3/2000 FORU LEGEA, ekainaren 22koa, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzkoa.
BON N.º 78 - 28/06/2000
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
II. KAPITULUA. Salbamendurako laguntzak
III. KAPITULUA. Berregituratzeko laguntzak
IV. KAPITULUA. Aurretiko diagnostikoak eta planen prestakuntza
V. KAPITULUA. Izapidaketa
VI. KAPITULUA. Jarraipena eta kontrola
Laurogeiko hamarkadako lehenbiziko urteetako erabateko krisi ekonomikoak ondorio larriak izan zituen Foru Komunitateko industri bilbean. Hori zela eta, Nafarroako Parlamentuak martxoaren 4ko 1/1985 Foru Legea, krisian zeuden enpresak saneatu eta berriro abian jartzeko laguntzak arautzen zituena, onetsi zuen. Lege horrek Nafarroako Gobernuaren esku utzi zituen finantza- eta zerga-tresna asko, kinka larrian zeuden enpresei lagundu ahal izateko.
Foru Lege hark bi betebehar funtsezko ezartzen zituen laguntzak hartu ahal izateko: enpresa saneatu eta berriro abian jartzeko plan koherente eta errealista bat, geroan bideragarria izan litekeela aurreikusteko modukoa, eta enpresaren titularrak, bertako langileek eta, hala bazen, hartzekodunek plana onartzeko konpromiso sendoa eta itunduriko neurriak betetzekoa ere bai.
Foru Lege horrek indarra hartu zuenez geroztik, ehun baino gehiago enpresa sartu dira bertan ezarririko laguntza araubidean. Horietarik gehienek gainditu dituzte zailtasunak. Horrek frogatu egiten du laguntza araubide hori egoki eta beharrezkoa zela.
Espainia Europako Ekonomia Elkartean sartzean, laguntza araubidea Europako Batzordeari jakinarazi zitzaion. Hori zela-eta Nafarroan indarrean iraun zuen legezko araubide horrek, krisian zeuden enpresak berregituratzeko laguntzei dagokienez.
Baina, 1994an, Europako Batzordeak Europako Batasunaren jarraibideak eman zituen krisian zeuden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruz (1994ko abenduaren 23ko Europako Elkarteetako Egunkari Ofizialean argitaratu ziren), eta Nafarroako agintariei eskatu zien hemengo arauteria jarraibide haietara egokitzeko. Jarraibide haien ordez beste batzuk ezarri dira (97-09-19ko Egunkari Ofizialean argitaratu ziren), nekazaritzako sektorean berariaz sarturiko aldaketak ukitzen zituztenak. Hona hemen jarraibide haien alderdirik garrantzitsuenak:
-Salbatzeko eta berregituratzeko laguntzak elkarrengandik bereizten dira. Salbatzekoen xedea da finantza egoera larrian dagoen enpresa bati aldi baterako sorostea, egoerari aurre egiteko planak aztertu eta prestatu arte. Berregituratzekoen helburua, berriz, plan bat abian jartzea da enpresaren bideragarritasuna epe luzerako bermatzearren.
-Berregituratzeko laguntzak emateko betebehar orokor batzuk ezartzen dira, hala nola, bideragarritasuna, konkurrentziaren behar ez bezalako faltsukeriarik eza, laguntza berregituraketaren kostu eta onurekin proportzionala izatea, berregituratze plana oso-osorik aplikatzea, bertako baldintzak betetzea eta Europako Batzordeak urtean-urtean ikuskatu eta txosten bat luzatzea.
-Enpresa txiki eta ertainak handietatik bereizten dira berregituratzeko laguntzak emateko ezarririko betebeharrak betetzeko zorroztasunari dagokionez, baita laguntza araubide bat ezartzeari eta aurretik jakinarazteari dagokionez ere.
