(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran�ais | English

LEXNAVARRA


Versin para imprimir

Versin en castellano

15/2001 FORU LEGEA, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa Nota de Vigencia

BON N.� 86 - 16/07/2001



  I. TITULUA. Helburua eta printzipio orokorrak


  II. TITULUA. Aministrazioaren antolamendua eta eskumenak

  I. KAPITULUA. Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak

  II. KAPITULUA. Nafarroako udal eta kontzejuen eskumenak

  III. KAPITULUA. Nafarroako Kirol Kontseilua


  III. TITULUA. Kirol jarduerak

  I. KAPITULUA. Guztientzako kirol jarduera

  II. KAPITULUA. Eskola adineko kirola

  III. KAPITULUA. Unibertsitateko kirola

  IV. KAPITULUA. Goi mailako kirola

  V. KAPITULUA. Inguru naturaletako kirola

  VI. KAPITULUA. Kirol lehiaketak

  VII. KAPITULUA. Nafarroako selekzioak

  VIII. KAPITULUA. Jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduerak

  IX. KAPITULUA. Kirol jardueren sustapena


  IV. TITULUA. Nafarroako kirol erakundeak

  I. KAPITULUA. Nafarroako kirol klubak

  II. KAPITULUA. Nafarroako Kirol klub filialak

  III. KAPITULUA. Nafarroako kirol federazioak

  IV. KAPITULUA. Nafarroako kirola sustatzeko erakundeak

  V. KAPITULUA. Kirol sozietate anonimoak

  VI. KAPITULUA. Nafarroako Kirolaren Erregistroa Nota de Vigencia


  V. TITULUA. Kirolarien osasun laguntza eta babesa

  I. KAPITULUA. Osasun laguntza eta arriskuen asegurua

  II. KAPITULUA. Kiroleko dopajea

  III. KAPITULUA. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa

  IV. KAPITULUA. Kirol jardueretako indarkeriaren prebentzioa


  VI. TITULUA. Kirol instalazioak

  I. KAPITULUA. Erabilera publikoko kirol instalazioak

  II. KAPITULUA. Kirol instalazioen plangintza


  VII. TITULUA. Titulazioak eta prestakuntza


  VIII. TITULUA. Kirolaren arloko zehapen eta diziplina araubidea

  I. KAPITULUA. Kirolaren arloko zehapen araubidea

  II. KAPITULUA. Kirol gaietako ikuskaritza

  III. KAPITULUA. Kirolaren arloko diziplina araubidea


  IX. TITULUA. Kirol justizia

  I. KAPITULUA. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea

  II. KAPITULUA. Arbitrajea


ZIOEN AZALPENA

I

1978ko Espainiako Konstituzioak kirola ordenamendu juridikoari eratxiki zion eta goreneko arau maila eman zion.

Lege Nagusiak, bada, politika sozial eta ekonomikoa gidatzen duten printzipioen barrenean, ezartzen du "botere publikoek osasunari eta kirolari buruzko heziketa bultzatuko dutela eta bai erraztuko ere aisialdia behar bezala erabiltzea." Konstituzioak botere publikoei egozten die, zeini bere arloan, printzipio hori gauzarazteko ardura.

Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoak ditu kirola sustatu eta aisia behar bezala erabiltzeko gaietan, halaxe agintzen baitu Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 44.14 artikuluak.

Eskumen nagusi horrekin batera, beste gai batzuen gaineko eskumenek ere ahalmena ematen diote Nafarroako Foru Komunitateari kirola arautu eta antolatzeko, foru lege honen bidez; hona gai horietako batzuk: ikuskizunak, haur, gazte eta zahar jendearentzako politika; gehienbat Nafarroan aritzen diren irakaskuntza, kultura, arte, ongintza eta laguntza elkarteak eta antzekoak; hezkuntza; zerga araubidea; barne osasuna eta higienea, eta abar.

Foru lege honetako erregulazioak honako printzipioak ditu oinarri:

a) Kirola mesedegarria da bai gizabanakoarentzat nola gizartearentzat eta gizataldeak goratu eta haien ordezkari izateko eginkizuna du.

b) Kirola, gizabanakoaren jarduera den partez, ez da beti- batekoa; aitzitik, hainbat agerkari eta aldaera izaten ditu, gizabanakoaren premia eta iritsi-nahien arabera.

c) Gizartearen ekimenak sortzen du kirola eta gizarte jarduera den partez, fenomeno dinamiko aldakorra da, gizartearen baitan izaten diren premia eta aldaketen araberakoa.

d) Kirola bultzatu eta garatzeko lanean, kirolariez gain erakunde publikoek eta pribatuek egiten dute bat eta hartzen dute parte.

e) Kirolak gainera, beste araudi sektorial batzuen menpeko osagai batzuk baditu.

Foru lege honek honako helburuak ditu:

a) Kirola Nafarroako Foru Komunitatean arautzeko lege- esparru gutxienekoa osatzea. Osotarako araudi bat ezarri nahi da, irekia eta malgua, gero batean erregelamendu bidez Nafarroako gizarteak zer eskatu, horren arabera moldatzekoa.

b) Sistema bat eratzea Foru Komunitatean kirola bultzatu eta garatzen esku hartzen duten jende taldeak eta erakunde publiko eta pribatuak bertan kokatzeko.

c) Kirol jardueretako segurtasuna eta osasuna bultzatzea.

d) Oro har, kirol jarduerarekin lotutako edo handik eratorritako osagaiak arautzen dituzten beste arau sektorial batzuen erreferentzia egin eta haietara bidaltzea, gaian-gaian foru lege honetan edo haren erregelamenduetan berariazko erregulazioa egitea ezertan galarazi gabe.

Foru lege honen funtsezko xedeetako bat da kirola Nafarroako herritar ororen eskubidetzat hartzea, alegia, herritar guztiek dutela eskubidea kirola ezagutu eta horretan aritzeko, libre eta nor bere borondatez, berdintasunean oinarrituta eta sexuak, adinak edo bestelako inguruabarrek bazterkeriarako arrazoia izan gabe; ezgaituak gizartean integratzeko garrantzizko bidea dela baloratuta eta gure Foru Komunitateko ingurumenarekiko begirunea sustatzen.

II

Foru lege honetako lehenbiziko tituluan espreski ematen da aditzera zer balio izaten dituen kirol jarduerak eta zer onura ekartzen dizkion gizabanako zein gizarteari. Hots, aitortzen zaio gaurko gizartean duen garrantzia eta irispidea.

Kirola herritarraren jarduera libre eta borondatezkoa da.

Foru lege honek Foru Komunitateko administrazio publikoek kirolaren arloan duten jarduna gobernatzen du, guztientzako helburu batzuk jarrita.

Administrazio publiko bakoitzak bere gaitasunaren eta eskumenen neurrian egin ditzakeen politika sektorialek lagundu behar dute herritar guztiek aukera izan dezaten nork bere gorpuzkera, adin eta inguruabarren arabera kirol egitearen onurak bereganatzeko.

Kirol egiteko zailtasunik handienak dituzten gizataldeei arta egitea da administrazio publikoek iritsi gogo dituzten helburuetako bat, batez ere kontuan harturik gure erkidegoan zein kirol eskaintza zabala eta zein kirol jarduera handia egoten den.

Bereziki aipagarria da administrazio publikoen barrengo elkarlanak duen garrantzia aitortzen dela eta bai administrazio horien eta beste erakunde publiko eta pribatuen artekoarena ere, kirola bultzatu eta gararazteko bidetzat.

III

Bigarren tituluak Foru Komunitateko administrazio publiko bakoitzak kirol gaietan dituen eskumen arloak mugatzen ditu.

Titulu honek, bestalde, definitzen du Foru Komunitatearen administrazioko organo bakoitzak zer eskumen dituen kirol gaietan.

Arlo honetan aipagarria da ex novo sortzen dela Nafarroako Kirol Kontseilua, bitariko helburua iritsi beharrez:

a) Gizartearen islagarri den organo kualifikatua sortzea, kirol gaietako politika orokorra itxuratu eta garatzen parte hartzeko. Hartarako Foru Komunitateko administrazio publikoentzako kontsulta eta aholku eginkizunak egozten zaizkio.

b) Gizartearen islagarri den organo kualifikatua sortzea, Nafarroan kirola garatzen parte hartzeko, administrazio publikoei iradokizunak eta proposamenak eginaz, eta bai Nafarroan kirola bultzatu eta garatzen esku hartzen duten beste edozein erakunde publiko eta pribaturi ere.

Finkatzen ere da, bestalde -lege hau lege sektoriala baita-, zer eskumen dagozkien kirol gaietan Nafarroako udal eta kontzejuei.

IV

Hirugarren tituluak, gizabanakoaren jarduera gisa kirola askotarikoa dela iritzirik, gure gizartean izaten diren hainbat kirol mota hartzen ditu aintzat. Foru legeak ez du kirol mota horien definizio teknikorik egiten, definizio pragmatikoak baizik, foru lege honek eta haren garabideko xedapenek eta administrazio publiko desberdinen politika sektorialek ezartzen duten erregulazioan esparru-emaile eta orientabide izatea helburu.

Foru lege honek, bide berria urratuz, Foru Komunitateko goi mailako kirol jarduera ere hartzen du aintzat.

Nafarroako goi mailako kirola akuilu da oinarrizko kirol jarduerarako, eta Nafarroa Estatuan zein nazioartean ordezkatu eta sustatzeko eginkizuna izaten du eta hortaz haren garapena eta gorabidea indartzen ditu.

Goi mailako kirol jarduerak kirol piramidearen goreneko gailurra izan behar du.

Kirola sustatu eta bultzatzeko lanean, funtsezko eta oinarrizko garrantzia du informazioa zabaltzeak kirol jarduerako baldintza eta betebeharren gainean. Hortaz, Foru Komunitateko Administrazioari eginbide hori egozten zaio: informazioa zabaltzea kirol arauek eta arau sektorialek ingurune naturaletan egoki eta legalki kirol egiteko ezartzen dituzten baldintza-betebehar guztien gainean.

Foru lege honek kirol lehiaketak sistematizatzen ditu. Sailkapen bat ezartzen da bi helburu iristeko: kirol gaietan bat egiten duten eskumen arlo guztiekin bat etortzea, eta bide ematea kirol araudia etengabe moldatzeko unean uneko gizarte errealitatearen arabera, kategoria berriak ezartzeko aukera ezarririk.

Lehiaketa bat Nafarroaren eremuan ofizialtzat kalifikatzen denean, aitortzen zaio delako jarduera horri Nafarroan daukan garrantzia. Halatan, "ope legis", hauek hartzen dira Nafarroako kirol lehiaketa ez profesionaltzat: kirol modalitate batean kirol aitormenik gorena eraukitzen dutenak, kasuko kirol federazioak aitortu eta segurtatu baititu delako lehiaketaren garrantzia eta irispidea.

Nafarroako kirol selekzioen figura arautzen da: halakotzat hartzen dira edozein arlotako kirol lehiaketa edo jardueretan Foru Komunitateko ordezkari aritzen diren kirolarien taldeak.

Kirolean desegoki aritzeak kalte egiten ahal dio gizabanakoari; horregatik zenbait neurri prestatzen dira kirolarien eta kirol- ikusleen segurtasuna bultzatu eta gauzarazteko. Hona hemen aipagarrienak:

a) Espreski zehazten da jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduerak ikuskizun mota jakin bat besterik ez direla, eta beraz Jendaurreko ikuskizunak eta josteta jarduerak arautzen dituen foru legearen pean daudela, erregelamendu bidez berariazko erregulazioa egitea ezertan galarazi gabe.

Jendaurreko kirol jardueraren kontzeptua, hortaz, adiera zabalean interpretatu behar da, jendea etorrarazteko moduko edozein kirol jarduera, alegia, antolatzailea publikoa nahiz pribatua izan eta zein ere forma juridikoa duen: pertsona fisikoa, merkataritza sozietatea, elkartea, eta abar.

b) Berariaz aintzat hartzen da adingabeentzako edo gehienbat adingabeek parte hartzeko jendaurreko kirol jarduera edo ikuskizunen berezitasuna, adingabeen segurtasuna bultzatu eta ordenamendu juridikoak aitortzen dizkien eskubideak errespetaraztea helburu.

c) Administrazioaren baimen espresua izateko baldintza jartzen da Foru Komunitateko Administrazioak arrisku edo inguruabar bereziak direla medio ohiz-gainekotzat jotzen dituen jendaurreko kirol jarduerak antolatzeko. Hartarako, ezinbestekoa izanen da aurrez baimena izatea, bai eta jarduera hori behar den jarduera lizentzia duen lokal batean egiten bada ere.

Administrazioaren sustatze lanaren barrenean, espreski aitortzen da, Administrazioaren eta interesatuen artean ituna egiteko aukera kirol gaietako dirulaguntzak emateko prozedura bukatzeko. Juzgatzen da bukaera konbentzionala bide egokia dela kirola bultzatu eta garatzeko ekimen pribatu eta publikoaren bategitea artikulatu eta gauzatzeko.

Foru lege honek berariazko arreta ematen dio kirolaren babes komertzialari eta enpresek kirolari laguntza emateko dauden halako bideei, ekimen pribatua ere kirol jarduerak finantzatzeko bide izan dadin sustatzeko.

V

Foru lege honetako laugarren tituluak antolamendu sistema bat itxuratzen du Nafarroan kirola bultzatu eta garatzen esku hartzen duten erakunde publiko eta pribatu guztiak bildu eta batzeko.

Aitormen ofizialaren instituzio juridikoa, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa erabiliz, erakunde horiek guztiak Nafarroako kirol antolamenduan sarrarazteko tresna da.

Kirol erakundeak bi talde handitan bereizten dira:

a) Kirol elkarteak.

b) Beren erabidean eta araubide juridiko orokorrean kirolaren araudiaren menpe egon ez baina hala ere Foru Komunitatean kirola bultzatu eta garatzen aritzen diren beste erakundeak. Espreski hartzen dira halakotzat kirol sozietate anonimoak, eta beste zenbait erakunderi ere aitormen generikoa ematea aurreikusten da Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan "Kirol Klub Filiala"ren izenpean sarraraziz.

Elkarteen arlo orokorrean Nafarroako kirol klubak eta kirola sustatzeko erakundeak sartzen dira kirol elkarte gisa eta haien araubidea finkatzen da.

Berariaz arautzen dira, legez eratutako elkarte gisa, kirol federazioak. Nafarroako kirol federazioen helburua da Nafarroako kirol modalitateak bultzatu eta garatzea.

Kirol federazioek, delegazioz, administrazioarenak diren eginkizun publikoak eginen dituzte eta hartarako, Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunek zenbait esku- hartze eta kontrol ahalmen eratu behar dituzte, eta bai federaziook lagundu eta babesteko beste zenbait ere.

VI

Bosgarren tituluan espreski aitortzen da ze, legeria orokorraren barrenean, herritarraren kirol jarduera arruntak behar izaten duen osasun laguntza sektore publikoaren aseguru- araubidearen prestazio arrunta dela.

Kirol asegurua arautzen da, eta ezartzen kirol federazioak beharturik daudela kirolari federatuari osasun laguntza eta delako kirol klasea modu antolatuan egitetik heldu diren beste zenbait premia segurtatzeko aseguru bat kontratatzera.

Foru Komunitatean lehenbiziko aldiz, aintzat hartu eta arautzen da "kirol dopajea", bi helbururekin: kirolarien osasuna babestea eta kirol lehiaketak gidari izan behar duen joko garbiaren espiritua zaintzea.

VII

Seigarren titulua kirol instalazioen antolamenduaz ari da.

Espreski aitortzen da erabilera publikoko kirol instalazioak Nafarroan indar duten jendaurreko ikuskizunei eta josteta jarduerei buruzko arauen eta ingurumena babesteko jarduera sailkatuei buruzkoen menpe daudela.

Zenbait neurri ezartzen dira erabilera publikoko kirol instalazioen erabiltzaileei segurtasuna bermatzeko.

Agintzen da Foru Komunitateko Administrazioak kirol instalazioetarako plan zuzentzaileak onetsi behar dituela, Nafarroan kirol instalazioen sare oinarrizkoa osatzea helburu, herritarrei kirol egiteko bidea errazteko.

Foru Komunitateko Administrazioak, toki erakundeak lankide, errolda bat itxuratu eta gaurkoturik edukiko du Nafarroan dauden kirol instalazioak, publiko nahiz pribatuak, jasotzeko. Tresna horren helburua da kirol instalazioen ezarpena modu koherente eta efikazean planifikatzen eta foru lege honetan jasotzen diren helburuak iristen laguntzea.

VIII

Kirola segurtasunez egiteko eta lehiaketaren arloan emaitza onak izateko, garrantzia handia du irakaskuntzako eta kirol instalazioetako zuzendaritzaren inguruko kirolariek eta teknikariek prestakuntza egokia izateak.

Zazpigarren titulua kirol jardueren arloko prestakuntzaz ari da. Agintzen du erregelamendu bidez gara dadila kirol teknikarien titulazio ofizialei buruz Estatuan indar duen araudia.

IX

Zortzigarren tituluan kirol gaietako zehapen eta diziplina araubidea arautzen da.

Jendaurreko ikuskizunei eta josteta jarduerei buruz Nafarroan indar duten arauetan agintzen den zehapen araubideak kirol jarduera eta ikuskizunetan parte hartzen duten pertsonen osotasuna eta segurtasuna babestu asmo ditu; horregatik kirolaren arloko zehapen araubideak kirol huts-hutsaren arloko arau-hausteak hartzen ditu aintzat. Kirolaren arloko zehapen araubidea foru lege honetan tipifikatzen diren administrazio arau-hausteak egin dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoei aplikatuko zaie.

Premia hauei asebidea emateko, agintzen da organo kualifikatu bat sortzeko, kirol federatuaren, kirol diziplinaren eta kirolarien eskubideen defentsaren arloan eskuduna.

I. TITULUA. Helburua eta printzipio orokorrak

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Foru lege honen helburua da kirola arautu, antolatu, sustatu eta koordinatzea Konstituzioak eta gainerako ordenamendu juridikoaren barnean Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion eskumenen eremuan.

2. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

1. Kirolari interes publikoko gizarte jardueraren maila aitortzen zaio bizi kalitatea goratu eta pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala eta norberaren ongizatea bultzatzen dituelako.

2. Kirolak elkarbizitza ona, gizarte kohesioa eta barne- lotura eta guztien garapen ekonomikoa eta ongizatea sustatzen ditu.

3. Pertsona guztiek eskubidea dute libreki eta borondatez kirol egiteko, berdintasun baldintzetan eta inolako bazterkeriarik jasan gabe.

3. artikulua. Kirol politikaren helburuak.

Foru Komunitateko administrazio publikoek, zein bere eskumenen arloan, inolako bereizkeriarik gabe sustatu eta bultzatuko dute kirola honako helburuen peko kirol politika baten bidez:

a) Jendeari kirol egiteko bidea erraztea.

Errazte bide horretan lehentasuna emanen zaie kirolerako traba diren behar bereziak dituzten pertsonei, hala nola: zahar jendea, ezinduak, etorkinak eta egoera zaiean dauden gizataldeak.

