(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/1998 FORU LEGEA, apirilaren 6koa, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzkoa Nota de Vigencia

BON N.º 47 - 20/04/1998



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Lanbide Elkargoen sortzea, bategitea, bereganatzea, izena aldatzea eta desegitea


  III. KAPITULUA. Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseiluak


  IV. KAPITULUA. Elkargoean bazkidetzea eta araubide juridikoa


  V. KAPITULUA. Lanbide Elkargoen erregistroa eta Elkargoen Kontseiluak


ZIOEN ADIERAZPENA

Espainiako Konstituzioak 36. artikuluan ezartzen du lege bidez arautuko direla Lanbide Elkargoen araubide juridikoen ezaugarri bereziak eta lanbide titulatuen jarduna. Gainera, Elkargoen barne egiturak eta funtzionamenduak demokratikoak izan behar dutela adierazten du.

Konstituzio Epaitegiak adierazi duen bezala, Lanbide Elkargoak korporazio sektorialak dira, kideen interes pribatuak defendatzearren sortzen direnak, baina interes publikoko xedeak ere badituzte eta, horrexegatik, legearen aldetik, pertsona juridiko-publiko gisa edo zuzenbide publikoko korporazio gisa eratzen dira, horien jatorri, antolamendu eta eginkizunak ez baitaude bakarrik bazkideen esku, baizik eta lehen-lehenik legegileen beraien derrigorrezko erabakien menpe. Izan ere, legegile horiek Elkargoei esleitzen dizkiete lurraldeko administrazioei dagozkien eginkizunak edo biak lankidetzan aritzeko aukera ematen diete, administrazio eskumenen delegazioen bitartez. Horren ondorioz, korporazio horiek aipatu lurralde administrazioen menpe edo tutoretzapean gelditzen dira, horiek baitira Elkargoek dituzten eginkizun edo eskumenen titularrak. Tutoretza lan horrek, Nafarroaren kasuan Foru Komunitateko Administrazioaren gain dagoenak, arau bat behar du, esparrua eta hedadura zehaztu eta Nafarroako Lanbide Elkargoei aplikatu beharreko araubide juridikoa finkatzeko.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.26 artikuluak adierazten du Nafarroak erabateko eskumena duela Lanbide Elkargoen eta lanbide titulatuen jardunen arloetan, lege orokorrei jarraikiz. Hortaz, Nafarroan jarduten duten Lanbide Elkargoen araubide juridikoa Estatuko legedia orokorrak arautuko du, honakoek hain zuzen: Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legea, Espainiako Konstituzioa aldarrikatu ondoren, abenduaren 26ko 74/1978 Legeak aldatua izan zena, ekainaren 7ko 5/1996 Errege Dekretu-legea, apirilaren 14ko 7/1997 Legea eta Foru Lege hau berau, Estatuko oinarrizko legedia garatuz, Nafarroako Lanbide Elkargoen araubidearen ezaugarriak finkatzen dituena.

Foru Lege honek egitura erraza du. Araugintzako teknika dela eta, honakoak finkatu nahi izan ditu: Nafarroako Foru Komunitateko Elkargoen antolamenduan izanen diren berezitasunak, Lanbide Elkargoen helburu eta eginkizunak, horien eta Nafarroako Administrazio Publikoen arteko elkarlana, Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseiluen jarduna, Elkargo eta Kontseiluen araubide juridikoa eta Erregistro baten sorrera, publikotasunaren ondorioetarako.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Jarduteko eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldea, bakarrik nahiz beste lurralde batzuekin batera, duten Lanbide Elkargoak Foru Lege honetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

Lanbide Elkargoak zuzenbide publikoko korporazioak dira; berezko nortasun juridikoa eta beren helburuak betetzeko gaitasun osoa daukate.

3. artikulua. Helburu eta eginkizunak.