Europako Batzordeak eskatzen duena betetzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak, 1997ko irailaren 1eko bilkuran, erabaki zuen Europako Batzordeari jakinaraztea, Europako Erkidegoko Ituneko 93. artikuluan aurreikusiriko ondorioei dagokienez, krisian zeuden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzko Foru Lege proiektua. Horren bidez, Batzordeak onetsiriko Europako Batasuneko jarraibideetara egokitzen da krisian dauden enpresak saneatu eta berriro abian jartzeko laguntzak arautzeari buruzko martxoaren 4ko 1/1985 Foru Legea.
Proiektuan aldaketa batzuk sartu ondoren, Europako Batzordeak eskatuak, horrek jakinarazi du, 1999ko martxoaren 3ko gutunaren bidez, erabaki duela Foru Lege honetako laguntza araubidearen aplikazioari oztoporik ez jartzea, EE Ituneko 93.3 artikuluko c) idatz-zatiko eta EEE Ituneko 61.3 artikuluko c) idatz-zatiko salbuespena aplikatzekoa baitzaio.
Foru Lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko arautegia krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europako Batasuneko jarraibideetara egokitzea.
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua Aplikazio eremua
Foru Lege honetan aurreikusiriko laguntza araubidean sartzen ahalko dira Nafarroan kokaturik dauden enpresak, krisian badaude eta krisi horretatik bakarrik ateratzerik ez badute, ezarririko betebeharrak betez gero eta krisia gainditzeko behar diren neurriak hartzeko prest egonez gero.
Europako Batasuneko berariazko arauek zuzentzen duten sektore bateko enpresa bat izanez gero, laguntza araubide hau bakarrik aplikatuko zaio arau haiekin bat bateragarri den heinean. Betiere, nekazaritzako lehengaiak ekoizten dituzten enpresak laguntza araubide honetatik bazterturik egonen dira.
Hurrengo artikuluak enpresa txiki eta ertainei buruz ematen den definizioarekin bat ez datozten enpresei laguntzak eman ahal izateko, Europako Batzordeari aldez aurretik eta banan-banan jakinarazi beharko zaio, baimendu dezan.
Foru Lege honen ondorioetarako, hau ulertzen da:
-Salbamendua: finantza egoera larrian dagoen enpresari aldi baterako sorosteko eragiketa bat, harik eta haren zailtasunak sortu dituzten inguruabarrak aztertu eta egoerari aurre egiteko plan bat prestatu arte, baldin eta hasieratik uste bada posible dela epe luzerako konponbide bat aurkitzea.
-Berregituraketa: gauzatzen ahal diren neurri koherenteen multzoa, eragin handikoa, enpresa baten bideragarritasuna epe luzerako ezartzea xede duena.
-Berregituratzeko edo Berreskuratzeko plana: agiri bat, enpresaren egoera zorrotasunez aztertu eta haren zioak zehaztu ondoren, enpresaren bideragarritasuna epe luzerako berreskuratzeko eta hori lortzeko behar diren denetariko neurriak proposatzen dituena, neurriak aplikatu ondoren lortu nahi diren emaitzen aurreikuspena barne.
-Enpresa txiki eta ertainak: Europako Batzordeak kalifikazio horretarako zehazturiko ezaugarriak biltzen dituzten enpresak.
Aurrekoarekin bat, enpresa txiki eta ertaina izateko beharrezkoa da:
.250 langile baino gutxiago izatea.
.Haren urteroko negozio tamaina 40 milioi eurotik beheitikoa izatea edo haren urteroko balantza orokorra 27 milioi eurotik beheitikoa izatea.
.Independentzia irizpidea betetzea, ondoren zehaztu bezala.
Enpresa bat independentetzat jotzen da txiki edo ertainen definizioa betetzen ez duten enpresek haren kapitalean edo haren boto eskubideetan % 25eko partaidetza edo hortik goitik ez badute. Maila hori bi kasutan gainditzen ahalko da:
a) Enpresa hori inbertsioko enpresa publikoek, kapital arriskuko enpresek edo inbertitzaile instituzionalek kontrolatzen dutenean, baldin eta haiek, banan-banan edo batera, enpresan inolako kontrolik ez badute.
b) Kapitalaren banaketaren ondorioz, ezin zehaztu denean nor den haren titularra eta enpresak zuzenbidez adierazten duenean txiki edo ertainen definizioa betetzen ez duten enpresek haren kapitalean edo haren boto eskubideetan % 25eko partaidetza edo hortik goitik ez dutela.