Lehentasuna emanen zaio, halaber, emakume gutxi izaten diren kirol arloetan emakumeen presentzia handitzeari.

Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko jarduera fisikoetan eta kirol jardueretan, kirola modu jarraian josteta eta jolaserako eta osasuna hobetzeko egin ahal izateko.

b) Goi mailako kirola bultzatzea.

c) Kirol elkarteak sortzera eta, oro har, gizarteak parte hartzera eta kirol arloko boluntarioak egotera bultzatzea, kirol elkarteetako egituren funtzionamendu demokratiko eta parte- hartzailea zainduz.

d) Bultzatzea eta zaintzea kirol jarduerak gertaleku duen inguruneak eta inguruabarrak pertsona batzuen ezaugarri berezientzat (adina, kondizio fisikoa, psikikoa edo pertsonala) egokiak izan daitezen.

e) Bultzatzea eta begiratzea gehienik adingabeentzakoak edo adingabeek parte hartzekoak diren jendaurreko ikuskizun eta jostetak pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua helburuarekin egin eta haurraren edo gaztearen gorpuzkera, gaitasun eta hezkuntza premien araberakoak izan daitezen.

Adingabeak babestuko dira eginahalean inork helburu gehienbat ekonomiko, politiko edo haien interesen kontrakoetarako erabiltzetik.

Gorputz eta kirol hezkuntza bultzatu, ezarri eta garatuko da maila, gradu eta hezkuntza modalitate guztietan, eta kirola eskola adinean sustatuko da jostetarako edo lehiarako gorputz- eta kirol- jarduerarekin.

f) Kirol jarduera eginahalean Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan zabaltzea.

g) Plangintza bat ezarri eta bultzatzea Foru Komunitatean kirol instalazioen sare bat ezarri eta mantentzea helburu.

h) Bultzatu eta begiratzea herritarrei ematen zaizkien kirol zerbitzuak gizarteari, boluntario lanari, administrazioari eta zergei buruzko arau indardunen araberakoak izan daitezen.

i) Bultzatu eta sustatzea kalitate sistemak ezar daitezen herritarrentzako kirol zerbitzuetan.

j) Eginahalean saiatzea kirol jarduerak behar bezalako osasun eta segurtasun kondizioetan egin daitezen.

Alderdi hauek zainduko dira, besteak beste: istripuak galarazi, indarkeria desagertarazi, prestakuntza eta gaikuntza teknikoa, arriskuak gutxitu eta kirolariak diruz eta osasunez aseguraturik egotea.

k) Bultzatu eta begiratuko da inguru naturalak egoki eta orekaz erabil daitezen zenbait kirolen gertalekutzat, uneoro zainduz kirol egitea eta ingurumena babestea bateragarriak izan daitezen.

l) Kirol autoktono edo tradizionalei bultza egitea.

m) Kirolaren eta kultura eta artearen arteko harremana eta lotura bultzatzea.

n) Kirolaren babes komertziala eta enpresen lankidetza erraztu eta bultzatzea kirol jardueren arloan.

) Kirol zerbitzuen erabiltzaileak, administrazio publikoak eta enpresak bultzatzea elkar harturik kirol jardueren finantzazioan parte har dezaten.

o) Kirol jarduera kirolaren arloko etika printzipioen araberakoa izan dadin bultzatzea.

p) Foru Komunitatean garrantzizko kirol gertaerak egin daitezen bultzatzea.

q) Bultzatzea kirol gaietan koordinazioa eta lankidetza zintzoa egon dadin administrazio publikoen barrenean eta administrazio publikoen eta Foru Komunitatean kirola bultzatu eta garatzen esku hartzen duten beste erakunde publiko eta pribatuen artean.

r) Behar diren neurriak hartzea kirol gertakari guztietako parte-hartzaileak arriskuetatik babesturik daudela bermatzeko.

s) Oinarrizko kirola eskola mailetatik sustatzea beste edozein kirol jardueraren gainetik, hori baita gakoa Nafarroako kirola maila guztietan gara dadin.

t) Kirola ohitura osasuntsu gisa sustatzea, eta hori sustatzen duten kirol gertakari guztiak laguntzea.

u) Ezgaitasun fisiko, psikiko, zentzumenezko edo mistoak dauzkaten pertsonek kirol egin dezaten sustatzea, gizartean guztiz sarturik egon daitezen laguntzeko.

v) Behar diren neurriak hartzea kirola eta kirolariak babesteko helburu politikoak, ekonomikoak edo bestelakoak direla- eta gertatzen den gehiegizko esplotaziotik.

4. artikulua. Lankidetza printzipioak.

Kirolak Nafarroan izanen duen antolaketa instituzionala administrazio-koordinazioaren, entitate publiko edo pribatuekin lankidetzan aritzearen eta horietan parte hartzearen printzipioei jarraituko zaie.

II. TITULUA. Aministrazioaren antolamendua eta eskumenak

I. KAPITULUA. Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak

5. artikulua. Nafarroako Gobernuaren eskumenak.

Hona Nafarroako Gobernuaren eskumenak:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren kirol politikaren lerro nagusiak ezartzea.

b) Foru Komunitatean egiten diren kirol jarduerak definitu eta antolatzea, beti gizartearen premien araberakoak izan daitezen, gure ordenamendu juridikoaren beste ataletako arau- aldaketen araberakoak eta jarduera horietako osagai guztien benetako eskaeren araberakoak.

c) Nafarroako kirol erakundeen eta Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroaren araubide orokorra onestea.

d) Nafarroan goi mailako kirola arautzea, foru lege honek agintzen duenari begira.

e) Kirol gaietako zehapen eta diziplina araubidea arautzea kirol modalitateen berezitasunen arabera.

f) Jendaurreko kirol ikuskizunen eta jardueren araubide orokorra arautzea.

g) Erabakitzea zer baldintza bete behar dituzten Foru Komunitateko erabilera publikoko kirol instalazioek, publikoak nahiz pribatuak, egokiak izateko, eta kirol instalazioetan segurtasun arauak hertsiki betetzen diren kontrolatzea, Foru Administrazioko beste eradundeen eta toki entitateen eskumenen kalterik gabe.

h) Kirol teknikarien prestakuntza garatu eta arautzea.

i) Foru Komunitateko kirol sariak eratu eta arautzea.

j) Foru lege honek edo gainerako ordenamendu juridikoak egozten dizkion beste guztiak

6. artikulua. Foru Komunitateko kirol administrazioko eskumenak.

1. Foru Komunitateko kirol administrazioa erakunde autonomotzat eratu ahal izango da, eta hari dagokio Nafarroako Gobernuaren kirol gaietako politika planifikatu eta betearaztea, Nafarroako Gobernuan kirol gaietako eskumenak esleiturik dauzkan departamentuko titularra goragoko planifikatzaile, zuzendari eta begirale duela.

2. Hona Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumenak:

a) Nafarroako kirol erakundeen Erregistroa kudeatzea.

b) Baimena ematea Nafarroako kirol federazioak eratu eta haien estatutu eta erregelamenduak onets daitezen.

c) Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dauden kirol modalitateei eta espezialitateei aitormena ematea.

d) Begiratzea kirolaren arloko arauek ezartzen dituzten baldintzak bete daitezen elkarteei eta beste erakundeei aitormena eman ahal izateko, foru lege honek agintzen duenari begira.

e) Eginkizun publikoak betetzen ari direnean Nafarroako kirol federazioak koordinatu eta begiratzea eta, hala behartzen bada, Nafarroako beste kirol erakunde batzuk ere bai haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

f) Nafarroako lehiaketa ofizialen antolamendua arautu, sailkatu eta gainbegiratzea.

g) Nahitaezko eskolaren adinekoen Nafarroako kirol lehiaketa ofizialak antolatzea eta antolatzeko baimena ematea.

h) Foru Komunitateko unibertsitateen arteko kirol jarduerak sustatu eta koordinatzea.

i) Nafarroako kirol federazioen bidez eta hala bide denean Nafarroako beste kirol erakundeen bidez, Nafarroako selekzioak osatzen dituzten kirolariak izendatzea.

j) Nafarroako lehiaketa ofizialen eta Nafarroako selekzioen sinbolo eta ikur bereizgarriak onestea.

k) Nafarroako goi mailako kirolariak kalifikatzea.

l) Nafarroako goi mailako kirola gainbegiratu eta begiratzea, foru lege honek agintzen duenari begira.

m) Kirolaren arloko dopajea galarazi eta kontrolatzea, kirol federazioak, Estatuko Administrazioa eta hala bide denean beste erakunde publiko eta pribatuak lagun.

n) Ohiz gainekotzat jotako jendaurreko ikuskizun eta jarduerentzako baimena ematea.

) Kirol gaietako ikerketa zientifikoa eta kirolarien kontrol medikoa eta osasun kondizioen hobekuntza bultzatzea.

o) Kirola laguntzak eta dirulaguntzak emanaz sustatzea.

p) Kirol jarduerak interes sozialekotzat deklaratzea tokatzen diren zerga kenkariei begira.

q) Esleitu zaizkien kirol instalazio eta zentroak antolatu eta kudeatzea, eta bai haietan egiten diren inbertsioak ere.

r) Kirol instalazioetarako plan zuzentzaileak idatzi eta kudeatzea.

s) Nafarroako kirol instalazioen errolda kudeatzea.

t) Kirol gaietako zehapen eta diziplina ahalmena erabiltzea, foru lege honetan eta haren garabideko xedapenekin bat.

u) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen kideak izendatzea.

v) Foru lege honetako hirugarren artikuluan jasotzen diren helburuak iristen eta gauzatzen laguntzen duten berariazko programak onetsi eta betearaztea.

w) Foru lege honek eta haren garabideko xedapenek egozten dizkioten beste guztiak.

3. Foru Komunitateko kirol administrazioa antolatzeko eta jarduteko, kasuko erregelamenduaren arauak hartuko dira aintzat.

II. KAPITULUA. Nafarroako udal eta kontzejuen eskumenak

7. artikulua. Nafarroako udal eta kontzejuen eskumenak.

Lege orokorrek egozten dizkieten autonomia eta ahalmenen barrenean, eta Nafarroako toki erakundeei buruzko foru legeek agintzen dutenarekin bat, hona hemen Nafarroako udal eta kontzejuen eskumenak:

a) Kirolaren arlorako beren administrazio egitura ezartzea.

b) Kirol jarduerak bultzatzea.

c) Bertako kirol elkarteak sortzera bultzatzea.

d) Foru Komunitateko Administrazioarekin lankide aritzea eskola adineko umeen kirol jarduera eta guztientzako kirola bultzatzen.

e) Kirol instalazioak eraiki eta gizartearen ekimena halakoak eraikitzera bultzatzea.

f) Toki entitateen mailako kirol lehiaketak kalifikatu eta antolatzea.

g) Ordenamendu juridikoarekin bat esleitu edo delegatzen zaizkion beste guztiak.

III. KAPITULUA. Nafarroako Kirol Kontseilua

8. artikulua. Zer den eta zer eginkizun dituen.

1. Nafarroako Kirol Kontseilua Foru Komunitateko Administrazioak kontsulta egin eta aholku hartzeko organo kolegiatua da, kirolari eta Nafarroan kirola garatzeko gizartearen parte-hartzeari buruzko gaietarako.

2. Nafarroako Kirol Kontseilua honako helburuak iristeko sortzen da:

a) Kirol gaietako eztabaidagune jantzia eta gizartearen islagarria dena sortzea.

b) Gizartea bultzatzea kirol gaietako politika orokorra itxuratzen eta kirola Nafarroan gararazten parte hartzera eta elkar eragitera.

3. Nolanahi ere eta erregelamenduak esleitzen dizkion eginkizunak ezertan galarazi gabe, hona organo honen eginkizunak:

a) Kirol gaietako foru legeen aurreproiektuen eta kirol gaietako betearazte erregelamendu orokorren gaineko txostenak egitea, nahitaezkoak baina ez lotesleak.

b) Kirol gaietako proposamenak eta iradokizunak egitea Foru Komunitateko Administrazioari eta, kasu bada, haiek eskatuta, gainerako administrazio publikoei eta, oro har, Nafarroan kirola bultzatu eta garatzen esku hartzen duten entitate edo pertsonei.

9. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua.

1. Nafarroako Kirol Kontseilua, organikoki, Foru Komunitateko kirol administrazioari atxikia da.

2. Erregelamenduak ezarriko du Nafarroako Kirol Kontseilua nola antolatu, osatu eta aritu.

3. Nafarroako Kirol Kontseilua plurala izanen da. Betiere honakoek izanen dituzte ordezkariak bertan: Foru Komunitateko kirol eta hezkuntza administrazioa, toki erakundeak, kirol erakundeak, Nafarroako unibertsitateak, kirolariak eta kirol arloan itzal zabala duten beste pertsonak.

4. Nafarroako Kirol Kontseiluko karguak ohorezkoak izanen dira eta xedapen indardunen arabera zor diren dietak beste dirurik ez dute sortuko.

5. Nafarroako Kirol Kontseiluak jardun dezan, berariazko aurrekontu saila ezarriko da.

III. TITULUA. Kirol jarduerak

I. KAPITULUA. Guztientzako kirol jarduera

10. artikulua. Kirolaren definizioa.

Kiroltzat hartuko dira helburu gisa antolaturiko edo beste nolabaiteko parte hartzearen bitartez egoera fisiko eta psikikoaren adierazpide edo hobekuntza, harreman sozialen garapena edo maila guztietako lehiaketetan emaitzak lortzea daukaten jarduera fisikoak.

11. artikulua. Guztientzako kirol jarduera.

1. Guztientzako kirol jardueratzat hartuko da, foru lege honek agintzen duenari begira, helburu nagusia bizitzaren kalitatea hobetzea duen kirol eiteko edozein ariketa fisiko, hartarako bidea dela gaitasun funtzional fisiko eta psikikoa eta gizarte harremanak hobetzea.

2. Guztientzako kirol jardueraren osagai nagusia josteta eta ariketa fisikoa eta ohitura osasungarriei bultza egitea izanen da.

3. Kirol administrazioak guztientzako kirol jarduera sustatuko du, eta jarduera fisiko libre eta bat-batekoa eta jarduera antolatua erraztuko ditu; halaber, prestakuntzako, sormeneko, gizarteak parte hartzeko, oneratze fisikoko eta mantentzeko jarduera ahalik eta gehien eskainiko ditu, Nafarroako herritar guztiek bizi-kalitate hobea izan dezaten.

12. artikulua. Ezgaituen bizi kalitatea.

Kirol administrazioak behar diren kirol jarduerak eta gorputz hezkuntza sustatuko ditu ezgaituentzat, eta arlo horretako adituen prestakuntza sustatuko du, haien bizi kalitatea hobetzeko.

II. KAPITULUA. Eskola adineko kirola

13. artikulua. Eskolakirola.

1. Foru lege honen ondorioetarako, eskola adineko kirol jardueratzat hartuko da antolaturiko kirol-ekintza, eskola-umeek eta gazteek eskola-orduez kanpo egina baldin bada.

2. Eskola-kiroltzat hartuko da haur eta gazteek ikastetxe guztietan, publiko nahiz pribatuetan, haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako maila guztietan, eskola orduez kanpo egiten duten kirol eiteko ariketa fisiko antolatua.

14. artikulua. Eskola adineko kirola bultzatzeko programak.

1. Foru Komunitateko kirol administrazioak eskola adineko kirola bultzatzeko programak egitea sustatuko ditu, Foru Komunitateko hezkuntza administrazioa, toki erakundeak, Nafarroako kirol erakundeak eta, hala behartzen bada, beste erakunde publiko eta pribatuak lagun.

2. Hezkuntza administrazioak, eskola adineko kirola bultzatzeko programak sustatu eta antolatuko ditu, kirol administrazioa, toki erakundeak, kirol erakundeak, ikastetxeak, guraso elkarteak edo beste erakunde publiko eta pribatuak lagun.

3. Programen jomuga izanen da eskola-hezkuntza integralaren, nortasunaren garapen orekatuaren, baldintza fisikoen eta osasun ohitura prebentiboen osagarri izatea. Halaber, hezkuntza behar bereziak dauzkaten eskola-ikasleak integra daitezen aurreikusi eta sustatu beharko dute.

4. Hezkuntza administrazioak, osasun administrazioarekin lan eginez, zainduko du ikasleek kirol jardueretan erabiltzen dituzten kirol instalazioek eskatutako baldintzak betetzen dituztela.

15. artikulua. Ikastetxeetako kirolklubak.

1. Ikastetxeek kirol-klubak sortzen ahal dituzte ikastetxean, kirola sustatu eta garatzeko, horrela, eskola adineko umeen artean.

2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak behar diren baldintza ekonomiko eta giza-baldintzak jarriko ditu horretarako, bai eta erregelamenduz arautu ere funtzionamenduari buruzko bestelako alderdiak.

3. Ikastetxeetako kirol-klubek lehiaketa federatuetan parte hartzen ahal dute.

16. artikulua. Osasunkontrola

Ikastetxeetan kirolean aritzen diren guztien osasun-kontrola arautuko du Nafarroako Gobenuaren Osasun Departamentuak.

17. artikulua. Babesa eta lankidetza.

1. Foru Komunitateko Administrazioak antola eta muga dezake Nafarroako kirol erakundeek noraino duten zilegi 16 urtez beherako kirolarien prestakuntzaren aldera eskubideak edo beste edonolako diruordainak jasotzea.

2. Udaletako kirol-programak eta eskola adineko lehiaketa ofizialak antolatzen eta gauzatzen kirol-federazioek laguntza tekniko eta kirolezkoa eman ahal izanen dute.

3. Udalek lagunduko dute, nagusiki udaletako kirol- ekipamenduak erabiltzen utziz, eskola adineko kirol-programak eta eskola adineko lehiaketa ofizialak behar bezala burutzeko.

4. Foru Komunitateko administrazioa kirol-erakundeekin eta ikastetxeekin lankidetzan arituko da eskola adineko kirol- programak eta eskola adineko lehiaketa ofizialak egiteko beharrezkoak diren erabilera anitzeko kirol-instalazioak eta materiala eduki ditzaten.

III. KAPITULUA. Unibertsitateko kirola

18. artikulua. Unibertsitateko kirola.

1. Unibertsitateko kiroltzat hartuko da, foru lege honek agintzen duenari begira, unibertsitate komunitateko kideek soilik egiten duten kirol eiteko ariketa fisikoa, Nafarroako unibertsitateek onetsi dituzten kirol programen arabera.

2. Legeak unibertsitateei esleitzen dizkien autonomia eta eskumenen barrenean, unibertsitateei dagokie beren eremu jakin eta propioan kirol jarduerak antolatu eta bultzatzea, bidezko iruditzen zaizkien programak eta antolamendu egitura erabiliz eta Foru Komunitateko Administrazioak unibertsitateen arteko kirol jardueren arloan dituen eskumenak ezertan galarazi gabe.

19. artikulua. Lankidetza.

1. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du kirol jarduerak bultzatzeko Nafarroako unibertsitateak lankide erabiltzea.

