134/2025 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 26KOA, NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK ONESTEN DITUENA
BON N.º 10 - 15/01/2026
I.TITULUA. IZAERA, ATXIKIPENA ETA ESKUMENAK
II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA
I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ORGANOAK
II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA
III. KAPITULUA. ZUZENDARI KUDEATZAILEA
IV. KAPITULUA. ZUZENDARIORDETZAK ETA ATALAK
III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTROLA
IV. TITULUA. LANGILEAK
V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena eman dio berdintasun politiken arloan.
Sexuagatiko desberdinkeria eta diskriminazio oro benetan desagerraraztea eta gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzea Nafarroako esparru politiko, ekonomiko, kultural eta sozial guztietan; horra zer exijitzen duen berdintasunaren printzipio konstituzionalak. Izan ere, hala beteko litzateke honako hauetan xedaturikoa: Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea, Genero-indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, Sexu Askatasunaren Berme Osoaren irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea eta Trans pertsonen benetako berdintasun efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legea.
Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duenak, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari esleitzen dio emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikei buruzko gaien gaineko eskumena.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren oinarrizko egitura abuztuaren 30eko 64/2023 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen, eta hor, Nafarroako Berdintasunerako Institutua departamentu horri atxiki zitzaion.
Hala xedatzen baitu bere 48. eta 49. artikuluetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, erakunde autonomoak sortuko dira eta haien estatutuak aldatuko dira Nafarroako Gobernuak emandako foru dekretu bidez, erakundea atxikia duen departamentuko titularrak proposaturik.
Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskudantziak zehaztu eta garatzea, bai eta haren egitura organiko berria ere.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko azaroaren hogeita seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEA:
Artikulu bakarra. Estatutuak onestea.
Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira. Horien testua foru dekretu honen eranskinean ageri da.
Lehen xedapen gehigarria. Aurreko institutuen aipamenak.
Gaur egun dagoen araudian edo jadanik emandako egintza administratiboetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunen arloan eskumenak izan dituzten institutuez egiten diren aipamen guztiak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaz eginak direla ulertuko da.
Bigarren xedapen gehigarria. Kudeaketa esleipenak.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ahalmena izanen du departamentu bereko edo beste bateko organo edo erakunde publikoei esleitzeko hark dituen helburu eta eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren jarduera materialak, teknikoak edo zerbitzu arlokoak, arlo hori arautzen duen legedian xedatutakoaren arabera.
Hirugarren xedapen gehigarria. Unitate berriak sortzea.
Honako unitate hau sortzen da:
- Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Atala.
Laugarren xedapen gehigarria.-Izena aldatzea lehendik dauden unitateei.
Honako unitate hauen izena aldatzen da:
- Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetza, aurrerantzean, Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren Zuzendariordetza izanen da.
- Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetza, aurrerantzean, Partaidetzarako eta Sentsibilizazio Feministarako Zuzendariordetza izanen da.
- Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala, aurrerantzean, Zeharkakotasunaren eta Berdintasun Politiken Atala izanen da.
- Programen Atala, aurrerantzean, Partaidetza, Sentsibilizazio eta Lurraldetasun Atala izanen da.
Bosgarren xedapen gehigarria. Unitateak kentzea.
- Sentsibilizaziorako eta Balio Aldaketarako Atala kentzen da.
Seigarren xedapen gehigarria.-Izendapenak berrestea.
Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:
- Berdintasunerako Gobernantzaren zuzendariordea, aurrerantzean, Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren zuzendariordea izanen da.
- Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako zuzendariordea, aurrerantzean, Partaidetzarako eta Sentsibilizazio Feministarako zuzendariordea izanen da.
- Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua, aurrerantzean, Zeharkakotasunaren eta Berdintasun Politiken Ataleko burua izanen da.
- Programen Ataleko burua, aurrerantzean, Partaidetza, Sentsibilizazio eta Lurraldetasun Ataleko burua izanen da.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabetuta gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, 260/2019 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.
Azken xedapenetako lehena. Aurrekontu aldaketak.
Ahalmena ematen zaio ekonomia eta ogasunaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egin ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena. Arau garapena.
Ahalmena ematen zaio berdintasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetako hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK
I.-TITULUA. IZAERA, ATXIKIPENA ETA ESKUMENAK
Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, xedeak bete ahal izateko.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zeharkako izaera du, genero berdintasunerako politikak politika publiko guztietan txerta daitezen.
2. artikulua. Atxikipena eta babesa.
Nafarroako Berdintasunerako Institutua, bere helburuak betetzeko, berdintasun arloan eskumenak dituen departamentuak plangintza eta politika orokorrari buruz ematen dituen jarraibideen menpean dago, hari atxikita. Departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, estatutuetan, foru legerian eta ordenamendu juridikoan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.
3. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuari eskumen hauek dagozkio:
a) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean.
b) Jarduketa integraleko neurriak koordinatzea eta kudeatzea emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko -Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeko definizioaren arabera ulertuta emakumeen kontrako indarkeria-.
c) LGTBI+ arloko berdintasun politikak koordinatzea eta kudeatzea.
2. Eskumen horiek garatzeko, eta horien esparru materialaren barnean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Xedapen orokorreko proiektuak egitea bere eskumenenen esparruan.
b) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa prestatu eta garatzea, Nafarroako Gobernuko departamentuekin elkarlanean.
c) Nafarroako Foru Komunitatean genero berdintasunerako politikak diseinatu, abian jarri, koordinatu eta ebaluatzea.
d) Laguntza ematea emakumeen elkarteei, elkarte feministei eta emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen aritzen diren beste entitate batzuei, eta berdintasun politikak diseinatzen eta prestatzen parte har dezatela sustatzea.
e) Beharrezkoak diren ekintza positiboko neurriak sustatzea, benetako berdintasuna esparru guztietan -publiko zein pribatuetan- bermatze aldera.
f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gauzatzen dituen politika publiko guztietan berdintasun-printzipioa zeharkakotasunez aplikatzen dela bermatzea, bai eta aurrekontuak egiterakoan ere.
g) Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen politika, programa eta ekintza guztietan genero ikuspegia txertatzeko modua diseinatzea, sustatzea, koordinatzea eta ebaluatzea.
h) Eskumen-esparruko politikak sustatzeko dirulaguntzen deialdiak kudeatzea.
i) Nafarroako administrazioetako langileek eskumen-esparruko gaietan prestakuntza jaso dezatela sustatzea.
j) Nafarroako Foru Administrazioko berdintasun teknikarien berariazko prestakuntza bermatzea.
k) Eskumen-esparruarekin zerikusia duten diagnostikoak, azterlanak eta ikerketak egitea.
l) Bultzada eta aholku ematea genero-inpaktuari buruzko txostenak prestatzeko eta berdintasunaren zeharkakotasunerako mekanismoetarako.
m) Kanpainak eta jarduketak sustatzea eta garatzea Nafarroako gizartearen sentsibilizazioa sustatzeko arlo hauetan: emakumeen eta gizonen berdintasuna, emakumeen kontrako indarkeria eta LGTBI+ arloko berdintasuna.
n) Eskumen-esparruari dagozkion baliabideak kudeatzea.
ñ) Koordinatzea eta bermatzea emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko jarduketa integraleko neurriak eta ekintza plana zuzen aplikatzen eta benetan betetzen direla, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
o) Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ arloko berdintasunerako politikak diseinatu, abian jarri, koordinatu eta ebaluatzea.
p) LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko ekintza plana zuzen aplikatzen eta benetan betetzen dela bermatzea.
q) Laguntza ematea LGTBI+ elkarte zein kolektiboei eta LGTBI+ arloko berdintasuna bultzatzen aritzen diren beste entitate batzuei, eta berdintasun politikak diseinatzen eta prestatzen parte har dezatela sustatzea.
r) Zehapenak ezartzeko ahalmena erabiltzea, Nafarroako Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean eta LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean jasotakoaren arabera.
s) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.
II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA
I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ORGANOAK
4. artikulua. Zuzendaritza organoak.
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendaritza organoak hauek dira:
a) Gobernu Kontseilua.
b) Zuzendari kudeatzailea.
2. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren partaidetza organoak hauek dira:
a) Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua.
b) Nafarroako LGTBI+ Kontseilua.
c) Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordea.
d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-entitateak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea.
II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:
a) Kontseiluburua: Nafarroako Berdintasunerako Institutua zer departamenturi atxiki zaion, departamentu horretako titularra.
b) Kontseiluburuordea: Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea.
c) Departamentuetako kontseilukideak: jarraian aipatzen diren eskumen-esparruez arduratzen diren zuzendaritza nagusietako titularrak edo unitateetako zuzendari kudeatzaileak: aurrekontuak, ekonomia soziala, enplegua, hezkuntza, gizarte inklusioa, gazteria, osasuna, justizia eta migrazio politikak.
d) Beste kontseilukide batzuk: Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak bere kideen artean izendatutako bi pertsona, Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren zuzendariordea, Partaidetzarako eta Sentsibilizazio Feministarako zuzendariordea eta LGTBI+ arloko Berdintasunerako zuzendariordea.
e) Idazkaria: Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren zuzendariordea.
2. Hutsuneren bat gertatzen bada Gobernu Kontseiluan kide moduan sartuta dauden departamentuetako titularretan, kasuan kasuko departamentuko titularrak behin-behinekoz izendatuko ditu behin betiko izendapenak egin bitartean kontseilukideak ordeztuko dituzten pertsonak.