II. KAPITULUA. Salbamendurako laguntzak
Salbamendurako laguntzen helburua izanen da enpresari bere funtzionamendua bermatzeko behar-beharrezkoa duen likidezia ematea, haren egoera aztertu eta berreskuratzeko plana prestatu arte.
Laguntza horiek emateko honako hauek bete behar dira:
1. Enpresa finantza egoera larrian egotea, likideziaren edo kaudimen eskasia teknikoaren erabateko krisian adierazten dena eta aritzea eragozten diona.
Likideziaren krisitzat joko da enpresaren gaitasunik eza berehalako ordainketei aurre egiteko, haren balantzatik ondorioztatua.
Kaudimen eskasia teknikoa zehazteko, kontuan hartuko da zorpetzeko gaitasuna enpresaren aktiboen aldean, izan litekeen balioan estimatuak, eta ustiapenaren galera edo irabaziak ere bai, ekoizpenaren batez besteko sarrerei dagokienez.
2. Egoera horretatik garrantzi handiko zailtasun edo kalte sozialak atera ahal izatea.
3. Egoera hori izanagatik ere, posible izatea gainditzeko neurriak hartzea, hura sortu duten zioak aztertutakoan.
4. Enpresak gaitasunik ez izatea behar dituen baliabide likidoak eskuratzeko edo beste batzuengadik lortzeko.
5. Epe luzerako enpresaren bideragarritasuna berreskuratzeko behar diren neurriak hartzeko prest egotea eta horretarako konpromisoa hartzea.
5. artikulua. Laguntza aplikagarriak.
Salbamendurako laguntzen funtsa izanen da abalak maileguan uztea, hirugarrengandik lortu beharreko kredituen berme gisa, edo maileguak ematea, enpresa abian jartzeko behar den likideziaz hornitzeko zenbatekoan, berreskuratzeko plana prestatzeko behar den denborarako bakarrik. Betiere, salbamendurako laguntzatzat emanen diren mailegu edo abalak ezin izanen dira seiehun mila (600.000) eurotik goitikoak izan.
Abalak emateko baldintzak Nafarroako Gobernuak eskuarki ezartzen dituen berak izanen dira. Maileguen korrituak merkatukoen antzekoak izanen dira, eta horietarako onartzen direnean bankuarteko merkatuan indarra duen tasa hartuko da abiapuntutzat.
Salbamendurako laguntzek, hasiera batean, sei hilabete iraunen dute gehienez ere, eta eskuarki behin bakarrik emanen dira. Arau orokor hauen salbuespena bakarrik onartuko da, behar bezala frogaturiko salbuespenezko gorabeherengatik, salbamendurako eragiketak nahitaez gehiago iraun behar duenean, betiere urtebetetik beheiti, edo lehenbiziko eragiketa arrakastaz burutu ondoren gorabehera horiek sortzean, berriro egin behar denean. Esku hartzeko aldia luzatzeak edo salbamendurako eragiketa berriro egiteak ez dute behin ere ekarriko bideragarri izateko zentzuzko baldintzarik ez duen enpresa bati modu artifizial batean eustea.
6. artikulua. Laguntzen ordainketa.
Emaniko maileguak edo abalaren bermearekin eskuraturikoak salbamendurako eragiketak dirauen bitartean utziko dira enpresaren esku, sortuz doazen likidezia-beharren arabera.
7. artikulua. Jarraipena eta kontrola.
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak bertako teknikariak edo beharrezkotzat jotzen dituen kanpoko aholkulariak izendatuko ditu ematen dituen laguntzen jarraipena eta kontrola egiteko. Haiei dagokie laguntzak ordaintzeko unea eta era proposatzea; betiere, departamentua enpresaren bilakaerari buruz jakitun edukiko dute.
Beste departamentu baten esku dagoen sektore bateko enpresak direnean, harekin batera izendatuko dira jarraipenaz arduratzen direnak.