2. Unibertsitateen arloan eratzen diren kirol-klubek edo kirol-elkarteek eta kirol-taldeek, federazio mailako lehiaketa ofizialetan parte hartu nahi badute, Nafarroako Gobernuko Kirol Entitateen Erregistroan eman beharko dute izena, eta dagokien federazioan afiliatu beharko dira.

IV. KAPITULUA. Goi mailako kirola

20. artikulua. Goi mailako kirola.

Goi mailako kiroltzat hartuko da, foru lege honek agintzen duenari begira, administrazio publikoek beren eskumenen arloan halakotzat jotzen duten kirol eiteko ariketa fisikoa, ariketa horrek kasuko komunitateari egiten dion onurak aintza hartuta.

21. artikulua. Nafarroaren eremuko goi mailako kirola.

1. Nafarroako goi mailako kiroltzat hartuko da Nafarroan kirola garatzeko faktore funtsezkoa izan eta Nafarroa Estatuan eta nazioartean ordezten eta goratzen duena.

2. Nafarroako Gobernuak arautuko du zer baldintzatan emanen zaien kirolariei "Nafarroako goi maila" hori, honako irizpideen arabera:

a) Kirol eta teknika irizpideak.

b) Zer nolako ordezkaritza eta goresmena sortzen duten Estatuan eta nazioartean.

c) Erregelamenduak ezartzen dituen beste irizpide guztiak.

3. Kalifikazio hori bereganatzen duten kirolarien zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4. Nafarroako goi mailako kirolaren kontzeptua, ondorio hauetarako, adiera zabalean ulertu behar da: kirolari, teknikari, epaile eta kirolarekin lotura zuzena duten beste pertsonak ere barne hartuta, erregelamenduak ezartzen duen moduan.

5. Nafarroako goi mailako kirolaritzat hartuko dira, betiere, Estatuko arauen arabera goi mailakotzat deklaratu diren kirolariak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 5. artikuluaren arabera nafarrak badira, edo nafartasun zibila badute.

22. artikulua. Nafarroako goi mailako kirola bultzatzea.

1. Foru Komunitateko Administrazioak bultzatu eta sustatuko du Nafarroako goi mailako kirola, hala bide denean Estatuko administrazioa lagun duela.

2. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du Nafarroako goi mailako kirola bultzatzea besteak beste honako neurriak hartuz:

a) Beren kirol dohain eta dohain teknikoengatik kirolerako potentzial eta proiekzio handia ageri duten kirolariak atzeman eta bultzatzeko programak onestea.

b) Prestakuntza eta formazio tekniko espezializaturako programak onestea, hala bide denean Nafarroako kirol erakundeak lagun.

c) Kirola eta eginkizun akademiko, personal eta lanekoak bateratu ahal izateko neurriak hartzea.

d) Nafarroako goi maila aitortu zaien kirolarientzako programak egin eta dirulaguntzak ematea.

e) Nafarroako goi maila aitortu zaien kirolariei lan intregazio osoa errazteko programak onestea.

f) Hitzarmen juridiko-administratiboak egitea Nafarroako unibertsitateek emendiozko ikastokiak ezar ditzaten Nafarroako goi mailako kirolariei unibertsitate ikasketetan sarrera emateko, betiere kirolari horiek beharrezko ikasketa baldintzak betetzen badituzte.

g) Nafarroako goi mailako kirolarien kontrol edo jarraipen medikoa erraztuz.

h) Erregelamendu bidez ezartzen direnak edo foru lege honek agintzen dituenak betearazteko behar direnak.

3. Foru Komunitateko Administrazio publikoek, "Nafarroako goi mailako" kalifikazio hori merezimendutzat hartzen ahalko dute bai kirolarekin lotura duten lanpostuen hauta probetan eta bai kirolarekin lotura duten lanpostuak betetzeko lehiaketetan, betiere berariazko merezimenduen balorazioa aurreikusten bada.

V. KAPITULUA. Inguru naturaletako kirola

23. artikulua. Inguru naturaletako kirola.

Foru Komunitateko kirol administrazioak, Foru Komunitateko administrazioako departamentua lagun, lurraldearen antolamendua, hirigintza eta ingurumena arautzeko eskumena baitu, eginahala eginen du informazio gaurkotua zabal dadin natur ingurunean kirol egiteko dauden debeku, murriztapen eta baldintzen gainean, eta, halaber, horiek zorrozki bete daitezen behatuko du.

VI. KAPITULUA. Kirol lehiaketak

24. artikulua. Kirol lehiaketen sailkapena.

Foru Komunitateko lurraldean egiten diren kirol lehiaketak, foru lege honek agintzen duenez, honela sailkatzen dira:

a) Eremuari dagokionez: nazioartekoak, nazionalak, autonomien artekoak, Nafarroa barnekoak eta lokalak.

b) Izaerari dagokionez: ofizialak ala ez ofizialak, profesionalak ala ez profesionalak.

c) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste kategoriak, kontuan harturik gizartearen premiak zein diren, zer aldaketa izan diren ordenamendu juridikoaren beste arloetan, eta kirol jardueraren kide diren beste osagaien benetako eskaera zein den.

25. artikulua. Nafarroa barneko kirol lehiaketa ofizialak.

1. Foru Komunitateko kirol administrazioak halakotzat kalifikatzen dituenak izanen dira Nafarroa barneko kirol lehiaketa ofizialak, kontuan harturik lehiaketak zer osagai dituen, non eta noiz gertatzen den, Nafarroako gizartea noraino islatzen edo sustatzen duen, eta erregelamendu bidez ezartzen diren beste irizpide guztiak.

2. Nafarroa barneko kirol lehiaketa ofizialak kalifikatzeko irizpideak erregelamendu bidez ezarriko dira.

3. Betiere hauek hartuko dira Nafarroa barneko kirol lehiaketa ez profesionaltzat:

a) Nafarroako kirol federazio baten erregulazio teknikoaren eta antolamenduaren pean egiten direnak, kasuko kirol modalitatean Nafarroako txapeldun titulua edo antzeko kirol aitormen gorena eskuratzeko bide ematen dutenak.

b) Nafarroako unibertsitate txapeldunaren titulua edo antzeko kirol aitormen gorengoa eskuratzeko bide ematen dutenak Nafarroako unibertsitateen arteko kirol lehiaketen arloan.

4. Nafarroa barneko kirol lehiaketa ofizialetan parte hartu nahi duenak hartarako gaitasuna ematen duen lizentzia edo dokumentua eduki behar du, erregelamendu bidez ezartzen diren modu eta baldintzetan.

26. artikulua. Nafarroa barneko kirol lehiaketa ofizialen izena eta ikur bereizgarriak.

1. Nafarroa barneko kirol lehiaketa ofizialetan zilegi izanen da ikur bereizgarritzat Nafarroako armarria eta bandera erabiltzea.

2. Ez da zilegi izanen edozein eremutako kirol lehiaketa ez ofizialen izena eta ikur bereizgarriak Nafarroa barneko kirol lehiaketa ofizialetan erabiltzen direnak berak izatea, ez eta haiekin nahasgarri izateko bezain antzekoak.

27. artikulua. Lehiaketako bermeak.

1. Kirol-lehiaketa ofizial guztietan behar diren neurriak hartuko dira ondokoak bermatzeko:

a) Kirol-praktikak berekin dakartzan arriskuetatik babestea, bai osasunaren arloan eta bai erantzukizun zibilaren arloan ere.

b) Legezkoak ez diren praktikak kontrolatzea eta haien aurka borrokatzea, kirolarien errendimendua areagotzeko.

c) Diziplina-araubidea lege honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritako baldintzetan aplikatzeko behar diren bideak.

d) Parte-hartzaile aktibo nahiz pasiboen edozein bortxazko agerpeni aurrea hartzeko behar den segurtasuna.

e) Kirol-jardueran aritzeko kontratu bat eskatzea, erantzukizun zibila betetzeko, jarduerak hirugarrenentzat arriskurik sortzen duen guztietan.

VII. KAPITULUA. Nafarroako selekzioak

28. artikulua. Nafarroako selekzioak.

1. Nafarroako selekziotzat hartuko dira, foru lege honek agintzen duenari begira, ordenamendu juridiko indardunaren barrenean, edonolako kirol jarduera edo lehiaketetan Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkari aritzeko izendatzen diren kirolari taldeak.

2. Nafarroako selekzioetarako deitzen bazaie, kirolari federatuak loturik daude agertzera, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

3. Nafarroako kirol erakunde federatuak beharturik daude beren kirolariak lagatzera Nafarroako selekzioak osatzeko, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

4. Foru Komunitateko Administrazioak kirolariak bultzatuko ditu Nafarroako selekzioetan parte hartzera.

5. Nafarroako selekzioek zilegi izanen dute ikur bereizgarritzat Nafarroako armarria eta bandera erabiltzea.

6. Ez da zilegi izanen Nafarroako kirol erakundeetako kiroltaldeen ikur bereizgarriak Nafarroako selekzioek erabiltzen dituztenak berak izatea edo nahasgarri izateko bezain antzekoak.

VIII. KAPITULUA. Jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduerak

29. artikulua. Kasurako araudi orokor eta sektoriala.

1. Oro har, eta foru lege honek berariaz arautzen dituenak ezertan galarazi gabe, jendaurreko ikuskizunei eta josteta jarduerei buruz Nafarroan indar duten arauek gobernatzen dituzte jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduerak.

Hartarako, zilegi izanen da erregelamendu bidez ezartzea zer baldintza eta eginbehar bete behar dituzten nahitaez jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduerek.

Erregulazio honek honakoak uki ditzake:

a) Tipologia.

b) Kirol eta teknika baldintzak.

c) Segurtasun eta higiene baldintzak.

d) Arriskuen asegurua.

e) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste guztiak.

2. Jendaurreko kirol jardueraren kontzeptua, foru lege honek agintzen duenari begira, adiera zabalean interpretatuko da, jende etorrera libreko edozein kirol jarduera, alegia.

30. artikulua. Adingabeentzako jendaurreko kirol jarduerak.

1. Adingabeentzako kirol jarduera jendaurrekotzat hartuko dira, foru lege honek agintzen duenari begira, gehienbat adingabeentzakoak edo adingabeek parte hartzekoak direnak.

Adingabeak dira Estatuan gai horretan indar duten arauek halakotzat hartzen dituztenak.

2. Nafarroako Gobernuak, gaiaren gaineko araudi orokorra aplikatzea ezertan galarazi gabe, arautuko du Nafarroan adingabeentzako kirol jarduera jendaurrekoak egiteko araubidea.

3. Arautze lan horretan honakoak sartu ahalko dira:

a) Kirol jardueren tipologia.

b) Kirol jarduera gertatzen den eremu, zentro edo lokaletako kondizio fisiko-anbientalak eta osasun higienekoak.

c) Kirol jarduera hotsematen duten langileen baldintzak eta betebeharrak.

d) Jardueraren teknika eta kirol kondizioak, adingabearen heziketaren eragile izan daitezen saiatu eta bultzatzeko.

e) Ordenamendu juridikoak adingabeei aitortzen dizkien eskubideak bete daitezen segurtatzeko bultza egiten duten beste baldintza guztiak.

31. artikulua. Administrazioaren baimen berezia.

1. Zilegi izanen da jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduera batzuk erregelamendu bidez ohiz gainekotzat kalifikatzea, delako kirol ikuskizun eta jarduerak izan ditzakeen berariazko arriskuak, gizartean izaten duen oihartzuna, gertaleku duen ingurunea eta antzeko beste ohiz gaineko inguruabarrak kontuan harturik.

2. Foru Komunitateko kirol administrazioari dagokio ohiz gainekotzat jotako jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduerei baimena ematea.

3. Betiere hauek hartzen dira ohiz gaineko kirol jardueratzat:

a) Gehienik adingabeentzakoak edo adingabeek parte hartzekoak diren jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduerak, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

b) Beste autonomia erkidego bateko lehiaketa ofizialak, Foru Komunitateko lurraldean egiten direnean.

32. artikulua. Jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduera arriskutsuak.

Nafarroako Gobernuak zilegi izanen du Foru Komunitateko lurraldean oro har debekatzea pertsonen osasunarentzat arrisku larria dakarten jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduerak.

IX. KAPITULUA. Kirol jardueren sustapena

33. artikulua. Kirol jardueren sustapena.

Foru Komunitateko administrazioak honako bideen bitartez bultzatuko du kirola:

a) Laguntza eta dirulaguntzetarako araubide bat ezarriz.

Kirol gaietako dirulaguntzak arautzeko oinarrietan zilegi izanen da aurreikustea dirulaguntza emateko prozedura bukatzeko Administrazioaren eta interesatuen arteko ituna erabiltzea.

Kirol gaietako dirulaguntzak arautzeko oinarrietan zilegi izanen da toki erakundeentzat aparteko tratamendua aurreikustea, kontuan harturik kasuko toki erakundeek baliabide aprobetxamenduaren plangintza orekatua duten, haien kokaera geografikoa, populazioa eta antzeko ezaugarriak.

Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du Nafarroako kirol federazioei eta Nafarroako unibertsitateei dirulaguntzak ematea. Hartarako, dirulaguntza horien oinarrietan ezarri bezalako lankidetza itun edo hitzarmenak erabiliko dira.

b) Kirolaren babes komertziala nola sustatu.

Publizitate gastuen aldera diru kopuruak pagatzen direnean, eta gastu horiek Foru Komunitateko kirol administrazioak interes sozialekotzat deklaratu dituen jarduerak helburu dituzten babes komertzialeko kontratuek sortutakoak badira, zilegi izanen da diru horrekin kuotan kenketa egitea, Sozietateen gaineko Zerga eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen dituzten Nafarroako arauek agindu bezalako moduan eta portzentajean.

c) Interes orokorreko jardueretan lankidetza hitzarmenak sustatzea.

Fundazioen eta babes jardueren zerga araubideari buruzko Nafarroako arauekin bat, interes orokorreko jardueretan hitzarmenengatik pagatu diren diru kopuruek, Nafarroako Gobernuak interes sozialekotzat deklaratu dituen jarduerak helburu badituzte, eskubidea emanen dute kuotan kenketa egiteko, Nafarroan Sozietateen gaineko Zerga eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen dituzten arauek agindu bezalako moduan eta portzentajean.

IV. TITULUA. Nafarroako kirol erakundeak

I. KAPITULUA. Nafarroako kirol klubak

34. artikulua. Kontzeptua.

Kirol klubtzat hartzen dira, foru lege honek agintzen duenari begira, irabazi asmorik gabeko elkarte pribatuak, nortasun juridikoa eta egintzarako ahalmena eduki eta helburutzat kirol jarduerak sustatzea eta egitea dutenak.

35. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Elkarte-eskubidearen gaineko araudiak agintzen duena ezertan galarazi gabe, kirol klubak beren estatutuen eta barne araubideko araudi berariazkoen arabera, eta beren gobernu organoek hartutako erabaki baliozkoen arabera gobernatuko dira beren erabide, aitormen ofizial, desegite, antolamendu eta jardunbideari dagokion guztian.

2. Kirol klubak Nafarroako kirol federazioetan sartzen badira, sartze horrek federazioaren estatutu eta araudiak onartzea dakar berekin.

36. artikulua. Aitormena.

1. Kirol klubei Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzean emanen zaie aitormena foru lege honek agintzen duenari begira.

2. Kirol klubek, hartarako, eskatu beharko dute Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea erregelamendu bidez ezartzen den modu eta epean.

3. Kirol klub bat eratzean honako baldintzak bete beharko dira foru lege honek agintzen duenaren arabera aitormena emanen bazaio:

a) Klubaren sorrerako akta, erregelamenduak gutxienekotzat ezartzen duen kide sortzaile kopuruak sinatua, zeinean jasoko baita kide horiek elkarte bat sortu nahi dutela kirol jarduerak sustatu eta egiteko, eta beren borondatez men egiten diotela kirolaren arloko araudiari.

b) Kideek klubaren estatutuak onestea. Elkartearen estatutuek erregelamendu bidez ezartzen diren gaiak arautu beharko dituzte.

37. artikulua. Kluben gobernu organoak Nota de Vigencia.

1. Batzar orokorra eta presidentea izanen dira kirol kluben gobernu organo beharrezkoak.

Presidenteak kargua uzten badu zentsura mozioa ez den arrazoi batengatik, hura aukeratzeko hauteskunde prozesuaren deialdia eginen da.

Presidente berria hautatzen ez den bitartean, klubaren estatutuek bestelakorik adierazi ezean, batzar orokorrak, egiten duen lehendabiziko bilkuran eta gai-zerrendan berariaz bildu beharrik gabe, kudeaketa batzorde bat izendatu beharko du, kide guztiak zuzenean izendatuz edo soilik presidentea izendatuz. Kasu horretan, presidenteari dagokio batzordeko gainerako kideak izendatzea. Kudeaketa batzordeak kirol kluba ordezkatzeko eta administratzeko eginkizun arruntak beteko ditu eta hauteskundeen deialdia gehienez ere hiru hilabeteko epean eginen du, haren izendapenetik aurrera.

2. Elkartearen estatutuek beren gobernu organoen erabidea, osaera, deialdi egiteko modua eta jardunbidea arautuko dituzte eta zuzendari eta kideen erantzukizun araubidea, foru lege honen garabideko xedapenekin bat.

38. artikulua. Interes publikoaren deklarazioa eta zerga araubidea.

Erregelamendu bidez ezarriko da zer baldintza eta prozedura bete behar dituzten interes publikokotzat deklaratu diren Nafarroako kirol klubek Fundazio eta babes komertzialari buruzko Nafarroako arauetan aurreikusten den araubide berezian sartzeko; erregelamendu bidez finkatuko ere dira elkarte horiek Sozietateen gaineko zerga eman beharrarekin lotura duten beste kontu guztiak.

II. KAPITULUA. Nafarroako Kirol klub filialak

39. artikulua. Kontzeptua.

1. Zilegi izanen da nortasun juridiko propioa, egintzarako ahalmen osoa eta helburutzat besteak beste kirola sustatzea duten erakunde publiko eta pribatuak edo haiek antolatzaile eta hotsemaile pertsona fisikoak kirolean aritzeko bide ematen dutenak Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea, foru lege honen eta haren garabideko xedapenen berariazko onurak beretu nahi badituzte.

2. Erakunde horiek, "kirol klub filiala" delako deiturarekin sartuko dira Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan, ondotik erakundearen izen orokorra datorrela.

40. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistrora kirol klub filiala deiturapean sartzen diren erakundeak beren gaineko araudi berariazkoaren arabera gobernatuko dira, foru lege honetatik aplikatzeko zaizkien arauak aplikatzea ezertan galarazi gabe.

2. Erakunde horiek, aitormen ofizialari, kirolarien antolamendu eta jardunbideari eta kirol jarduerari dagozkien kontu guztietan foru lege honen eta haren garabideko xedapenen arabera gobernatuko dira.

3. Erakundeak Nafarroako kirol federazioetan kirol klub filial gisa sartzeak berez dakar federazioetako estatutu eta araudiei aitormena eman eta men egitea.

41. artikulua. Aitormena.

