi ohiek eta haren menpeko erakunde autonomoetako zuzendari nagusi ohiek, artikulu honen 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, jasotzen dituzten prestazio ekonomikoak Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko dira, erregelamenduz ezartzen den bezala Nota de Vigencia.

II. KAPITULUA. Jardueren araubidea

4. artikulua. Kargu publikoaren ondoriozko jarduerekiko bateragarritasuna.

Goi karguaren eginkizunak betetzea bateragarria da jarduera hauekin kargu publiko gisa:

a) Instituzio izaeraz dagozkion beste kargu batzuk betetzea edo karguagatik izendatua izan bada.

b) Administrazio publikoetako organo kolegiatuetako buru, kide edo idazkari izatea, kargua dela eta eginkizun horiek bete behar dituenean.

c) Kargu edo eginkizunak betetzea herrialdez gaindiko organizazio eta biltzarretan.

d) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ordezkari izatea erakunde publikoen, fundazio publikoen edo sozietate publikoen eta sozietate pribatuen zuzendaritza organoetan edo administrazio kontseiluetan, bere kargua dela-eta edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak parte hartzen duen entitateetan beroriek izendaturik Nota de Vigencia.

e) Foru Parlamentarioaren kargua betetzea Nafarroako Parlamenturako Hauteskundeei buruzko Foru Legeak ezarritako kasuetan.

5. artikulua. Sari ekonomiko bateragarriak kargu publiko gisa.

1. Kargu publiko gisa goi karguan aritzearekin bateragarri diren jarduerak galarazi gabe, ez du karguaren lansariaz aparte beste sari ekonomikorik jasoko, honako hauek salbu:

a) Egin behar dituen bidaia, egonaldi eta lekualdatzeen gastuen kalteordaina, indarra duen araudiari jarraituz.

b) Bertaratzeagatik, araudia aplikagarrian ezarrita dauden zenbatekoak.

Sozietate publikoetako administrazio kontseiluetan ez da saririk jasoko bi baino kontseilu gehiagotan parte hartzeagatik Nota de Vigencia.

c) Zein Administrazio Publikotatik datorren haren legeriak onartzen dizkion ordainsari bateragarriak, goi karguak eszedentzia berezian edo zerbitzu berezietan diren funtzionarioak direnean.

2. Edozein kontzepturen bidez jaso behar ez diren zenbatekoak sortuz gero, aurreko zenbakian adierazitakoari jarraituz, dagokien kontuan sartuko ditu zuzenean ordaintzen dituen erakundeak, eta hori ezinezkoa bada, hartzaileak berak, jaso eta hamabost eguneko epean.

6. artikulua. Jarduera pribatu bateragarriak

Goi kargu batean aritzea bateragarria da jarduera pribatu hauekin, baldin eta horietan aritzeagatik goi karguaren inpartzialtasuna edo independentzia galarazten ez badira eginkizuna betetzerakoan:

a) Ondare pertsonala edo familiarena administratze hutsa.

b) Literatura, arte, zientzia edo teknika arloko produkzio edo sorkuntza lana eta horren ondoriozko argitalpenak, baita hizlari gisa biltzar, mintegi, lan jardunaldi, hitzaldi edo lanbideko ikastaroetan tarteka parte hartzea ere, enplegu harreman edo zerbitzu emate baten ondorio ez diren bitartean edo bere eginbeharrak betetzea galarazten ez badute.

c) Irabazi asmorik gabeko kultur edo ongintzako entitateetan parte hartzea, inongo ordainsari edo irabazirik jaso gabe.

d) Irakaslana unibertsitateko zentroetan, betiere lanaldi partzialean egiten baldin bada, denbora jakin baterako, eta kargu publikoan aritzeari kalte egiten ez badio Nota de Vigencia.

III. KAPITULUA. Kudeaketa, zaintza eta kontrola

7. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko gobernuko eta administrazioko goi karguen jardueren eta interesen erregistroa Nota de Vigencia.