8. artikulua. Salbamendurako eragiketaren bukaera.
1. Baldin eta salbamenduko eragiketaren garaian haren jarraipen eta kontrolerako izendaturiko pertsonak egiten dituen txostenetatik ondorioztatzen bada arrazoizko moduan ez dela posible berreskuratzeko plan bideragarri bat, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak erabakitzen ahalko du laguntzen ordainketa etetea, eta proposatzen ahalko dio Nafarroako Gobernuari bertan behera uzteko eta, hala bada, emaniko dirua itzul dezala hari eskatzeko.
2. Salbamendurako eragiketarako ezarririko epea bukaturik, posible izan ez bada berreskuratzeko plan bideragarri bat prestatu eta abian jartzea, hots, plan haren exekuziotik arrazoizko moduan ez bada posible aurreikustea enpresa geroan bideratzea, Nafarroako Gobernuak, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak proposaturik, erabakiko du nola eta zer baldintzatan itzuli behar den eragiketa dela-eta ordaindu den dirua.
3. Salbamenduko eragiketaren ondorioz eta harekin batera berreskuratu edo berregituratzeko plan bat prestatzen bada -Foru Lege honetan ezartzen diren betebehar eta baldintzak bildu beharko ditu-, Nafarroako Gobernuak plan hori hurrengo kapituluan arautzen den araubidean sartzen ahalko du eta, kasu horretan, salbamendurako emaniko laguntzak araubide horretan biltzen ahalko ditu.
III. KAPITULUA. Berregituratzeko laguntzak
Berregituratzeko laguntzen xedea da planean aipatzen diren eragiketa eta neurriak abian jartzea, enpresaren lehiakortasuna eta epe luzerako bideragarritasuna berreskuratzeko.
10. artikulua. Betebeharrak.
Berregituratzeko laguntzak emateko, betebehar hauek bete beharko dira:
1. Enpresa krisi larrian egotea, alegia, hori gainditzen ez badu, desagertzeko moduan egotea.
2. Berregituratzeko plan zehatz, bideragarri, koherente eta errealista aurkeztea. Plan horrek enpresaren egoeratik eta egoera horren arrazoietatik abiaturik bideragarri izateko moduan jartzeko hartu behar diren denetariko neurriak zehaztu eta proposatuko ditu.
3. Aurkezturiko berregituratze planetik arrazoizko moduan ondorioztatzea, bertan proposaturiko neurriak hartuz gero, enpresa, arrazoizko epean, berez merkatuan lehiakor izateko moduan jarriko dela eta kapitalaren gutxieneko errentagarritasuna lortuko duela.
4. Enpresak berregituratzeko planek, bai enpresa handietakoek, bai enpresa txiki eta ertainetakoek, EE Ituneko 92.3.c) artikuluaren arabera Nafarroako eskualde laguntzagabeetan badaude, eta Europako Batasunaren esparruan gehiegi ekoizten duten sektoreetakoak badira, nahitaez ekoizteko gaitasuna gutxitu beharko dute Foru Lege honetan aipatzen diren laguntzak hartzeko eskubidea izateko.
Nafarroako eskualde lagunduetan kokaturik egon eta Europako Batasunean gehiegi ekoizten duten sektoreetakoak diren enpresei, berriz, aurreko baldintza eskatuko zaie handiak edo ertainak direnean. Egoera horretan dauden enpresa txikiak, baina, ekoizteko gaitasunari atxikitzen ahalko zaizkio.
Esanak esan, Ituneko I. eranskineko nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko enpresei ekoizteko gaitasuna gutxitzeko betebeharra aplikatzean, Europako Batasuneko berariazko arautegiko salbuespenak kontuan hartuko dira.
5. Laguntzen hartzaileek beren baliabideekin edo kanpoko finantzaketak lagundurik parte hartzea eta laguntzen zenbatekoa eta trinkotasuna berregituratzea ahalbidetzeko behar-beharrezkoa denera mugatzea.