1. Kasuko erakundeek, foru lege honek agintzen duenari begira, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzean hartuko dute aitormena.

2. Erakundeek, hartarako, erregelamendu bidez ezartzen den epe eta moduan eskatu beharko dute Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea.

3. Erakunde bat Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan kirol klub filial gisa inskribatzeko, beti beharko da erakunde horretako organo eskudunak sinatutako erabakia, zeinean jasotzen baita erakundeak erregistroan inskribatu nahi duela foru lege honek agintzen duenerako eta espreski eta bere borondatez men egiten diola kirolaren arloko araudiari, gaiaren arabera aplikatzekoa den guztian.

III. KAPITULUA. Nafarroako kirol federazioak

42. artikulua. Kontzeptua.

1. Nafarroako kirol federazioak, foru lege honek agintzen duenari begira, elkarte gisako eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuak dira, helburu nagusitzat Foru Komunitateko lurraldean aitormena duten kirol jarduerak sustatu eta garatzea dutenak.

2. Kirol federazioetan kirol klubak, kirol klub filialak, kirolariak, teknikariak, juezak edo jokozainak eta, hala bide denean, kasuko kirol modalitateak bultzatu, egin edo garatzen laguntzen duten beste talde guztiak sartzen dira.

3. Nafarroako kirol federazioek nortasun juridiko propioa eta bere helburuak iristeko egintza ahalmen osoa dute.

4. Nafarroako kirol federazioek, berezko eginkizunez gain, administrazio kutsuko eginkizun publikoak ere hartzen dituzte delegazioz, eta kasu horretan Foru Komunitateko Administrazioaren lankide aritzen.

5. Foru Komunitatearen esparruan, kapitulu honetan agintzen denaren arabera eratutako elkarteei baizik ez zaie emanen Nafarroako kirol federazioaren izena.

43. artikulua. Eratzeko baimena.

1. Nafarroako kirol federazio bat osatzearen helburua kirol modalitate berria izan daiteke edo Foru Komunitatearen lurraldean lehendik aitormena zuen kirol modalitatea.

2. Nafarroako kirol federazio bat eratzeko aurrez Foru Komunitateko kirol administrazioaren baimena beharko da.

3. Honako irizpideak hartuko dira aintzat kirol modalitate berriak helburu dituzten kirol federazioak eratzeko administrazio baimena eman ala ukatzeko:

a) Delako kirolak nortasun berezia izatea Foru Komunitatean lehendik aitormena zuten kirol modalitateen alderako.

b) Delako kirola gobernatzeko, kirol komunitatearen gehiengoak onartutako arau tekniko batzuk egotea.

c) Delako kirol modalitateak Estatuan, autonomia erkidegoetan edo nazioartean aitormena izatea.

d) Delako kirol modalitateak Foru Komunitatean benetan erro egina eta ohikoa izatea.

e) Proposatzen den kirol federazioa diruz eta antolamenduz bideragarria izatea.

f) Delako kirolaren interes orokorra.

g) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste irizpide eta baldintzak.

4. Honako irizpideak hartuko dira aintzat administrazio baimena eman ala ukatzeko Foru Komunitatean lehendik aitormena zuten kirol modalitateak helburu dituzten kirol federazioei:

a) Delako kirol jarduerak Foru Komunitatean benetan erro egina eta ohikoa izatea.

b) Proposatzen den kirol federazioa diruz eta antolamenduz bideragarria izatea.

c) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste irizpide eta baldintzak.

5. Administrazio baimena erakundearen sustatzaileek eskatuko dute, batzorde kudeatzaile gisa eraturik, erregelamendu bidez ezartzen den modu eta epean.

6. Kirol federazioa eratzeko baimen-eskaera espreski ebazteko dagoen luzeneko epea iragan eta halako ebazpenik jakinarazi ez bada, ukatu dela ulertuko da.

7. Foru Komunitateko administrazioak zilegi izanen du kirol jarduerak edo kirol modalitateak bultzatzea lehendik eratutako Nafarroako kirol federazio batean integratzera.

44. artikulua. Aitormena.

1. Nafarroako kirol federazioek, foru lege honek agintzen duenari begira, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzean hartuko dute aitormena.

2. Hartarako Nafarroako kirol federazioek erregelamendu bidez ezartzen den epe eta moduan eskatu beharko dute Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea.

3. Nafarroako kirol federazio bat eratzeko, honako baldintzak bete beharko dira:

a) Aurrez Foru Komunitateko kirol administrazioaren baimena izatea.

b) Sorrerako akta eta elkartearen estatutuak, betiere erregelamenduak gutxieneko kopurutzat ezartzen duen Nafarroako kirol klubek sinatuak.

Zilegi izanen da kirol jarduera desberdinen berezitasunak eta ezaugarriak aintzat hartzea, finkatzeko zenbat klubek sinatu behar dituzten sorrerako akta eta estatutuak. Kirol klub horiek betiere helbidea Nafarroan daukatenak eta kasuko kirolaren arloan aritutakoak izan behar dute.

Federazioaren estatutuak erregelamendu bidez ezartzen denaren araberakoak eta gai horien gainekoak izanen dira.

c) Foru Komunitateko kirol administrazioak federazioaren estatutuak onestea.

45. artikulua. Inskripzioa.

1. Kirol federazio bat Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan hasieraz inskribatzea eta ondorioz erakunde horri aitormena ematea bi urtez behin-behinekoak izanen dira.

2. Kirol federazio bat Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan behin-behinekoz inskribatzeko administrazio-ebazpenak delako kirol modalitateari Foru Komunitateko lurraldean aitormena ematea ekarriko du berekin, lehendik ez bazuen.

3. Bi urte iraganik, Foru Komunitateko kirol administrazioak eman ala ukatuko dio behin betiko aitormena kasuko kirol federazioari eta kasuko kirol modalitateari, lehendik ez bazuen.

46. artikulua. Aitormena kentzea.

1. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du kirol federazio bati aitormena kentzea, federazioa eratzeko baimenaren oinarri ziren inguruabarrak desagertzen badira edo erakundea eratzeko arrazoi ziren helburuak betetzen ez badira.

2. Nafarroako kirol federazio bati aitormena kentzearen ondorioz:

a) Indargabetuko zaio, ofizioz, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroko inskripzioa.

b) Foru lege honek agintzen duenaren arabera federazioak dituen eskubide eta eginkizun guztiak galduko ditu.

c) Kasuko Nafarroako kirol federazioa nahitaez desegin beharrean egonen da.

47. artikulua. Kirol modalitate eta espezialitateen aitormena.

1. Honako irizpideok hartuko dira aintzat Foru Komunitateko lurraldean kirol bat kirol modalitate edo espezialitatetzat kalifikatzeko:

a) Delako kirol jarduerak nortasun berezia izatea Foru Komunitateko lurraldean aitormena duten kirol modalitateen aldean.

b) Kirol jarduera hori gobernatzeko arau tekniko batzuk egotea, kirol komunitate gehienak onartuak.

c) Autonomia erkidegoetan, Estatuan edo nazioartean kasuko kirol modalitate edo espezialitateak aitormen ofiziala izatea.

d) Delako kirola Foru Komunitatean benetan erro egina eta ohikoa izatea.

e) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste irizpide eta baldintzak.

2. Foru Komunitateko kirol administrazioari dagokio jarduera bat kirol modalitatetzat kalifikatzea eta, kirol federazioak lagun, finkatzea zer espezialitate edo diziplina osagai dituen.

3. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du kirol modalitate, espezialitate edo diziplinaren kalifikazioa kentzea, aitormen horren oinarri ziren baldintzak desagertzen badira.

48. artikulua. Araubide juridikoa.

Nafarroako kirol federazioak foru lege honen eta haren garabideko xedapenen arabera gobernatzen dira, beren berariazko estatutu eta erregelamendu behar bezala onetsitakoen arabera, eta beren gobernu organoek hartutako erabaki baliozkoen arabera.

49. artikulua. Eginkizunak.

1. Hona Nafarroako kirol federazioen eginkizunak:

a) Kasuko kirol modalitateak oro har sustatzea, bai lehia- kirolari dagokionez eta bai guztientzako kirolari dagokionez.

b) Kasuko kirol modalitateak teknikoki arautu eta antolatzea.

Eginkizun hori Nafarroako kirol federazioei dagokie soilik Nafarroako beste kirol erakundeen alderako.

c) Erregelamendu bidez egozten zaizkien beste eginkizun guztiak.

2. Nafarroako kirol federazioek, berezko eginkizunez gain, administrazio eiteko eginkizun publiko hauek ere erabiliko dituzte delegazioz, Foru Komunitateko kirol administrazioa koordinatzaile eta begirale dutela eta hortaz administrazio publikoen lankide direla:

a) Beren kirol modalitatearen esparru orokorra antolatzea eta Nafarroa barneko lehiaketa ofizial ez profesionalei baimena ematea.

b) Beren kirol modalitateetan Nafarroa barneko lehiaketa ofizial ez profesionaletarako baimenak edo gaitasun agiriak ematea.

c) Erabakitzea zein teknikarik eta kirolarik osatuko dituzten bere modalitateko Nafarroako kirol selekzioak, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

d) Erabakitzea bere modalitateko Nafarroako kirol selekzioek kirol jarduera edo lehiaketetan parte hartu behar duten ala ez.

e) Foru lege honen eta haren garabideko xedapenen arabera kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiltzea.

f) Nafarroako Kirol Justiziaren erabakiak betearazi eta bete daitezen begiratzea.

g) Foru Komunitateko kirol administrazioaren lankide aritzea kiroleko dopajea galarazi, kontrolatu eta zehatzen eta kiroleko indarkeria galarazi eta kontrolatzen.

h) Foru Komunitateko kirol administrazioaren lankide aritzea federazioetako kide diren pertsona fisiko edo juridikoei ematen zaizkien dirulaguntza ofizialak kontrolatzen, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

i) Federazioetako hauteskundeak kontrolatzea.

j) Gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna sustatzea, Nafarroako administrazio publikoekin bat, sexuetako batek besteak baino ordezkaritza gutxiago duen kiroletan.

k) Delegazioz egozten zaizkion beste eginkizun guztiak.

3. Ez da zilegi izanen Nafarroako kirol federazioek eginkizun publikorik besteri delegatzea Foru Komunitateko administrazioaren baimen espresurik izan gabe.

4. Kasurako zilegi diren beste helegiteak galarazi gabe, Nafarroako kirol federazioen egintzen kontra zilegi izanen da administrazio bideko helegitea jartzea Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean, foru lege honetan eta haren garabideko xedapenetan agintzen denaren arabera.

50. artikulua. Garabide konbentzionala.

Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du Nafarroako kirol federazioekin elkarlanerako hitzarmen juridiko administratiboak eratzea federazio horien eginkizunak egoki garatzeko eta, oro har, foru lege honetan jasotzen diren printzipioak gauzatzeko.

51. artikulua. Begirale lana.

Zilegi izanen da Foru Komunitateko kirol administrazioa Nafarroako kirol federazioen gainean begirale lana egitea, besteak beste ahalmen hauen bitartez:

a) Administrazio eiteko eginkizun publikoak beretzat erreklamatzea.

b) Administrazio eiteko eginkizun publikoen delegazioa kentzea.

Hartara, zilegi izanen da eginkizun horien erabilera zuzenean Foru Komunitateko kirol administrazioak hartzea edo behin- behinekoz Nafarroako beste kirol erakunde batzuei delegatzea.

c) Federazioetako liburuak eta dokumentuak ikuskatzea.

d) Kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoei dei egitea eginkizun publiko delegatuei buruzko edozein kontu eztabaidatu eta ebazteko.

e) Kirol federazioko batzar orokorra egiteko dei egitea presidentearen kontrako zentsura mozioa eta, hala gertatzen bada, kirol federazioko zuzendaritza batzordeko beste kideen kontrako mozioak ere eztabaidatzeko, atzematen bada haren edo haien eginkizunak erabiltzean ageriko eta bistako botere abusua edo desbideratzea izan dela edo hautematen bada haren edo haien kudeatze lanaren ondorioz kirol federazioari dagozkion eginkizun publikoak argiro utzirik eta geldirik egon direla.

Ofizialki sustatutako zentsura mozioak aurrera egiten badu, berehala dei eginen da kirol federazioko presidentea hautatzeko hauteskundeetarako.

f) Aholkulariak, ikusleak edo administratzaileak izendatzea kasuko kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetan.

g) Nafarroako kirol selekzioei jarduera edo lehiaketa ofizialetan parte hartzea debekatzea.

52. artikulua. Behinbehineko neurriak.

1. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du, prozedura hasi ondoren nahiz hasi aurretik, honako neurri behin-behinekoak hartzea, batera nahiz banaka:

a) Presidentearen eta federazioko zuzendaritza organoetako beste kideen kargua etetea haien kontra diziplina espedientea abiatzen bada kirolaren arloko diziplina gaietan arau-hauste larriak edo oso larriak ustez egin izanagatik edo atzematen bada haien kudeatze lanaren ondorioz kirol federazioari dagozkion eginkizun publikoak argiro utzirik eta geldirik egon direla.

b) Kudeatze batzorde bat izendatzea, gehienik federazioko kidez osatua, aurreko letran agindu bezala presidenteari kargua aurreneurriz eten, aurreko artikuluan agintzen denaren arabera ofizialki eragindako zentsura mozio batek aurrera egin, edo kirol federazioko presidenteari bere eginkizunak etengabe betetzea galarazten dion beste edozein arrazoi gertatzen denean, betiere hala komeni dela juzgatzen bada.

c) Nafarroako kirol federazioei dagozkien eginkizun publiko delegatuak egoki egin daitezen segurtatzeko beharrezko direla juzgatzen den beste neurri behin-behineko guztiak hartzea.

2. Aipatu egintza horiek ez dira inola ere zehapenekoak izanen, diziplina espedienteak abiatzeko aukera ezertan galarazi gabe.

53. artikulua. Egitura eta jardunbidea.

1. Kirol federazioek beren egitura organikoa eta beren jardunbidea arautuko dute estatutu eta erregelamenduetan, foru lege honetan eta haren garabideko xedapenetan agintzen denaren arabera.

Federazioaren egitura organikoa eta jardunbidea betiere ordezkaritza eta parte-hartze demokratikoaren araberakoak izanen dira.

2. Erregelamendu bidez ezarriko da zer gai eta alderdi diren nahitaez federazio estatutuek arautu beharrekoak.

3. Nafarroako kirol federazioetan, batzar orokorra eta federazioko presidentea dira nahitaezko gobernu eta ordezkaritza organoak, hauteskundez osatu beharrekoak; zilegi izanen da estatutuetan beste organo batzuk aurreikustea gobernu eta ordezkaritza organoen osagarri eta lagungarri.

Batzar orokorrean federazioa osatzen duten estamentu guztiek eskubidea izanen dute ordezkariak izateko, eta osoko bilkura nahiz batzorde delegatuak izanen dira haren bilera motak.

Kirol federazioen barnean zilegi izanen da batzar orokorraren batzorde delegatuak osatzea, kirol modalitateko edo, halakorik bada, espezialitateko bana, foru lege honen garabideko xedapenetan ezartzen den erregulazioaren arabera.

4. Nafarroako kirol federazioetako gobernu eta ordezkaritza organoen osaera, eginkizunak, agintaldia eta hauteskunde prozedurak erregelamendu bidez arautuko dira.

5. Kontuan harturik zein prozesu berezia eta bakana den kirol federazio baten hasierako eratzea, zilegi izanen da hauteskunde erregelamenduan, lehenbiziko batzar orokorraren osaera eta lehenbiziko presidentearen hautaera finkatuko baititu, berariaz arautzea zer baldintza behar diren hautesle eta ondorioz hautagai izan eta kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetan sartzeko.

Hauteskunde erregelamendua, hartara, kirol federazioaren sustatzaileak ordezkatzeko eratu den kudeatze batzordeak itxuratuko du.

Hauteskunde erregelamendua Foru Komunitateko kirol administrazioak gainbegiratu eta onetsiko du eta betiere hauteskunde prozesua ordezkaritza eta parte-hartze demokratikoaren printzipioen menpe egon dadin begiratuko du.

54. artikulua. Federazioaren lizentzia.

1. Pertsona fisiko nahiz juridikoek, Nafarroako kirol federazioetan sartzeko, kasuko federazio lizentzia eskuratu beharko dute, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

2. Federazioko lizentziak eman eta berritzea modu arautuan eginen da, foru lege honen garabideko xedapenek agintzen duten epean eta gutxieneko edukiarekin.

3. Erregelamendu bidez ezartzen den epea iragan eta federazioko lizentzia eskuratzeko eskaera ebatzi ez bada, eman dela ulertuko da.

4. Federazioko lizentziek foru lege honek edo haren garabideko xedapenek nahitaezkotzat ezartzen dituzten aseguru estaldurak eraukiko dizkiote federatuari.

5. Kirol bakoitzak sortzen dituen arriskuen berezitasuna gogoan, zilegi izanen da erregelamendu bidez nahitaezko osasun azterketa egin beharra ezartzea, kirolean aritzeko egokitasuna edo gaitasuna neurtzekoak. Erregelamendu bidez ezarriko da osasun azterketa horiek zer baldintza izanen dituzten eta zer arlo ukituko.

55. artikulua. Publizitatea.

1. Kirol federazioetako estatutuak eta haien aldaketak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira, Foru Komunitateko kirol administrazioak onetsi ondoren.

2. Nafarroako kirol federazioek iragarri beharko dute federazioko estatutuak onetsi edo aldatzeko erabakia, gutxienez Foru Komunitateko bi egunkaritan. Betiere Foru Komunitateko kirol administrazioak onetsi ondoren iragarriko da hori.

3. Nafarroako kirol federazioek beren estatutu edo federazio erregelamenduen kopia eman beharko diete hura eskatzen duten pertsona fisiko nahiz juridiko guztiei.

4. Nafarroako kirol federazioek behar adina zabaldu eta jendarteratuko dute inguruan beren helburu eta jardueren berri.

56. artikulua. Kirol federatuaren antolamendua.

1. Kirol modalitate bakoitza federazio bakar batek antolatu eta gobernatuko du Nafarroan, salbu eta gorputzezko, gogozko, zentzumenezko edo askotariko minusbalioa dutenen kirol jardueraren kasuan.

2. Nafarroako kirol federazioek zilegi izanen dute elkarlanerako hitzarmenak ezartzea beste lurralde bateko kirol federazioekin autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizialak antolatzeko, aurrez Foru Komunitateko kirol administrazioaren baimena eskuraturik eta bestelako baimenak eskatu beharra galarazi gabe.

3. Foru Komunitateko administrazioak Nafarroako kirol federazioak bultzatuko ditu jende eta material baliabideak elkarren artean eta batera erabiltzera, beren eginkizunak egoki eta efikaz bete ditzaten sustatzeko.

4. Foru Komunitateko administrazio publikoek bultzatuko dituzte kirolariak kirol federazioetan sartzera, kirol jarduera egokia eta laguntza eta babes hobea sustatzeko.

57. artikulua. Diru, ondare eta dokumentuen gaineko araubidea.