1. Foru lege honetan xedatutakoa bete dadin sortu da Nafarroako Foru Komunitateko gobernuko eta administrazioko goi karguen jardueren eta interesen erregistroa.

2. Nafarroako Foru Komunitateko gobernuko eta administrazioko goi karguen jardueren eta interesen erregistroak bi atal izanen ditu:

a) Jardueren erregistroa: publikoa izanen da eta bertan inskribatuko dira foru lege honen 11. artikuluan aipatzen diren adierazpenak eta egintzak.

b) Ondasunen eta ondare eskubideen erregistroa: erreserbatua izanen da, eta bertan inskribatuko dira foru lege honen 12. eta 13. artikuluetan aipatzen diren adierazpenak eta egintzak.

8. artikulua. Kudeaketa organoa Nota de Vigencia.

Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoak independentzia osoz kudeatuko du Goi karguen jardueren eta interesen erregistroa, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.

9. artikulua. Erregistroko atalen eta haietan agertzen diren datuen publikotasuna Nota de Vigencia.

1. Jardueren Erregistroa publikoa da, eta hango informazioa eskuratzeko araubidea foru lege honetan, oinarrizko legedian eta horiek garatzeko onesten diren arauetan xedatuta dago.

2. Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistroa erreserbatua da, eta hango informazioa eskuratzen ahalko dute, interesdunaz gainera, honako organo hauek:

a) Nafarroako Parlamentuak, haren erregelamenduak ezartzen duenari jarraikiz, eta Comptos Ganberak, hura arautzeko foru legeak ezartzen duenari jarraikiz.

b) Organo judizialek, erregistroko datuak jakitea behar duten prozesuak instruitu edo ebazteko, prozesuei buruzko legeetan xedatutakoari jarraikiz.

c) Fiskaltzak, bere eginkizunetan ari dela, erregistroko datuak jakitea eskatzen duten ikerketa lanak egiteko.

3. Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Gobernuko kideek eta Administrazio Publikoko goi kargudunek, bateragarriak diren jardueretan aritzeagatik, jasotzen dituzten ordainsariei eta bestelako diru-kopuruei buruzko erregistro datuak, eta agintaldiaren edo kargu publikoko aldiaren hasieran, bitartean eta bukaeran dituzten ondare ondasun eta eskubideei buruzkoak, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian argitaratuko dira, erregelamenduz ezartzen den moduan. Horren ondorioetarako, ondare ondasun eta eskubideei buruzko datuak argitaratuko dira haien balioaren eta eskuratzeko moduaren berri emateko, baina kokapena saihestuko da eta titularren pribatutasuna eta segurtasuna begiratuko dira.

10. artikulua. Informazioa Nafarroako Parlamentuari Nota de Vigencia.

Foru Lege honetan ezarritako bateraezintasun araubidearen kontrolaren gardentasuna ziurtatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoak, sei hilabetean behin, informazioa igorriko dio Nafarroako Parlamentuari, goi karguek aitorpena egiteko betebeharra nola bete duten eta foru lege honen aurka egin diren arau-hausteak eta ezarri diren zehapenak ere adieraziz.

IV. KAPITULUA. Goi karguen obligazioak

11. artikulua. Jardueren gaineko aitorpena.

1. Goi karguak behartuta daude aitortzera beraiek egindako jarduerak, nahiz ordezko edo ahaldun bitartez egindakoak, baita, 3. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, karguak utzitakoan egiteko gogoa dituztenak ere, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernuko eta Administrazioko goi karguen jarduera eta interesen Erregistroan, Foru Lege honen 7. artikuluan aipatu bezala, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

2. Aurreko zenbakian aipatu aitorpena goi kargua hartu edo utzi eta ondoko bi hilabeteko epean eginen da, inongo luzapenik gabe, baita interesatuak Foru Lege honek araututako jardueraren batean hasten den aldiro ere.

3. Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoak aitorpena aztertuko du eta, akats formalik aurkitzen baldin badu, interesdunari eskatuko dio akats hori zuzendu dezan Nota de Vigencia.

12. artikulua. Ondasun eta eskubideen aitorpena.

1. Goi kargu direnak behartuta daude haien ondasun, eskubide eta obligazio guztiak hartzen dituen ondarearen gaineko aitorpena egitera Erregistroan, erregelamendu bidez ezarriko den moduan. Haien ezkontideek ere egin beharko dute aitorpen hori, eta goi karguak aurkeztuko du.

Ondarearen gaineko aitorpenean gutxienez honako hauek sartuko dira:

a) Dituzten ondareko ondasun, eskubide eta obligazioak.

b) Finantzako balore edo aktibo negoziagarriak.

c) Sozietateetako partaidetzak.

d) Zein sozietatetan dituzten interesak, haien xede soziala, edozein motatatakoak direla ere.

e) Partaidetza izateagatik c) atalaren arabera aitorpenean sartu beharreko sozietateak, xede sozialak adieraziz.

2. Artikulu honen lehen idazatian aipatu aitorpena goi kargua hartu edo utzi eta ondoko bi hilabeteko epean eginen da, luzapenik gabe, baita urtero ere, ekainean.

3. Hasierako aitorpenei eta urtero egiten direnei azken zerga aitorpenaren kopia erantsiko zaie, aitortzaileak Zerga Administrazioan aurkeztu behar izan duen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena eta Ondarearen gaineko Zerga Bereziarena, alegia. Zerga horiei buruzko ezkontidearen aitorpena ere aurkeztu beharko du. Aitorpen horiek Erregistroan gordailatuko dira informazio osagarri gisa eta, eskuratzeko, arau berariazkoei jarraituko zaie.

4. Goi karguen jarduera eta interesen Erregistroak jasoko ditu aitorpenak eta kopiak eta, akats formalik atzemanez gero, zuzen dezan eskatuko dio interesatuari.

5 Ondarearen gaineko aitorpenarekin batera -zeinean jasotzen baitira haren ondasun, eskubide eta betebehar guztiak-, goi karguak bere baimena emanen dio Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoari, banku entitateei ziurtagiri bat eska diezaien, data horietan aitortutako kontu korronteetan dauden saldoei buruzkoa Nota de Vigencia.

13. artikulua- Balore eta aktibo finantzieroen kontrola eta kudeaketa.

1. Foru Lege honen aplikazio esparruko pertsonek baldin badute kontrol-, ikuskapen- zein arautze-eskumenik merkatu antolatuan negoziagarri diren baloreak edo bestelako aktibo finantzieroak jaulkitzen dituzten merkataritza-sozietateen gainean, eta pertsona horiek, edo legez banaturik ez dauden haien ezkontideek, edo emantzipatu gabeko adin txikiko seme-alabek, balore edo aktiboen titularrak baldin badira, Balore Merkatuen Batzorde Nazionalean erregistraturiko erakunde finantziero bat kontratatu beharko dute aipatu balore edo aktiboen kudeaketa eta administraziorako. Kudeatzeko aginduak karguan dirauen bitartean jarraituko du, eta baita kargua utzi eta ondorengo bi urteetan ere.

Xede horretarako kontratatzen den entitateak eramango du aurrera administrazioa, kontratuan ezartzen diren arrisku eta errentagarritasun jarraibide orokorrei lotuko zaielarik, eta ezin izango die interesatuei inbertsiorako argibiderik eskatu, ezta inbertsiorako argitasunik jaso ere haiengandik. Ezin izango diote, ezta ere, bere inbertsioak nola osatzen diren azaldu, ez badira inbertsio kolektiboko erakundeak, edo eta, justifikaturiko arrazoiak medio, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak baimena ematen ez badu.

Interesatuen erantzukizunen kaltetan gabe, entitateak aipatu betebeharrak ez betetzea arau-hauste oso larritzat joko da, entitate finantzieroa den aldetik aplikagarria zaion zehapen erregimenaren ikuspuntutik.