6. artikulua. Gobernu Kontseiluaren ahalmenak.
Gobernu Kontseiluak ahalmen hauek ditu:
a) Urtero, erakunde autonomoaren aurrekonturako aurreproiektuaren proposamena onestea.
b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ondarea administratzea.
c) Genero berdintasunerako politiken arloko urteko kudeaketa plana onestea, baita prestatzen diren urteko txosten guztiak ere.
d) Erakunde autonomoaren zuzendaritza funtzioak kontrolatu eta gainbegiratzea.
e) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen ordenamendu juridikoarekin bat.
7. artikulua. Kontseiluburuaren ahalmenak.
1. Honako ahalmen hauek ditu kontseiluburuak:
a) Gobernu Kontseiluaren ordezkaria izatea jarduera mota guztietan, eta ordezkaritza hori gauzatzeko ahalak eta mandatuak ematea.
b) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru izan eta horiek zuzentzea.
c) Gobernu Kontseiluko erabakiak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren funtzionamendua erregulatzen duten arauak betetzen direla zaintzea.
d) Presako kasuetan behar diren ebazpenak hartzea, eta ondotik egiten den lehenbiziko bilkuran horien berri ematea Gobernu Kontseiluari.
2. Kargua hutsik dagoenean, kontseiluburua kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez kontseiluburuordea arituko da.
1. Gobernu Kontseiluko idazkaritzako eginkizunak Gai Juridikoen eta Kudeaketaren zuzendariordeak eginen ditu. Hura kanpoan denean, Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren zuzendariordea arituko da haren ordez.
2. Gobernu Kontseiluko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Kontseiluburuaren aginduz Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea eta gainerako kideentzako zitazioak egitea.
b) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearekin batera, eta erabakien betearazpena tramitatzea.
c) Gobernu Kontseiluaren bilkuretako aktak egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiez arduratzea.
d) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.
9. artikulua. Funtzionamendua.
1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin, gutxienez, bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak kontseiluburuak hala erabakirik eginen dira.
2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduaren araubidea da 11/2019 Foru Legean kide anitzeko organoentzat oro har ezarritakoa (11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa).
10. artikulua. Aholkularitza.
Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du beste norbaitek aholkua emateko, haren esku-hartzea egokitzat jotzen baldin badu dituen ezagupena, prestakuntza, izen ona edo bestelako inguruabarrak direla medio. Kasu horretan, dei berezia eginen zaio horretarako.
III. KAPITULUA. ZUZENDARI KUDEATZAILEA
11. artikulua. Izendatzea, kargutik kentzea eta ordeztea.
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen izendapena eta kargu-kentzea Nafarroako Gobernuak eginen du askatasunez, berdintasun arloan eskumenak dituen departamentuko titularrak proposatuta.
2. Kargua hutsik dagoenean, zuzendari kudeatzailea gaixo dagoenean edo beste arrazoi batzuengatik beharrezkoa denean, Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren zuzendariordea arituko da haren ordez; hau ere ez badago, Partaidetzarako eta Sentsibilizazio Feministarako zuzendariordea, eta hau ez badago, LGTBI+ arloko Berdintasunerako zuzendariordea.
12. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Erakunde autonomoaren ordezkaria izatea.
b) Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak bete eta betearaztea eta, presako kasuetan, beharrezkoa bada, behar diren ebazpenak ematea, eta hurrengo bilkuran Gobernu Kontseiluari horren berri ematea.
c) Bere gain hartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren funtzionamenduaren erantzukizun gorena.
d) Berdintasun politiken arloan, urteko jarduketa-ildo nagusiak erabakitzea, onesten diren plan estrategikoen helburuak lortzeko.
e) Beste erakunde eta entitate batzuekin erakunde autonomoaren eskumeneko gaietan egiten diren hitzarmenak eta itunak onestea eta sinatzea.
f) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren jardueren eta partaidetza organoen barne antolaketa zuzendu eta koordinatzea.
g) Erakunde autonomoko giza eta finantza baliabideak, bai eta fisikoak ere, osoki kudeatzea, zerbitzu eraginkorrak eta kalitatekoak eman ahal izateko.
h) Proposamen txostenak egitea, berdintasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak ebatzi beharreko espedienteen gainean.
i) Erakunde autonomoak jarduteko behar dituen administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.
j) Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak erakunde autonomoen ordezkariei kontratuak egiteko esleitzen dizkien ahalmenak erabiltzea.
k) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren jarduketa programak prestatzea, bai eta aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena eta urteko memoria ere, eta horiek guztiak Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onets ditzan.
l) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren funtzionamendurako behar diren ordainketak eta gastuak baimentzea, indarra duen araudiak ezarri bezala.
m) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren lan metodoak etengabe hobetzea.
n) Atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakunde autonomoari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena egin ondoren.