1. Nafarroako kirol federazioek beren aurrekontu eta ondare propioak izanen dituzte.

2. Nafarroako kirol federazioek beren kontabilitatea antolatzeko kontabilitate plan orokor moldatua izanen dute jarraibide, erakunde hauentzat propio ezarria, hurrengo lerrokadan agintzen dena ezertan galarazi gabe.

Foru Komunitateko kirol administrazioak aginduko du kasuko arauak zein momentutan izanen diren nahitaez aplikatu beharrekoak, foru lege honek agintzen duenari begira, gogoan harturik zein diren Nafarroako kirol federazioen ondare balioa, jardueren bolumena, antolakuntzarako egitura edo gizarte inguruabarrak.

3. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du Nafarroako kirol federazioak denak nahiz federazio jakin batzuk behartzea, gogoan harturik zein diren haien ondare balioa, jardueren bolumena, antolakuntzarako egitura edo gizarte inguruabarrak, beren kontabilitatea kanpoko auditoria baten menpe edo beren jardunbidea kudeaketa-auditoria baten edo beste egiaztabide baten menpe jartzera eta zilegi izanen ere du auditoria horietan zer gai aztertu behar diren agintzea, arau orokorrek kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa kontrolatzeko agintzen dituzten beste kontrolak ezertan galarazi gabe.

4. Nafarroako kirol federazio batek desegiten denean ondarerik badu, ondare garbi hori federazioko eginkizunen antzeko jarduerak egiteko erabiliko da. Foru Komunitateko kirol administrazioak begiratuko du hala egin dadin.

5. Nafarroako kirol federazioek zilegi izanen dute jarduera industrial, komertzial edo zerbitzu ematekoetan aritzea betiere baldin horren onura bere elkartearen helbururako erabiltzen badute eta jarduera hori haien jarduera material nagusia ez bada.

6. Nafarroako kirol federazioek ez dute zilegi izanen aurrekontu defizitdunak onestea. Hala ere, Foru Komunitateko kirol administrazioak, zilegi izanen du salbuespenez halako aurrekontu defizitdun bati baimena ematea.

7. Nafarroako kirol federazioek zilegi dute beren ondasun higiezinak kargatu eta besterentzea, dirua mailegatzea eta zor- tituluak edo hainbanako ondare zatiko tituluak jaulkitzea, horrela kirol federazioaren ondarea edo elkartearen helburua ezin lehengoratuzko moduan trabatzen ez bada.

Hartarako, betiere, nahitaezkoa izanen da Foru Komunitateko kirol administrazioaren baimena, kargatu edo besterendu nahi diren ondasun higiezin horiek partez nahiz osorik Foru Komunitateko funtsekin finantzatu badira.

8. Erregelamendu bidez arautuko da artikulu honetan ezartzen diren mugek zer irispide izanen duten eta zer osagai material eta prozedurazkok egon behar duten nahitaez Nafarroako kirol federazioen dokumentuen gaineko araubidean.

58. artikulua. Onura publikoaren deklarazioa eta zerga araubidea.

1. Nafarroako kirol federazioei dagozkie, onura publikoko erakundeak diren partez, ordenamendu juridikoak halakotzat deklaratzen dituen erakundeei ematen dizkien abantailak.

2. Nafarroako kirol federazioek Nafarroan Fundazioen eta babes komertzialaren zerga araubideari buruz indar duten arauek agintzen duten zerga araubidea izanen dute.

3. Erregelamendu bidez ezarriko da zer baldintza eta prozedura bete behar dituzten Nafarroako kirol federazioek Nafarroan Fundazioen eta babes komertzialaren zerga araubideari buruz indar duten arauek agintzen duten zerga araubide berezian sartu ahal izateko. Bertan argituko ere dira erakunde hauek Sozietateen gaineko Zerga eman beharrarekin lotura duten kontu guztiak.

IV. KAPITULUA. Nafarroako kirola sustatzeko erakundeak

59. artikulua. Kontzeptua.

Kirola sustatzeko erakundetzat hartuko dira, foru lege honek agintzen duenari begira, irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu nortasun juridikoa eta egintzarako ahalmena dutenak, Nafarroako kirol erakundez osatuak, baldin haien helburua Nafarroan kirol modalitatearen aitormena ez duten kirol jarduerak oro har sustatzea eta kirol lehiaketak antolatzea bada.

60. artikulua. Araubide juridikoa.

Elkarte-eskubidea arautzeko legeetan agintzen dena ezertan galarazi gabe, kirola sustatzeko erakundeak beren estatutuen, barne araubideko erregelamendu berariazkoen eta beren gobernu organoek hartutako erabaki baliozkoen arabera gobernatuko dira beren erabideari, aitormen ofizialari, desegiteari, antolamenduari eta jardunbideari dagozkion kontu guztietan.

61. artikulua. Aitormena.

1. Kirola sustatzeko erakundeei, foru lege honek agintzen duenari begira, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzean emanen zaie aitormena.

2. Kirola sustatzeko erakundeek, hartarako, erregelamendu bidez ezartzen den epe eta moduan eskatu beharko dute Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea.

3. Kirola sustatzeko erakunde bat eratzeko, foru lege honek agintzen duenari begira aitormena emanen bazaio, honako baldintzak bete behar dira:

a) Sorrerako akta, erregelamenduak agindu bezala egina eta bertan gutxienekotzat ezartzen den kirol erakunde kopuruak sinatua, zeinean jasoko baita erakunde horiek elkarte bat sortu nahi dutela Nafarroan lehendik kirol modalitatearen aitormena ez zuten kirol jarduerak oro har sustatzea edo kirol lehiaketak antolatzea helburu eta beren borondatez men egiten diotela kirolaren arloko araudiari.

b) Kideek kirola sustatzeko erakundearen estatutuei emandako onespena. Elkartearen estatutuek erregelamendu bidez ezartzen diren gaiak arautu beharko dituzte.

V. KAPITULUA. Kirol sozietate anonimoak

62. artikulua. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan sartzea.

1. Nafarroan helbidea duten kirol sozietate anonimoek, foru lege honetatik eta haren garabideko xedapenetatik heldu diren berariazko onurak beretu nahi badituzte, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko dute.

2. Erregelamendu bidez ezarriko da zer prozedura eta zer baldintza bete behar diren inskribatzeko.

3. Nafarroan helbidea duten kirol sozietate anonimoak Estatuan gai horren gainean indar duten berariazko arauen arabera gobernatuko dira, foru lege honetatik aplikatzeko zaizkien arauak aplikatzea ezertan galarazi gabe.

VI. KAPITULUA. Nafarroako Kirolaren Erregistroa Nota de Vigencia

63. artikulua. Helburua Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Kirolaren Erregistroak bi atal izanen ditu:

a) Kirol Entitateen Atala. Atal honetan inskribatuko dira titulu honetan ezartzen diren eta helbidea Nafarroan duten kirol-entitateak; beste entitate batzuk inskribatzeko, erregelamenduz ezartzen den moduan eginen da, behar sozialei, ordenamendu juridikoaren beste sektore batzuetako arau-aldaketei eta kirol-praktika osatzen duten osagai multzoaren benetako eskaerari begiratuta.

b) Kiroleko Profesionalen Atala. Atal honetan inskribatuko dira kiroleko profesionalak.

2. Erregelamenduz zehaztuko da Nafarroako Kirolaren Erregistroaren egitura, sartzeko araubidea eta funtzionamendua.

3. Nafarroako Kirolaren Erregistroan egiten diren inskripzioak publikoak izanen dira. Publizitatea erregelamenduz zehazten diren bitartekoen bidez eginen da.

64. artikulua. Inskripzioa Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kirol Entitateen Atalean inskribatu beharko dira:

a) Kirol kluben, kirol federazioen eta kirola sustatzeko entitateen eraketa.

b) Erregistroan sartzen diren entitateek inskripzioa egiteko hartutako erabakia, ‘eskumendeko klub’ deiturarekin.

c) Kirol kluben, kirol federazioen eta kirola sustatzeko entitateen estatutuen eta erregelamenduen onespena eta aldaketa.

d) Kirol kluben, kirol federazioen eta kirola sustatzeko entitateen gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kideen izendapena eta kargu-uztea.

e) Kirol kluben, kirol federazioen eta kirola sustatzeko entitateen desegitea eta likidazioa.

f) Erregelamenduz ezartzen diren egintzak eta elementuak.

2. Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kiroleko Profesionalen Atalean inskribatu beharko dira Nafarroan kirol arloko lanbideetan hastea eta aritzea arautzen duen foru legean ezarritako egintzak eta elementuak eta erregelamenduz ezartzen diren guztiak.

3. Erregistroan inskribatzeak ez ditu datu okerrak baliozkotuko, ez eta ordenamendu juridikoaren arabera deusezak diren egintzak ere.

4. Foru lege honen ondorioetarako, ezin izanen da Nafarroako Kirolaren Erregistroan sartu dagoeneko erregistratuak dauden beste kirol entitate batzuen izen berberarekin, ez eta antzekotasunagatik, okerra edo entitate horiekin nahastea ekar dezakeen batekin ere.

65. artikulua. Onurak eta betebeharrak Nota de Vigencia.

1. Entitate bat Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatzeak berekin dakar aintzatespen ofiziala kirol entitate gisa foru lege honen ondorioetarako.

2. Derrigorrezko baldintza izanen da entitatea Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatzea foru lege honek eta berau garatzeko ematen diren xedapenek kirol entitateen alde ezartzen dituzten onurez gozatzeko.

3. Derrigorrezkoa izanen da entitatea Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatua egotea:

a) Laguntzak jaso ahal izateko edo Foru Komunitateko Administrazioak sustatutako kirol arloko programetan parte hartzeko.

b) Nafarroako kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzeko.

4. Foru Komunitateko kirol administrazioak aholkularitza eta informazioa eskainiko ditu, kirol entitateen eraketa eta funtzionamendua errazteko asmoz.

5. Erregistratutako kirol entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte, erregelamenduz ezar daitezkeen beste batzuk galarazi gabe:

a) Bere tipologiari dagozkion betekizunei eta helburuei eustea.

b) Nafarroako Kirolaren Erregistroan jasotako datuei dagokienez gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea.

c) Foru Komunitateko kirol administrazioak, Erregistroan dauden datuak eguneratuak izateko helburuarekin, eskatutako informazioa ematea (horretarako ezarriko den epearen barnean) eta bere tipologiari dagozkion baldintzak eta helburuak betetzen dituela erakustea.

Aipatu betebeharrak edo erregelamendu bidez ezar daitezkeenak bete ezik, entitateak Nafarroako Kirolaren Erregistroan duen inskripzioa deuseztatzen ahalko da, eta horrek berekin ekarriko du inskripzioaren ondorioz eskuratutako onurak galtzea, galarazi gabe, kasua bada, Foru Komunitateko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu ahal izatea.

V. TITULUA. Kirolarien osasun laguntza eta babesa

I. KAPITULUA. Osasun laguntza eta arriskuen asegurua

66. artikulua. Kirol jarduera orokorraren ondoriozko osasun laguntza.

Herritarraren kirol jarduera orokorraren ondoriozko osasun laguntza sektore publikoaren osasun aseguruko araubidearen prestazio arrunta da.

67. artikulua. Aseguruak.

1. Aseguru bereziak ezartzea zilegi delarik ere, Nafarroako kirol federazioek aseguru bat kontratatu beharko dute kasuko pertsona federatuari osasun laguntza eman eta, kirol jarduera federatuaren ondorioz delako kirolaria hil edo galera anatomiko nahiz funtzionalik izaten badu, kalteordaina izan dezan segurtatzeko.

Foru Komunitateko Administrazioak zilegi izanen du kirol jarduera federatuaren ondoriozko osasun laguntza finantzatzea, dela kirolarien adina aintzat hartuta, dela kirol jardueraren interes soziala edo antzeko arrazoi bereziengatik, aurrez programazio espresua eginik eta aurrekontuetan berariazko diru kopurua ezarririk.

2. Arriskuen berezitasuna gogoan, dela kirol ikuskizun edo jardueraren izaera eta ezaugarriengatik, dela kirol horrek gertaleku duen ingurunearen ezaugarriengatik edo antzeko arrazoi bereziengatik, jendaurreko kirol ikuskizun eta jardueren antolatzaileak beharturik egonen dira, erregelamendu bidez ezartzen den moduan, erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzera arlo horretako bere arriskuak, eta hala bide denean kirolarienak, aseguratzeko.

3. Foru Komunitateko Administrazioak finantzatu ahal izanen ditu erantzukizun zibileko aseguru horiek arazo ekonomikoak, frogatu ahal direnak, baldin badaude eta erregelamenduz ezarriko diren beste baldintza batzuk betetzen badira.

II. KAPITULUA. Kiroleko dopajea

68. artikulua. Lege esparru orokorra.

1. Foru Komunitateko Administrazioa Estatuaren Administrazioarekin eta Espainiako kirol federazioekin lankide arituko da kiroleko dopajea galarazi, kontrolatu eta erreprimitzeko neurriak hartu eta aplikatzen, Estatuko arauekin bat federazioei tokatzen zaizkien eskumenen barrenean.

2. Foru Komunitateko Administrazioak arautuko du zein lege esparrutan eginen den kirol dopajea kontrolatu, galarazi era erreprimitzeko lana, Foru Komunitateko kirol lehiaketa ofizialetan.

69. artikulua. Kirol dopajerako sustantzia eta metodoen zerrenda.

Nafarroako kirol lehiaketa ofizialetan Kirol Kontseilu Gorenak Estatuaren eremurako onetsi duen kirolarien gaitasuna artifizialki handitu edo lehiaketen emaitzak aldatzeko diren sustantzia, talde farmakologiko debekatu eta erregelamenduaz kontrako metodoen zerrenda aplikatuko da.

70. artikulua. Nahitaezkotasuna.

1. Nafarroako kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolari guztiak beharturik egonen dira dopajea galarazteko kontrolak egitera partida, lehiaketa eta probetan eta bai handik kanpora ere erregelamendu bidez ezartzen diren kasu eta baldintzetan.

2. Foru Komunitateko kirol administrazioak, Nafarroako kirol erakundeak lagun, finkatuko du Nafarroan zein kirol lehiaketa ofizialetan izanen den nahitaezkoa kirol dopajea galarazteko kontrola.

71. artikulua. Kirol dopajea galarazi eta kontrolatzeko neurriak.

Foru Komunitateko kirol administrazioa eginahalean saiatuko da Nafarroan kirol dopajea galarazi eta kontrolatzen, hartarako besteak beste, honako neurriok hartuz:

a) Hezkuntza programak eta informazio kanpainak egitea kirol dopajeak osasunari dakarzkion kalteak agertzera emateko.

b) Debeku diren dopaje sustantzia eta metodoen zerrenda zabaltzeko informazio kanpainak egitea.

c) Dopajea galarazteko kontrolak egiteko laguntza programak egin eta dirulaguntzak ematea.

d) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste guztiak edo foru lege honek aurreikusten duen erregulazioa betearaztekoak.

III. KAPITULUA. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa

72. artikulua. Egitura organikoa.

1. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa Nafarroako Gobernuaren administrazio unitatea da.

2. Erregelamendu bidez ezarriko da zer egitura organiko, zer eginkizun eta zer jardun-araubide izanen dituen.

3. Foru Komunitateko administrazioak zentrorako egitura juridikoa ezarriko du.

73. artikulua. Eginkizunak.

1. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak honako eginkizunak izanen ditu, Foru Komunitateko osasun administrazioari dagozkion eskumenak ezertan galarazi gabe:

a) Foru Komunitateko administrazioari kirol medikuntzaren arloan aholku ematea.

b) Programak planifikatu, koordinatu eta gauzaraztea kirola behar bezalako osasun eta segurtasun baldintzetan egin dadin bultzatu eta sustatzeko.

c) Foru Komunitateko kirol administrazioak antolatzen dituen goi mailako kirola sustatzeko programetan parte hartzen duten kirolariei kontrol eta jarraipen medikoa egitea.

d) Kirol dopajea galarazi, kontrolatu eta erreprimitzeko programetan parte hartu eta laguntzea.

e) Kirol medikuntzaren arloan zerbitzuak ematea.

f) Kirol medikuntzaren arloko ikerketa eta prestakuntza sustatu eta bultzatzea.

g) Kirolean egoki aritzeak, ohitura osasunarentzat mesedegarria den partez, duen garrantzia jendarteratzea.

h) Foru Komunitateko administrazioari aholku ematea kirolaren arloko titulazioaren eta prestakuntzaren gainean.

i) Foru Komunitateko administrazioak kirol teknikarien titulazio ofizialen arloan ematen dizkion eginkizun guztiak.

j) Kirolaren arloko prestakuntza programak planifikatu, koordinatu eta hala behartzen bada betearaztea.

k) Kirolaren arloko ikerketa sustatu eta bultzatzea.

l) Kirolaren arloko aurrerapen zientifiko eta teknikoak eta ikerlanak zabaltzea.

m) Kirolaren arloko dokumentazio zerbitzuak ematea.

n) Erregelamenduak esleitu edo Foru Komunitateko kirol administrazioak egozten dizkion beste guztiak.

2. Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa Nafarroako Kirol Ikerketen Zentroarekin eta Foru Komunitateko osasun administrazioarekin koordinaturik arituko da, Foru Komunitateko administrazioaren giza eta gauza baliabideei ahalik eta etekinik hoberena ateratzeko.

IV. KAPITULUA. Kirol jardueretako indarkeriaren prebentzioa

74. artikulua. Kirolean indarkeriari aurrea hartzeko ekintzak.

1. Foru Komunitateko administrazioak edo haren organo delegatuak Foru Komunitatean kirol jardueren ondorioz gerta daitezkeen indarkeriazko ekintza edo adierazpenei aurrea hartzen lan eginen du, eta jarrera olinpikoak bultzatuko ditu beti.

2. Foru Komunitateko administrazioak era guztietako ekintzak gauzatuko ditu, besteak beste:

a) Kirol jardueretako indarkeriaren zergatiei eta ondorioei buruzko azterlanak egitea.

b) Gizartea, oro har, eta kirol entitateetako kideak, bereziki, prestatu eta jabearazteko ekintzak bultzatu eta zabaltzea.

c) Erregelamenduz ezartzen direnak.

VI. TITULUA. Kirol instalazioak

I. KAPITULUA. Erabilera publikoko kirol instalazioak

75. artikulua. Kasurako arau orokor eta sektorialak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko kirol instalazioak, oro har, eta foru lege honek ezartzen duen berariazko erregulazioa ezertan galarazi gabe, Nafarroan indar duten jendaurreko ikuskizunei eta josteta jarduerei buruzko arauen eta ingurumena babesteko jarduera sailkatuei buruzko arauen menpe egonen dira.

Hartarako, zilegi izanen da erregelamendu bidez erabilera publikoko kirol instalazioek nahitaez bete beharreko baldintza eta betebeharrak ezartzea.

Erregulazioa honakoen gainekoa izan daiteke:

a) Tipologia.

b) Kirol eta teknika baldintzak.

c) Osasun eta higiene baldintzak.

d) Mugikortasun murriztua duten pertsonen irisgarritasuna eta trabarik gabeko zirkulazioa.

e) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste guztiak.