2. Interesatuek honako hauei emango dizkiete izenpeturiko kontratuen kopiak: Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta Gobernuko goi karguen jardueren Erregistroari, idazpena egin dezan, eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari.

V. KAPITULUA. Zehapen ahalmena

14. artikulua. Arauhausteak.

1. Foru Lege honetarako, arau-hauste oso larriak dira:

a) 3. artikuluan aipatzen diren bateraezintasun arauak ez betetzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziori kalte nabaria egin bazaio edo norberaren ondarean edo hirugarren pertsonenean onura gertatu bada.

b) Foru Lege honetan ezarritakoaren arabera aurkeztu behar diren datu eta dokumentuen faltsutasuna.

2. Arau-hauste larriak dira:

a) 3. artikuluan aipatu bateraezintasun arauak ez betetzea.

b) Foru Lege honetan ezarritakoaren arabera aurkeztu behar diren datu eta agiriak ez aurkeztea.

c) Erregistroan jarduerak eta ondareko ondasunak ez aitortzea, hartarako ohartarazi ondoren.

d) Bi arau-hauste arin egitea urtebetean.

3. Arau-hauste arina da:

Jarduerak edo/eta ondareko ondasunak ez aitortzea Erregistroan, ezarritako epeen barrenean, datuak zuzentzeko eskatu eta aitortzen direnean.

15. artikulua. Zehapenak.

1.

a) Arau-hauste oso astunak eta astunak foru lege hau urratzeari buruzko adierazpenarekin zehatuko dira. Horrelako adierazpenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

b) Arau-hauste oso astunak 600 eta 6000 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.

c) Arau-hauste oso astunek kargu-uztea ekarri ahalko dute Nota de Vigencia.

2. Hutsegite arinak agirika eginez zehatuko dira Foru Lege hau ez betetzeagatik.

3. Foru Lege honetan xedatutakoak ez ditu galarazten behar diren gainerako erantzukizunak. Horretarako, beste erantzukizun batzuetarako aztarnak agertzen direnean, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoari agindua emanen zaio behar diren ekintzak aurrera eraman ditzan.

Arau-hausteak delitu izan badaitezke, Administrazioak Ministerio Fiskalari igorriko dio erru lekukogoa eta prozeduran segitzeari utziko dio harik eta agintaritza judizialak zigor auzibidea amaituko duen ebazpena eman arte.

16. artikulua. Neurri osagarriak.

1. Edozein direla ere ezartzen diren zehapenak, arau- hausleek itzuli egin beharko dituzte bidegabe hartutako zenbatekoak, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

2. Nafarroako Gobernuko Lehendakaria eta kontseilariak salbu, organo eskudunak kenduko ditu kargutik arau-hauste oso larria egiteagatik zehatuta izan direnak, zehapenaren irmotasunetik hasita, hilabeteko epean.

3. Arau-hauste larriagatik zehatuz gero, ebazpenean zehaztu ahalko da bidezkoa den arau-hauslea goi kargutik kentzea ala ez.

4. Artikulu honen 2 eta 3. zenbakien arabera kargutik kendutakoak ezin izanen dira goi kargu bat hartzeko izendatu hirutik hamar urte iragan arte, arau-haustea oso larritzat hartzen bada, edo hiru urte arte, larritzat hartuz gero.

Neurri hori graduatzeko, interes publikoari egindako kaltea, jokaerak hiritarrengan sortzen duen eragina eta jarduera bateraezinetan aritzeko dirua bidegabe hartu den edo ez baloratuko da.

17. artikulua. Zehapen prozeduraren aurreko jarduketak.

1. Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoak, edozein zehapen espediente abiarazi aitzin, aurretiazko jarduketa erreserbatuak egiten ahalko ditu espedientea abiaraztea justifikatzen duen inguruabarrik ba ote den zehaztearren Nota de Vigencia.