ñ) Ebazpen bidez izendatzea erakunde autonomoko zuzendariordeen eta atalburuen aldi baterako ordezkoak, kargua hutsik dagoenean, titularrak kanpoan direnean edo eritasun nahiz ezintasun bat dutenean.
o) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko plantilla organikoaren eta lan eskaintzaren arloko proposamenak egitea eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentura igortzea.
p) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko langileen buru izatea, eta zehazki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 3., 5. eta 6. artikuluak ematen dituen ahalmenak erabiltzea.
q) Bere eskumeneko gaietan, zehapen espedienteak abiaraztea eta ebaztea.
r) Bere karguarekin lotuta, berdintasun arloan eskumenak dituen departamentuko titularrak agintzen dizkion eginkizun guztiak.
13. artikulua. Eginkizunak eskuordetzea.
Zuzendari kudeatzaileak bere eskudantzia batzuen erabilera uzten ahalko du Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren zuzendariordearen esku, edo Partaidetzarako eta Sentsibilizazio Feministarako zuzendariordearen esku, edo LGTBI+ arloko Berdintasunerako zuzendariordearen esku, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.
IV. KAPITULUA. ZUZENDARIORDETZAK ETA ATALAK
14. artikulua. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko unitate organikoak.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak unitate organiko hauek ditu bere egituran, zuzenean zuzendari kudeatzailearen menpean:
a) Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren Zuzendariordetza.
b) Partaidetzarako eta Sentsibilizazio Feministarako Zuzendariordetza.
c) LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetza.
d) Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza.
15. artikulua. Zuzendariordeak izendatzea eta kargutik kentzea.
Zuzendariordeen izendapenak eta kargu-kentzeak Nafarroako Gobernuak eginen ditu askatasunez, foru dekretu bidez, berdintasun arloan eskumenak dituen departamentuko titularrak proposatuta.
16. artikulua. Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren Zuzendariordetza.
Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Zuzendari-kudeatzaileari proposatzea emakumeen eta gizonen berdintasun politiken eta emakumeen kontrako indarkeriaren esparruan eginen diren jarduketen urteko plangintza.
b) Politika, plan, programa eta jarduketetan genero zeharkakotasunaren estrategia sustatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, Nafarroako Gobernuaren berdintasun arkitektura bultzatzeko.
c) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Plan Estrategikoa sustatzea, koordinatzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
d) Nafarroako Gobernuaren departamentuetako eta haren erakunde autonomoetako berdintasun unitateei bultzada ematea eta jarraipena egitea, martxoaren 20ko 27/2024 Foru Dekretuak esleitzen dizkien eginkizunak garatzeko modua izan dezaten (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak arautzen ditu).
e) Administrazio publikoetan berdintasunari eta emakumeen kontrako indarkeriari buruzko prestakuntza-ibilbidea egin dadila sustatzea.
f) Estatuko eta autonomia erkidegoetako administrazioen kontseilu eta batzordeetan parte hartzea, hala eskatzen zaionean.
g) Nafarroako Gobernuko departamentuei laguntza eta aholku ematea berariazko genero-arrakalak jorratzen dituzten planetan, generoari buruzko azterlanak egitean eta ekintza positiboak ezartzean.
h) Batzorde instituzionalei bultzada eta aholku ematea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eta emakumeenganako indarkeriaren kontra.
i) Emakumeen kontrako indarkeria adierazpen guztien gaineko jarduketak diseinatzea, sustatzea eta koordinatzea, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko Foru Legean eta haren ekintza-planean xedatutakoaren arabera.
j) Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako jarduketa integraleko neurriak modu egokian aplikatu eta benetan betetzen direla koordinatu eta sustatzea.
k) Emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzeko eta arreta emateko baliabideak ongi funtzionatzen dutela gainbegiratzea.
l) Emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeria eta emakumeen kontrako indarkeria lantzen dituzten azterlanak eta ikerketak sustatzea.
m) Bere eskumen-esparruko hitzarmenen jarraipena, sustapena eta ebaluazioa egitea.
n) Koordinazio lana egitea emakumeen kontrako indarkeriaren arloan eskudun den ministerioarekin.
ñ) Erakunde autonomoaren zer kide anitzeko organo egokitzen zaizkion, horien berezko eginkizunak bere gain hartzea.
o) Zuzendariordetzari atxikitako langileak antolatzeko ahalmenak erabiltzea.
p) Zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkion bestelako eginkizunak.
17. artikulua. Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren Zuzendariordetzako atalak.
Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Zeharkakotasunaren Zuzendariordetzak honako atal hauek ditu bere egituran:
a) Zeharkakotasunaren eta Berdintasun Politiken Atala; hemen txertatzen dira berdintasun unitateak.
b) Emakumeen aurkako Indarkeriaren Atala.
18. artikulua. Zeharkakotasunaren eta Berdintasun Politiken Atala.
Zeharkakotasunaren eta Berdintasun Politiken Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Berdintasun printzipioaren eta genero zeharkakotasunaren estrategiaren inplementazioa koordinatzea, eragina izan dezan Nafarroako Gobernuaren berdintasun arkitektura bultzatzeko prozesu, prozedura eta politika guztietan.
b) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Plan Estrategikoaren inplementazioa, jarraipena eta ebaluazioa koordinatzea.
c) Nafarroako Gobernuaren departamentuetako eta haren erakunde autonomoetako berdintasun unitateak oro har koordinatzea eta haien jarraipena egitea, martxoaren 20ko 27/2024 Foru Dekretuak esleitzen dizkien eginkizunak garatzeko modua izan dezaten (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak arautzen ditu).
d) Administrazio publikoetan berdintasunari buruzko prestakuntza-ibilbidea egin dadila sustatzea.
e) Nafarroako Gobernuko departamentuetako plan eta estrategien jarraipen batzordeetan parte hartzea, hala eskatzen zaionean.
f) Nafarroako Gobernuko departamentuei laguntza eta aholku ematea berariazko genero-arrakalak jorratzen dituzten planetan, generoari buruzko azterlanak egitean eta ekintza positiboak ezartzean.
g) Nafarroako Berdintasunerako Institutuan egiten diren araudi, plan eta proiektuen genero-inpaktua ebaluatzeko txostenak prestatzea.
h) Nafarroako Gobernuko departamentuetako politika publikoen garapenean dagoen genero-inpaktua ebaluatzeko txostenak prestatzean aholku ematea.
i) Genero-inpaktuari buruzko txostenen gainean oharrak egiteko txostena prestatzea, Nafarroako Gobernuko departamentuek egin beharreko legezko xedapenak eta araudiak prestatu baino lehen.
j) Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateekin lankidetza ekintzak bultzatu eta kudeatzea.
k) Urteko memoria egitea institutuaren kudeaketari eta funtzionamenduari buruz.
l) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
19. artikulua. Berdintasun unitateak.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak gainbegiratuta eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko departamentuekin eta erakunde autonomoekin elkarlanean, berdintasun unitateek martxoaren 20ko 27/2024 Foru Dekretuan ezarritako eginkizunak bete beharko dituzte (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak arautzen ditu).
20. artikulua. Emakumeen aurkako Indarkeriaren Atala.
Emakumeen aurkako Indarkeriaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Emakumeen kontrako indarkeria adierazpen guztien gaineko jarduketak koordinatzea, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean eta haren ekintza-planean xedatutakoaren arabera.
b) Erakundearteko hitzarmenaren jarraipena egitea eta hura koordinatzea, betetzen dela bermatzeko.
c) Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko plan estrategikoetako edukiak diseinatzen eta gauzatzen laguntzea, baita Nafarroako Gobernuko departamentuetako plan sektorialetakoak ere.
d) Emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzeko eta arreta emateko baliabideak koordinatzea eta haien jarraipen teknikoa egitea.
e) Emakumeen kontrako indarkeriaren biktima izaera aitortzen duen egiaztagiriaren balorazio teknikoa eta jarraipena egitea.
f) Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko prestakuntza diseinatzen laguntzea, emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei eta hartatik bizirik atera direnei arreta ematen diharduten administrazio publikoetako profesionalei zuzenduta.
g) Administrazio publikoetako langileek emakumeen kontrako indarkeriari buruzko prestakuntza-ibilbidea egin dezatela sustatzea.
h) Emakumeen kontrako indarkeriari buruzko azterlanak, txostenak eta ikerketak egitea, eta horien emaitzen berri ematea.
i) Laguntza ematea emakumeen kontrako indarkeriaren biktimentzako gizarte erreparazioko jarduketetan, zeinak Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean ezarrita baitaude.
j) Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko hitzarmenen jarraipena eta ebaluazioa egitea.
k) Toki entitateekin koordinazio lana egitea emakumeen kontrako indarkeriaren arloan, tokiko koordinazio protokoloen esparruan.
l) Koordinazio lana egitea emakumeen kontrako indarkeriaren arloan eskudun den ministerioarekin.
m) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
21. artikulua. Partaidetzarako eta Sentsibilizazio Feministarako Zuzendariordetza.