2. Erabilera publikoko kirol instalazioaren kontzeptua, foru lege honek agintzen duenari begira, adiera zabalean ulertuko da, jende etorrera libreko kirol instalazio guztiak hartzeraino, titulartasun publiko ala pribatukoak izan.

Hartarako, beren ezaugarrien berengatik kirol egiteko erabiltzen diren lokal, dotazio edo eremuak hartzen dira kirol instalaziotzat, idorpekoak izan ala ez.

76. artikulua. Sarbide debekua.

1. Arau orokorrek agintzen dutena ezertan galarazi gabe, kirolarien eta kirolzaleen segurtasuna eta babesa bultzatzeko, honako gauzak sartu nahi dituzten pertsonek debeku izanen dute erabilera publikoko kirol instalazioetako jendaurreko kirol ikuskizun eta jardueretara sartzea:

a) Edukiz edo esanguraz indarkeriara bultzatzeko moduko diren pankarta, sinbolo, enblema edo lemak.

b) Armak edo armatako erabiltzeko moduko objektuak.

c) Bengalak edo su artifizialak.

d) Erregelamenduz ezartzen diren beste objetu edo tresna guztiak.

2. Nolanahi ere, debeku izanen da erabilera publikoko kirol instalazioetan aurreko lerrokadan aipatu diren objektuak erakutsi edo erabiltzea, eta instalazioaren titularrak beharturik daude berehala desagerraraztera.

77. artikulua. Arriskuei nola aurrea hartu.

1. Erabilera publikoko kirol instalazioen titularrek erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute instalazioa erabiltzean izan daitezkeen kalte eta galerak aseguratzeko.

Titulartasun publikoko instalazioetan zilegi izanen da erantzukizun zibileko aseguru horren partez kalte eta galerak aseguratzeko beste sistema bat erabiltzea.

2. Erregelamendu bidez finkatuko da poliza horiek erantzukizun zibileko zein estaldura sistemak izanen dituzten.

3. Erabilera publikoko kirol instalazioetan toki ikusgarri eta nabarmen batean honakoei buruzko informazioa paratuko da:

a) Instalazioaren titularra nor den eta, hala bide denean, bertan egiten den kirol jardueraren antolatzailea nor den, instalazioaren titularra ez beste norbait denean.

b) Instalazioa zabaltzeko baimena.

c) Debeku dela instalazioan egiten diren jendaurreko kirol ikuskizun eta jardueretara inor aurreko artikuluan aipatu tresna eta objektuak aldean dituela sartzea.

d) Erabiltzaileen segurtasunari eta instalazioaren higieneari eragiten dieten barne jardunbideko arauak.

e) Instalazioko kirol ekipamendua, mugigarria nahiz finkoa, desegoki erabiltzeak zer arrisku sor ditzakeen.

f) Zer kirol zerbitzu eskaintzen diren eta, hala bide denean, zer tarifa edo kuota dituzten.

g) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste kontu guztiak.

4. Foru Komunitateko erabilera publikoko kirol instalazioetan epez epe bertako kirol ekipamendua, mugigarria nahiz finkoa, errebisatu beharko da. Instalazioaren titularrak konprobatuko du ekipamendu hori erabat ongi dagoela eta kasuko arau sektorialek agintzen dituzten segurtasun baldintza teknikoak betetzen dituela.

78. artikulua. Kirol instalazioak zabaltzea.

Ez da zilegi izanen erabilera publikoko kirol instalazioak zabaltzeko udal lizentzia ematea ez bada frogatu kapitulu honetan eta haren garabideko xedapenetan ezarri diren baldintzak betetzen direla, beste baldintza batzuk eskatzea ezertan galarazi gabe.

II. KAPITULUA. Kirol instalazioen plangintza

79. artikulua. Kirol instalazioen plan zuzentzaileak.

1. Foru Komunitateko Administrazioak egokitzat hartzen dituen erakundeen lankidetzarekin prestatuko ditu kirol instalazioen plan zuzentzaileak eta jarduketen programak, bai sektorekoak eta lurraldekoak bai orokorrak, Nafarroan kirol instalazioen eta azpiegituren sare bat orientatu eta sustatzeko, batetik, eta biztanleen kirol jarduera bultzatu eta haren kalitatea hobetzeko helburuarekin.

2. Plan zuzentzaileak Nafarroako Gobernuak onetsi eta Nafarroako Parlamentura igorriko ditu tramitatu eta onesteko.

3. Plan horien exekuzioaren txostenak Parlamentura igorriko dira, erakunde hau jakinaren gainean egon dadin.

4. Plan zuzentzaileek honakoak bilduko dituzte: jarduketa azterlanak eta planak, horiek betetzeko epeak, eta behar dituzten giza, teknika eta aurrekontu baliabideak.

5. Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatearen interes orokorrerako presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituen kirol instalazioak eraikitzea eta haietarako jarduketak egitea sustatu ahal izanen du.

80. artikulua. Funtsezko printzipioak.

Foru Komunitateko kirol instalazioetarako plan zuzentzaileak itxuratzerakoan, honako printzipioak hartuko dira aintzat:

a) Instalazio horiek kirol arloko errentagarritasunik handiena eman, erabilerarik hoberena izan eta ahalik eta erabiltzaile kopuru handienak.

b) Kirol jarduera garatzeko bide ematen duten kirol instalazioak eraikitzeari lehentasuna ematea, ikastetxeekin eta izaera sozialeko beste halako zentroekin koordinaturik.

c) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste guztiak, foru lege honetan ezartzen diren helburuekin bat.

81. artikulua. Edukia.

1. Foru Komunitatean kirol instalazioetarako plan zuzentzaile bat onetsi aurretik, aztertu eta diagnostikatuko dira Nafarroan dauden kirol instalazioak, non diren, nolakoak diren, nola dauden eta zertarako erabiltzen diren aintzat hartuta.

2. Foru Komunitateko kirol instalazioetarako plan zuzentzaileek honako edukia izanen dute gutxienez:

a) Zer helburu eta xede iritsi nahi diren.

b) Zer kirol instalazio edo ekintza sustatu nahi diren, nolakoak izanen diren, zer kokaleku eman nahi zaien eta zer eremu ukitu nahi den zehazturik.

c) Zein formula eta iturri erabili nahi diren plana betearazi eta finantzatzeko.

d) Zer balorazio irizpiderekin erabakiko den toki entitateek egin beharreko instalazioak edo ekintzak kasuko plan zuzentzaileak aurreikusten dituenetan sartu behar diren ala ez.

3. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du Nafarroako toki entitateekin itunak egitea kasuko plan zuzentzaileak aurreikusten dituenak gauzarazteko.

4. Foru Komunitateko Administrazioak kofinantzatu dituen kirol instalazioak Administrazioaren esku egonen dira kirol jarduera bereziak edo udalez gaindiko interesdunak egiteko, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

82. artikulua. Nafarroako kirol instalazioen errolda.

1. Foru Komunitateko kirol administrazioak, toki entitateak lankide, errolda bat itxuratu eta gaurkoturik edukiko du Foru Komunitatean dauden kirol instalazio publiko nahiz pribatuak jasotzeko.

2. Kirol instalazioen titular diren erakunde publiko nahiz pribatuak eta pertsona fisikoak beharturik daude errolda hori itxuratzeko behar diren datuak ematera.

VII. TITULUA. Titulazioak eta prestakuntza

83. artikulua. Erregulazioa.

1. Nafarroako Gobernuak, gai honetan indar duten arau orokorrekin bat, antolatu eta arautuko ditu kirol teknikari izateko titulazio ofiziala eskuratzeko ikasketak.

2. Erregelamendu bidez ezarriko da zer eginkizun eta eskumen dagozkion arlo horretan Foru Komunitateko kirol administrazioari eta Foru Komunitateko hezkuntza administrazioari.

Hartarako, gai hauei dagozkien guztiak arautuko dira:

a) Irakaslana arautzeko curriculuma nola proposatu eta onetsi.

b) Kasuko titulu ofizialak emateko prozedura.

c) Kasuko titulu ofizialak erregistratzeko prozedura.

d) Zer organok eta zer prozeduraren bidez emanen duen kasuko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak ireki eta jarduteko baimena.

e) Ikastetxeak erregistratzeko prozedura.

f) Ikuskatze araubidea eta organoak.

84. artikulua. Prestakuntza nola sustatu.

1. Foru Komunitateko administrazioak kirol jardueraren arloko prestakuntza sustatuko du, helburu hauek gogoan:

a) Kirol jarduerak eta kirol zerbitzuak behar bezalako osasun eta segurtasun baldintzetan egin eta eman daitezen saiatzea.

b) Saiatzea kirol jarduera eta kirol zerbitzuak gizarteak behar duenaren araberakoak izan daitezen, eta bai beste lege arloetan izandako aldaketen eta gai horretako aurrerapen zientifiko eta teknikoen araberakoak ere.

2. Arlo horretan, Foru Komunitateko Administrazioak erregelamendu bidez ezartzen diren kreditazio edo gaitasun agiri administratiboak emanen ditu.

85. artikulua. Titulazioaaren nahitaezkoa.

1. Nafarroako lurraldean kirol irakaskuntzan, kirol zuzendaritza teknikoan, entrenamenduan, animazioan eta erregelamendu bidez ezartzen diren kirol izaera teknikoko antzeko beste arlo batzuetan aritzeko, ezinbestekoa izanen da horretan aritzen direnek kasuko titulazioaren jabe izatea, kirol gaietan indar duten arauekin bat.

Foru lege honen garabideko xedapenen bidez, zehazki mugatuko da arloan-arloan titulazioak noraino izanen diren nahitaezkoak.

2. Foru Komunitateko administrazioek, zein bere eskumenen barrenean, begiratuko dute artikulu honetan ezartzen diren obligazioak bete daitezen.

VIII. TITULUA. Kirolaren arloko zehapen eta diziplina araubidea

I. KAPITULUA. Kirolaren arloko zehapen araubidea

86. artikulua. Eremua.

1. Kirolaren arloko zehapen araubideak kapitulu honetan tipifikatzen diren administrazio arau-hausteak hartzen ditu, Nafarroako Foru Komunitatean egindakoak direnean.

2. Nafarroan egindako jendaurreko kirol ikuskizun eta jarduerei eta Nafarroako erabilera publikoko kirol instalazioei, Nafarroan indar duten jendaurreko ikuskizun eta josteta jarduerei buruzko arauetan agintzen den zehapen araubidea aplikatuko zaie.

3. Nafarroako erabilera publikoko kirol instalazioei ingurumena babesteko jarduera sailkatuei buruz Nafarroan indar duten arauetan agintzen den zehapen araubidea aplikatuko zaie.

87. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzea.

1. Kirol gaietako zehapen ahalmena edozein pertsona fisiko nahiz juridikoren gainean erabiltzea Foru Komunitateko kirol administrazioari dagokio titulu honetan tipifikatzen diren administrazio arau-hausteak egiteagatik.

2. Arau-hauste horiengatik, atzipez, erruz edo utzikeria hutsez haien erantzule ateratzen diren pertsona fisiko nahiz juridikoek hartuko dute zehapena.

88. artikulua. Arauhausteak.

1. Kirol gaietako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

2. Zilegi izanen da erregelamenduko xedapenetan zehaztea zein portaera doazen foru lege honek agintzen duenaren kontra eta graduazio bat ezartzea foru lege honetako zehapen taulan, baina ezarritako arau-hauste eta zehapen sisteman berrikuntzarik sartu gabe.

3. Zehapen ahalmena duten organoek zehapen espediente bat tramitatu bitartean delitu edo hutsegite izan daitezkeen jokaeren berri jakiten badute, hala emanen diote aditzera Ministerio Fiskalari eta utzi eginen diote zehapen prozedurari harik eta epaileek, hala bide bada, kasuaren gainean iritzia eman arte.

89. artikulua. Kirolaren arloko arauhauste oso larriak.

Hona kirol gaietako arau-hauste oso larriak:

a) Kirol lehiaketak ofizialak balira bezala antolatzea, kirolarien segurtasuna eta osotasuna arriskuan jartzen bada.

b) Eite horretako arau-hauste larriak behin baino gehiagotan egitea.

90. artikulua. Kirol gaietako arauhauste larriak.

Hona kirol gaietako arau-hauste larriak:

a) Aitormen ofiziala kendu ondoren kasuko kirol federazio bat desegin beharraren inguruko eginbideak ez betetzea.

b) Kirol jarduerak ofizialak balira bezala antolatzea, hartarako Nafarroako kirol federazioen edo Foru Komunitateko administrazioaren baimenik izan gabe.

c) Nafarroako kirol federazioek edo hala bide denean beste kirol erakundeek delegaturik dituzten eginkizun publikoak bidegabeki beretu edo erabiltzea.

d) administrazio eginkizunak Foru Komunitateko administrazioak erreklamatu edo haien delegazioa ezeztatu dituenean egitea.

e) Nafarroako goi mailako kirolariek foru lege honetan edo haren garabideko xedapenetan ezartzen diren eginbideak ez betetzea.

f) Nafarroako kirol selekzioei dagozkien eginkizunak bidegabeki beretzea.

g) Kirol gaietako ikuskatzaileei bidea trabatu edo edozein egintza eragoztea.

h) Eite horretako arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

91. artikulua. Kirol gaietako arauhauste arinak.

Hona kirol gaietako arau-hauste arinak:

a) Nafarroa barneko lehiaketa ofizialen eta Nafarroako kirol selekzioen sinbolo eta ikur bereizgarriak bidegabeki erabiltzea.

b) Erabiltzen diren sinbolo eta ikur bereizgarriak Nafarroa barneko lehiaketa ofizialen eta Nafarroako kirol selekzioenekin nahasgarri izateko bezain antzekoak izatea.

c) Nafarroako kirol instalazioen errolda itxuratu eta gaurkotzeko behar diren datuak eman nahi eza.

d) Foru lege honek eta haren garabideko xedapenek kirol jardueren eremurako ezartzen duten beste edozein eginbide edo obligazio ez betetzea, larria edo oso larria ez denean.

92. artikulua. Kirol gaietako arauhauste oso larrien zehapenak.

1. Kirol gaietako arau-hauste oso larriengatik honako zehapenak jar daitezke:

a) Urte batetik bostera arteko epe batean kirol lehiaketa ofizialak antolatu edo haietan parte hartzeko debekua.

b) 500.001 pezetatik 5.000.000ra arteko isuna.

2. Isuna osagarrizko zehapena izan daiteke.

3. Arau-haustearen erantzule den pertsona fisiko nahiz juridikoa Nafarroako kirol federazio bateko kide bada, honakoak jartzen ahal zaizkio osagarrizko zehapentzat:

a) Federazioko lizentzia denboraldi batetik bostera arteko aldian etetea.

b) Federazioko lizentzia alde bat kentzea.

c) Urte batetik bostera arteko aldian federazioko kargu eta eginkizunetan aritzeko debekua.

d) Federazioetako kargu eta eginkuzunetan aritzeko behin betiko debekua.

Osagarrizko zehapenetan, salbuespenez baizik ez da zilegi izanen federazioko kargu eta eginkizunetan aritzea alde bat debekatzea edo federazioko lizentzia alde bat kentzea, larritasun handiko arau-hausteak behin baino gehiagotan egiteagatik.

93. artikulua. Kirol gaietako arauhauste larrien zehapenak.

1. Kirol gaietako arau-hauste larriengatik honako zehapenak jar daitezke:

a) Hilabetetik urtebetera arteko aldian kirol lehiaketa ofizialak antolatu edo haietan parte hartzeko debekua.

b) 100.001 pezetatik 500.000ra arteko isuna.

2. Isuna zehapen osagarria izan daiteke.

3. Arau-haustearen erantzule den pertsona fisiko nahiz juridikoa Nafarroako kirol federazio bateko kidea bada, honakoetako bat jartzen ahal zaio osagarrizko zehapentzat:

a) Hilabetetik denboraldi batera arteko aldian federazioko lizentzia etetea.

b) Hilabetetik urtebetera federazioko kargu eta eginkizunetan aritzeko debekua.

94. artikulua. Kirol gaietako arauhauste arinen zehapenak.

1. Kirol gaietako arau-hauste arinengatik honako zehapenak jar daitezke:

a) Gehienez hilabetean kirol lehiaketa ofizialak antolatu edo haietan parte hartzeko debekua.

b) 10.000 pezetatik 100.000 pezetara arteko isuna.

c) Ohartarazpena

d) Jendaurreko erasia.

e) Buruz buruko erasia.

2. Isuna osagarrizko zehapena izan daiteke.

95. artikulua. Proportzionaltasun irizpideak.

1. Zehapenak jartzeko kontuan hartuko da arau-haustea egin zenean zer inguruabar biltzen ziren, batez ere hauek:

a) Zenbat jenderi erasan dion arau-hausteak eta zenbateko arriskuak sortu dituen.

b) Arau-haustearen irispide soziala.

c) Nafarroaren irudia eta interesei zenbateko kaltea egin dien.

d) Aurretik ohartarazpen ofizialik egin zitzaion.

e) Arau-haustea jakinaren gainean egina den.

f) Erantzuleak teknikoki zenbateraino zuen jobakideko xehetasunen berri, bere lanbidearen arabera edo kirol jardueren arloarekin duen loturaren arabera.

2. Hauek hartuko dira betiere inguruabar larrigarritzat:

a) Arau-haustea berriz egina izatea.

Foru lege honek agintzen duenari begira, arau-haustea berriz egina dela juzgatuko da arau-hausteen erantzuleei lehendik ezarri bazitzaien administrazio bideko zehapen irmoa, larritasun maila bereko edo handiagoko arau-hauste batengatik edo larritasun gutxiagoko bi arau-hausterengatik.

Arau-haustea berriz egina dela juzgatzeko epea lehenbiziko arau-haustea egiten denetik urtebetekoa izanen da.

b) Prezioa.

3. Arau-hauslea bere buruz damutzea inguruabar aringarritzat hartuko da.

96. artikulua. arauhauste eta zehapenen preskripzioa.

1. Titulu honetan arautzen diren arau-hauste eta zehapenek honako epeetan preskribituko dute:

a) Arau-hauste arinek eta haiei dagozkien zehapenek, bi hilabeteren buruan.

b) Arau-hauste larriek eta haiei dagozkien zehapenek urtebetearen buruan.

c) Arau-hauste oso larriek eta haiei dagozkien zehapenek, bi urteren buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

Jarduera jarraitu baten ondorio diren arau-hausteetan, preskripzio epea kontatzen hasteko eguna jarduera hori bukatzen dena izanen da edo arau-haustea gauzatzeko azken egintzarena.

3. Zehapenen preskripzio epea zehapena ezartzen duen ebazpena irmotu eta biharamunetik hasiko da kontatzen.

4. Zehapen prozedura hasteak eten eginen du preskripzio epea, baina prozedura hori hilabete baino gehiagoan geldirik egoten bada, prozedura horren peko pertsona edo erakundeari ezin egozteko moduko arrazoi batengatik, berriz hasiko da kontatzen preskripzio epea.

97. artikulua. Prozedura.