1. Nafarroako Lanbide Elkargoen helburu berariazkoak dira kasuan kasuko lanbidea eta kolegiatuen interes profesionalak defendatu eta ordezkatzea, gizartearen interes orokorrekin bat etorriz, eta lanbidearen jarduna antolatzea, bere eragin eremuaren barruan eta ezarritako lege-markoa errespetatuz, Nafarroako Administrazio Publikoek, beren zerbitzuko langileen eginkizunak direla eta, duten eskumena galarazi gabe. Gainera, honako helburu hauek izanen dituzte:

a) Kolegiatuen lan profesionala kalitatezkoa izan dadin begiratzea.

b) Kolegiatuen jarduna lanbidearen arau deontologikoen araberakoa eta zerbitzatzen duten gizarteak eskatutakoaren araberakoa dela bermatzea.

c) Kasuan kasuko lanbidearekin zerikusia duten interes orokorrak lor daitezen zaintzea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoei laguntzea beren eginkizunak aurrera eraman ditzaten, Foru Lege honetan zehaztuta dagoen bezala.

2. Helburu horiek betetzeko, Lanbide Elkargoek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Profesionalekin harremanetan sartzen diren hiritarren eskubideak eta interesak errespetatzen direla bermatzea, lanbidearen etika errespetatuz eta diziplina ahalmena erabiliz.

b) Organo aholku-emaileetan eta langileak hautatzeko prozesuetan parte hartzea, Nafarroako Administrazio Publikoek eskatzen dietenetan.

c) Kolegiatuendako interesgarri diren jarduketa eta zerbitzu komunak antolatzea, lanbidearen ingurukoak, laguntzarakoak zein kulturalak, profesionalen arteko esperientzien eta jakingaien trukeari bidea emanez, Elkargoko kide diren ala ez begiratu gabe, eta profesionalen prestakuntza jarraia sustatzea.

d) Profesionalen arteko intrusismoa eta konpetentzia desleiala ebitatzea, antolamendu juridikoan zehazturikoaz baliatuz.

e) Kolegiatuen artean edo kolegiatu eta hirugarrenen artean sortzen diren arazo profesionaletan parte hartzea, bitarteko edo arbitraje lana eginez, inplikaturik dauden alderdiek hala eskatzen dutenean.

f) Lansari, ordain eta zerbitzu-sari profesionalak kobratzea, kolegiatuek beraiek eskatuta, Elkargo bakoitzaren estatutuetan zehazten diren baldintzetan, eta txostena egitea, lanbide- sariei buruzko aferak eztabaidatzen diren epaiketa prozesuetarako eta administrazio prozeduretarako.

g) Aurrekontuak onestea eta kolegiatuen ekarpenak arautu eta finkatzea.

h) Lan profesionalak sinatu, indarra duen araudiari jarraikiz bidezkoak diren kasuetan eta bidezkoa den edukiarekin Nota de Vigencia.

i) Foru Komunitateko proiektu arau-emaileak informatu, hain zuzen ere, kasuan kasuko lanbidearekin zerikusia duten ondoko gaiei buruz: betebeharrak, eremuak, ordainsariak, gobernu organoetako kideen bateraezintasunak, prestakuntza edo espezializazio ikastaroak, eta diplomak.

j) Legearen babesean dagozkion gainerako eginkizunak, interes profesionalak defendatzeko eta Elkargoaren helburuak betetzeko xedea dutenak.

4. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoekiko lankidetza.

1. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharreko Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Lanbide Elkargoen esku utzi ahalko ditu lanbide horren inguruko administrazio eginkizunak.

Eginkizunak delegatzeko Foru Dekretu horretan zehaztu beharko dira horien hedadura, edukia, iraupena eta baldintzak, Nafarroako Gobernuak bere esku izanen duen kontrolbidea eta, horrelakorik bada, transferitzen diren baliabide pertsonal, material eta ekonomikoak.

Beti ere, Nafarroako Gobernuak izaera orokorreko jarraibideak eman ahalko ditu eta edozein momentutan eskatu ahalko du Elkargoaren kudeaketari buruzko informazioa, baita ordezkariak bidali eta bidezko errekerimenduak egin ere. Jarraibideak ez badira betetzen, informazioa ukatu edo errekerimenduei kasu egiten ez bazaie, Gobernu delegazio-emaileak delegazioa atzera eraman dezake edo, bestela, delegaturiko eskumena berak erabili.

Delegazioa eragingarria izateko, kasuan kasuko Elkargoaren onespena beharko da.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek lankidetza hitzarmenak sina ditzakete Lanbide Elkargoekin eta Nafarroako Elkargoen Kontseiluekin, interes komuneko ekintzak aurrera eramateko.