Partaidetzarako eta Sentsibilizazio Feministarako Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Zuzendari kudeatzaileari estrategiak proposatzea genero berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloan Nafarroako gizartean eragina izateko, gizartea sentsibilizatzeko ekintzak eginez pertsonen eta taldeen jarrerak alda daitezen.
b) Gizartean eta politikan emakumeen parte-hartzea sustatzea, askotariko diskriminazio egoera guztiak eta intersekzionalitatea kontuan hartuta.
c) Berdintasunaren aldeko emakumeen elkarteek eta talde feministek plan eta politika publikoen diseinuan eta ebaluazioan parte har dezatela sustatzea.
d) Emakumeek Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste partaidetza organo batzuen bidez parte har dezatela sustatzea.
e) Eztabaida sozialak eta jarduketen programa integralak abiaraz daitezen erraztea genero desberdinkeriari eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko.
f) Eremu publikoan eta hedabideetan jardunbide egokietarako kodeak proposatzea, emakumeen eta gizonen irudi estereotipatuak gainditzeko.
g) Kanpainak eta jarduketak bultzatu eta diseinatzea Nafarroako gizartearen sentsibilizazioa sustatzeko emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan.
h) Sentsibilizazio jarduerak eta programak sustatzea, emakumeek egiten duten lana, eta zehazki landa-eremuko emakumeek egiten dutena, ikusarazteko.
i) Historian zehar emakumeek diziplina guztietan egindakoa aintzat har dadin sustatzea.
j) Bizitzaren jasangarritasuna sustatzen duten jarduerak eta programak sustatzea, hala eremu produktiboan nola erreproduktiboan, askotariko diskriminazio egoera guztiak kontuan hartuta.
k) Berdintasun politika publikoak Nafarroako lurralde esparruan bultzatzeko mekanismoak sustatzea eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea.
l) Zuzendariordetzari atxikitako langileak antolatzeko ahalmenak erabiltzea.
m) Zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkion bestelako eginkizunak.
22. artikulua. Partaidetza, Sentsibilizazio eta Lurraldetasun Atala.
Partaidetzarako eta Sentsibilizazio Feministarako Zuzendariordetzari dago atxikirik Partaidetza, Sentsibilizazio eta Lurraldetasun Atala.
Partaidetza, Sentsibilizazio eta Lurraldetasun Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Emakumeen elkarteen, talde feministen eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen duten Nafarroako beste entitate batzuen proiektuak eta programak sustatzea.
b) Emakumeek, mugimendu feministak eta emakumeen entitateek Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren bidez edo bestelako partaidetza organoen bidez parte har dezatela sustatzea.
c) Gogoeta feministarako jardunaldiak, mintegiak, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzea eta horien berri ematea.
d) Azterlanak, txostenak eta ikerketak egitea emakumeen eta gizonen desberdinkeriari buruz eta emakumeen aurkako indarkeriari buruz, eta horien berri ematea.
e) Aholku ematea enpresa eta erakundeetan berdintasun neurriak eta planak prestatu eta abian jar ditzaten.
f) Gizonen parte-hartzea eta inplikazioa sustatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde urratsak emate aldera, maskulinitate berdinzaleak bultzatuz.
g) Kanpainak eta jarduketak gauzatzea eta garatzea Nafarroako gizartearen sentsibilizazioa sustatzeko emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eta emakumeenganako indarkeriaren aurka.
h) Pertsona fisiko edo juridikoei emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lana aitortzea eta saritzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako Berdinna sariaren bidez.
i) Erakunde autonomoko barne- eta kanpo-komunikazioaren diseinua, jarraipena eta ebaluazioa egitea.
j) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren web-orriaren eta sare sozialen edukia zaintzea eta eguneratzea.
k) Nafarroako toki-entitateen berdintasun politika planifikatzeko ibilbidea abian jar dadila sustatzea.
l) Nafarroako toki-entitateei laguntza eta aholku teknikoa ematea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan.
m) Berdintasunaren arloko dirulaguntza deialdiak diseinatzea eta kudeatzea, eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea.
n) Genero berdintasuna, bizitzaren jasangarritasuna eta zaintza-lanak sustatzeko planak, programak eta ekintzak gauzatzea, Nafarroako lurralde osoan, modu koordinatuan.
ñ) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
23. artikulua. LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetza.
LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:
a) LGTBI+ arloko berdintasunerako politiken esparruko jarduketen urteko plangintza proposatzea zuzendari kudeatzaileari.
b) LGTBI+ arloko berdintasunerako politiken esparruko jardueren urteko plangintza sustatzea, gauzatzea eta haren jarraipena egitea.
c) LGTBI+ pertsonen berdintasun erreala eta eskubideak sustatzea eta bultzatzea, eta generoagatiko diskriminazioak eta desberdinkeriak berariazko eragina dutenez LGTBI+ pertsonengan, horiek gainditzeko arreta neurri espezifikoak garatzea.
d) LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko ekintza plana diseinatzea eta bete dadila sustatzea.
e) LGTBI+ pertsonen berdintasuna sustatzea eta bultzatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren politika, plan, programa eta jarduketen barrenean.
f) Nafarroan LGTBI+ pertsonei arreta emateko baliabideen funtzionamendu egokia bermatzea.
g) LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala lortzeko sentsibilizazio ekintzak diseinatzea eta sustatzea.
h) Ebaluazio txostenak egitea, ikusteko Nafarroako Berdintasunerako Institutuan egiten diren arau, plan eta proiektuek zer-nolako inpaktua duten sexu orientazioari, genero adierazpenari eta sexu edo genero identitateari dagokienez.
i) Nafarroako Gobernuko departamentuen politika publikoak garatzen direnean, aholku teknikoa ematea sexu orientazioaren, genero adierazpenaren eta sexu edo genero identitatearen gaineko inpaktuaren ebaluazio txostenak prestatzeko.
j) Oharren txostena egitea, Nafarroako Gobernuko departamentuek lege eta arau xedapenak egin aurretik, xedapen horiek prestatzean egiten diren sexu orientazioaren, genero adierazpenaren eta sexu edo genero identitatearen gaineko inpaktua aztertzen duten txostenei buruz.
k) LGTBI+ arloko berdintasun politikak Nafarroako Foru Komunitatean betetzen diren jarraitzea.
l) Administrazio publikoetan LGTBI+ berdintasunaren arloko prestakuntza bultzatzea.
m) LGTBI+ berdintasunaren arloko txostenak eta azterlanak egin daitezen bultzatzea.
n) LGTBI+ kolektiboaren elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatzea eta sustatzea, Nafarroako LGTBI+ Kontseiluaren bidez.
ñ) LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialarekin lotutako kontseilu eta batzordeetan parte hartzea.
o) LGTBI+ arloko berdintasun politiketarako laguntza eta bultzada ematea, tokiko esparruan.
p) Zuzendariordetzari atxikitako langileak antolatzeko ahalmenak erabiltzea.
q) Zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkion bestelako eginkizunak.
24. artikulua. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza.
Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Eskumen-esparruko araudia prestatzeko lanak planifikatzea eta koordinatzea.
b) Zuzendari kudeatzailearekin batera, aurrekontuen aurreproiektua egitea eta aurrekontuko aldaketak proposatzea, bere eskumenen esparruan.
c) Emakumeen kontrako indarkeria pairatzen duten emakumeentzako prebentzio eta arretarako baliabideak kudeatzea.
d) Dirulaguntzen deialdiak kudeatzea eta kontrolatzea.
e) Erakunde autonomoan egiten diren kontratuak eta hornikuntzak antolatzea, bultzatzea, kudeatzea eta kontrolatzea.
f) Aurrekontuen arloko txostenak, arlo ekonomiko, juridiko eta administratibokoak eta prozedurazkoak prestatzen eta betearazten direla jarraitzea eta kontrolatzea.
g) Zuzendari kudeatzaileari jarraibideak proposatzea bere menpeko unitate organikoen funtzionamendurako, bai eta erakunde autonomoaren helburuak betetzen laguntzen duten proposamen eta prozedura beharrezkoak ere.
h) Aholku ematea erakundearen eskumenekin lotura duten gai juridiko, ekonomiko eta administratiboetan.
i) Erakunde autonomoaren aurrekontuen eta ekonomiaren kudeaketa gauzatu eta kontrolatzea.
j) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen datu-babeserako eta informazioaren segurtasunerako politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea, betiere erakunde autonomoaren esparruaren barnean, informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela segurtatzeko eta zaintzeko, barnean dela datu pertsonalen babesa.
k) Otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez zuzendari kudeatzaileari esleitutako eskumenen erabilera kudeatzea, kontrolatzea eta koordinatzea (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskumenak zehazten ditu).
l) Laneko arriskuen prebentzioaren arloko arauzko xedapenetan jasota dauden neurriak hartzea, hala nola, ekintza zuzentzaileen koordinazioa, larrialdietako planak eta segurtasunaren hobekuntzak.
m) Informazio publikoaren unitate arduradunaren eginkizunak betetzea, informazio-betebeharra bete dadin, eta informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebaztea.
n) Erakunde autonomoari atxikitako ondarea administratu eta kudeatzea.