Kirol gaietako zehapen ahalmena erabili baino lehen, administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako administrazio Prozedurari buruzko arauen araberako prozedura batek tramitatuta beharko du.

98. artikulua. Behinbehineko neurriak.

1. Guztientzako administrazio Prozedurari buruzko arauek agintzen dutenez, zehapen prozedura hasi ondoren edo hasi baino lehen, espedientea hasteko eskumena duen organoak zilegi izanen du, arrazoiturik izanez gero, behar diren behin-behineko neurriak hartzea, zertarako eta gero batean eman litekeen ebazpena efikaza izatea, prozedurak fin ona egitea, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta betiere legeak agindutakoa betetzea segurtatzeko.

2. Behin-behineko neurri horiek ez dira sekulan zehapenezkoak izanen eta hauetakoren bat izan daitezke:

a) Fiantza bat eskatzea

b) Jarduera aldi baterako etetea.

c) Prozedura sortzen duten egitateekin lotura zuzena duten objektuak bahitzea.

d) Beharrezko direla juzgatzen den beste neurri guztiak.

II. KAPITULUA. Kirol gaietako ikuskaritza

99. artikulua. Eginkizunak.

Foru Komunitateko kirol administrazioak kirolaren arloko ikuskapenak eginen ditu, eta hartarako foru lege honetan eta haren garabideko xedapenetan agintzen dena bete dadin begiratuko.

100. artikulua. Jarraipen eta ikuskapen egiteko ahalmena.

1. Foru Komunitateko administrazioak zilegi izanen du bere teknikariak gaitzea kirolaren arloko ikuskapen lana egiteko.

2. Beren eginkizun horretan ikuskatzaileak agintaritzaren ordezkari arituko dira eta hortaz arau indardunek halakoei ematen dizkieten babes eta ahalmenak izanen dituzte.

3. Ikuskatzaileek zilegi izanen dute:

a) Erabilera publikoko kirol instalazioen titularrei informazioa eskatzea, edo jendaurreko kirol ikuskizun eta jardueren antolatzaileei.

b) Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu diren kirol erakundeei informazioa eskatzea.

c) Foru Komunitatearen administrazioan gai horretan eskudun diren beste organoei eskatzea esku hartu edo aholku eman dezatela.

d) Beste administrazio eta erakunde publikoen laguntza eskatzea.

4. Jendaurreko kirol ikuskizun eta jardueren antolatzaileak, erabilera publikoko kirol instalazioen titularrak, kirol erakundeen legezko ordezkariak eta kirolaren arloan aritzen den edozein pertsona beharturik daude kirolaren arloko ikuskatzaileei bide ematera behar diren instalazio eta dokumentuak eskuratu eta aztertzeko, eta behar duten laguntza guztia ematera.

III. KAPITULUA. Kirolaren arloko diziplina araubidea

101. artikulua. Eremua.

Kirolaren arloko diziplina araubidea honako arau-hausteei aplikatuko zaie:

a) Kirol federazioen eginkizun eta jardueren arloan kiroleko jokabide arauen kontra egindako arau-hausteak.

b) Nafarroa barneko kirol lehiaketa ofizialetan joko arauen kontra egindako arau-hausteak.

102. artikulua. Kirolaren arloko diziplina ahalmenaren erabilera.

1. Kirolaren arloko diziplina ahalmenaren titular bidezkoek ahalmen horren menpe jarritako pertsona edo erakundeak ikertu eta hala bide denean zehatu edo zuzentzeko eskumena izanen dute.

2. Honakoei dagokie kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiltzea:

a) Nafarroako kirol federazioei, beren egitura organikoko kide guztien gainean eta oro har kasuko kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztien gainean.

Nafarroako kirol federazioek, kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiltzeko, foru lege honetan eta haren garabideko xedapenetan, bere estatutuetako arauetan eta kirolari buruzko gainerako legerian agindutakoa hartuko dute aintzat.

b) Erregelamenduz ezartzen diren organoei, eskola adineko kirol lehiaketa ofizialetan, unibertsitateen arteko lehiaketa ofizialetan, lehiaketa ofizial profesionaletan eta hala bide denean Nafarroa barneko beste lehiaketa ofizialetan, haietan parte hartzen dutenen gainean.

c) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari, orain arte aipatu pertsona eta erakunde guztien gainean eta oro har Nafarroako kirol antolamendu osoaren gainean.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiltzeko, foru lege honetan eta haren garabideko xedapenetan eta gainerako ordenamendu juridikoan agindutakoa hartuko du aintzat.

3. Kirolaren arloko diziplina ahalmenaz kanpokotzat jotzen da juezek edo jokozainek partidak, probak edo lehiaketak hotsemateko ahalmena, kasuko kirol modalitate edo jarduerako arau teknikoak aplikatze hutsaren bidezkoa.

4. Kirolaren arloko diziplinaren kontrako arau-hauste diren egintzengatik atzipez, erruz edo utzikeria hutsez haien erantzule ateratzen diren pertsona fisiko nahiz juridikoek hartuko dute zehapena.

103. artikulua. Kirol kluben eta kirola sustatzeko erakundeen barrengo diziplina araubidea.

1. Nafarroako kirol klubek eta kirola sustatzeko erakundeek zehaztu behar dute beren estatutu eta erregelamenduetan zein diziplina araubide aplikatuko zaien beren kideei, kirolariei eta oro har beren egitura organikoko pertsonei.

2. Barrengo diziplina araubideak, foru lege honek agintzen duenari begira, arau-hausteak eta zehapenak hartzen ditu, eta bai diziplina esparru orokorra ere, kasuko kirol erakundeetako kideen arteko eta bai kide horien eta erakundearen arteko harreman, eskubide eta betebeharren ondorioz sortua.

3. Nafarroako kirol federazio batean kidetutako kirol klubek edo kirola sustatzeko erakundeek zilegi izanen dute estatutuetan aukera ematea beren barrengo diziplina araubidea aplikatuz ezarritako zehapenen kontra federazioko diziplina organoetan helegitea egiteko, baldin kasuko kirol federazioaren estatutuek aukera hori aintzat hartzen badute.

4. Ez da zilegi izanen Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean administrazio bideko helegitea jartzea barrengo diziplina araubidea aplikatuz ezarritako zehepenen kontra.

104. artikulua. Beste arlo batzuekiko lehia.

1. Kirolaren arloko diziplina araubidea erantzunbehar zibil edo penaletik bereiz ari da, eta bai barrengo lan edo sozietate harremanen ondoriozko araubidetik ere bereiz.

2. Diziplina organo eskudunek ofizioz eman beharko diote aditzera Ministerio Fiskalari arlo honetan egindako arau- hausteetatik zeintzuk izan litezkeen delitu edo hutsegite penal, eta geldirik utziko dute beren diziplina prozedura harik eta epaileek, hala bide bada, horren gaineko iritzia eman arte.

3. Gertaera batek berak foru lege honen edo beste arau sektorial baten arabera erantzunbehar administratiboa eta aldi berean kirolaren arloko diziplina erantzunbeharra sortzen baditu, kiroleko diziplina organoek kasuko administrazio agintariei emanen diete aditzera zer aurrekari jakin dituzten, nahiz eta hala bide bada haiek ere kirolaren arloko diziplina prozedura tramitatzen segitu.

4. Kirolaren arloko diziplina organoak administrazio erantzunbehar hutsa sor dezakeen gertaerarik jakiten badu, tramitatzetik gelditu eta besterik gabe kasurako esku duen agintaritzari pasatuko dizkio jakin dituenak.

105. artikulua. Diziplina xedapenen baldintzak.

1. Nafarroako kirol federazioetako estatutu edo erregelamenduetan honakoak sartuko dira kirolaren arloko diziplinari dagokionez, eta foru lege honetan eta haren garabideko xedapenetan agintzen direnen arabera:

a) Arau-hauste sistema tipifikatu bat, larritasunaren arabera mailakatua.

b) Zehapen sistema tipifikatu bat, honako printzipioetan oinarritua: proportzionaltasuna, gertaera beragatik birritako zehapenik eza, eta arau-hauslearen mesedetako arauen atzera- indarra. Sistema horrek zehaztuko ere du zein arrazoik edo inguruabarrek egiten duten erantzunbeharra ezeztatu, arindu edo larriagotu, eta zein diren preskripzio epeak.

c) Zer diziplina prozedura egonen diren zehapenak tramitatu eta bide denean ezartzeko, eta zer helegite jar daitezkeen.

d) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste guztiak.

2. Foru Komunitateko administrazioak kasuko diziplina erregelamenduak onetsiko ditu eskola adineko lehiaketa ofizialetarako, unibertsitateen arteko lehiaketa ofizialetarako, lehiaketa ofizial profesionaletarako eta bide denean Nafarroa barneko beste lehiaketa ofizialetarako.

106. artikulua. Arauhausteak eta zehapenak.

1. Kirolaren arloko diziplina arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

2. Kirol jokabideko arau orokorren kontrako arau-hauste dira federazioko jarduera normala ezindu edo trabatzen duten egintzak edo egintza ezak, kontuan hartu gabe ea partida, proba edo lehiaketa ari zirela egin diren ala ez.

3. Joko arauen kontrako arau-hauste dira lehiaketa normal egitea ezindu edo trabatzen duten egintzak edo egintza ezak.

4. Foru Komunitateko administrazioak zilegi izanen du zehaztea titulu honetan jasotzen diren kirol jokabideko arau orokorren eta joko arauen kontrako arau-hauste horiek zein diren, errazago identifikatu ahal izateko.

5. Zilegi izanen da Nafarroako kirol federazioetako estatutu eta erregelamenduetan:

a) Zehaztea zein diren titulu honetan edo administrazioaren xedapenetan aipatzen diren kirol jokabideko arau orokorren kontrako arau-hausteak, arau-hauste horiek identifikatzen errazago izan dadin, ezarritako arau-hauste sisteman berrikuntzarik sartu gabe.

b) Zehaztea zein diren titulu honetan edo Foru Komunitateko administrazioaren xedapenetan aipatzen diren joko arauen kontrako arau-hausteak, arau-hauste horiek identifikatzen errazago izan dadin, eta beste jokabide batzuk ere joko arauen kontrako arau- haustetzat tipifikatzea kasuko kirol modalitateko ezaugarrien arabera.

107. artikulua. Arauhauste oso larriak.

1. Honakoak hartuko dira kirol jokabideko arau orokorren kontrako arau-hauste oso larritzat:

a) Agerian eta behin eta berriz ez betetzea kirol federazioen estatutu edo erregelamenduetako arauak edo gobernu eta ordezkaritza organoen erabakiak.

b) Federazioetako presidente eta zuzendaritzakideek sistematiko eta behin eta berriz ez egitea federazioetako organo kolegiatuen bileretarako deia legeak agindu epe eta moduan.

c) Federazioetako presidente eta zuzendaritzakideek agerian eta behin eta berriz ez betetzea foru lege honetan eta haren garabideko xedapenetan ezartzen zaizkien eginbide eta betebeharrak, edo Foru Komunitateko administrazioarekin hartutako konpromisoak.

d) Federazioetako presidente eta zuzendaritzakideek larriki eta bidegabeki beren buruen probetxu hutserako erabiltzea kirol federazioaren baliabideak.

e) Kirol federazioetako diziplina edo hauteskunde organoetako kideek agerian eta behin eta berriz ez betetzea beren karguko eginbideak.

f) Federazioetako hauteskunde prozesuak trabatu edo galarazi beharrezko jokaerak.

g) Federazioetako hauteskunde prozesuetan buru diren organoek emandako erabakiak ez betearaztea.

h) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak federazioetako hauteskundeen gaietan hartutako erabakiak ez betetzea.

i) Behar adinako arrazoirik ez dela, federazioko lizentzia ez ematea edo ematen berandatzea, betiere gaitzez egina bada.

j) Nazioarteko erakundeek zehapena jarri dieten herrietako lehiaketa ofizialetan parte hartzea, Estatuaren administrazioak jarri duen debeku moduaren arabera.

k) Eite honetako arau-hauste larriak behin baino gehiagotan egitea.

2. Honakoak hartzen dira joko arauen arau-hauste oso larritzat:

a) Indarkeria erabiltzera bultzatzen duten adierazpenak eta egintzak, agerikoak eta jendaurrekoak.

b) Juez, kirolari, teknikari, kirol agintari eta ikusleen kontrako erasoak, intimidazioak edo koakzioak, larriak eta kaltegarriak direnean.

c) Aginte abusu oso larriak.

d) Partida, proba edo lehiaketa ofizial bat larriki trabatu edo ezintzen duten talde egintzak edo istilu publikoak.

e) Kirol jardueraren duintasuna eta itxura maskaltzen duten egintza ageriko eta publikoak egitea, bereziki larriak direnean.

f) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen erabakiak ez betetzea.

g) Partida, proba edo lehiaketa baten emaitza kirolaz kanpoko bidetik bortxatzeko egintzak.

h) Kirol dopajeko sustantzia edo metodo debekatuak erabiltzea edo erabiltzera bultzatzea, kirolarien osasunerako biziki kaltegarritzat jotzen direnean, erregelamendu bidez ezartzen den zehaztapenaren arabera.

i) Organo eskudunek nahitaezkotzat ezarritako dopaje kontrolak egin nahi eza, eta kirol dopajeko jarduerak eta metodoak kontrolatzea trabatu edo ezindu egiten duten egintzak edo egintza ezak.

j) Behar adinako arrazoirik ez dela, lehiaketetan parte hartzeko lizentziak edo gaitasun agiriak ez ematea edo ematen berandatzea, betiere gaitzez egiten bada.

k) Eite bereko hutsegite larriak behin baino gehiagotan egitea.

108. artikulua. Arauhauste larriak.

1. Hauek hartuko dira kirol jokabideko arau orokorren kontrako arau-hauste larritzat:

a) Kirol federazioetako estatutu edo erregelamenduetako arauak edo gobernu eta ordezkaritza organoen erabakiak ez betetzea.

b) Behar adinako arrazoirik ez dela, federazioetako presidente eta zuzendaritzakideek ez deitzea federazioen organo kolegiatuen bilerak legeak agindu epe eta moduan.

c) Federazioetako presidente eta zuzendaritzakideek larriki ez betetzea foru lege honetan eta haren garabideko xedapenetan ezartzen zaizkien eginbide eta betebeharrak, edo Foru Komunitateko administrazioarekin hartutako konpromisoak.

d) Kirol federazioetako diziplina edo hauteskunde organoetako kideek larriki ez betetzea beren karguko eginbideak.

e) Behar adinako arrazoirik ez dela, federazioko lizentzia ez ematea edo ematen berandatzea.

f) Behar adinako arrazoirik ez dela, Nafarroako kirol selekzioen deialdietara ez agertzea.

g) Eite honetako hutsegite arinak behin baino gehiagotan egitea.

2. Hauek hartuko dira joko arauen arau-hauste larritzat:

a) Epaile, kirolari, teknikari, kirol agintari eta ikusleen kontrako erasoak, intimidazioak edo koakzioak, arau-hauste oso larria ez direnean.

b) Epaile, kirolari, teknikari, kirol agintari, federaziokide eta ikusleen kontrako irainak, arau-hauste oso larria ez direnean.

c) Aginte abusuak.

d) Partida, proba edo lehiaketaren aurrerabide normala trabatu baina erabat ezintzen ez duten talde egintzak edo istilu publikoak, arau-hauste oso larria ez direnean.

e) Garbiro kirol jardueretan behar den duintasun eta itxuraren kontrako diren egintza ageriko eta publikoak.

f) Kirol materiala edo ekipamendua manipulatu edo aldatzea kasuko kirol modalitate edo jarduerako arau teknikoen kontra.

g) Kirol dopajeko sustantzia edo metodo debekatuak hornitzea, erabiltzea edo erabiltzera bultzatu eta laguntza ematea.

h) Federazioko diziplina organoetako erabakiak ez betearaztea.

i) Behar adinako arrazoirik ez dela, lehiaketetan parte hartzeko lizentziak ez ematea edo ematen berandatzea.

j) Eite bereko arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

109. artikulua. Arauhauste arinak.

1. Kirol jokabidearen arau orokorren kontrako arau-hauste arintzat hartuko dira foru lege honi eta haren garabideko xedapenei ageriz kontra egiten dieten jokabideak, larritzat edo oso larritzat hartzekoak ez direnean.

2. Joko arauen kontrako arau-hauste arintzat hartuko dira juez, jokozain, teknikari, kirol agintari eta ikusleei ozarki edo desegoki ohartarazpenak egitea, non eta arau-hauste larriak ez diren.

3. Kirol arloko epaile eta gainerako agintariengandik, beren eginkizunak betetzen ari direla, jasotako aginduak eta jarraibideak betetzerakoan jarrera pasiboa hartzea.

4. Diziplina edo hauteskunde organoetako kideek beren eginkizunak ez betetzea edo uztea, ez betetze arina baldin bada.

110. artikulua. Kirol jokabidearen arau orokorren kontrako arauhausteen zehapenak:

1. Kirol jokabidearen arau orokorren kontrako arau-hauste oso larriak egiteagatik honako zehapenak jartzen ahal dira:

a) Isuna, kasuko diziplina arauan zenbatetsia egonen dena, foru lege honetako 105. artikuluak agintzen duenaren arabera.

b) Federazioko kargu eta eginkizunetan aritzeko debekua, urtebetetik bost urtera bitarteko aldian.

c) Federazioko kargu eta eginkizunetan aritzeko behin betiko debekua.

d) Federazioko lizentzia etetea, denboraldi batetik bostera arteko aldian.

e) Federazioko lizentzia behin betiko kentzea.

2. Federazioko kargu eta eginkizunetan aritzea behin betiko debekatu edo federazioko lizentzia behin betiko kentzearen zehapenak salbuespenez baizik ez dira zilegi izanen, eite bereko eta larritasun bereziko arau-hausteak behin baino gehiagotan egiteagatik.

111. artikulua. Joko arauen kontrako arauhauste oso larrien zehapenak.

Joko arauen kontrako arau-hauste oso larriak egiteagatik zilegi izanen da aurreko artikuluan jarritako zehapenak ezartzea edo ondoren aipatzen diren zehapen berariazkoak, kasuko diziplina arauan zenbatesita egonen direnak, foru lege honetako 105. artikuluak agintzen duenaren arabera:

a) Kiroldegia ixtea, hiru partidutan gutxienez eta denboraldi batean gehienez.

b) Kategoriaz jaitsaraztea.

c) Egiten ari den kirol lehiaketa edo proba jakinetik behin betiko kanporatzea.

d) Egiten ari den kirol lehiaketa edo proba jakinetik behin-behingoz kanporatzea.

e) partida, proba edo lehiaketa ofizialak terreno neutralean edo atea itxita egitea.

f) Puntuak, partidak edo sailkapen-tokiak galtzea, jardunaldi edo proba bat baino gehiagokoa denean.

g) Partida, proba, lehiaketa eta entrenamenduak egiten ari direla kiroldegietara sartzeko debekua, urtebetetik bost urtera bitarteko aldian.

112. artikulua. Kirol jokabideko arau orokorren kontrako arauhauste larrien zehapenak.