6. Enpresak eta, hala bada, langileek konpromiso formala hartzea planean aurreikusten diren berregituratzeko neurriak hartzeko, hala nola, plantilla gutxitzea, kudeaketa hobetzea, jarduerak berregituratu eta zabaltzea, errenta ez diren jarduerak eskutik uztea, baliabide finantzarioak ekartzea eta abar. Halaber, beharrezkoa denean, enpresak bere hartzekodunekin dituen kreditu eta zorrak berriro negozia daitezela eskatzen ahalko da.
11. artikulua. Aplika daitezkeen laguntzak.
Berregituratzeko planaren ondoriozko beharren arabera, Nafarroako Gobernuak sustengarri hauek aplikatzen ahalko ditu:
1. Enpresaren tamaina egokitzeko laguntzak: itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak, beharrezkotzat jotzen den heinean, plantilla gutxitzeko kostuak eta bestelako kostu sozialak finantzatzeko, hala nola aholkularitzakoak, prestakuntzakoak eta bestelako lanak bilatzeko laguntza praktikokoak.
2. Saneamendu finantzariorako laguntzak: itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak, zorpean itota dauden enpresen egoera finantzarioa hobetzeko.
3. Laguntza finantzarioak: bankuarteko korrituetatik goitikoak ez diren aurrerakin edo maileguak edo finantza entitateen maileguen berme gisako abalak, Nafarroako Gobernuak horretarako ezarriak edo ezartzekoak dituen baldintza eta bermeekin.
4. Berregituratzeko plana finantzatzeko itunduriko maileguen korrituen hobaria, enpresak ordaintzen ahalko duen kostua egin arte. Ezin izanen da inoiz bankuarteko merkatuan indarra duen korritu-tasaren % 50 baino txikiagoa izan.
5. Enpresak Nafarroako Foru Komunitatearekin dituen zorrak zatikatu eta geroratzeko baldintza bereziak, enpresa bere baliabideak bideragarri izan ahal dadin amortizatzeko behar den epe eta sistemari dagokionez. Korritu tasa ez da indarra duen legezko korrituaren ehuneko berrogeita hamarretik goitikoa izanen. Beste baldintzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak zorrak geroratu eta zatikatzeko eskuarki ezartzen dituenak izanen dira.
6. Zerga onurak:
6. 1. Kapital soziala handitzeko eta berregituratzeko plana finantzatzeko behar diren mailegu edo kredituak emateko eragiketak zergapetzen dituen Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko zergaren % 99ko kuotaren hobaria.
6. 2. Berregituratzeko plana onesten denetik eskuratzen diren likidazio oinarri negatiboek gutxitzen ahalko dituzte zergaldietako zerga oinarriak, zerga oinarria positiboa deneko lehenbiziko zergaldiaren hasieratik hamar urteetan eta hurrengoetan bukatzen direnak.
Berregituratzeko planak indarra hartzean gutxitzeke dauden likidazio oinarri negatiboak gutxitzeko epea zerga oinarria positiboa deneko lehenbiziko zergaldia hasi arte bertan behera utziko da.
Halaber, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legeko VI. Tituluko IV. Kapituluan aurreikusten diren kenkariak aplikatzeko epeen kontaketa zerga oinarria positiboa deneko lehenbiziko zergaldia hasi arte atzeratu edo bertan behera utziko da.
Hala ere, berregituratzeko laguntzen artean artikulu honetako 2. idatz-zatian aurreikusiriko saneamendu finantzariorako itzuli beharrik gabeko dirulaguntza sartzen denean, dirulaguntza hori aurreko ekitaldietako galerak konpentsatzeko erabiliko da. Horrela berregituratzeko planak indarra hartzean konpentsatzeko dauden likidazio oinarri negatiboak ematen diren dirulaguntzaren zenbatekoan gutxituko dira. Gutxitze hori dirulaguntza hartzen duen enpresa saldu edo eskualdatzen denean ere mantenduko da.
12. artikulua Berregituratzeko laguntzen muga.