5. artikulua. Administrazio harremanak.

1. Nafarroako Lanbide Elkargoak eta Lanbide Elkargoen Nafarroako Kontseiluak, Foru Lege honetan bilduta dauden alderdi instituzional eta korporatiboei dagozkienetan, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentuarekin jarriko dira harremanetan.

2. Lanbidearen inguruko gaiei dagokienez, Elkargoak eta Kontseiluak kasuan kasuko gaiarekin erlazionatuta dagoen eskumena duen departamentua izanen du bitarteko.

6. artikulua. Elkargoen autonomia.

Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Lanbide Elkargoen arteko harremanak autonomian, partaidetzan, eraginkortasunean, lankidetzan eta elkarren arteko errespetuan oinarrituko dira.

Nafarroako Lanbide Elkargoek modu autonomoan onetsiko dituzte beren estatutuak, eta horretarako izanen dituzten muga bakarrak legeek ezartzen dituztenak izanen dira. Horien barne egitura eta funtzionamendua demokratikoak izanen dira.

II. KAPITULUA. Lanbide Elkargoen sortzea, bategitea, bereganatzea, izena aldatzea eta desegitea

7. artikulua. Lurralde eremua.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa hartzen ez duen Elkargorik ezin izanen da eratu.

2. Ez da zilegi izanen Nafarroako Lanbide Elkargo bat eratzea, baldin eta, Nafarroaz gain, beste lurralde eremu bat hartzen duen titulazio ofizial bereko Elkargoa baldin badago.

8. artikulua. Eraketa.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen barruko Lanbide Elkargoen sorrera Foru Lege bidez eginen da.

2. Lanbide Elkargo baten sorrera onesteko Foru Legea eman aitzin, kidego horretako titulazio ofiziala izan eta Nafarroan helbideraturik dauden profesional gehienek eskatu beharko dute. Lanbide Elkargoa eskatzeko baldintzak eta sortzeko prozedura erregelamendu bidez finkatuko dira.

3. Artikulu honetako 1. zenbakian ezarritakoak ez du eraginik izanen Nafarroarako Lanbide Elkargoa eratzen baldin bada lurralde eremu handiagoa duen beste batetik banatuz. Horretarako, Foru Dekretua beharko da, aplikagarri den arautegiari jarraikiz.

9. artikulua. Nortasun juridikoa.

Lanbide Elkargoek nortasun juridikoa izanen dute horien eraketari buruzko legeak indarra hartzen duen unetik aurrera. Jarduteko gaitasuna haien gobernu-organoak eratzen diren unetik aurrera izanen dute.

10. artikulua. Izena.

1. Elkargoen izenek "Elkargo" espresioa jaso beharko dute, hala nola beren kideen titulazioa edo lanbidea eta beren lurralde-eremua.

2. Lanbide Elkargo bati ezin izanen zaio eman aurretik zegoen beste Elkargo baten izen berbera edo antzekorik, edo Elkargokideen titulazioarekin bat ez datorrenik, edo bertan sarturik dauden profesionalei buruzko errakuntzarik eragin dezakeenik.

3. Izen-aldaketa hurrengo artikuluan xedaturikoari jarraituz izapidatu beharko da.

11. artikulua. Bategitea, bereganatzea, izena aldatzea eta desegitea.

1. Lanbide Elkargoak bategin, bereganatu, izena aldatu edo desegiteko Foru Dekretua onetsi beharko da, Elkargoen ekinbidez, estatutuetan adierazitakoari jarrakiz eta ukituriko Elkargo guztiei entzunaldia eman ondoren, desegitea lege bidez erabaki baldin bada ere.

2. Kidego bat desegiteko erabakiak berekin ekarriko ditu hortik datozen ondorio juridikoak eta bertan ezarri beharko da ondarea, eskubide eta beharkizunak likidatzeko prozedura eta leudekeen diru-soberakinen helburua, Elkargoen estatutuetan eta aplikagarri den arautegian xedatutakoari jarraikiz.

III. KAPITULUA. Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseiluak

12. artikulua. Kontseiluen eraketa.