ñ) Erakunde autonomoaren zer kide anitzeko organo egokitzen zaizkion, horietako idazkaritzako berezko eginkizunak bere gain hartzea.
o) Administrazioa sinplifikatzeko estrategia proposatzea eta garatzea erakunde autonomoaren prozedura eta izapide guztietan.
p) Ziurtagiriak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren esku dauden bestelako agiriak ematea.
q) Erakunde autonomoaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastuak baimentzea, aurrekontuei eta arlo ekonomikoei buruzko araudiak ahalmen hori zerbitzuetako zuzendariei esleitzen dien kasuetan.
r) Erakunde autonomoko langileen prestakuntza ekintzak kudeatzea, kontuan harturik zer-nolako prestakuntza beharrak dituen Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariordetza bakoitzak.
s) Sexua, genero adierazpena eta identitatea edo sexu orientazioa direla-eta jasandako diskriminazioagatik kexak jartzen direnean jarduteko prozedura kudeatzea.
t) Zuzendari kudeatzaileak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.
25. artikulua. Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Atala.
Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dago atxikirik Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Atala.
Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Bultzada eta laguntza ematea eskumen-esparruko araudiaren onespenean.
b) Erakunde autonomoaren eskumenen esparruan indarrean den araudia aztertzea.
c) Dirulaguntzen eta kontratuen deialdiak kudeatzea.
d) Aurrekontuen arloko txostenak, arlo ekonomiko, juridiko eta administratibokoak eta prozedurazkoak prestatzea, eskatzen zaizkionean.
e) Emakumeen kontrako indarkeria pairatzen duten emakumeen egiaztagiriak izapidetzea.
f) Emakumeen kontrako indarkeria pairatzen duten emakumeentzako laguntza ekonomikoen espedienteak kudeatzea.
g) Ondasun eta zerbitzuen hornidura kudeatzea.
h) Zehapen-espedienteak izapidetzea erakunde autonomoaren eskumenen esparruan.
i) Langileen arloko espedienteak izapidetzea, ebazpena zuzendari kudeatzaileari dagokionean.
j) Erakunde autonomoari atxikitako langileei buruzko afera guztiak izapidetzea funtzio publikoaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren aurrean, afera horien gainean ebaztea aipatu zuzendaritza nagusiari, berdintasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari edo Nafarroako Gobernuari dagokionean.
k) Langileen bertaratzeak eta absentziak kontrolatzeko sistema kudeatzea.
l) Erakunde autonomoaren kudeaketa administratiboa koordinatzea eta kontrolatzea.
m) Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.
26. artikulua. Bulegoak eta antzeko unitateak.
Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea berdintasun arloko eskumenak dituen departamentuko titularraren aginduz eginen da, zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik ondorio horietarako eskumena duten departamentuek txostena emanda.
III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTROLA
Arlo hori erregulatzen duen araudian xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari lotuta izanen dira erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion Nafarroako Ondarearen ondasun eta eskubide guztiak. Ondare horren ondasun direnez gero, dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute.
28. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren baliabideak honako hauek dira:
a) Hari atxikitako ondasunen eta eskubideen interesak, errentak eta mozkinak.
b) Nafarroako Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako atxikitzen dizkion baliabideak.
c) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura egiten zaizkion transferentziak eta ekarpenak.
d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru sarrera arruntak nahiz bereziak.
e) Entitateek emandako borondatezko ekarpenak edo dirulaguntzak.
f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.
29. artikulua. Aurrekontu araubidea.
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menpe izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.
2. Aurrekontuen egitura, diru sarrera eta gastuen sailkatzeari eta horien zehaztasun mailari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor horien barnean baitira.
3. Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.
30. artikulua. Eskuhartzea.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren kudeaketa ekonomikoa, hau da, eskubide eta betebehar ekonomikoak dakartzaten egintza, dokumentu eta espedienteak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eramanen da kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.
31. artikulua. Kontabilitatearaubidea.
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutua kontabilitate publikorako araubidearen menpe izanen da, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak dituen modu eta baldintza berberetan.
2. Kontu-ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako ezarritakoaren arabera formalizatu, izapidetu eta ebatziko da.
IV. TITULUA. LANGILEAK
32. artikulua. Langileen araubidea.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuko langileak dira honako hauek:
a) Nafarroako Gobernuak hautaturik, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta langile lan-kontratudunak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikita daudenak eta atxikitzen zaizkionak.
c) Estatuko Administrazio Orokorretik edo beste administrazio batzuetatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitu eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxiki zaizkion langileak.
d) Erakunde autonomoaren beraren langile lan-kontratudunak eta administrazio araubidean kontratatutakoak.
V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA
33. artikulua. Araubide juridiko orokorra.
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen III. tituluko II. kapituluan erakunde autonomoetarako ezarritakoa da.
2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.
34. artikulua. Errekurtsoak.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.
35. artikulua. Laguntza juridikoa.
1. Botere Judizialaren Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoari dagokio, salbu ordezkatu eta defendatzeko abokatuen elkargoko beste profesional bat izendatzen den kasuetan.
2. Halaber, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak aholku juridikoa ematen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, erregelamenduz ezartzen den moduan.