1. Aurreko artikuluan aipatzen diren kontzeptuengatik ematen diren laguntzek ezin gaindituko dute hemezortzina mila (18.000) euroko dirulaguntza, berregituraketaren ondorioz finkatu nahi diren lanpostu finko bakoitzeko.
Ondorio horietarako, laguntzak honelaxe kontatuko dira:
a) Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzetan, zenbateko osoa.
b) Abaletan, Nafarroako Gobernuak kontzesioagatik kobratzen duen komisioaren eta enpresak abala finantza merkatuan eskuratu izan balu ordaindu beharko zukeenaren arteko aldea izanen da laguntza.
c) Aurrerakin edo maileguetan eta Nafarroako Gobernuarekiko zorren gerorapenetan, laguntza haiei aplikatzen zaien korritu tasaren eta kontzesioaren unean bankuarteko merkatuan indarra duenaren arteko aldea izanen da.
d) Korrituen hobarian, kontzeptu horregatik maileguak dirauen bitartean ordainduko den zenbateko osoa izanen da laguntza.
2. Enpresa txiki edo ertain baten bideragarritasuna eta errentagarritasuna ezartzeko aurreko idatz-zatian aipatzen dena baino diru gehiago behar denean, haren jarduera eta enpleguari eusteko salbuespenezko gorabeherak gertatzen direnean, Nafarroako Gobernuak, laguntzak eman aitzin, Europako Batzordeari jakinaraziko dio, horrek baimena eman dezan.
3. Eskuarki, enpresa bat berregituratzeko eskuhartze publikoa behin bakarrik egin beharko da. Eskuhartzea batzuetan egiten ahalko da bakarrik gerora gertaturiko salbuespenezko gorabeherak, ezin aurreikusizkoak, ageri direnean, haien zergatikoa enpresaren funtzionamendutik kanpo eta berregituratzeko planaren exekuziotik kanpo badago. Gorabeherak agiri bidez frogatu beharko dira. Neurri osagarri horiek bakarrik hartzen ahalko dira sorturiko zailtasunak gainditzeko eta enpresa bideragarritasunez abian jartzeko adina berme daudenean.
13. artikulua. Berregituratzeko laguntzen ordainketa.
Berregituratzeko laguntzak enpresei ordainduko zaizkie edo haren esku utziko dira kontzesioko itunean zehazten diren modu eta baldintzetan. Berregituratzeko planaren exekuzioak dirauen bitartean egiten ahalko da, laguntzen xede diren jarduketa eta neurrien arabera.
IV. KAPITULUA. Aurretiko diagnostikoak eta planen prestakuntza
14. artikulua. Berregituratzeko planak prestatzeko laguntzak.
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak dirulaguntzak ematen ahalko ditu aurretiko diagnostikoak egiteko egoera zailean dauden enpresak berregituratu edo berreskuratzeko planak prestatzeko kanpoko kostuak ordaintzeko, baldin eta salbamendurako laguntzak hartzen dituzten edo Foru Lege honetan berregituratzeko aurreikusiriko laguntzak lortu nahi dituzten enpresak badira. Horretarako, Departamentuak egiaztatuko du enpresak ezin ditzakeela kostu horiek guztiak eraman.
15. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.
Berregituratzeko planak prestatzeko laguntzek ez dituzte gandituko, hasiera batean, enpresak hori dela-eta kanpoko ahokulariei ordaindu behar dizkien kostuak. Laguntzaren zenbatekoa ez da hogeita hamar mila (30.000) eurotik goitikoa izanen.
Enpresaren egoera dela-eta ehuneko hori gainditu behar baldin bada, laguntzaren zenbatekoak ez du hirurogei mila (60.000) euroko zenbatekoa gaindituko, gehienez ere. Kasu horretan, Departamentu hark jarraipen tresnak ezarriko ditu enpresak "de minimis" laguntzagatik hiru urtez hartu beharreko laguntzek Europako Batzordeak haietarako ezarri duen muga gaindi ez dezaten.
16. artikulua. Ordainketa.