1. Titulazio ofizial bereko Lanbide Elkargoek, jarduteko eremua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen zati batean dutenek, kasuan kasuko Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseilua eratu ahalko dute.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoaren arabera sortzen diren Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseiluak Foru Lege honetan eta berau garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira eta, aurreikusita ez dagoen orotan, Lanbide Elkargoen Kontseilu nagusiei buruzko Estatuko lege orokorrak hartuko dira kontuan.

13. artikulua. Eratzeko prozedura.

Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseiluak Foru Lege bidez eratuko dira eta lanbide horretako Nafarroako Elkargo guztien adostasun erabakia beharko da. Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseiluek nortasun juridiko propioa izanen dute, haiek sortzen dituen legea indarrean sartzen denetik, eta aritzeko erabateko gaitasuna, gobernu organoak eratzen direnetik aurrera.

14. artikulua. Izaera juridikoa.

Lanbide Elkargoak zuzenbide publikoko Korporazioak dira, berezko nortasun juridikoa eta beren helburuak betetzeko gaitasun osoa daukate.

15. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseiluek honako eginkizun hauek izan ahalko dituzte:

a) Kide diren Elkargoen jarduketa koordinatzea.

b) Lanbidearen ordezkaria izatea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean eta kasuan kasuko Kontseilu Nagusietan, horiek arautzeko arauek horretarako baimena ematen badiete.

c) Elkargoen artean sortzen diren arazoak ebaztea, ondoren jar litekeen administrazioarekiko errekurtsoa galarazi gabe.

d) Estatutuak aldatzea.

e) Elkargoen gobernu organoetako kideei dagokienez, diziplina arloko ahalmenak erabiltzea.

f) Kontseiluaren aurrekontua onestea eta Elkargoek Kontseiluaren gastuetan izan behar duten partaidetza proportzionala finkatzea.

g) Nafarroako Gobernuak esleitzen dizkien eginkizunak aurrera eramatea eta, halaber, lankidetza hitzarmenetan zehazten direnak.

h) Foru Lege honetako 2. artikuluko 2. zenbakiko b), c) eta i) letren bidez, Nafarroako Lanbide Elkargoei esleitu zaizkien eginkizunak.

i) Profesionalendako interesgarri diren ekintzak burutzea.

j) Indarra duen legeriak esleitzen dizkien gainerako eginkizunak.

IV. KAPITULUA. Elkargoean bazkidetzea eta araubide juridikoa

16. artikulua. Kideak onartzea.

1. Lanbide Elkargoek kasuan kasuko titulazio ofiziala eta lanbide horretan aritzeko legeek eskatzen dituzten baldintzak betetzen dituzten profesionalak onartuko dituzte, dagokien eskabidea aurkeztuz gero.

2. Nafarroako Foru Komunitatean Elkargoa duen lanbide batean aritzeko, ezinbestekoa izanen da Komunitate honetako Lanbide Elkargo bateko kide izatea, salbu eta beste lurralde bateko lanbide bereko Elkargo batekoa dela egiaztatzen baldin badu.

3. Lanbide Elkargo bateko kide izateak ez du eraginik izanen sindikatu edo elkarteetan parte hartzeko eskubideetan.

4. Lanbide Elkargo batean, jardunean ari diren eta ari ez diren kideak dauden eta ez dauden kideak baldin badaude, denek eskubide eta betebehar berdinak izanen dituzte gobernu organoetan eta ordezkaritza organoetan duten partaidetzari dagokionean.

17. artikulua. Errekurtsoak.

1. Administrazio zuzenbidearen menpe dauden Lanbide Elkargoetako organoek emandako egintzen aurka errekurtsoa jar daiteke zuzenean administrazioarekiko jurisdikzioan, errekurtso korporatiboen bidea amaiturik. Gainerako egintzak eskumena duen jurisdikzioan errekurritu ahalko dira zuzenean.

2. Administrazioak emandako ahalmen eta eskumenak erabiliz, Lanbide Elkargoetako organoek emandako egintza eta erabaki administratiboen aurka, errekurtso arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuan, administrazioarekiko bideari ekin aurretik, administrazio prozedurari buruz indarra duen legeriak ezarritakoarekin bat etorriz.

18. artikulua. Ondareen gaineko erantzukizuna.