Kirol jokabideko arau orokorren kontrako arau-hauste larriengatik honako zehapenak jartzen ahal dira:

a) Isuna, kasuko diziplina arauan zenbatesita egonen dena, foru lege honetako 105. artikuluak agintzen duenaren arabera.

b) Federazioko lizentzia etetea hilabetetik denboraldi batera arteko aldian.

c) Federazioko kargu eta eginkizunetan aritzeko debekua hilabetetik urtebetera arteko aldian.

113. artikulua. Joko arauen kontrako arauhauste larrien zehapenak.

Joko arauen kontrako arau-hauste larriengatik aurreko artikuluan aipatu zehapenak jartzen ahal dira edo ondoren esaten diren zehapen berariazkoak, kasuko diziplina arauan tipifikatuta egonen direnak, foru lege honetako 105. artikuluak agintzen duenaren arabera:

a) Kiroldegia bi partidurako, gehienez, ixtea.

b) Egiten ari den kirol lehiaketa edo proba jakinetik behin betiko kanporatzea.

c) Partida, proba edo lehiaketa ofizialak terreno neutralean edo atea itxita egitea.

d) Puntuak, partidak edo sailkapen-tokiak galtzea.

e) Partida, proba, lehiaketa eta entrenamenduak egiten ari direla kiroldegietara sartzeko debekua, hilabetetik urtebetera bitarteko aldian.

f) Jendaurreko erasia.

g) Buruz buruko erasia.

114. artikulua. Kirol jokabideko arau orokorren kontrako arauhauste arinen zehapenak.

Kirol jokabideko arau orokorren kontrako arau-hausteengatik honako zehapenak jartzen ahal dira:

a) Isuna, kasuko diziplina arauan tipifikatuta egonen dena, foru lege honetako 105. artikuluak agintzen duenaren arabera:

b) Jendaurreko erasia.

c) Buruz buruko erasia.

115. artikulua. Joko arauen kontrako arauhauste arinen zehapenak.

Joko arauen kontrako arau-hauste arinengatik, aurreko artikuluan aipatu zehapenak jartzen ahal dira edo bestela, berariazko zehapentzat, egiten ari den kirol lehiaketa edo proba jakinetik behin behingoz kanporatzea. Betiere zehapena kuantifikatuta ageriko da kasuko diziplina arauan, foru lege honetako 105. artikuluak agintzen duenaren arabera.

116. artikulua. Zehapenen araubidea eta graduazioa.

1. Foru Komunitateko administrazioak zilegi izanen du aurreko artikuluetan ezarritako zehapen taulan graduazioak ezartzea.

2. Federazioetako estatutu eta erregelamenduetan jaso beharko dira aurreko artikuluetan ezarritako zehapen taularen graduazioak, Foru Komunitateko administrazioak agintzen duenari men eginaz.

3. Federazioetako estatutu eta erregelamenduetan isun diren zehapenetarako ezartzen den graduazioak foru lege honen garabideko xedapenetan ezartzen diren gehienezko zenbatekoak begiratu beharko ditu betiere eta hartarako, ez da kontuan hartuko azken buruko emaitza kirol eiteko elementuengatik (partidak, egunak, hilabeteak, denboraldiak edo antzeko kontzeptuak) gutxiagoko zenbatekoak batzearen ondoriozkoa den ala kontzeptu bakarrarengatik ezarri den.

4. Zilegi izanen da isuna, oro har, zehapen nagusia izateaz gain, osagarrizkoa ere izatea.

5. Kirol klub edo erakundeek erantzunbehar solidarioa izanen dute beren kirolari, kirol teknikari edo laguntzaileei joko arauen kontrako arau-hausteengatik zehapen nagusi nahiz osagarritzat ezartzen zaizkien diru bidezko zehapenen gainean, nahiz eta erakunde horiek zilegi izanen duten pagatutako diru kopuruak kobratzea pertsona horiei, delako kirolari, kirol teknikari edo laguntzaileek beren zerbitzuengatik lansaria jasotzen badute.

117. artikulua. Proportzionaltasun irizpideak.

1. Zehapenak ezartzeko, kontuan hartuko da zer inguruabar gertatzen ziren arau-haustea egin zen momentuan; hauek bereziki:

a) Arau-haustea nolakoa den.

b) Arau-hausteak zer irispide duen kirolaren arloan.

c) Arau-hausteak zer ondorio dituen.

d) Aurrez ohartarazpen ofizialik egin zitzaion.

e) Arau-haustea jakinaren gainean egina den.

f) Arau-hausleak teknikoki zenbateraino zekien jobakideko xehetasunen berri, haren lanbidearen arabera edo kirol jardueren arloarekin duen loturaren arabera.

g) Arau-hauslea kirolaren arloko erantzunbehar bereziak izatea.

2. Hauek hartuko dira betiere inguruabar larrigarritzat:

a) Arau-haustea berriz egina izatea.

Foru lege honek agintzen duenari begira, arau-haustea berriz egina dela juzgatuko da arau-hausleei lehendik ezarri bazitzaien kirol bideko zehapen irmoa, larritasun maila bereko edo handiagoko arau-hauste batengatik edo larritasun gutxiagoko bi edo gehiago arau-hausterengatik.

Arau-haustea berriz egina dela juzgatzeko epea lehenbiziko arau-haustea egiten denetik urtebetekoa izanen da.

b) Prezioa.

3. Hauek hartuko dira betiere inguruabar aringarritzat:

a) Arau-hausleari bere buruz damutzea egindakoa.

b) Arau-haustearen aurretik behar adinako probokazioa egon izana.

118. artikulua. Betearazteko epea.

1. Kirol jokabideko arau orokorren edo joko arauen kontrako arau-hausteengatik jarritako kirolaren arloko diziplina zehapenak berehala betearaztekoak dira.

2. Berehala betearaztekoak badira ere, zehapen horien kontrako helegiteak ebazteko eskudun den organoak zilegi izanen du ofizioz edo parte interesatu batek espreski hala eskatuta zehapenaren betearazpena etetea helegitea tramitatzen ari den bitartean. Helegitea jartze hutsak ez du helegindako egintza betearaztea etengo.

119. artikulua. Arauhauste eta zehapenen preskripzioa.

1. Titulu honetan arautzen diren arau-hauste eta zehapenek honako preskripzio epeak izanen dituzte:

a) Arau-hauste arinek eta haien zehapenek, hiru hilabeteren buruan.

b) Arau-hauste larriek eta haien zehapenek, sei hilabeteren buruan.

c) Arau-hauste oso larriek eta haien zehapenek urtebeteren buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

Jarduera jarraitu baten ondorio diren arau-hausteetan, preskripzio epea kontatzen hasteko eguna jarduera hori bukatzen dena izanen da edo arau-haustea gauzatu duen azken egintzarena.

3. Zehapenen preskripzio epea zehapena ezartzen duen ebazpena irmotu eta biharamunetik hasiko da kontatzen.

4. Zehapen prozedura hasteak eten eginen du preskripzio epea, baina prozedura hori hilabete baino gehiagoan geldirik egoten bada prozedura horren peko pertsonari edo erakundeari ezin egozteko moduko arrazoi batengatik, berriz hasiko da kontatzen preskripzio epea.

120. artikulua. Kirolaren arloko diziplina erantzukizuna itzaltzeko arrazoiak.

Hauek hartuko dira betiere kirolaren arloko diziplina erantzukizuna itzaltzeko arrazoitzat:

a) Pertsona salatua edo zehatua hiltzea.

b) Salatu edo zehatutako kirol erakundea itzaltzea.

c) Zehapena betetzea.

d) Arau-hausteek edo ezarritako zehapenek preskribitzea.

e) Zehapena kentzea.

121. artikulua. Diziplina espedientearen beharra.

Kirolaren arloko diziplina zehapenak ezartzeko bide bakarra izanen da titulu honetan eta haren garabideko xedapenetan ezarritako prozeduren araberako espedientea eratzea.

122. artikulua. Ohiz gaineko prozedura.

1. Joko arauen kontrako arau-hausteen zehapenak ezartzeko ohiz gaineko prozedura aplikatuko da arau-hauste horiek diziplina organoek berehala esku hartzea eskatzen badute, partida, proba edo lehiaketaren aurrerabide normala segurtatzeagatik.

2. Ohiz gaineko prozeduraren helburua da delako partida, proba edo lehiaketaren aurrerabide normala segurtatzea eta interesatuen entzunaldiaren tramitea eta erreklamazio eskubidea segurtatzea.

3. Hartarako ezartzen diren epeek sumarietate eta efikaziaren printzipioak izan behar dituzte gidari. Ustezko arau- hausleak, betiere, eskubidea izanen du interesatuaren entzunaldirako tramite laburtua iraungi baino lehen zer akusazio egiten zaion jakiteko, alegazioak egiteko eta frogak proposatzeko.

123. artikulua. Prozedura arrunta.

1. Kirol jokabideko arau orokorren eta joko arauen kontrako arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko prozedura arrunta erabiliko da baldin arau-hauste horiek ez badute eskatzen diziplina organoek berehala esku hartzerik delako partida, proba edo lehiaketaren aurrerabide normala segurtatzeko.

2. Prozedura arrunta foru lege honek eta haren garabideko xedapenek agintzen dutenaren araberakoa izanen da eta, oro har, administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako administrazio Prozedurari buruzko arauetan ezartzen diren zehapen ahalmen eta zehapen prozeduraren araberakoa.

124. artikulua. Behinbehineko neurriak.

1. Prozedura hasi ondoren nahiz hasi aurretik, diziplina espedientea eratzeko eskudun den organoak zilegi izanen du bidezko iruditzen zaizkion behin-behineko neurriak erabakitzea, zertarako eta gero batean eman litekeen ebazpena efikaza izatea, prozedurak fin ona egitea, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta, hala bide denean, jokoan diren interes kolektiboek eskatzen dutena segurtatzeko.

2. Behin-behineko neurri horiek, ez baitira inoiz zehapenezkoak izanen, honakoetako bat izan daitezke:

a) Fiantza bat eskatzea.

b) Jarduera aldi baterako etetea.

c) Lizentzia aldi baterako etetea.

d) Nafarroako kirol federazioetako zuzendaritza karguak aldi baterako etetea.

e) Prozedura sortzen duten egitateekin lotura zuzena duten objektuak bahitzea.

f) Beharrezko direla juzgatzen den beste neurri guztiak.

IX. TITULUA. Kirol justizia

I. KAPITULUA. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea

125. artikulua. Zer den.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea Foru Komunitatean kirol justiziaren arloko gorengo organoa da.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea Foru Komunitateko kirol administrazioari atxikia egonen da organikoki baina zeharo beregain arituko da bere eginkizunetan eta bere eskumenpeko gaietan berak erabakiko du, administrazioko azken instantzia gisa.

126. artikulua. Eskumenak.

1. Hona Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen eginkizunak:

a) Kirol federazioen edo hala bide denean beste kirol erakunde batzuen erabakien kontra jartzen diren helegiteak tramitatu eta ebaztea, erabaki horiek erakunde horiek delegaturik dituzten eginkizun publikoak erabiliz hartuak direnean.

b) Kirolaren arloko diziplina ahalmena duten organoek hartutako erabakien kontrako helegiteak aztertu eta ebaztea.

c) Nafarroako kirol federazioetako organoek gobernu eta ordezkaritza organoak hautatzearen gaietan hartzen dituzten erabakien kontrako helegiteak aztertu eta ebaztea.

d) Kirol diziplinaren arloan kirol federazioen artean edo haien diziplina organoen artean sortzen diren gatazkak aztertu eta ebaztea.

e) Kirolaren arloko diziplina espedienteak tramitatu eta ebaztea eta bai dela ofizioz dela Foru Komunitateko administrazioak hala eskatuta aurretik aipatu gaien gainean nahi dituen kontu guztiak aztertzea.

f) Arbitrajearen bidez ebaztea, hala bide denean, kirol federazioen barrenean sortzen diren auzi eta liskarrak.

g) Kirolarien eskubideak defendatzea erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

h) Ordenamendu juridikoarekin bat egozten edo delegatzen zaizkion beste eskumen guztiak.

2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenek agortzen dute administrazio bidea, eta zilegi izanen da haien kontra administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegiteak jartzea.

127. artikulua. Batzordekideak eta jardunbidea.

1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak zuzenbideko lizentziatuak izanen dira, kirolaren arlo eta zuzenbidean esperientzia aitortua dutenak.

2. Batzordeak idazkari bat izanen du lagun, hizpidea bai baina botorik izanen ez duena. Foru Komunitateko kirol administrazioak izendatuko du idazkaria bere funtzionarioetatik kirolaren arloan eta zuzenbidean esperientzia aitortua duenen bat hautatuta.

3. Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordearen osaera eta jardunbidea erregelamendu bidez ezarriko da.

4. Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordeko kideen karguak ohorezkoak izanen dira eta xedapen indardunen arabera zor diren dietak beste diru ordainik ez dute sortuko.

II. KAPITULUA. Arbitrajea

128. artikulua. Federazioaren eremua.

1. Federazioetako estatutu eta erregelamenduek arbitrajearen sistema ezarri eta arautuko dute berek xedatu beharreko gaiei buruz federazioen barrenean eta bai fderazioetako kideen artean sortzen diren auzi-liskarrak auzitegira jo gabe ebazteko.

2. Gai horren gaineko lege orokorrek agindu bezalako modu eta baldintzetan, erregelamendu bidez ezarriko da eremu honetako arbitraje araubidea.

3. Erregelamenduzko arau horiek alderdi hauek jaso beharko dituzte:

a) Arbitrajearen xede izan daitezkeen gaien zerrenda.

b) Ukitutako pertsonek arbitraje modu horiek onartzeko moduak.

c) Arbitraje modu horiek aplikatzeko prozedura, betiere kontradikzio eta berdintasun printzipioak errespetatuz.

d) Arazoak konpontzeaz arduratuko diren organo edo pertsonak eta horiek izendatzeko prozedura.

e) Laudoak betearazteko bideak.

4. Arbitraje sistemei men egitea betiere borondatezkoa izanen da eta debeku izanen da inolako erabaki edo arauen bidez kirol federazioetako pertsona edo erakundeak behartzea beren gatazkak arbitro bidezko formulekin konpontzera.

129. artikulua. Arbitrajea sustatzea.

Foru Komunitateko administrazioak arbitrajea sustatuko du kirol gaietako gatazkak konpontzeko bidetzat.

XEDAPEN GEHIGARRI Nota de Vigencia

Bakarra

Honakoak dira kirolaren arloko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren esparruetan zehapenak ezartzeko eskumena duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko agintariak.

1. Kirolaren arloko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, honakoak dira eskudunak:

Nafarroako Gobernua, 360.000,01 eta 650.000 euro bitarteko isunak jartzeko.

Segurtasunaren arloko eskumenen titularra den departamentuko kontseilaria, 180.000,01 eta 360.000 euro bitarteko isunak jartzeko.

Segurtasunaren arloko eskumenen titularra den zuzendari nagusia, 150 eta 180.000 euro bitarteko isunak jartzeko.

2. Kirol ikuskizunak antolatzeko aldi baterako inhabilitazio zehapenak ezartzeko eskumena eta kirol barrutiak aldi baterako ixtekoa, segurtasunaren arloko eskumena esleituta daukan zuzendari nagusiari dagokio, baldin eta etete epea urtebetekoa edo laburragoa bada, eta, aldiz, segurtasunaren arloko eskumenen titularra den departamentuko kontseilariari, epe hori urtebetekoa baino luzeagoa baldin bada.

3. Kirolaren arloko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako zehapen osagarriak ezartzeko eskumena kasuan kasuko zehapen organo eskudunari dagokio, ezertan ere kendu gabe aurreko idatz-zatian xedatutakoa, eta arau-hauste oso larriak ordeztekoa bada, Kirolaren arloko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legearen 24. artikuluko 4. idatz-zatian xedatuaren arabera, segurtasunaren esparruko eskumena esleituta daukan zuzendari nagusiarena izanen da eskumena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa. Kirol erakundeen estatutu eta erregelamenduen moldaketak.

1. Nafarroako kirol kluben, kirol klub filialen, kirol federazioen eta kirola sustatzeko erakundeen estatutu eta erregelamenduak foru lege honek ezartzen duen erregulazioaren arabera moldatuko dira behar den neurrian, legearen garabideko xedapenek ezartzen dituzten epeetan.

2. Aipatu erregelamendu garapena egiten ez den bitartean, segituko dira aplikatzen kirol erakundeen estatutu eta erregelamenduetako xedapenetatik foru lege honetan ezartzen den eregulazioari kontra egiten ez diotenak eta indarrik gabe utziko dira hari kontra egiten dioten guztiak.

Bigarrena. Erabilera publikoko kirol instalazioak.

Foru Komunitateko administrazioak eta toki-entitateek urtebeteko epea izanen dute foru lege honek indarra hartzen duenetik aitzina, arkitektura-oztopoei buruz xedatutakora egokitu ditzaten euren kirol-instalazioak.

Hirugarrena. Diziplina espedienteak.

Foru lege honek indar hartzen duen egunean lehendik tramitatzen ari ziren diziplina espedienteak segituko dira aurreko arauen arabera tramitatzen, hau da, berariaz urriaren 13ko 305/1998 Foru Dekretua, Nafarroan kirol arloko diziplina arautzekoa, nahiz eta zilegi izanen den foru lege honetan agindutako zehapen araubidea aplikatzea espedientatuak hobe duenean.

Laugarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatzeko xedapenak ematen ez dituen bitartean, foru lege honek indar hartzen duenean indar duten foru xedapenak aplikatuko dira, hari kontra egiten ez dioten guztian.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Indargabetze orokorra.

Indargabetzen dira foru lege honi kontra egiten dioten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa. Zehapenak nola errebisatu eta eguneratu.

1. Zilegi izanen da kirol gaietako administrazio arau- hausteak egitearen zehapenak, foru lege honetako I. kapituluko VIII. tituluan ezartzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontuei buruzko legeetan errebisatu eta eguneratzea edo kontsumoko prezioen indizea edo erakunde ofizial eskudunak haren ordetako onesten duen bizitzako kostuaren indizea aplikatuz.

2. Nafarroako Gobernuak zilegi izanen du kirol gaietako administrazio arau-hausteak egitearen zehapenak, foru lege honetako III. kapituluko VIII. tituluan ezartzen direnak, errebisatu eta eguneratzea.

Bigarrena. Nafarroako liga profesionalak.

1. Foru Komunitateko administrazioak zilegi izanen du Nafarroako liga profesionalei eskumen esklusiboak esleitzea Nafarroako beste elkarte batzuen gainetik eta eginkizun publikoak delegatzea Nafarroako kirol lehiaketa profesionalen arloan.

2. Hartarako, zilegi izanen da foru lege honetan Nafarroako kirol federazioetarako egiten diren erregulazio eta erreferentziak Nafarroako liga profesionalei ere aplikatzea, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

Hirugarrena. Garabidea.

Esku ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Laugarrena. Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabetera hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruean, bi mila eta bateko uztailaren bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0107234

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web