2. Organo hori Foru Lege honen ustezko ez betetzeengatik egin daitezkeen salaketez ere arduratuko da.

3. Fitxategi, agiritegi edo erregistro publikoek eta, bereziki, zerga administraziokoek eta Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaile eta zerbitzu amankomunek informazioa, datuak eta laguntza emanen dituzte, hala eskatzen zaienean, Datu Pertsonalen Tratamendu Automatizatua arautzen duen Lege Organikoan ezarritako moduan edo behar adinako pribatutasun eta konfidentzialtasunaz, datu informatikoak ez direnean.

4. Informazio erreserbatua amaiturik, artikulu honen 1. zenbakian adierazitako organoak 19.1 artikuluan aipatu organoei igorriko die egindako jarduketen txostena.

18. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Foru Dekretuaren bidez ezarriko da, indarreko lege-hatsapenekin bat etorriz eta Foru Lege honek ezartzen dituen xedapenen arabera.

19. artikulua. Zehapen prozedurako organo eskudunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren zuzendaria da zehapen prozedura abiarazteko organo eskuduna; instrukzioa egiteko organo eskuduna, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren zuzendariak izendatutako funtzionarioa da Nota de Vigencia.

2. Zehapen-espedientea ebaztea jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren zuzendariari dagokio Nota de Vigencia.

3. Zehapen espedienteen ebazpena artikulu honen 1. zenbakian adierazitako organoei beraiei dagokie.

20. artikulua. Arauhauste eta zehapenen preskripzioa.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko IX. tituluan ezarritakoa da Foru Lege honetan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenak preskribitzeko araubidea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa. Bateraezintasunen iraupena.

Foru Lege honetako aginduak aplikatu eginen dira, zenbait kargutarako, haien eginkizunen berezitasuna dela eta, ezarritako bateraezintasun edo obligazioek iraun dezaten galarazi gabe.

Bigarren. Enpresaentitate publikoen, sozietate publikoen eta fundazio publikoen betebeharrak Nota de Vigencia.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen enpresa-entitate publikoek, sozietate publikoek eta fundazio publikoek erregistroa kudeatzen duen organoari jakinaraziko diote zein lagun hautatu eta izendatzen dituzten zuzendaritza organoetarako, foru lege honetako 2. artikuluan jasotakoen artean badaude, bai eta foru lege honetako 5.1 artikuluan adierazitako kontzeptuengatik esleitutako ordainsariak ere.

Hirugarren

Foru lege honetako 3. bis artikulua aplikatzeari dagokionez, goi kargutzat hartuko dira, Nafarroako Gobernuko kideei parekatuta, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Comptos Ganberako lehendakaria eta arartekoa, erakunde horien izaeraren eta autonomiaren ondorioz egin beharreko egokitzapenak galarazi gabe Nota de Vigencia.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Lege honetako 2. artikuluan adierazitakoaren arabera gaur egun goi kargu bat dutenek, jarduera eta ondasun eta eskubideei buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, 11 eta 12. artikuluetan adierazitako moduan, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernuko eta Administrazioko goi karguen jarduera eta interesen Erregistroaren funtzionamendua arautzen duen Foru Dekretuak indarra hartu eta bi hilabeteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da 27. artikulua, Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legean, baita maila bereko edo txikiagoko beste edozein foru arau ere, Foru Lege honetan xedatutakoaren aurka badago.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa

Nafarroako Gobernuak bi hilabeteko epean garatuko ditu Foru Lege honen 8. eta 18. artikuluetan xedatutako edukia eta nondik-norakoa eta Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernuko eta Administrazioko goi karguen jarduera eta interesen Erregistroaren funtzionamendurako Erregelamenduak onetsiko ditu, baita goi karguen jarduera eta interesen aitorpena egiteko ereduak ere. Orobat, zehapen prozedura.

Bigarrena

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau garatzeko behar diren arau guztiak eman ditzan.

Hirugarrena

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko azaroaren lauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A9609132

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web