Aurretiko diagnostikoak eta berregituraketa planak prestatzeko laguntzak ordaintzen ahalko zaizkio edo enpresari berari edo zuzenean lan horiek egin dituen pertsona edo entitateari, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak nola iritzi eta horrela, betiere, lanak aurkeztu ondoren eta Departamentu hark adostasuna adierazi ondoren.
V. KAPITULUA. Izapidaketa
17. artikulua. Eskabideak eta agiriak
Salbamendu edo berregituraketarako laguntzak emateko prozedura enpresa interesatuak Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan eskabide bat aurkezten duenean hasiko da. Harekin batera, kasuan kasurako laguntzarako 4 eta 10. artikuluetan ezarririko betebeharrak betetzen direla justifikatzeko behar diren azterlan, plan eta gainerako agiriak aurkeztuko dira. Adierazi beharko da enpresa txiki edo ertaina ala enpresa handia den.
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak agiriak aztertuko ditu. Enpresari eskatzen ahalko dizkio azterketa egiteko eta espedientea ebazteko komenigarri jotzen dituen datu edo argibide guztiak. Enpresak betebehar hori betetzen ez badu Departamentuak horretara ezartzen duen epean espedientea artxibatzen ahalko du besterik gabe.
18. artikulua. Azterlana eta ebaluazioa.
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko zerbitzu teknikoek aztertuko ditu aurkezturiko agiriak, kasuan kasuko laguntza emateko ezarririko betebeharrak bete direla egiaztatzeko, planetako neurri eta aurreikuspenen zorroztasun, koherentzia eta bideragarritasuna ebaluatzeko, eta enpresaren geroko bideragarritasunerako egokienak eta beharrezkoenak diren laguntzak proposatzeko.
Salbamendu edo berregituraketarako planen tamaina edo zailtasunagatik komeni denean, Departamentuak erabakitzen ahalko du kanpoko aholkulari beregainek alderatu ditzatela.
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, laguntzak emateko behin betiko proposamena luzatu baino lehen, enpresaburuen eta langileen ordezkariei esateko dutena entzunen die, beren iritzia eman dezaten eragiketaren arrakasta bermatzeko exijitu behar izan diren betebehar eta baldintzei buruz edo enpresak aurkezturiko salbamendu edo berregituratzeko planetan egindako aldaketa, doiketa eta egokitzapenei buruz.
Laguntzak eskatu dituen enpresa beste Departamentu baten eskumeneko sektorean aritzen bada, behin betiko proposamena luzatu baino lehen, txosten bat eskatuko dio laguntza horiei buruz. Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren txostena aginduzko eta loteslea izanen da proposatu beharreko laguntzen artean ondokoak daudenean: abalak, Nafarroako Gobernuarekiko zorren zatikatzea eta geroratzea edo 11.6 artikuluan aipatzen diren zerga onurak.
19. artikulua. Laguntzak ematea.
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, eginiko azterlanak eta luzaturiko txostenak ikusi ondoren, Nafarroako Gobernuari proposatuko dio salbamendu edo berregituraketarako plana abian jarri eta burutzeko behar diren laguntzak emateko edo, behar diren baldintza eta betebeharrak biltzen ez dituela uste duenean, ukatzeko.
Laguntzak emateko erabakiak, ordaintzeko eta erabiltzeko zehaztapen eta baldintzez gain, parte hartzen duten aldeek hartu beharreko konpromiso eta eginbeharrak bilduko ditu, Foru Lege honetan eskuarki ezarri direnez gain. Ulertuko da konpromiso eta eginbehar horiek hartuak direla, laguntzak eman direla formalki jakinarazten denetik, hilabeteko epean onuradunek espreski adierazten ez dutenean ez dituztela hartu nahi.
Eskabidea eta behar diren agiriak aurkezten direnetik edo, edo agiri guztiak edo aski ez direnean, osatzen direnetik, espreski ebazpenik eman gabe hiru hilabete pasata, ulertuko da eskabidea ezetsia izan dela.