Lanbide Elkargoek, dagozkien eskumenak erabiliz, hartzen dituzten egintza eta erabakien ondorioz kaltea hartzen duten hirugarrenen ondareen gaineko erantzukizuna Elkargoei beraiei dagokie, Nafarroako Gobernuak delegaturiko ahalmenak erabiliz aritzen direnean izan ezik, horrelakoetan Gobernua izanen baita erantzulea.

V. KAPITULUA. Lanbide Elkargoen erregistroa eta Elkargoen Kontseiluak

19. artikulua. Eraketa.

1. Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Nafarroako Elkargoen Kontseiluen Erregistroa eratu da, Lehendakaritza eta Barne Departamentuari atxikia, non izena eman ahalko baitute Nafarroako Foru Komunitatearen mugak gainditu gabe jardurten duten Lanbide Elkargoek eta Elkargoen Kontseiluek.

2. Erregistro hori publikoa izanen da eta publikotasunaren ondorioetarako eratu da, soilik. Erregistroaren egitura eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira.

20. artikulua. Edukia.

Lanbide Elkargoen edo Elkargoen Kontseiluen idazpenetan honakoa ezarri beharko da:

a) Jarduketa eremua Nafarroan duten Elkargo eta Kontseiluen izena eta helbidea.

b) Elkargo eta Kontseiluen estatutuak eta horien aldaketak.

c) Horien organoen barne araudiak.

d) Elkargoak eta Kontseiluak eratu, bategite, bereganatu, desegite edo izena aldatzearen inguruko datuak.

e) Nafarroako Elkargo eta Kontseiluek kanpoko beste batzuekin legez sinatzen dituzten hitzarmen eta erabakiak.

f) Elkargo eta Kontseiluetako organoen aldian aldiko osaketa.

21. artikulua. Ezonarpenak.

Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan zenbait datu sartzerik ez onartzea zilegi izan liteke, legezkotasunaren izenean soilik eta aski arrazoiak emanez.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Foru Lege honek indarra hartzen duen egunean, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen mugak gainditu gabe, dela Nafarroa osoan dela zati batean, jarduten duten Lanbide Elkargoak errekonozitzen dira.

Bigarrena

Nafarroako Lanbide Elkargoek Estatuko legeriak onartzen dien eskuhartzea izanen dute kasuan kasuko lanbidearen Estatu mailako Kontseilu Nagusietan.

Nafarroako Lanbide Elkargoek eta Lanbide Elkargoen Kontseiluek beste autonomi erkidegoetan dauden lanbide bereko Elkargo-Kontseiluekin izanen dituzten harremanak interesaturik dauden entitateen arteko hitzarmenetan ezarriko dira.

Hirugarrena

Nafarroako Foru Komunitatea baino lurralde-eremu zabalagokoak diren Lanbide Elkargoen Nafarroako ordezkaritzetan diharduten profesional gehienek banaketa sustatu ahal izanen dute, Elkargo independenteak eratzeko. Beharrezkoa izanen da banaketa Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu Kontseiluak dekretu bidez onestea eta aldez aurretik Elkargoen Kontseiluak txostena egitea.

Laugarrena

Foru Lege honetan xedatutakoa Nafarroako Notarioen Elkargoari aplikatuko zaio, berariazko legediak ezarritako berezitasunak ez diren gai guztietan, honako hauei dagokienean: fede-emaile eginkizunak, instrumentu publikoen antolamendua eta notario-jarduera publikoa.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena

Foru Lege honen bidez arautu diren Lanbide Elkargoek erregistro arloko beharkizunak bete beharko dituzte eta, beharrezkoa bada, Estatutuak Foru Legean ezarritakoari egokitu, indarra hartu eta urte bateko epearen barruan.

Bigarrena

Foru Komunitateko Administrazioak Foru Lege honetatik datozen beharkizunak bete daitezen begiratuko du. Beharkizun horiek bete ezean, legez bidezko diren neurri eta egintzak hartuko dira.

Hirugarrena

Foru Lege honek indarra hartu aurretik, Lanbide Elkargoen egintzen aurka jarritako errekurtsoak izapidatuko dira jarri zirenean indarra zuen arautegiari jarraikiz,

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio Foru Lege hau erregelamenduz garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

Bigarrena

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen dut.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko apirilaren seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A9803246

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web