20. artikulua. Laguntzen metaketa
Araubide honen aplikazioa Europako Batasuneko agintariek laguntzen metaketari buruz eman dituzten arauen menpe egonen da, bai metaketa hori helburu bereko laguntzena ez denean, bai entitate berak edo entitate batzuek (Estatuko, eskualdeko edo udalerriko administrazioek) onarturiko araubideen arabera, helburu berekoena denean. Azken kasu honetan metaturiko laguntzak ezin gaindituko du zerikusirik duten araubideetako gehieneko muga.
VI. KAPITULUA. Jarraipena eta kontrola
21. artikulua. Jarraipena eta kontrola
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eskatuko die bertako teknikariei edo kanpoko aholkulari izendatuei onetsiriko salbamendu edo berregituraketarako planen jarraipena eta kontrola egiteko eta emaniko laguntzen erabilera eta helburua zuzena izan dadin zaintzeko. Haietxei egokituko zaie laguntzak ordaintzeko unea eta era proposatzea. Beti ere jakitun edukiko dute Departamentua enpresaren bilakaerari buruz eta planak betetzean gerta daitezkeen gorabeherei buruz.
Beste Departamentu baten eskumeneko enpresak izanez gero, harekin batera izendatuko dira jarraipenaz arduratzen direnak.
Aurrekoaz gain, parte hartzen duten departamentuek, betiere, beste baliabide batzuk ezartzen ahalko dituzte kontrolatzeko eta behartzen ahalko dute enpresa aldez aurretik bere adostasuna edo jarraipen edo kontrolerako izendaturiko pertsonarena edukitzera ezartzen diren egintza edo erabakiak egitera.
Enpresa beharturik egonen da jarraipen eta kontrolerako izendaturiko pertsonei erraztera lokaletan sartzea eta agiriak eskuratzea. Agirien kopia eskuratzen ahalko dute. Eskatzen dizkioten datu eta txosten guztiak aurkeztu beharko dizkie.
Enpresako langileen ordezkariek jarraipenaren ardura hartu duten pertsonei kasuan kasuko enpresa salbatu eta berregituratzeko planaren betearazteari eta betetzeari buruzko informazioa eskatzen ahalko diete.
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aldizka informazioa emanen die agente ekonomiko eta sozialei enpresak salbatu eta beregituratzeko emandako laguntzei buruz eta erdietsitako emaitzei buruz.
22. artikulua. Urteko txostenen jakinarazpena.
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak urtero Foru Lege honen bidez ezarririko laguntza araubidearen funtzionamenduari buruzko txosten bat igorriko du Europako Batzordera. Bertan Batzordeak horretarako ezarririko datu eta argibideak bilduko dira.
Urteko txosten hori, halaber, Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Ekonomi eta Gizarte Kontseiluan dauden agente sozialei igorriko zaie.
23. artikulua. Laguntzak bertan behera uztea, arauhausteak eta zehapenak
Enpresa onuradunak Foru Lege honetan aurreikusiriko laguntzen kontzesioaren ondoriozko eginbehar eta konpromisoak betetzen ez baditu, berregituratzeko eragiketak dirauen bitartean, aurreikuspenetan desbiderapen adierazgarririk badagoela egiaztatzen bada, hots, azkeneko helburua lortzea ezinezkoa dela frogatzen bada, Nafarroako Gobernuak erabakitzen ahalko du emaniko laguntzak bertan behera uztea eta, hala bada, kontzeptu horregatik harturiko dirua itzultzea.
Betiere, laguntzen onuradunari, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orkorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean aurreikusiriko arau-hausteren bat egiten badu, bertako VI. kapituluan aurreikusiriko zehapenak ezarriko zaizkio.
Zehapen prozedura Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak hasi eta izapidatuko du eta Nafarroako Gobernuak ebatziko du.
Krisian dauden enpresak saneatu eta berriro abian jartzeko laguntzei buruzko martxoaren 4ko 1/1985 Foru Legea indarrik gabe uzten da.
Lehena.-Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio Foru Lege hau garatu eta burutzeko behar diren xedapenak emateko, baita haren edukia Europako Batasunak krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruz ematen dituen jarraibideetan geroan izan litezkeen aldaketetarako egokitzeko ere.
Bigarrena.-Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, bi milako ekainaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: A0006011